Errauskailua? Bildu legeztatzeak kondenatu zuen
Hernanin Zero Zabor koadrilako gehienon kalkuluetan ez zen sartzen, 2011ko udaberria baino lehenagoko borroka egun ilun eta etsigarriez ari naiz, lortuko zenik Zubietan egiteko bidean ziren errauste planta gelditzea. Indar handiegiak nahastuak ziren labe haren negozioan, zertan hasi azken hamarkadotan Gipuzkoako planifikatzaile eta politikari nagusiek egindako saldukeriak zerrendatzen. Usurbilgo jende adoretsuek erakutsia zuten bazela hondakinentzako alternatiba merkeagoa, burutsuagoa, osasungarriagoa. Usurbildarrek zeukaten arrazoia. Aldiz, indarra, ai indarra, zer nolako indar harroa, errauskailuaren alde ari zen eta puntu.
2011ko udaberriko udal hauteskundeen aurretik borrokarako aski indar ematen zuen gizakiaren etorkizunerako hil ala bizikoa den hondakinen kudeaketa iraunkorrerako bide berria urratzen laguntzeak. Errauskailua gelditzeko aukera gutxi daukagun arren, gaurdanik landu dezagun bihar labe pozoitsu hori gelditurik antolatu beharko den alternatiba, egin ditzagun guk gauzak ondo, erakutsi dezagun bestelako modu bat badela. Haiek indarra, guk arrazoia.
Bildu legeztatzeak aldatu zuen dena. Oldartzen eta ilegalizaziozko berunezko urteen ostean, Euskal Herriak bere benetako izaera soziologiko eta politikoa azaldu zuen hauteskundeetan. Gero, Gipuzkoako erakunde nagusien kudeaketa bere gain harturik, nik ez dakit orduan Bildu eta funtsean Sortu zer bilakatuko ziren baldin eta hautatu balute errauskailuaren atzeko indarrekin halako “erdibideko” soluzio bat adostea, errauskailu txikia, sasi-errauskailuren bat (Aralarrek lata ematen zuen eten gabe errausketa baizik ez den gasifikazioarekin!), soluzioren bat tipo “mediku jauna, uste dut haurdun samar nagoela“. Bide horretatik jo zezan presiorik ez zuten faltako. Errausketaren kontrako militante batzuek horren beldur ziren, publikatuta utzi zutenez…
Baina Bilduk eta funtsean Sortuk hautatu zuten honaino ekarri dituen bidea. Ilegalizaziorik beltzenetik eguneroko politikan lur hartzeko aukera paregabea baliatu dute Gipuzkoako hondakinen kudeaketarekin. Ezkerraren agendaren erdian ipini dute krisi klimatiko eta ekologikoaren eztabaida erreala, utikan umeei eskoletan jasangarritasunarekin orduak galarazteko ikastaro kosmetikoen aroa. Establishmentari aurre egin behar izan diote, neke handien artean, kanpotik bezala barrutik desestabilizatzeko antolatu dizkion erasoek ondo astinduta, lurralde eta gizartearen antolamendurako funtsezkoa den arazo baten inguruko pedagogia landu behar izan dute aldaketen aurrean uzkur diren herritarrekin Diario Vasco buru duen armadak aspaldi erabakitako fuego a discreción ahal bezala agoantatuz… Orain, errauskailuaren mamua edo itxaropena (norberak hauta beza) betirako bazterturik, seguru gauzek bestelako itxura hartuko dutela.
Zubieta ez al da, ororen buru, XXI. mendeko Lemoiz bat? Denok gaude pozik gaur Bizkaiak eta Euskal Herriak ez daukatelako Fukushimaren laurden bat Lemoizen. Hala poztuko gara hamar urte barru gaurko eztabaidoz oroituko garenean.
Tamalez -inori ez baitzaio entzun Lemoizko eskandalua aztertuko duen ikerketa batzorderen bat sortzeko proposamenik, horra Lemoiz bera biktima- orduan ere ez diegu autokritikarik ttikiena entzungo hainbeste buruhauste, kalte ekonomiko eta arrisku eragin dizkiguten politikari profesionalei. Baina hala ere, ondo egina ondo dagoelako poz bat sentituko dugu.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Errauskailua lurperatuta, biharamuneko albiste eta erreakzioak | Zero Zabor - […] - Pello Zubiria Kaminok ARGIAko Xehe blogean: “Errauskailua? Bildu legeztatzeak kondenatu zuen” […]
“Komunitatearen funtsezko gaiak politikan sartzea, fase eratzaile batean sartzea, da iraultza.” C.Castoriadis