Zabor-etikazko hiru lezio
Hona hiru ikasgai 2013ko apiril honek eman dituenak etikako irakasleek eskoletan erabiltzeko modukoak, bihar herritar heldu izanen diren neska-mutikoei balio moralak txertatzeko.
1.- Legazpiko ‘Birziklapena bai, atez atekorik ez’ plataforma. Herritarren kontzientziatze lan emankor baten fruitu, lortu dute hautesleen erdiak sinatzea zein den hondakinak kudeatzeko sistemetan beren gogokoa: udalak proposatzen baitu bakoitzak sortutako 10 kilo hondakinetatik 2 baino ez botatzea, herritarrok garbi adierazi dute nahiago dutela 7 kilo zabor nahasturik jaurtitzen segitzea. Ikasgaia: aukeran jarrita nahiago dut gaizki egitea ondo egitea baino.
2.- Errenteriako Berauneko Auzo Elkartea. Urte luzez San Markoko zabortegiaren kalteak etxe, kale eta sudurretan nozitu dituen barrio zigortu honetako jendeen ordezkaritza aldarrikatzen duen auzo elkarteak eskari doblea egin du, inguruko zabortegia behingoz itxi dezatela eta aldi berean Atez Atekorik ez dezatela ezarri bertan, ezta inork auzokonpostik egin ere auzoan. Ikasgaia: guk ez dugu ondo egin nahi baina guk gaizki egitearen kalteak urrunagoko beste norbaitek sufritu ditzala.
3.- Twitterreko elkarrizketatxo hau. Legazpiko aipatu emaitzak eztabaidatzen ari zirela, igande gauean, Hernanin Zero Zabor taldeko Bego Zuzak idatzi du: “Pasara a la historia por hacer un referendum sobre el derecho a contaminar. La plataforma tiene el lugar para la futura incineradora?” Zumaiako Atez Atekoaren kontrako plataformako kide ezaguna den Javier Salvadorrek erantzun dio: “En Zubieta“. Ez dio proposatu errauste planta Zumaira eramatea edo hurbil daukan Arroara, zeina aztertu baitzen bere garaian errauskailuarentzako gunetzat. Zubietan. Ikasgaia: gaizki egiten dugunok eskubidea daukagu gaizkiaren kalteak sufriarazteko ondo egiten ari denari.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks