Errefusaren hizkuntzak
Usurbil edo Hernaniko euskaldun zahar petoak nekez asmatuko luke (ala bai?) etxeko hondakin guztiak ongi sailkatutakoan geratzen den azken errefusa ez dela besterik haiek beti erreuxa deitu izan dutena baino.
Gipuzkoako Goierrin ikasi dut arkume bat izan litekeela gatxitxie. Artaldeko gainerakoak baino mengelagoa, exkaxa… gaitzetsia. Zer besterik da erreuxa? Enklenkea, rakitikoa, azienda izatekotan. Labore eta fruituetan itsusiena, kaxkarra, okerra, gaizki egina. Azokarakoan baserriko etxekoandreak sagarrik onenak aukeratuko ditu erreuxak apartatuta. Baina bildots gatxitxi hori… sortzetik indarrik gabekoa atera zaiola oharturik gaitzetsi ote du amak, ala hain zuzen honen bazterketak du kondenatu txikia?
Euskotarrok mihian darabiltzagun hizkuntzen artean erreuxa zein den esplikatu beharrik ez dago. XXI. mendea ondo aurreratua daramagunean, gauza inportanteak gaztelaniaz eztabaidatzen dira hemen, ez badira frantsesez. Tartean, baserritik karrikarako jauzia egin du errefusak hondakinei buruzko eztabaidan. Eta -nola bestela- oraindik sukalde gehienetan sortzen diren zaborren artean %70 den errefusa zaindu eta gutxitzeari ekin dioten jende militanteek arreta berezia jartzen diote hizkuntza errefusari ere. Beti bezala, zabarra dena hizkuntzarekin beste hainbeste da zaborrarekin, eta vice-versa.
A zer paotxa errefus asko egotea nahi duten supiztaileentzako! Zero Zabor taldeetako jendea tematu da hondakinak gutxitzeaz gain euskaraz bizitzen. Atez Atekoaren aldekoek ez omen dute ondo komunikatzen. Gaztelaniazko ETBn lerdea darion edonoren gezur bakar batek balio du euskarazko ziento bat argudiok adina. Gipuzkoarrek goizero pentsatu, esan, entzun, oihukatu edo sentitu beharrekoen agenda erabakitzen duen Diario Vascon pozarren bizi omen dira, beti nagusi.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks