Orduko 15 dolarreko soldata lortzeko borrokan AEBko McDonald’setan
1.000 langile bildu dira New Yorken Brooklyngo McDonald’seko atarian apirilaren 15ean, eta azkoz gehiago AEBetako 236 hirietan fast-food kateek dauzkaten ostatuen aurrean. Bi eskariren lortzeko dabiltza azken hiru urteotan: orduko 15 dolar (13,9 euro) irabaztea eta sindikatuetan afiliatu ahal izatea.
Gutxi eskatzea ote da? Larregi, antza, 2012tik horren bila eta oraindik alkantzatu ez dutenerako. Horra American Way of Life, 2008ko krisiaz geroztik Europa osoan nagusitu nahian ari direna. Utikan 35 ordu eta enparauak.
Washingtongo gobernuaren estatistiketan, AEBn McDonald’s, Burger King eta beste marka famatuetako bezala ezezagunetako fast food ereduko jatetxeetan 3,13 milioi langile ari dira, soldatan bataz beste 9,19 euro irabazten dutela orduko.
Jaki azkarretako langileen borrokak pizturik, gutxieneko orduko 15 dolarren aldeko Figth For 15 mugimendua urteotan inguruan biltzen joan da prekariotzan ari diren beste alor askotako langileak, azken hamarkadotan multinazionalek hedatu duten Low Cost negozioak hornitzaileak bezala langileak zukutzearen gainean oinarritu delako: oro da fast eta low cost, langileak barne. AEBko borrokak oihartzuna izan du beste herrialde batzuetako alor bereko beharginen ere apirilaren 15ean.
Paradoxikoki, ekonomiaren araugabetze erabatekoa eta estatuaren kasik desagertzea aldarrikatzen duten multinazional neoliberalok bere soldata mixeriazkoen ondorioak estatuari pasatzen dizkiote: AEBn fast foodetan ari diren 3 langiletik 1ek hilabetea osatu eta familia bizirik atxikitzeko laguntza sozialetara jo beharra dauka. Horra zergatik interesatzen zaion Obamaren administrazioari korporazioek soldatak pittin bat igotzea.
Ba orkokorrean hemen gutxigo irabazten dugula uste dut. Nik neuk 8,30 euro orduko eta pribilegiatua naiz! Nere mutilak 6,12 euro orduko irabazten du.
Paperean agian sindikatzeko eskubidea badugu, baina errealitatean…