Fukushima, Mai-24: azkenean aitortu dute hiru erreaktoretan aspaldi urtu zirela erregaiak
Fukushima-Daiichiko zentralean istripua martxoaren 11n gertatu zen eta gaur maiatzak 24 dituelarik TEPCO enpresak aitortu du (azkenean!) duela kasik bi hilabete eta erdi benetan gertatu zenaren egia ezkutu bat gehiago: hango lau erreaktore atomiko kaltetuetatik hiruk nukleoak urtuta dauzkatela, edo guztiz edo handizki. Orain 10 egun aitortu zuen 1a hala dagoela, gaur berriz 2.a eta 3. ere berdin. Reuters-etik hartuta Europa Press agentziak titulatu duenez, dagoenekoz hiru dira hainbesteraino hondatutako erreaktoreak. Bi hilabetez eduki dute ezkutuan…
Gure inguruan komunikabideek dagoenekoz arreta gutxi jartzen diotenez gai honi, Fukushimako hondamendiaz informazio horiek jakin gabe hitz eta pitz aritu “adituak” lasai bizi dira (inork ez die analisi berririk eskatuko), orain Bildu eta enparauez hitz egin behar dute eta. Aldiz, TEPCOk egia ezkutuok aitortu bezperan Tokyoko gobernuak adierazi du enpresak ez zizkiola informazio egokiak garaiz jakinarazi, eta horren zergatia ikertuko duela.
Lehenbiziko dimisioei bidea zabalduz, Mazataka Shimizuk utzi eign du TEPCOn zeukan zuzendari nagusi kargua. Ez da harritzekoa: TEPCOk sekulako ekonomi galera jasan du istripuaren ondorioz, 10.900 milioi eurokoa, Japoniako ezein enpresa ez finantzierok inoiz eduki duen handiena. Horrelako galerekin etorkizun oso iluna daukala aitortu dute korporaziotik. Fukushima Daiichikoa gertatu zenetik, haren akzioak %83 jaitsi dira Tokyoko burtsan.
Kutsadurari dagokionez, Japoniako gobernuak erabaki zuelarik haurrek urtean pilatu zezaketen erradiazio kopurua 20 miliSiervetera igotzea, gero eta ugariagoak dira neurri horren kontrako erreakzioak. Interneten irakur (eta sinatu) daiteke neurri horren kontrako eskaria, ingelesezko eta frantsesezko bertsioetan. Tokyon bertan eskola-umeen gurasoak mobilizatu Hezkuntza ministerioaren egoitzaren inguruetan dira erradiazio maila hori berriz apaldu dezaten eskatzeko, ANN-Newsen bideo honetan ikusten den gisan.
Low Level Radiation Campaign erakundeak, berriz, Tokyoko Bin Mori irakasleak bere blogean ezarri duen informazio grafiko hau: hiriburuan bildu ditu azeri-buztan (Equisetum Arvense) landare bat eta txikori-belar (Taraxacum Officinale) orri bat, erradiografia egin eta erakutsi dute partikula erradioaktiboak dauzkatela. Erradiazioa jasan dutela konfirmaturik, hurrengo urratsa litzateke zehaztea ea, logikoena den moduan, uranio eta plutonio partikulak diren. Japonian Fukushimatik kilometro askotara ere kutsadura iritsi dela erakusten duten bi adibide ikusgarri.
[Maiatzaren 25eko eguneraketa] Informazio ekonomikoan erreferentzia den Bloomberg agentziak eskaini ditu TEPCOko arduradunen prentsaurrekoaren xehetasun gehiago “Erreaktoreen ontziak erradiazio gehiago isurtzen ari daitezke” kronikan. 1. erreaktoreak, antza, zulo bat dauka eta 2.ak bi. 3.ak errefrijerazio sisteman ei dauzka pitzadurak. Hona kronikaren pasarte argigarria: “Analisiak berresten du zenbait ikerlari independientek esaten ari zirena gertatu zela zentral nuklearrean martxoaren 11n lurrikararen eta tsunamiaren ondoren. TEPCOren gaurko informeak auzitan jartzen du nola litekeen konpainia hori izatea, erregaiak urtu egin direla aitortzeko bi hilabetez berandatu dena, oraindik krisia kudeatzen ari dena”. Kronikak beste hau ere iradokitzen du: Fukushimak isuritako erradiazioa iritsi daitekeela Txernobylek 1986an barreitatutako kopuruetara.
Pello,
orai arte ez diat idatzi bainan lehenik zorionak, zinez, Fukushimaren afera honetan egiten duan lan bikainagatik. Jarraipen serios, osatu eta zintzoa. euskal komunikabideek segi dezaketen eredu bat lukek naski.
Pentsatzen diat jada ikusia huela, baina badaezpada ere helarazten diat frantziako CRIIRADak (Erradioaktibitatearen inguruko Ikerketa eta Informazio Independenteen Batzordea, Tchernobylgo eskandalutik landa sortua zuan)atera berri duen txostena, martxoaren 23ko aste horretan bildu datuekin iodoaren heinetaz. agertzen da atlantikoko itsas hegian parte nagusi batean dela aktibitate gorena agertu eta gorenetan Biarritzeko neurgailuak bildutakoa. Adierazpen, xehetasun eta informazio pedagogiko aparta eskaintzen ditek maparekin datorren testoan.
Oso interesgarria duk eta salatzen ditek frantziako Erradiokatibitate mugimenduen erakunde ofizialak egin desinformazioa (berriz ere, duela 30 urte saldu zizkiguten gezurren hari beretik)
izan ontsa eta segi lan bikain honekin
besarkada
iñaki
ahaztu zaidak lotura jartzea, barkatu :
http://www.criirad.org/actualites/dossier2011/japon_bis/sommaire.html