Alternatiba usaindu da Baionan
Bizi! mugimenduak antolaturik atzokoan Baionan klima, ekonomia, ingurumena, energia, elikadura eta, ororen buru, jendeen bizia mehatxatzen dituen krisi sistemikoaz esan diren guztien mamia “trantsizio ordenatua” ideiak laburbildu lezake. Ezer ez denez gehiago izango berdin, edo aurkitzen dugu gaurko sistema bordeliko hau gaindituta antolamendu burutsuago iraunkor bat antolatzeko modua, edo kolisiora goaz. Ba ote da indarrik trantsizio hori eraikitzeko? Atzoko antolatu mobilizazioarekin baiezko apustua egiteko deia egina zuelarik Bizi!k, lortutako oihartzunak esan nahiko luke jende askok duela trantsizio horretan saiatzeko nahia, Baionako Alternatiba ekitaldian parte hartuz.
Bestek kontatuko dute (Arantxa Manterolak urgentziazko kronika egin du Gara eta Kazeta.infon, “Bai Alternatiba ona atzokoa, milaka lagun beren alea jartzera animatzeko“, Berriak “Baiona jendez bete du Alternatiba Egunak” titulatu du, ondoko ordu eta egunetan azalduko dira gehiago…) egunak eskaini zuen emaitza. Hernanitik eta Usurbildik Zero Zabor eredua dela eta parte hartzeko gonbitea jaso genuenok gure kronika txit partziala eskaini dezakegu.
Goizeko zortzi eta erdietan Baiona Ttipian autoarekin sartzeko kontrola pasatu beharko genuela bagenekien. San Andres plazako sarreran han zeuden hesia eta zaintzailea: espainolez lardaxka txukuna egiten zuen (ai Hernaniko gazteek hainbeste frantses balekite!), paperetan ondo begiratuta han zeuden gure izenak eta autoaren zenbakia, sartu baina badakizue 09:30etarako atera behar duzuela kotxea. Horra egun osoan zehar topatu dugun auto-antolakuntzazko ikasgai nagusia. Hondakinen txokora nekez baina azkenean helduko zara beti dauzkazulako eskueran antolatzaile laguntzaileak ez bada euskaraz gaztelaniaz edo frantsesez mantxo ahaleginduz lagunduko dizutenak. Hondakinen txokoko arduradunak lagunduko dizu hasieran hartu duzuna baino kokapen hobe bat edukitzen, badaki zein diferentzia dagoen Gipuzkoako Zero Zabor ereduaren eta Bil eta Garbi mankomunitateak estand eder batean proposatzen duenaren artean. Militante kualifikatua lanean.
Goizeko lehen orduetan Baiona Ttipiraino hurbildu dena berehala ohartu da Bizi!ko antolatzaileek parte hartzera ekarri dituztela normalean euskaltzaleen eta abertzaleen mobilizazioekin zerikusi handirik behar ez duten jendeak. Lanean ari diren boluntarioen itxura anitzetan nabari zen, estandak antolatzen ari direnen estilo ezberdinetan. Pyrenees ostatuan kafea hartuz komentatu dugu nola aldatu den hau hogeita hamar urteotan. Eta euskarak, harremanetan minoritarioa izanik ere, leku osoa hartu du antolakuntza osoan. Xapo!.
Esana dizute, materialak kokatuta, parte hartzaile bezala heldu zarela konfirmatzera jo behar duzula Manu Robles Arangiz (MRA) fundazioaren lokaletara. ELA sindikatuaren fundazio hau erdiz-erdi sartuta dago Bizi!, Laborantza Ganbara, Enbata aldizkari berritua eta beste hainbat proiektutan. Cordeliers karrikako egoitzan Public relations lanerako prestatua dirudien neska gazteak bilatzen ditu izenak, bulegoa pil-pilean, akreditazioak, bazkaria halako lekutan, gogoratu hitzaldia hortik aurreraxeago gero eskuin eta dena xuxen joanik dela, zerbait behar baldin baduzue…
10:30etan hamabost minutuz aurkeztu behar duzu Zero Zabor. Ordu erdi lehenago joanik, han dauzkazu antolatzaileak zain. Euskaraz aritzeko deitua izan zarenez, salan frantseserako itzulpena prest da. Entzule askok behar dute. Hiru mintzaldiak bukatutakoan, Berriaren lokalera joan behar duzu, han daude Euskal Irratietako hiru langile, atarian antolatzaile gehiago, irratsaioko eskema oso garbi dago, zuretzako bost-hamar minutu, galderak ondo prestatuta egin dizkizute, irrati estudio erraldoiei alderaturik jostailuzkoak diruditen tresnen bidez ondo helduko da zure ahotsa Barkoxeraino.
