Roberto Cavallo (eta 2): Ottavianon mafiari zaborra kendu ziotenekoa
2010eko martxoan etorri zen Roberto Cavallo Hernanira. Asteburu hartan “Atez Ateko Bilketatik, Zero Zaborrerantz” izeneko jardunaldiak antolatuak genituen Usurbil, Hernani, Urnieta eta Oiartzungo jendeok. Hernanin egun haietan hasi berria zen Atez Ateko bilketarako kuboen banaketa. Hitzaldia eman aurretik, karrikako giroaren maitale, ostatuez gain Atez Atekoaren bulegoa ere erakutsi genion, “Giroa bero daukagu Hernanin” ohartaraziz. Zaborraren inguruko demagogia ez zuten asmatu Zumaiako batzokian. “Aldiz -kontsolatu gintuen Cavallok- nik giro lasaia atzeman dut bulegoan. Hamaika handiagorik ikusita gaude Italian…”
Larunbat goizean Cavallo mintzatu zen Ignasi Puigekin (ENT Environment konpainiakoa) Josep Maria Tostekin (gaur Kataluniako hondakinen agentziaren nagusi dago), Assumpta Bobarekin (orduan Argentonako zinegotzia zen) eta Rossano Ercolinirekin (Nobel sari berdea eman berria dioten militante historikoa) batera. Gaztelania garbian emandako bere hitzaldiak “El manejo integral de los residuos. Marco legal, marco técnico-económico, marco medioambiental y social” zeraman titulu. Europako Batasunari hondakinez aholku ematen dioten taldekoa den Cavallo Italiako herri eta hiri askotan aritua da Atez Ateko bilketa antolatzen. Iparraldean, baina baita zaborren larrialdian bizi izan diren hegoalde beroan ere. Tartean Ottavianon.
Roberto Savianok Gomorra liburu eta filmean aipatu herri enblematikoetakoa den Ottavianoko udalak ERICA kooperatibari egin zion Atez Atekoa antolatzeko eskaria. Guri esana Hernaniko Kronikak ere bildu zuen:
“Askotan kontatzen dut istorio hau. E.R.I.C.A.-rekin urte eta erdiz bultzatzen aritu ginen Napoles inguruko herri batean, Ottavianon (20.000 biztanlekoa), Atez-Ateko bilketa sistema jartzea. Inguru horietan zaborren negozio guztia mafiak darama, camorra-k. Beraiek kontrolatzen dituzte zabortegiak eta diru bat ordaindu behar diezu horietara hondakinak botatzeagatik. Bilketa selektiboarekin, birziklatu gabe zabortegira botatzen den hondakin kopurua asko gutxitzen da, eta ondorioz beraien negozioa ere bai. Horregatik, Atez-Atekoarekin hasi baino hiru egun lehenago, goiz batean, gure almazena erreta azaldu zen, Ottavianoko etxe guztietara banatzeko genituen kuboak barruan zeudela. Kuboak berriro erosi genituen eta Ottavianoko ´Porta a Porta` martxan jarri genuen astebete beranduago eta orain oso ondo funtzionatzen du”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks