“Txalo bero bat Hernani eta Usurbilentzako”
Hala esan zuen hitzaldi beroaren erdian eta Donostiako udaleko batzar aretoan bilduek jakintsu atzerritarrak eskatuari erantzunez esku-zartaka ekin zioten. 2012ko maiatzaren 11n gertatu zen hori, egun haietako egunkari, irrati eta telebistek albistegietan jaso ez zutena kontatzen dizut biharamun goizaldeko seietan, leihoaren beste aldetik bizilagunaren oilarra eztarria urratu beharrean ari dela. Egon behar du une haren grabazioa nonbait. Egun hartakoaren beste bertsio bat Euskal Telebistak edukiko du artxiboetan, Maribel Aizarna kazetariari Hernaniko Ezkiaga plazako frontoian egindako elkarrizketan gauza bera esan baitzion: “Fantastic!” erantzun zion jakintsuak ea Hernanin ikusia zer iruditu zitzaion galdetuta. Hori goizean gertatu zen, Zero Waste mugimenduko ordezkaritza batekin Hernanira egin zuen bisitan, gero Usurbilera joan ziren denak hangoak ezagutzera. Baina kontatzen dudana ilunabarreko zortzietatik aurrera jazo zen Donostian, pare bat ziento herritarren aurrean. Paul Connet hondakinetan aditu eta Zero Waste ideiaren munduko misiolari laikoa esplikatzen ari zela gizakiok zein era traketsean kudeatu ditugun azken hamarkadotan gure zaborrak, hondarrak denak nahasturik basurero handietan pilatzea bezala horiek labe gero eta sofistikatuagoetan erretzea soluzio txar zikin garesti xahutzaile antiekologiko gaixotzaile direla argudiatu ostean Zero Zabor estrategiaren barruan munduan batean eta bestean eman diren urratsak kontatzen ari zela iritsi zenean goizean Usurbilen eta Hernanin ikusi zituenetara. Orduan esan zuen Hernanin ikusi zituela familien hondakinak gaika sailkatuta ongi aprobetxatzeko moduan biltzeko karriketan jarrita dauden tresna horiek, numero banarekin pertsonalizatutako zintzilikarioak, eta errepikatu zuen Hernaniko Atez Ateko bilketako argazkien aurrean: “Hernani da une honetan munduan hondakinen bilketa ondoen egiten duten herria”. Eta eskatu zien entzuleei: “Txalo bero bat He’nani eta Asu’bil herrientzako”. Eta txaloka jarri gintuen denok, ahaztu zituen Oiartzun eta Antzuolakoak barne. Aitortzen dizut une hartan berdin izan zitzaidala hitzaldi hura gipuzkoar talde txiki batek baizik gozatu ez izana, ez zidala bost axola Denis Itxaso edo Maria Eugenia Arrizabalaga gezurretan aritzea, El Diario Vasco egunkaria eta honen uberan Gipuzkoan gehien kontsumitzen diren gainerako hedabideak justu momentu hura herritarren begietatik estaltzearren komunikazio kanpaina erasokorrean jardutea, jakitea datorren astean Oñatin Zarautzen Errezilen edo berdin Maulen norbaitek galdetuko didala ea egia den Hernaniko kaleak arratoiz beteta daudela. Bagenekien, itsuak ikusten baitu, gure etxeetako hondakinen %80 gaika ondo sailkatuta biltzen ari garenok ari garela ondo, oraindik gaizki zikin kutsatzaile ari direnak %30 edo gutxiagotan dabiltzanak direla, zabortegietara beren hondakinen %70 edo gehiago nahastuta zabor bihurturik bidaltzen dituztenek zor dizkigutela esplikazioak, atzera gelditzen ari direnei galdetu behar zaiela. Bagenekien, eta esan ere esaten genuen: “Ondo ari gara”. Gipuzkoan oraindik nagusi den arren indarraren arrazoia, arrazoiaren indarra ondo ari direnek daukatela. Daukagula. Han ziren Bego, Kontxi eta Mattin hernaniarrak, alboan neukan Zumaitik etorrita Mendi, aurrean Azpeitiko taldekoak, harantzxeago Usurbilgoak, Zarauzkoak, Getariakoak, Astigarragakoak, baziren agintari bakan batzuk, herritar eszeptikoren bat ere bai, aurrez konbentzituak gehienok, denok ere ondo genekienak hitzaldi hark ez ziela mailaturik txikiena egingo Gipuzkoan errauste planta nola edo hala eraikitzeko desesperazioan beren artilleria osoa sutan daukatenei. Une hartan berdin izan zitzaigun. Zirraragarria izan zen. Zoriontsu, horra nola sentitu ginen han bildutako gehinenok, bi urte geroago edo bost edo hamasei normala izango zen gauzen egiteko modu txukun baten alde bultzaka ari ginen herritar borondate onekoek. Umeak salatzen dituen bezala helduok aitortzen ez ditugun egia xinpleak, hala etorri behar izan zuen San Franciscotik Paul Connetek guri esatera gauzak ondo egiten ari denak txaloak merezi dituela. Behar genuen.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks