Egiako Kata
Nik baino txispa dotoreagoz despedituko zuen Joxe Mari Ostolazak paperean Hiruko Txikian. Xalbardinen bidez iritsi zen ARGIA fraide kaputxinoen Okendo 22tik orduan gaur baino urrunago zegoen Egiako Virgen del Carmen kaleratik Ametzagaiñarantz ixten den karkaba hartaraino. 1981ko uda, kotxe batentzako garaje izateko prestatutako zuloa zerbait txukundu eta bertan ahal bezala kokatu hamabi hilabete lehenago arte Zeruko izana zen aldizkari erreux haren puska bakanak. Arnasa hartzeko, goazen Kataren tabernara.
Egiak bi Tetuan dauzka, ostatu alegia, Virgen del Carmen beheko aldekoa eta erdiko aldekoa bestea. Gureko etxekoandrea oraintxe hil dela jakinarazi digu Garako eskelak. Catalina Tetuán Luri, Jose Luis Ruiz de Gaunaren alarguna. Biak ezagutu genituen 1981 hartan, senarra barran, laster alaba gaztea ere bai, emaztea sukaldean. 1980ko hamarkadan ARGIAren historiaren zati handi bat Katan egin da. 1985ean Ametzagaiñara mudatu ginen arte, sarritan eguneko bi otordu bertan. Zertarako jarri kafe makinarik.
Badira tabernako andreak ongintza sozialak baino gehiago laguntzen diotenak jendeari. Guk Kata genuen bigarren etxe eta auzoko gu baino zaharragoko ugarik ere bai. Pulpo, Teniente, Niko, hilabetean behin beste aitona alai hura familiari hilabeteroko erretiroa kobratzeko ihes egiten zion eguerdi bakarrean kantari kristoren swingarekin “En la fiesta de Blas… Hey… En la fiesta de Blas… Punba!“… Jan ezazu, gizona, hori da fundamentua. Ez, gaur arraina aterako dizut, atzo ere haragia jan zenuen eta. Gaurkoagatik nahikoa izango duzu. Eta ondoan gu, berdin berandu gosaltzen astekaria filmatzen gaupasa egin ostean, edo bazkaritako eztabaida beroan, edo kolaboratzaile burutsuari gure egoeraren azalpenak ematen ilunabarreko kafearekin. Urbanoak eta erdaldunak izanagatik obrerokumeoi hurbilekoak zitzaizkigun bezero haiek, eta gazteagoak, eta Kataren familia, eta gu, ekosistema bitxian. Katak bere herren handiarekin zenbat lan.
Virgen del Carmen, Ametzagaiña, Mundaiz… Lasarteko egoitzaraino urrunduz joan ginen. Tarteka azaldu izan gara. Euskaldun aurkitu ditugu Kataren seme-alabak eta bilobak. Ostatua gaztetu da, jabez eta bezeroz. Azalduko gara laster, izan ginen gazte haien izpirituak berpiztu eta falta direnen oroigarri topa egitera.
Pello, eskerrikasko testuagatik kata tabernaren partez. Gu ere bertan egongo gara, zurekin topa egiteko. Besarkada bat.
Kata-ren seme-alabak eta bilobak.