Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Gipuzkoako zaborren gatazka, bederatzi puntutan
2017-06-16 // Iritzia // Iruzkin bat
Atzo Paulin doktoreak erakutsi dizkigu errausketaren kalteak eta gaur Joxemari Irazustak kontatu nola martxan dagoen alternatiba garbi, merke, osasuntsu eta iraunkorrago bat. Hori horrela bada… zertan ari gara hemen?
01-. Zorionak eta mila esker Easo plazako gosetiok!
2017ko ekainaren 15ean sei gipuzkoar daude baraualdian Donostiako plazan, salatzeko Gipuzkoan agintzen duen PNV+PSOE+PP+Diario Vasco erregimenak erraustegi alferrikako eta kutsagarri bat eraiki nahi duela. Baina erotuta al daude sei zorook? Zertarako hainbeste zalaparta? Ezin liteke hain arriskutsua izan Zubietako Ingurumen Zentro moderno hori… ala bai?
Gaurko egunez, 1977ko ekainaren 15ean, lehenbiziko hauteskunde “demokratikoak”… (bakoitzak ipini bitza nahi dituen kakotx guztiak “demokratikoak” horretan…)… Gutako askok gogoan ditugu duela 40 urteko hauteskunde haiek. Denetik hitz egiten zen 1977an… demokraziaz, sozialismoaz, trantsizioaz, bakeaz, terrorismoaz, autodeterminazioaz… baina inork ez zuen aipatu Amiantoa.
Imajinatzen dituzue sei zoro 1977ko ekainaren 15ean Donostian gose greba egiten Uralitaren debekua eskatzeko? Geuk jartzen genuen gure teilatuetan, rotaflexez moztuz, antigoaleko teilak baino praktikoagoa zen, isolamenduetarako ipintzen genuen, tren bagoietan, fabrika handietako hodietan… 1906tik azalduta zegoen arren amiantoak minbizia eragiten zuela, gu –espainolok- ez geunden jakinaren gainean. Beranduago jakin genuen Frantzian eta Europan ez erabiltzeko eskatzen zutela. Eta askoz beranduago, 2001ean, debekatu zuten Espainian.
Arrazoi izango zuten ala ez 1977an Uralitaren debekua eskatzen zuten zoro haiek? Zenbat jende hil da geroztik amiantoaren eraginez? Zenbat daude oraintxe hiltzeko bidean? Zenbat gehiago hilko dira datozen urteetan? Eta zer diote urte guzti hauetan gure osasunaren eta segurtasunaren arduradun izan diren funtzionario eta politikariek?
02-. Natur baliabideak hondakin bihurtzen txapeldun
Alfonso del Val aditu beterano erdi madrildar-erdi Pancorbotarrak kontatu zigun. “Imajinatu Martetik espedizio bat iritsi dela gure Lurrera. Ikusi dute nola bizi garen, zer egiten dugun. Itzuli da Martera eta agintariek galdetu diete ‘aber, zer ikusi eta ikasi duzue Lurra planetan’? Eta esploratzaileek erantzun: ‘Lurra kolonizatuta dauka Gizakia izeneko espezieak, zeina berezituta baitago natur baliabideak hondakin bihurtzen”.
Horra zertan garen espezialistak: naturari kentzen diogun 10 unitatetik bakar 1 aprobetxatu eta gainerako 9ak hondakin bihurtzen ditugu.
03-. “Kendu begi bistatik kaka zahar hori”
Guregandik urruntzen ditugu hondakinak. Lekuz urrutiratzen ditugu, geografiaz. Etxetik aparte… kaleko kontainerretara. Ahal bada lurpeko kontainerretara. Kaletik aparte… hiritik baserrietara, Donostiatik Zarauzko Urtetara, Errenteriako San Markosera, Mutiloara, Kantabriara… Amiantoz betetako bapore zaharrak India eta Bangladesheko hondartzetara. Ordenagailu eta telefono moderno-zaharkituak Nigeria edo Kongoko txabolategietara.
Ai… baina are efikazagoa da denboran urrutiratzea. Egur pintatuzko altzariak 15 urtez izango dira hondakin. Kontserba latak desegiteko 50 urte behar ditu naturak. Aluminiozko potoak desegiteko 200 urte. Gure ume eta zaharren pixoihalak desegiteko 500 urte. Plastikoa desegiteko beste 500. Kristalezko botila galdua desegiten ez dakigu zenbat urte beharko diren. Zentral nuklearretako hondakinen desegiteko epeak milaka urtetan neurtzen dira.
Naturari 10 unitate hartu, gure probetxurako bakar bat erabili eta beste 9etaz ahaztu. Erantzukizuna pasatu horien kulparik ez duen auzokoari edo 10-100-1.000 urte barru gure ondoren etorriko direnei. Aberrazio horri deitzen diote fariseuek “arrazionalitatea”, “gobernanza”, “ingurumena zaintzea”, “hondakinen kudeaketa efikaza”…
04-. Krisiak ekarri zuen alternatiba… eta guk probatu dugu
Horra Gipuzkoan eduki dugun zoriona 2009an Usurbilek Atez Atekoa antolatu zuenetik. Ez zen miraria, dena zegoen asmatuta, Katalunian, Mallorkan, Italian, San Frantziskon… Usurbildarrak ausartu ziren, kopiatu zuten, egokitu… eta erakutsi 300 kilo zabor nahasi kutsagarri biltzen dituen zakua 50-60 kilotan gera daitekeela, soilik etxean familia bakoitzak bere erantzukizuna bere gain hartuta eta Administrazioak horiek tratatzeko bitartekoak ondo antolatuta.
Geroztik gaikako bilketa burutsua hedatu da Gipuzkoako udalen erdia baino gehiagotara, lau gipuzkoarretik batek egiteko moduan, modu ezberdinetan. Joxemari Irazustak erakutsi dizue nola funtzionatzen duen alternatibak. Aldiz, Markel Olanok eta Joseba Egibarrek bezala Denis Itxasok eta Ignacio Asensiok Gipuzkoa gobernatu nahiko lukete alternatiba martxan ez balego bezala. Horra nola iritsi zareten zuek, Amarako plazako baraulariok, zuen buruak sakrifikatu behar izatera: PNV+PSOE+PP+Diario Vasco erregimenak estali nahiko lukeen errealitatea herritarren begien aurrean erakustera.
05-. “Nola endredatu zarete gipuzkoarrok hondakinen istorio horrekin?”
Esan digute behin eta berriro. Arazo bati soluzio hobea, merkeagoa eta osasuntsuagoa aurkitzea lotsaizuna balitz bezala.
Eskuinetik esan zaigu. Erregimenetik herritarren beldur eta instinturik atzerakoienak xaxatu dituzte. “Quítame esa mierda de la vista”. “Hondakinak bereiztea ezin da izan obligazioa”. “Horretarako pagatzen ditut zergak, nire sukaldea utzi dezatela bakean”. Eta ikusi ditugu zabor poltsak balkoietan eskegita kutsatzeko eskubidea aldarrikatzen. Usainak, arratoiak, beldurrak… era guztietako gezurrak. Beren buruak demokratatzat dauzkaten politikariak, auzokoa kutsatzeko eskubidea aldarrikatzen… a zer espektakulu penagarria.
Orain zalantzan ikusten ditugu ezkerreko buru batzuk ere, soluzioak antolatzean bekatu egin izan balute bezala. “Nork esan ote digu guri hondakinen saltsan sartzeko?”. Akonplexatuta Gipuzkoan ezarri dituztelako Katalunian edo Italian edo Ameriketan ezkerreko bezala zentroko eta eskuineko agintariek ezartzen dituzten kudeaketa sistemak. Behar bada kalkulatzen dute ezkerraren izenean agintean segitzeko modu bakarra dela eskuinak bezalatsu agintzea. Seguruenik ez dira ohartu Erregimenak bezala agintzekotan, botoa eman behar duen herritarrak hor dauzkala Erregimenaren alderdi autentikoak.
Eta Erabakitzeko Eskubidearen aldeko kontsentsu giroa lantzen duten batzuek ere esan digute: “Oraintxe denok bat egin behar genuenean, zerekin eta hondakinekin endredatu!”. Ate joka omen daukagun Euskal Herriaren balizko Independentziaren aldamenean zaborren kudeaketa edo erraustegi kutsakorra bide bazterreko anekdota txiki bat balitz bezala. ¿Gure diru publikoak 35 urterako sekuestratzeak ez du preso hartzen gure Erabakitzeko Eskubidea? ¿Akaso Osasun Eskubidea edo gure haurrek mundu txukun bat heredatzea ez dira oinarrizko eskubide demokratiko minimoak?
06-. Hondakinen kudeaketa dago gure gizartearentzako nahi ditugun eredu ezberdinen talkaren erdian
Alternatiba ikusi eta probatu dugulako ohartzen gara ezarri nahi diguten erraustegia zenbateraino dagoen herritarren gehiengoa zanpatzen duen gizarte ereduaren muinean.
-a- Hemen lehian daude soluzio iraunkor merkeak versus kutsakor garestiak.
-b- Teknologia sinpleak versus teknologia konplexu zentralizatuak. Maialen Lujanbiok aspaldi esan zigunez: “Eskuak zenbat dezakeen”. Aldiz, inposatzen dizkigute kontainer handiak, kamioi handiak, biltegi, labe, kutsadura, zabortegi, eskoria pila handiak… Korporazio handiek bakarrik egiteko modukoak.
-c- Inbertsio txikiekin enplegu asko versus inbertsio itzelekin lanpostu oso gutxi.
-d- Ekonomia zirkularra versus lehengaien eta energiaren xahuketa.
-e- Hondakinak sortu dituenaren erantzukizun versus auzokoak/ondorengoak kutsatzeko eskubidea.
-d- Herritarren osasun ona zaintzeko prekauzio printzipioa versus herritarren gaixotasunak negozio aukera.
07-. Erraustegi bati lotu nahi gaituzte 35 urterako
Hemen daukat [eskuan] Deloitteko aholkularien informea. Deloitte esatea da Cuatrecasas, PwC [PriceWaterhouseCoopers] , Idom, LKS-Mondragon… Zerbitzu publikoen kontratista pribatuen abokatu, estratega eta aholkulariak. Ez zaituztet nekatuko horren xehetasunekin.
Hona laburpena: Gipuzkoako hondakinak eta diru publikoak (udalenak, mankomunitateenak, Diputazioarenak…) bahitzen dituzte 35 urterako beraiek etekina aseguratzeko. Gipuzkoako jendeok kondenatzen gaituzte pagatzera eta soportatzera 2051. urtea arte urtero 200.000 tona erreko dituen labe garesti kutsakor bat… dakigunean gaur bertan lortu dezakegula zabor nahasiak 50.000 tonatara murriztea.
Gure agintari ustelak egiten ari direna, Jose Afonso kantari portugaldarrak aspaldi abestu zuen Bertolt Brecht handiari letra hartuta “Coro dos Tribunais” hartan: “Guarda o teu robo / Guarda-o bem / Dentro de um papel a lei”. Lapurreta perfektua, testu legalez blindatua.
08-. Erraustegiak erakutsi digu Gipuzkoan Erregimena ustelduta dagoela
Begira ezazue nork prestatu zuen 2002an Gipuzkoako Hondakinentzako PIGRUG plan orokorra. Bizkairako plana egin zuena bera da. Horregatik dira hain berdinak. Hondakinekin egin behar duguna planifikatu duen gizona izana da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde, zementu fabriken buru, kotxeen gurpilak zementu fabriketan erretzeko prestatzen dituen enpresa baten sortzaile, ingurumen aholkulari, Gipuzkoa eta Bizkaiko planen idazle, berriro Eusko Jaurlaritzako sailburuorde, etabar, etabar.
Gipuzkoarrok “gauza inportanteagoetan” genbiltzan bitartean (euskara, autodeterminazioa, bake prozesua…) PNV+PSOE+PP+DiarioVasco Erregimenak su batean jarraitu du lanean, esku batekin lagunduz zerbitzu publikoen kontratista handien negozioei eta bestearekin babestuz enpresatik-politikara eta politikatik-enpresara jauzika dabiltzan politikariak.
Azkenean nork planifikatu du lurralde antolamendua, herritarron osasuna, gure zor publikoak, hondakinen kudeaketa, gizarte zerbitzuetarako zenbat diru egongo den? 2011ko Zubieta 1-eko Swapen auzian ikusi zen: politikari neoliberal salduak, banku handiak, zaborren kontratistak, zementuaren kontratistak, abokatu bufete potenteak… 2017ko Zubieta-2 honetan nobedadea da Mondragon kooperatibek ere nahi dutela haginka egin pozoiaren industrian, horra zer bilakatzen ari duten “Humanity At Work” famatua.
09-. Ustelkeriaren erdian… non dago etika?
Etika dago zuen erresistentzian Asko aipatu ditugu denok gure borrokaren oinarrian dauden osasunaren kalteak, kutsadura, zor ez-legitimoa, lapurreta, ingurumenaren kalteak. Ez dezagun ahaztu guztien oinarrian dagoena: etika.
Inmorala da Joseba Egibar/Markel Olano eta Denis Itxaso/Ignacio Asensio gipuzkoarrokin egiten ari direna. Ondo egin daitekeena gaizki egitea inmorala da. Merke eta garbi konpon daitekeena garesti eta zikin egitea inmorala da. Inmorala da jendeei gezurra esatea, egiak ezkutatzea, herritarrak kaltetzen dituen erabakiak nahita hartzea.
“Gose-pasatuak” da hitz bat gogorra baserri munduko jendeak ezagutzen duguna. “Gose-pasatuak” dira guretzako asko edukita ere sekula nahikoa ez duten diru-goseak, beraiek ondo bizitzeko nahikoa lur edukita ere kapaz direnak auzokoari gauaz mugarriak mugitzeko metro bete lur lapurtzeagatik, jende zekena, sekula nahikoa ez dutena.
35 urterako gu eta gure ondorengoak kutsadurara eta zorretara kondenatu nahi gaituzten politikari, enpresario eta teknokrata gose-pasatuen aurrean… hona hemen Easo plazako baraulari eskuzabalok.
Mila esker, Amarako gose grebalariok, zuen erresistentziagatik. Etika irakaspen handi hau emateagatik gipuzkoar guztioi. Garbi esan nahi dizuet: edozein arrazoirengatik gaur bertan batek edo denok etengo bazenute ere baraualdia, berdin-berdin maiteko zaituztegu. Zailena egin duzuelako: zuen barrenean erabakia hartuta urratsa ematea.
Norbaiti entzun nion ez direla erresistentzia garaiak, garaipena lortzeko garaiak baino. Ez dakit zuek zer uste duzuen, itxaropen handia edo txikia duzuen Zubietako erraustegia gelditzeko. Baina eusten ikusi zaituztet, erresistentzian, iraultza ere baden irauntzan, atxikitzen.
Gure eskerrik beroenak zuei erraustegi kriminal hori onartu ez eta aurre egiteagatik.
[Donostiako Easo plazan gose grebalarien inguruan 2017-06-15ean emandako hitzaldia].
Erregimenak linfoma bat dauka Gipuzkoan
2017-05-31 // Iritzia // 2 iruzkin
Ehunka lagun sartu ziren erraustegia egin nahi duten eremura, Gipuzkoa Zutiken deialdiarekin bat eginez. (Argazkia: GZ)
Markel Olano Arrese diputatu nagusia hurbildu zenean Hernanin Oronak daukan Ideo eraikin futuristara Gipuzkoako euskalgintzarekin hizkuntza estrategia berria konpartitzera, dozena bat zahar aurkitu zituen atarian “Erraustegirik ez” pankarta eskuetan, Zubietako errauste plantak kaltetutako hamabi aiton-amona aspaldiko euri zaparradarik handienaren azpian blai eginda. Ez bilatu argazkia egunkarietan.
Egun gutxi beranduago Donostialdeko autobideak butxatu zituen ziento erdi bat kotxezko ‘Barraskilo Operazioa’ren albisterik ere ez duzu aurkituko. Orobat Azpeitian Altuna y Uriaren egoitzan protesta alaitsua egin zuten gazteenik. Eta menturaz maiatzaren 27an Zubietan Errausketaren Aurkako Mugimenduak bildutako jende multzoaren eta mezuen oihartzunik ere ez zenuen topatuko, baldin eta Gipuzkoa Zutikeko gazte adoretsuek ez balute egun berean mila laguneko jendetza eraman –mila bai, gazteak gehienak, heldu asko, 80 urtekoren batzuk tartean- erraustegiaren ‘0 eremura’. Ez etsi, ez onartu erraustegia, bakean eta irmo, #ResistZubieta. Gazteek horrelako kemen, antolakuntza eta fundamentu irakaspena eman behar zigutenik…
Denaren jabe egin da, ustez, Gipuzkoa Garaile bataiatu zuten lobby oligarkikoa. Esku batekin PNV+PSOE+PP erregimena, onartuko al zait boterea ezartzeko formularen definiziotzat erregimena, ez darabilt isekatzat. Bestearekin Gipuzkoako establishment enpresariala, zeinari bermerik postmodernoena ematen dion orain Mondragon Corporationek, bere banku, supermerkatu, industria, unibertsitate eta guzti, Arrasateko kooperatibismoaren deriba neoliberala. Erregimena guztiaren jabe eginik, zenbait arlotan zubilanak aipatzea bihurtu da zubiak eraikitzea baino irabazleen artera dotoreziaz igarotzea edozein zubitan barrena. Barkatu gordin mintzatzea, lagunok.
Arazo bakarra da… historia amaitutzat jo duteneko paradisu post-gatazka hau ez dela esajeratuki makillatutako gaixo bat baizik. Hedabide nagusi pribatu zein publiko bananeroek doi-doi saltzea lortzen duten Gipuzkoako oasi harrak joa. Zubietako zuloa da kantzerra azaleratzen duen koskorra.
Mundu osoa krisian eta zuek 2007 aurreko bizimodura itzultzea posible dela sinetsaraziz engainatu nahi duzue minbizi erasokorrak jotako gizartea? Zein soin atal erauzi beharko diguzue hurrena Confebaskek jarraitu dezan business as usual? Zein herri sakrifikatuko dugu ondoren, eskoriatarako ez bada kea salduko duen usina berri bat eraikitzeko? Nori kenduko zaizkio laguntza sozialak diru publikoen alferrikako beste obra batekin harrapatzaile pribatuak gizenagotzeko? Herritarroi zein eskubide gehiago kenduz ugarituko dizkiguzue gaixotasunak, ondoren sendaezinentzako artatze pribatu eternoak zeuok berriro kobratzeko? Zer egingo dute ezker alternatiboek podiumeko bigarren postua nork hartuko duen errezeloz elkarri markajea egiteaz gain? Ardanza-2 aro itogarri honetan herri hau Erabakitzeko Eskubidea erabiltzeko prest dagoela aldarrikatuz bagoaz norabait?
Hamar urteotan ikasi dugunarekin, zalantzarik txikiena ere ez da geratzen hondakinen kudeatzeko sistemen arteko alderaketan. Errausketa da sistema txarrena, garestiena, zikinena, kaltegarriena. Azalduta dago, Gipuzkoa erdian frogatuta, ez da beste misteriorik. Hala ere, lehendik lantegi kutsagarriz gainezka dagoen Donostialdean lehenbiziko erraustegi kamuflatuari –Rezola- Gipuzkoak behar ez duen bigarren erraustegi bat gehitu nahi diote, jaramonik egin gabe osasun aldetik, urgentziaz behar ditugun lanpostuetatik, bideragarritasunetik, ingurumenaren zaintzatik eta diru publikoen erabilera zuhurretik aurkeztutako oharretako bakar bati, gaur bertan azken zaborra 40.000 tonatara murriztu dezakeen gizarte bati 200.000rentzako labea kutsagarria ezarri eta pagaraziz. Domuit Gipuzkoa eta kito.
Azken hilabeteotako mugimendu eta deklarazioak oso oker ulertu ez baditugu, Gipuzkoako agendaren jabe den erregimenak bezala agendaren gatibu diren opositore nagusiek dagoenekoz egintzat eman dute Zubietako errauste planta. Herritar asko ala gutxi izango dira etsi gabe aurrean jarriko zaizkienak? Injustizia onartzen ez dutenek gaindituko ote dituzte erregimenak ezarritako omertà lotsagarriaren hesiak? Gipuzkoarren jenioa esnatuko al da?
[Ikusi artikulua paperezko astekarian, PDF]
Lili baten truke
2017-05-03 // Eutsizale // Iruzkinik ez
Damian K. errotik zen euskaltzalea. Kirolari izana, berandu arte forma fisiko harrigarri baten jabe, laurogeitaka urteko aiton abertzaleak euskaraz hitz egingo zizun edonon, zer esanik urrundik bada ere familiakoak ginenokin ari bazen. Baina bizitzak makurrarazi zuen aulki gurpildunera. Urrutitik etorritako laguntzaileak ekarririk hasi zen iristen gure atariraino. Tarea honetarako hartzen ditugun urrutikoak gehienetan latinoak ohi direnez, Damian gaztelaniaz hasi zitzaigun haren aurrean, esan nahi baita beti. Galdetu gabe dakit zaintzailearekiko errespetuagatik zela. Errespetu handiko morroiak izan gara beti euskaldunok eta, aldiz, gaztelaniadun bat gutxitan kupitzen da gutaz. Engoitik tortura saioak ziren gure arteko solasak. Arrosek gintuzten salbatu. Arratsalde eguzkitsuetan Damian hurbiltzen zigutela ohartu bezain laster, baratzeko arrosen artean lili eder eta usaintsuena moztu eta zaintzaileari eskaini irribarre opariz: “Y esta para mi negrita“. Eta erdaldunarekin bake prebentiboa sinaturik, berriro betikoak ginen denok, gure Damian eta gu.
Baimen barik
2017-04-28 // Eutsizale // Iruzkinik ez
Erradiografiak egitea agindu dit medikuak. Goazen San Sebastiango Amarako anbulategira. Zer eremu arrotz espainolagorik guardia civilek zaindutako Gobernu Zibila baino Francoren Espainian sortutako baserritarrarentzako. Gaztelania usainak hartuta dauka anbulategiko egongela ere. Egun on, erradiografiak egitera etorri naiz. Tienes que seguir la raya roja a lo largo del pasillo, bajas la escalera y ahí es. Bidean beste mahai batean galdetu behar izan dut. Barkatu, erradiografiak egiteko lekua hemen nonbait izan behar du. Sí, es un poco más adelante, ahí a la derecha. Heldu naiz eta, baserritar baten zorionerako, artatu nauten erizain gazteak euskaraz Donostialdeko herri txikietako azentu ederrez mintzo ziren, musu bana emango nien lotsatu ez banintz. Erradiografien kopia behar baldin baduzu, orain Donostiako Ospitalera joan behar duzu, han CD batean emango dizute. Burokraziak ez du barkatzen. Goiza galdu beharko dugu. Kotxea hartu eta ospitalera. Parking pribatua pagatzeko txartela, milesker politikari sozial-kristauak. Berriro atezaina. Berriro nik euskaraz, berriro berak gaztelaniaz… baina, joder, orain arte denek ulertu didate! Heldu naiz erradiografien kopia egin behar didaten bulegora eta atenditu nauenak paparrean darama “Nirekin euskaraz egin dezakezu”. Urte garai honetan? Jesus, gizona… zurekin eta beste edozeinekin.
Hau beste kirol bat da
2017-04-12 // Eutsizale // Iruzkinik ez
Hainbeste saiatu gara jendea aktibatzen motibatzen seduzitzen kontzientziatzen animatzen, “Guk euskaraz/zuk zergatik ez?” eta istorio, ezen eta orain oztopo bilakatu baitzait ulertu bai baina hitz egin ezin duen Enrike B.rekin. Familia euskaldunean sortua, Madrilen ahoa irekitzearekin ezagutuko lioketen arren baskoa dela, aspaldi galdu zuen euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Euskararen egun sinbolikoetako batean izan balitz Enrikerekikoa ere ondo pasatuko zen, baina astegun buruzurian lehenbiziko diosalaren ostean nik nirean jarraitzean harridura ikusi nion aurpegian, pretenditu banu bezala bera bat batean euskaraz hastea. Bion adiskidetasunak ez luke jasanen, fite blokeatuko bailitzateke laguna. Horregatik, nola esplikatu oraingo kirol berriaren arauak, hau ez dela euskalgintzako profesionalok asmatutako happening berri bat? To mikroTELPa: “Txo, ez aldatu orain, mesedez, zeuk ere eutsi zeureari, ez nau batere inkomodatzen. Nik euskaraz… zuk segi gaztelaniaz”.
Atxiki-dantza
2017-04-05 // Eutsizale // Iruzkinik ez
Pili C.rekin zortea izan dut lehen egunetik. Komertziante guztiek ez daukate suhi bertsolaria, ezta koplaka esperimentazioetan ausartzeko umorea ere. Sortzetik gaztelaniako hiztun, bizi osoa darama hemen. “Euskara Ari Du” txaparen magia probatu behar genuen. Nik euskaraz diosala, berak ere arrapostua, nik euskaraz bigarrena, berak gaztelaniaz jarraipena, nik euskaraz, hark erdaraz… Fandangoa baltsarekin uztartu nahian ez al gara blokeatuko? Sakeak “An-dre-MA-dalen-an-dre-MA-dalen-laur-den-ER-dibat-o-li-yo-oo”, erreferak “AI-to-RREN-iz-KUNTZ-za-RRA-NAI-de-GU-ZA-bal-DU”… Dantzan asmatuko ote dugu bakoitzak bereari eutsiz bestearenarekin uztartzen? Egia da biok azkar moldatu garela goizeroko saio laburretan, keinu erdi batez elkar ulerturik, menturaz bera lehendik entrenatuta zetorrelako, edo kutsatzeko gogo handiz, agian hurrengo urratsen ametsez. Ezin esan bera baino euskaltzaleagoa naizenik.
Tolosako euskara
2017-03-29 // Eutsizale // Iruzkinik ez
Euskara ari du Hernanin martxoko igande ilunabarrean. Lau eutsizale betiko potea ospatzen betiko ostatuan. Gazte beltxa saldu nahian dator. Ordu onean iritsi da, lauotako batek billetea luzatuz: “Tori bost euro eta emadazu zerbait”. Lau sorta utziz bat aukeratzeko mahai gainean: “Galtzerdiak?”. Pagatzaileak ez du asko luzatu nahi, apuratzen da salerosketa asimetriko hauetan, baina emakumeetako batek luzatu du elkarrizketa: “Numero egokia al da? 46 dio hemen”. “Ez, ez, begiratu ondo: berrogei-berrogeitasei esaten du”. O.K. Baina orain beltxak ez moztu nahi: “Badaukat beste gauza bat, Senegalekoa”, zorro handi gurpildunean arakatuz. To! “Non ikasi duzu euskara?”. Larru itxurako kartera atereaz, “Tolosan”. Eta ondoren toaila txiki sorta: “Ikusi hauek. Bi urteko garantia dute!”. Arraioa, Ibarran egon ote da morroi? Azkenean, berak 20 euro eraman ditu eguna osatzeko. Guk galtzerdiak, Senegaletik propio ekarritako kartera eta euskarari eusteko deserosotasunaren saria.
Gipuzkoako erraustegia auzitegietan katramilatuta
2017-01-09 // Iritzia // Iruzkinik ez
Abenduaren 26an auzitegietako albisteen zain zeuden GuraSOS elkarteko buruak. Eskueran ikusten zuten lizitazioa etetea, izan Donostiako Administrazioarekiko auzien 2. Epaitegiaren edo izan EAEko Auzitegi Gorenaren erabakiz. Ez zen gertatu eta 27an Markel Olanok eta Jose Ignacio Asensiok pozik iragarri zuten erraustegia abian jartzeko urratsik inportanteenetako bat, kalean herritar ugarik haserrea oihukatzen zuen bitartean.
Baina bihurriak direnez epaitegietako bidezidorrak, egun gutxiren buruan juezen esku artean zegoen katramilatuta Zubietako labea. Donostiako Administrazioarekiko auzien 2. salak eman du lizitazioa eteteko ebazpena, era bitxian: lehen puntuan ez du onartzen GuraSOSek eskatutako “medida cautelarísima inaudita parte” delakoa (Foru Aldundiak hondakin planaz herritarrei parte hartzeko prozesua burutu arte etetea); bigarrenean Administrazioari eskatu dio suspenditzeko lizitazioa Auzitegi Nagusiak erabaki arte.
Bitxiena, hala ere, izan da justu egun horietan bertan zabaldu duela auzitegi beraren 1. salak bere erabakia balio gabe utziaz… Zubietako erraustegiaren aurreko kontratuaren itxiera. Gipuzkoako Foru Aldundia eta GHK Bilduren eskuetan zeudenean, 2013an, erraustegia egiteko lehenbiziko kontratua desegin zuten, FCC buru zuen enpresa taldearekin kalte-ordainak negoziatuta. Erabaki hari San Marko eta Debabarrena mankomunitateek –PSEren esku– ezarritako helegitea da lau urte beranduago epaileak ebatzi duena. Paradoxikoki, Denis Itxasok aurkeztutako auzia korapilo handiagoa gerta dakioke lizitazio berriari GuraSOSen auziak eta hainbat udal eta mankomunitatek aurkeztutako besteak baino.
Berehala iragarri dute EAJ eta PSEk 2013ko eten harengatik Bildu auzitara eramateko mehatxua. Ez da lehenbizikoa. Juan Calparsorok 2015ean –Denis Itxasoren eskariz– Ainhoa Intxaurrandietaren kudeaketa ikertu zuen, GHKren zuzendaritzan diru publikoa oker erabili ote zuen miatzeko, amaieran dosierra artxibatuz.
Hona berriro mahai gainean hondakinen kudeaketa, diru publikoen erabilera, errausketaren beharra versus alternatibak… eta 2011an Carlos Ormazabalek sinatutako swap toxikoak. Hauek epaitu ziren auzian Cuatrecasas bufeteko abokatu Joanes Labaienek iragarri zuen erraustegi bat gelditzen zutenak ezin zirela zigorrik gabe geratu, “irse de rositas” gaztelania kastizoan. Antzera mintzatu da Jose Ignacio Asensio orain.
Antza, errausketarik gabeko alternatibari aurpegia jarri zion Ainhoa Intxaurrandieta auzitara eramanez EAJk, PSEk eta zerbitzu publikoen kudeaketa pribatuko lobbyak Gipuzkoako gizarteari adierazi nahiko liokete hemen alternatibarik ez dela. Ez hondakinen kudeaketan eta ez beste ezertan.
Zubietako Erraustegia: asteotan jokatzen denaz 14 gako eta galdera
2016-12-22 // Zero Zabor // Iruzkinik ez
Abenduaren 27an Gipuzkoako erakunde nagusiak kontrolatzen dituzten EAJ eta PSEko agintariek urrats berri eta –2011an nahi izan zuten bezala– atzerabiderik gabekoa egingo dute aspaldi erabakitako errauste planta Zubietan eraikitzeko bidean. Aste hauetan gauza asko daude jokoan Gipuzkoan eta egunotan egindako edo egin gabe lagatako ekintzek ondorioak ekarriko dituzte gutxienez 2051 arte. Hona gakoetako batzuk, nire ustean:
1- Zubietakoa ez da izango Gipuzkoako lehenbiziko erraustegia, bigarrena baizik: Rezola porlan fabrikak hondakinak erretzen ditu Donostian bertan, Añorgan, berrikitan kontrolak arinduta gainera.
2- Hondakinen errausketak gizakien eta ingurumenaren osasunean eragiten dituen kalteak eztabaidagai izaten segituko dute, agintariak estaltzen ahalegindu arren. Donostialdean, bi erraustegik elkarri pilatutako kutsadurak nozituko dira.
3- Errausketaren aurkako medikuek jendea informatu dute eta GuraSOS bezalako taldeek mobilizatu dute jendea osasuna ardatz hartuta, haurrei aginduz ez dituztela babesik gabe utziko. EAJ-PSEko agintariek ez dute ez horiekin eta ez beste ezein indar sozial edo politikorekin plana eztabaidatzerik onartu.
4- 2015eko hauteskundeen ostean “EAJ-PSE erregimena” entzunda haserretu direnek EAJk eta PSEk gobernatzeko moduaren arrasto nabarmena utzi dute erraustegiaren inposaketarekin.
5- 2015ean hasi bazen Gipuzkoan Zero Zabor eta Ekonomia Zirkularraren aldeko estrategia eraisteko operazioa, Zubietako erraustegiak ito ditzake oraindik hondakinak ongi kudeatzen dituzten udalak eta ereduak.
6- Hondakinak ondoen kudeatzen dituzten udalek lan asko egin beharko dute beren eredua defenditzeko, hasteko, eredu ezberdinen emaitza oso ezberdinak “berdintsu” balira bezala aurkezteko manipulazioetatik. Hondakinen kudeaketan badira estandar teknikoak emaitzak kantitatez eta kalitatez neurtzeko, zehatzagoak “adostasuna” bezalako kontzeptu politikoak baino.
7- 2011-2015 legealdian Bilduko agintarien hondakin planaren eta orain EAJ eta PSEkoen plan zaharberrituaren arteko erkatze eta eztabaida publikorik ez da onartu. Baina burrunba mediatikoak ezingo du estali egia: alternatiba bazegoela eta dagoela.
8- Zerbitzu publiko pribatizatuak berriro publifikatzea aldarrikatzen den garaiotan Gipuzkoako agintariek justu kontrako bidea egingo dute, publikoa pribatizatzekoa. Nola erreakzionatuko dute beren programetan publifikazioak eta munizipalizazioak aipatzen dituzten ELA, LAB, CCOO, eta besteek?
9- 2051 arteko zor publiko ez-legitimo bat sortzen ari dira hilabeteotan EAJ eta PSEko agintariak, 2011n swap toxikoekin sortutakoari gehituz. Ezkerreko alderdi politikoek erreakzio bereziren bat edukiko ote dute? Neoliberalismoak eragindako prekarizazioaren kalteez okupatzen diren gizarte mugimenduek?
10- Udalek hondakinen kudeaketa historikoki beren eskumena izan dutenean, ahalmen eta subiranotasun galera handi bat ari dira nozitzen Gipuzkoan, mankomuniteteei borondatez lagatako eskumenak GHKren bidez konpainia pribatuei betiko uzteraino. Hondakinen erabakitze eskubidea ere gure esku ez badago, nork sinetsaraziko digu gure esku dagoela subiranotasun politikoa?
11- Udalak dira mankomunitateen bidez, GHKren erabakien erantzule. Zenbait mugimenduren ostean, Gipuzkoako udal bakar batek ez du erabaki mankomunitate horietatik irteterik. Ez irtetea ere erabakia denez, udaletako ordezkariak jabetzen dira beren gain hartzen dituztela GHKk 2051 arte sinatutako konpromisoen erantzukizunak?
12- Politikagintza, udaletakoa barne, alderdien aparatuek kudeatzen dutela gauza jakina da. Udalak herritarren ordezkari direnez, herritarrei azalduko diete 2051 arteko aurrekontuak mugatuko dituzten kontratuon nondik norakoak? Ala alderdiek hartuko dituzte beren gain bai erantzukizunak eta bai azalpenak?
13- Konfrontazio demokratikoa versus irtenbide adostu eta kontsentsuatuak, edo bata edo bestea hautatu beharra mahairatu da Gipuzkoako hondakinen kasuan ere: EAJk eta PSEk ezarria daukaten alde bakarreko estrategiaren aurrean lehenbizikoaren antzutasuna agerian geratu da.
14- Errausketaren aurkako elkarte eta mugimenduek ez dute lortu, orain artean, agintariak elkarrizketa zabal batera eramatea eta PSE eta EAJko agintariek erabakiak de facto ezarri dituzte. Zertan aldatuko ote dute beren estrategia hurrengo hilabeteetan?
Ebentorik gabeko arnasgune
2016-11-08 // Iritzia // 2 iruzkin
Gustatu zait nola hasi duen Jon Rejadok albistea Berrian Aguraingo “75 ordu euskaraz” dela eta: “Jai girorik gabe. Ospakizunik gabe. Normaltasunez ekingo diote gaur Agurainen (Araba) 75 orduko ahalduntze saio bati”. Normaltasunez, bai, eta horrexegatik hain zorrotz, izena eman duten 275 herritarrek hiru egunez sentituko baitituzte euskaraz osorik izateko ahaleginaren bertigoak oro.
Euskahalduntze jasangarri eta iraunkorra. Dekrezimentu eta herturen aroko euskaltzaletasuna. Aldaketa nork bere etxetik… nork bere burutik hastearen iraultza. Boluntarioen lanaren indarra. Gure inkontzienteak ganbaran estalirik ahaztu nahiko lituzkeen inferioritate konplexuen astintzea. Benetan gure esku dagoen euskararen arnasgune bakarra gutako bakoitza dela. Nik neureari eustea.
Euskara Ari Du Hernanin ere. Besterik gabe. Es ke jendearen %80 da ulertzeko gauza. Biba Agurain!
Euskara Ari Du Hernanin.