Gurasoei galdetu
Iñaki eta Ixiar (ala Manu eta Amaia dira, Esti eta Andoni agian?) ikastolako ikasle ohiak dira ikastolako guraso gazte bihurtuak. Egunotan jakin dute eskoletako (baita beren bi umeak hezitzen dituen horretako ere) neska-mutikoek maixtrarekin euskaraz egin ondoren patioan bezala jangelan erdaraz jarduten direla.
Ixiarrek bezala Iñakik Manuk Amaiak umearekin euskaraz hitz egiten dute berehala helduen arteko bizi normalean erdaraz bizitzeko, ostatuan kafea hartzen, hori bai kamareroari euskaraz eskatuta, nik euskaraz zerbitza nazaten eskubidea daukat, eta eskolako atarian, asteburuko txangoetan, musika akademiarako bidean, umeen urtebetetze ospakizunetan, seme-alabak puntako kirolari bilakatuko dizkieten klubeko partidetan, etxe barruan senar-emazteek hipotekaren gorabehera minberak eztabaidatzen dituztenean, eta kristo guztiarekin oro har.
Horregatik asko lasaitu dira Euskal Herriko Iñaki Manu Amaia guraso gazte euskaldun peto majo guztiak prentsak garbi utzi dienean beren umeek erdaraz hainbeste hitz egitearen ardura gizartearena dela. Bai, oso gaizki dago gure gizarte puta hau.
Izan ARGIAko bazkide: Astekariko harpidedun edo webgunearen laguntzaile.
5 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Arrue - Garaigoikoa - [...] Jardunaldien ostean esan direnak ere interesgarriak dira: Onintza Iruretak berak esandakoak, Pello Zubiriarenak, Pablo Suberbiolarenak (berriro ere) eta abar.Ez…
- Ez kezkatu Wert, guk egiten dugu gaztelaniaren alde | Jalgi hadi plazara - [...] aukera gehiago dute haur-gazteek han eta hemen euskaraz bizitzeko. Hala ere, Pello Zubiriak bere blogean gurasoen erlaxatzeaz idatzi digu.…
Bete-betean. Medikuak euskalduna behar du, udaltzainak eta funtzionarioak ere bai, euskaldunon eskubide da. Baina etxea garbitzen duena, umeen bila doana, zaintzen dituena, izan liteke lasai asko espainieradun, Hondurasen edo Bolivian jaioa aukeran. Ez dugu senegaldar frantses hiztunik kontratatuko -kontratuarena ez hartu hitzez hitz-, edo errumanieradunik, zer esanik ez amazigeraz dakienik. Etxean espainiera hiztuna sartuko dugu, horretan ez dugu egingo Administrazioari exijitzen diogunaren laurdenik. Ez dugu eskatuko euskalduna izatea, ez dugu eskainiko, enpresari bihurtzen garen neurrian, gure langile hori euskalduntzeko aukerarik. Horiek administrazioaren betebeharrak dira.
Egi borobila horixe, itsuak itsu.
egunon Peio,
Milaesker, zuzen eta zuzenean zure iritzia emateagatik. Honetan ere, ene ustetan, gaur egun osatzen dugun gizartearen minbizia: gizartea “ni zerbitzatzeko” dago, eta beraz, exigitzeko eskubidea besterik ez!
larraitz.
Hipokrisia tamalgarria. Beste adibide bat: “Nora” aldizkaria, doainik jaso izan duguna “Berria”-rekin batera azken 2-3 urteotan, ez dugu aurrerantzean irakurri ahal izango. Azken urteotan euskaraz argitaratutako produkturik majoenetarikoa amaitu da. Rajoy-k zarratu izanez gero, danok kalera manifestatzera injustiziagatik. Geure pasibotasunak itxi duenez, hemen ez da ezer gertatu. Tira, lehengo egunean gutun bat argitaratu zuten “Nora” goraipatzen.
IKusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez omen. Horixe gure gaitz nagusia. Noiz konturatuko ote gara gutariko bakoitzaren portaeren batura baino ez dela, azken finean, gizartea.
Geure buruarengan uste apur bat izateko behar ditugu etsaiak auzoan: non sartu gara duela hamar urte Egunkariaren aldeko manifestazioan joan ginen euskalzale guztiok? Ikasiko ote dugu noizpait?