Domintxine, Plentzia, Sao Tomé, ETA…
Gutxitan ikusten-aurkitzen du kazetariak, nobelagileak, kantagileak edo antzerkilariak, ixtorio mikro bat zeinetan nabarmen islatuko diren munduko gai makroak. “Sagarren Denbora”ren egileek bat harrapatu dute eta dokumental zirraragarria atera zaie. Hogeitabost urte barru ere ikusiko da.
Eta zer kontatzen du “Sagarren Denborak”? Hainbeste gauza, unibertsalak batzuk, intimoak bestetzu, Euskal herriko historiaren une gogoangarriak ugari… Kristiane Etxaluzek ikusi-bizitutakoekin bete liteke iazko LARRUN bat osatu zen moduan liburu bat baino gehiago. Alfontso Etxegaraik bizkarrean daramatzanetatik batzuk azalduak ditu 1995ean “Regresar a Sara”n. Baionako Atalante zineman ondoan neuzkan biek irakurriak zituzten bi idatziak eta hala ere behin eta berritan emozionatu ziren filmean zehar. Egileek asmatu duten seinaleetako bat, niretzako.
Denbora historikoari dagokionez, filmean erretratu labur indar handikoetan ikusi dugu pasatzen Frantziako Euskal Herria domintxindarrak kontatuta, eta Espainiako Euskal Herria bizkaitarraren hitzetan. Nazioaren zapalkuntza, euskaldunon autogorroto ezin jasana, sustraiak bortxaz estali nahi dituen ixiltasunaren azpian zerbait eder badela intuizioa, gazte denborako errebolta itxaropenez betea. ETAko edo ETAren oso inguruko militatziaren osagai latzak, izan presondegi, komandoen ekintza armatu, burkideen heriotz edo GALen eraso. Tortura sistema demokratikoaren lanabes.
Bada beste irakurketa bat intimoagoa, militanteen bizipenei lotua. Epikarik gabe. Ekintzailearen urratsak. Etsaiaren atzaparretan hondoa jotzea. Borroka armatuaren prezio zamatsua larrutik ordaindu beharra, hain luzaz. Pagatu beharreko ordainez soinean bezala ariman markatzen diren orbainak. Dena maitasun ixtorio batekin gurutzatua.
Une batzuetan Gipuzkoako euskaldun honi gogor egin zaio bi protagonisten biluztea. Etxegarairen liburua irakurri duenak badu ausardia horren berri, baina hala ere gutxitan azaldu ohi ditugu gure barrunbeak horrela euskaldunok, gutxienik belaunaldi batzuetakook. Torturapean nola kantatu duen kontatzea. Maitearekiko solas samur horiek. Hain dira biluzten, kamera daraman lagunari aitortzea beste pretentsiorik ez balute bezala, ezen eta erretorika-interpretazio guztia ikuslearen esku uzten duten.
Ertz gehiago baditu “Sagarren Denbora” honek. Euskararen drama, familiako tragediak, Sao Toméko mixeriak, protagonisten gainean hegalka dabilen patua… Jakes Abeberrik esan omen du, filma ikusi ondoan, gai unibertsalak jorratzen dituela. Hala da, Etxaluz-Etxegarairen historiarekin-ixtorioekin egin litezke tragedia greziarra, nobela, pastorala, kantata edo kronika periodistiko handia. Josu Martinezek eta Txaber Larreategik ondo usaindu dute eta aski izan dute bi protagonistak kamera aurrean azaltzearekin. Makillaje tanta batek itsusituko zituen. Narratzailea soberan egongo zen. Aldiz, zer-nondik kendu izango zuten buruhauste.
Soinu-musikaren mailak emozionatu ninduen. Arkaitz Minerrek lan ederrak egin ditu lehendik eta honakoan esango nuke filmaren ardatzetakoa dela. Orain arte Cesarea Evoraren ahotsean ezagutzen genuen “Sodade” kantatzen Maddi Oihenartek biloak xutiarazten ditu. Pantxo eta Peioren “Azken dantza hau” Sao Toméko kantari beltzaren ostatuko grabazioarekin hasi eta nola fusionatzen duen Minerrek taldean bukatuko denarekin… ederra.
Ni ez bezala zinemara sarri doazenek esango dute diziplina horren arauen barruan nola kalifikatzen duten “Sagarren Denbora”. Niri dokumental gisa indar handikoa iruditu zait, edozein telebistatan emateko modukoa. Gite-Ipesek promoziorako sos handirik izango ez duen arren, seguru jendeen arteko ahoz-ahozkoak zabalduko duela ixtorio handi honen albistea.
Jakin gabe, bainan nahi delarik, gauza interesantak lortzen direla bihotzari edo hormoneri (nere ustez hor kokatzen delako arima) mintzoa ematen dielarik, diozu?
Teknikaren eta jakintzaren laguntzarekin noski, zuk, Josu, Txaber, Hibai eta Arkaitzek badakizue hortaz.
Eskerrak zueri. Elkar atxikitzen gaituen karrarekin.