Parte hartzera konbidatutakoek bazkaria Baionako klub baten peñan daukate. Ai bazkaltokia, zer nolako irudiak galdu dituzuen telebistako kamerok… Baionako antzinako harresien erraietan diren galeria-katakunbetako batean zerbitu du otordua Emaus elkartearen cateringak, euskaraz badakite han ere, goxo, xinple, txukun. Hori baino txoko iraunkorragorik edozein istriputarako…
Alternatiban ikusteko, jateko, edateko edo sentitzeko zeudenez gain, herritarrak lanak zeuzkan aukeratzen zein hizlariren mezuarekin egin apustu ordu eta leku jakin batean, beste andana bat sakrifikatzen baitzuen, ikusi programaren aberatsa. Guri egokitu zaigu Iñaki Antiguedad, Joseba Azkarraga eta Amaia Muñoak Trantsizioaz egin beharreko mahai-inguruan parte hartzea, ez beste ezertarako baizik hizlariari 23. minutuan hitza mozteko. Esango nuke mintzaldiotan laburbildu dela Alternatibak ekarri dituen mezuen muina. Hiruek esandakoetatik ale bat geratu zait buruan iltzatua, Azkarragak esan duen hori: mundua kolisio edo istripu baten bidean doala esaten baitute askok, zenbaitek dio dagoenekoz istripu hori gertatzen ari dela, istripu betean gabiltzala…
Ekitaldia bukatuta (hor ere bazen zuzeneko itzulpena, txit profesionalki egina), eskerrak eman dizkiegu bi teknikari gazteri euskaraz eta haiek “Agur” erantzun azentu bitxiz. Atean saioaren koordinatzaile gazteari eskerrak eta zorionak eman eta honek argitu digu, euskaraz, agurtu ditugun bi teknikari mutikoetatik bata argentinarra dela bestea brasildarra direla, ondoan dauzkan bi neska laguntzaileak Okzitaniako Tolosatik etorriak, galiziarra eta italiarra…
Urriko igande arratsalde batean eta Baionan 17:30etan ilunabarra da. Erretiradako bidea hartu behar baita, bidean agur esango diezu Gipuzkoako hondakin organikoak konpost bilakatzen dituen kooperatibako langileari eta EHNE-Bizkaiako buruzagiari, eta ELAko sindikalistari, eta Seaskako historikoari, eta euskaltzainari, eta Lekeitiotik akordeoia ondo jotzen duen potikari eta guzti etorri den ezker abertzaleko koadrillakoari, eta idazleari, eta berriro ere Bizi!ko militanteari, eta gure herritik etorritako udaltzainari, eta ARGIAko kolaboratzaile historikoz gain Frantziako nekazarien sindikatu ezkertiarreko idazkari nagusi denari… Eta 18:30etan Hernanin, Usurbilen eta Zaldibian hondakinen Atez Ateko bilketarako erabiltzen diren poste, ontzi eta bestelako materialak jasotzera zoazenean, geratzen diren azken puskak zaintzen hantxe aurkituko duzu Bizi!ko militantea. Bina muxu eta bagoaz Gipuzkoara pentsatuz hurrengoan ere ezingo zeniekeela ezezkorik eman jende hauei, hainbeste lan, hainbeste talentu.
[P.S.]Idatzi behar diot konbidatu gintuen Bizi!ko militante gazte lagunari. Zorionak, baina zaindu zuen buruak. Kasu lan handiegiekin. Pertsonok ere iraunkorrak izan behar dugu. Hobeto esanda, funtsean geuk izan behar dugu iraunkor.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks