Erregimenak linfoma bat dauka Gipuzkoan
Markel Olano Arrese diputatu nagusia hurbildu zenean Hernanin Oronak daukan Ideo eraikin futuristara Gipuzkoako euskalgintzarekin hizkuntza estrategia berria konpartitzera, dozena bat zahar aurkitu zituen atarian “Erraustegirik ez” pankarta eskuetan, Zubietako errauste plantak kaltetutako hamabi aiton-amona aspaldiko euri zaparradarik handienaren azpian blai eginda. Ez bilatu argazkia egunkarietan.
Egun gutxi beranduago Donostialdeko autobideak butxatu zituen ziento erdi bat kotxezko ‘Barraskilo Operazioa’ren albisterik ere ez duzu aurkituko. Orobat Azpeitian Altuna y Uriaren egoitzan protesta alaitsua egin zuten gazteenik. Eta menturaz maiatzaren 27an Zubietan Errausketaren Aurkako Mugimenduak bildutako jende multzoaren eta mezuen oihartzunik ere ez zenuen topatuko, baldin eta Gipuzkoa Zutikeko gazte adoretsuek ez balute egun berean mila laguneko jendetza eraman –mila bai, gazteak gehienak, heldu asko, 80 urtekoren batzuk tartean- erraustegiaren ‘0 eremura’. Ez etsi, ez onartu erraustegia, bakean eta irmo, #ResistZubieta. Gazteek horrelako kemen, antolakuntza eta fundamentu irakaspena eman behar zigutenik…
Denaren jabe egin da, ustez, Gipuzkoa Garaile bataiatu zuten lobby oligarkikoa. Esku batekin PNV+PSOE+PP erregimena, onartuko al zait boterea ezartzeko formularen definiziotzat erregimena, ez darabilt isekatzat. Bestearekin Gipuzkoako establishment enpresariala, zeinari bermerik postmodernoena ematen dion orain Mondragon Corporationek, bere banku, supermerkatu, industria, unibertsitate eta guzti, Arrasateko kooperatibismoaren deriba neoliberala. Erregimena guztiaren jabe eginik, zenbait arlotan zubilanak aipatzea bihurtu da zubiak eraikitzea baino irabazleen artera dotoreziaz igarotzea edozein zubitan barrena. Barkatu gordin mintzatzea, lagunok.
Arazo bakarra da… historia amaitutzat jo duteneko paradisu post-gatazka hau ez dela esajeratuki makillatutako gaixo bat baizik. Hedabide nagusi pribatu zein publiko bananeroek doi-doi saltzea lortzen duten Gipuzkoako oasi harrak joa. Zubietako zuloa da kantzerra azaleratzen duen koskorra.
Mundu osoa krisian eta zuek 2007 aurreko bizimodura itzultzea posible dela sinetsaraziz engainatu nahi duzue minbizi erasokorrak jotako gizartea? Zein soin atal erauzi beharko diguzue hurrena Confebaskek jarraitu dezan business as usual? Zein herri sakrifikatuko dugu ondoren, eskoriatarako ez bada kea salduko duen usina berri bat eraikitzeko? Nori kenduko zaizkio laguntza sozialak diru publikoen alferrikako beste obra batekin harrapatzaile pribatuak gizenagotzeko? Herritarroi zein eskubide gehiago kenduz ugarituko dizkiguzue gaixotasunak, ondoren sendaezinentzako artatze pribatu eternoak zeuok berriro kobratzeko? Zer egingo dute ezker alternatiboek podiumeko bigarren postua nork hartuko duen errezeloz elkarri markajea egiteaz gain? Ardanza-2 aro itogarri honetan herri hau Erabakitzeko Eskubidea erabiltzeko prest dagoela aldarrikatuz bagoaz norabait?
Hamar urteotan ikasi dugunarekin, zalantzarik txikiena ere ez da geratzen hondakinen kudeatzeko sistemen arteko alderaketan. Errausketa da sistema txarrena, garestiena, zikinena, kaltegarriena. Azalduta dago, Gipuzkoa erdian frogatuta, ez da beste misteriorik. Hala ere, lehendik lantegi kutsagarriz gainezka dagoen Donostialdean lehenbiziko erraustegi kamuflatuari –Rezola- Gipuzkoak behar ez duen bigarren erraustegi bat gehitu nahi diote, jaramonik egin gabe osasun aldetik, urgentziaz behar ditugun lanpostuetatik, bideragarritasunetik, ingurumenaren zaintzatik eta diru publikoen erabilera zuhurretik aurkeztutako oharretako bakar bati, gaur bertan azken zaborra 40.000 tonatara murriztu dezakeen gizarte bati 200.000rentzako labea kutsagarria ezarri eta pagaraziz. Domuit Gipuzkoa eta kito.
Azken hilabeteotako mugimendu eta deklarazioak oso oker ulertu ez baditugu, Gipuzkoako agendaren jabe den erregimenak bezala agendaren gatibu diren opositore nagusiek dagoenekoz egintzat eman dute Zubietako errauste planta. Herritar asko ala gutxi izango dira etsi gabe aurrean jarriko zaizkienak? Injustizia onartzen ez dutenek gaindituko ote dituzte erregimenak ezarritako omertà lotsagarriaren hesiak? Gipuzkoarren jenioa esnatuko al da?
[Ikusi artikulua paperezko astekarian, PDF]
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Erregimenak linfoma bat dauka Gipuzkoan | Borroka Garaia da! - […] Pello Zubiria / Argia […]
Ez dute bukatuko!!
Deriba neoliberala, bai orixe. (kapitala sortzen ez duen guztiaren kontra: erreziklatzea, irakaskuntza publikoa,…guztiontako onura eta inoren zilborra.
Hezkuntzan antzeko parezido gabiltza. Denona eta denontzako eskola publikoakin akabatu nahi dute. Eta bai, emen ere Kooperatibak txiklea luzatu ta luzatuz dabiltza, autonomia gehiago eskatuz (eman diru publikoa eta utzi nahi dudana egiten) kontrol publikorik gabe,…kontua da kooperatiba hauekin batera Kristau eskolen lotea datorrela pack berean eta bestelako eskola “elitista” guztiak (gehienak A ereduan ikasten dutenak eta ikastolak adina ikasle jasotzen dituzten eskolak (AICE/IZEA, Inglhis, Deuch, Opusekoak,…).
Zaborren kontuak ba du nork idatzi eta salatu, eta segi salatuz. Eskola publikoak aldiz,…Gipuzkoa zutikek ba du zer eutsi!!!