Fukushima-4ko erregai biltegia husteko lanak atzeratu egin dituzte
Energia Nuklearraren Segurtasunerako Japoniako Erakundeak eskaturik, TEPCOk atzeratu egin du hiru egun barru azaroaren 8an hasi behar zuen operazio oso delikatua. Fukushima-Daiichiko zentraleko 4. erreaktorearen erregai usatuak gordetzen dituen biltegia husteari ekin behar zioten aste honetako paperezko ARGIAk “Egin dezagun otoitz Fukushiman piszina husten asma dezaten” kronikan kontatuko duenez, baina Japoniako Gobernuaren erakundeak zentralaren kudeatzaileei agindu die lanen segurtasuna bermatzeko aurretik proba gehiago egitea. Albistea aurreratu du Kiodonews agentziak: “TEPCO to conduct test for Fukushima No. 4 unit fuel removal“.
Atzerapenez bada ere fite hasi beharreko lanok luzeak, oso konplexuak eta arrisku handikoak suertatuko dira. 400 tona erregai usatu oso erradioaktiboz ari gara, 1.300 barratan banatuta daudenez; Common Dreamsen idatzi duen Andrea Germanosen kalkuluetan Hiroshimakoa bezalako 14.000 bonbak leramaketen erradiazioa daukate. Lurrikarak birrindutako laugarren erreaktorearen eraikinean bi urte eta erdiz goiti egoera tamalgarrian edukitako erregaiok leku seguruago batera eramateko lanak oso izango dira konplexu eta arrisku handikoak. Mundu osoak egon behar luke haiei so.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks