Horacio Icasto
El Paiseko hil-oharren artean leitu dut hil dela abuztu hasieran: “Horacio Icasto, pianista y compositor de jazz“. Tamalez inor gutxik gogoratu du Euskal Herrian, haren musika milatan aditu dugun arren. Bestek sortutako hezurdurak harmoniazko haragi-azalez beztitzetik bizimodua atera duten musikari handien patua.
Niri haren izena Iñaki Eizmendiren Gureak ez diren kale ixileen bi milagarren samiña diskoaren hotsekin nahastuta geratu zitzaidan ganbaran iltzaturik. Eizmendiren kantak Franco hil zen garaitsuan ezagutuko nituen, Sorabillako jaietan, bera kantari Miren Aranbururekin, aurretik edo ondoren Benito Lertxundi, tabladu txiki batean, ez zuen inork usteko egun batean oriotarra Eustakio Mendizabal baino mitoago bilakatuko zenik, haiek garaiak.
Baina 1977an Kardantxa-Movieplay etxearekin atera zuenean diskoa, bestelako Iñaki Eizmendi bat aurkitu genuen hartan. Eskueran eduki beharko genuke Bernardo Atxagaren letraz egindako Gure herria kantaren zuzeneko grabaketaren bat alderatzeko Internetez entzun daitekeen Gure herria grabatuarekin, hala juzgatuko genuke diskoak zenbait zor zion Horacio Icastori.
Icasto Argentinan sortua zen 1941ean, Benito Juarez sorterrian kale bati emana omen diote haren eta bere aitaren izenari. Wikipedian badu sarrera aita Horacio Baudello Icastok. Hil berri den semea umetatik etorri omen zen musikari handi, hamar urterako Beethovenen pianorako 32 sonata menderatzeko gai. Gazteatik Espainian kokatua, haren musikaz moldatu zituzten hainbat lan Victor Manuel, Ana Belen, Joan Manuel Serrat (entzun-ikus hemen Horacio pianoan Helena kantan laguntzaile) eta enparauek. Jazzaren zaleen artean izen handia egin zuen, bestalde.
Ohar hau eskribitzeko Interneten saltseatzen hasirik ohartu naiz zenbait euskal kantariren abesti oso ezagunek daramatela Horacio Icastoren marka. Beti ere Movieplay-Kardantxaren zigilupean (horren historia idatzirik ote dago inon?) Miren Aranbururen Lehertu da aipatuaz gain, Gorka Knorren Txalaparta (“Txalaparta”, “Katalintxu”…) eta Gutunak eta gutxienez Niko Etxarten Has’ dantzan (“Euskal rock and rolling”, “Xahakua”, “Baga, biga, klik!“…) LPek daramate moldaketetan Icastoren sinadura.
Horiek baino lehenagokoa zen Eizmendiren Gureak ez diren… 1977, “Zer eskatzen du herriak? Amnistia!”, Askatasunaren ibilaldia, lehen hauteskundeak. Hartu egun haietan gehien entzuten ziren euskal kantak, orduko harmonia eta instrumentazioekin, dozena erdi bat pieza entzun, eta horren ondoren jar ezazu Gernikari. Eskerrik asko, Horacio.
2020an irakurri dut testu hau, eta arrazoi osoa daukazu, ez da inor Horaciotaz gogoratzen. Bere heriotzak kendu zigun hari milaka galdera egiteko aukera betirako. Dena den, haren heriotza aipatze hutsa asko baloratzen dut, zuk egin duzun bezala.