Manex Pagolaren mendiko borda
Nostalgiazko komunio bat izan ohi da urte oro Nafarroako Egun bezperako kontzertua Baigorriko elizan. 2016koa, Manex Pagola kantautore klasikoaren errepertorioan oinarritua, Xare orkestrak ireki zuen tresna hutsez joz Mendiko Borda (*), 1977an erditurik 40 urte beranduago indarrik galdu ez duena. “Herrian lana, Herrian bizi” oihukatzen zen Iparraldeko karriketan aspaldi hartan, “Herria ez da salgai” garrasia pintatzen gauez kale eta bide bazterretan. Espekulazioa salatzen, orduan eta gaur, oligarkiak gure artean dauzkan morroi komisionistek baserri, soro, mendi eta erribera mutur oro ostu eta hormigoiztaturik berenganatzen dituztenean. Manex Pagolaren otoitzak oilo ipurdia jartzen digu eta ihardukitzera bultzatzen.
https://www.youtube.com/watch?v=trBvrr3LcCs
(*) Bideoan entzuten den “Mendiko borda” Maite Idirinek grabatu zuen 1979an, Ahizpatasuna izeneko diskoan, Gotzon Aulestiaren moldaketa ederrekin. Manex Pagolaren ahotsean entzun daiteke hemen. Hona hitzak:
Mendiko Borda
Peiok igorria mendiko borda ez saltzeko,
behar bazen diru, hark bazuela laguntzeko
Bainan ez dira hortarik ari notario eta agentziak
ez ere horrek asetzen promotoreen goseak.
Betonez kargatu dituzte gure bazterrak
eta bankoan ehunduko beren kontu ederrak.
Ote larre eta borda, beti hortik hasten da.
Behin saldua saldu, betikotzat galdu
Peiok igorria, otoi-otoi ez barkatzeko,
arbasoena den ontasun hori ez uzteko.
Baina ez dira…
Ote larre…
Peioren otoitza mendiko borda geldi dadin,
bertzerik ezinez, bederen herritar batekin.
Baina ez dira…
Ote larre…
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks