Fukushima, M-29: erradioaktibitaterik bai Euskal Herrian? Eta Espainian
Pittinka azaltzen dira Fukushimako zentralak munduan berreiatu duen erradioaktibitatearen zantzuak. Britainia Handian Osasuna Zaintzeko Agentziak aitortu berri du detektatu dituztela, The Guardianek jakinarazi duenez; oso maila apaleko arrastoak omen dira, baina agintariek ohartarazi dute ondoko asteetan zantzu handiagoak azaldu litezkeela, Japoniako zentral matxuratuak segitzen duelako kutsatzen. Frantzian berriz CRIIRAD erakunde independienteak eskaini ditu berak bildutako datu batzuk: Iodo 131 lurreratu du euriak Ardèche eta Drôme eskualdeetan. Arrasto hauek ere ahulak dira, adituen ustez gizakia kaltetzeko mailatik urruti daudenak, baina CRIIRADek azpimarratzen du alde batetik orain arte azaldu diren partikulak baino askoz ugariagoak dela gas aerosol moduan aireratu den Iodo erradiaktiboa; eta bestetik, ondoko asteetan jarraipena egin beharko zaiola kutsadura honi, ugaritu egingo delako.
Aldiz, orain arte inork ez du jakinarazi ez Hego Euskal Herrian eta ez Espainian neurketarik egin denik. Neurketarik gabe… akabo kutsadura! Edozein gisan, kasik ezinezkoa litzateke Iodoak eta Zesioak frontera pasatzea: Guardia Zibilak geldiaraziko zituen… (Barkatu broma merkea).
Prentsa guztia ari da atzotik zabaltzen plutonioa aurkitu dela Fukushimako zentralaren barruan. Hala ere, letra kaxkarretan ezkutatzen da joan den astetik Tepcok bazuela horren berri, atzo arte isildu zuen arren. Berriro esan behar: erreaktore bat edo gehiago zulatuta dagoela eta erregai usatuen piszinei ere erradioaktibitatea dariotela ohartarazten egun luzeak daramatzaten adituek arrazoi zuten eta ia inork ez die kasorik egin.
Greenpeacek, ordea, plutonioa zentraletik kanpo ere detektatu dela plazaratu du (herenegun eskatu zuen ebakuazioa 30 kilometrotik 40ra zabaltzea). Japoniako agintariek, ezetz. Hala ere, gaur arratsaldean Tokyoko gobernuak adierazi du gehienezko alertan dagoela, egoerak hobera ez baina okerrera egiten duelako: matxuratutako lau erreaktoreek segitzen dute errefrigeraziorik gabe, kutsadura larritzen ari da, hau elikaduran gero eta gehiago azaltzeko beldurra dago, erreaktore azpietan pilatu den ur erradioaktibitateduna itsasora eskapatuko den kezka dago…
BBC kateak gaur zabaldu du Japoniako gobernua aztertzen ari dela Tepco konpainia nazionalizatea (lerrook idazteko orduan gunea saretik erorita dago eta ezin da irakurri “Tepco nazionalizatuko dutela dioten zurrumurruak handitzen” artikulua). Gobernuak gero gezurtatu egin du horrelakorik orain planteatzen duenik. Baina bistakoa da Fukushima Daiichiko zentralak eragin dituen kalteak Tepcok ezingo dituela ordaindu (zein asegururekin?). Horretarako daude estatuak gaur, irabazietan dauden enpresak pribatizatu eta galera handiegiak eragin dituztenak herritarren zergaz biziarazteko.
Laburpen ederra!
Ez du ematen gauzak hobera dioazenik, atzo France Interen aditu batek erreaktore bat lehertzeko arriskua zegoela aipatu zuen.
Gaurko berriak ere ez dira politak:
http://www.lemonde.fr/japon/article/2011/03/31/fukushima-hausse-du-taux-d-iode-radioactif_1500962_1492975.html#ens_id=1493258