Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
‘Francisco’ eta ‘Likema’ tifoiak Fukushimara hurbiltzen ari
2013-10-24 // Fukushima // Iruzkinik ez
‘Francisco’ eta ‘Likema’ ekaitzen ondoko egunetako ibilbidea. (Irudia: Asahi Shimbun)
Bi tifoi (ez bakarra Diario Vascok gaur “Fukushima, en alerta por el segundo tifón en diez días” albistean dioen bezala) ari dira hurbiltzen Japoniako uharte nagusira: Francisco eta Likema dira. Arazoa da, Fukuleakseko kolaboratzaileek “More Typhoons Approaching, Landslides & Earthquakes At Fukushima Daiich” analisian azaldu dutenez, honek oso egoera ez-ohikoa eragin dezakeela, bata bestearen ondoan egonik, Likemak itsaso aldera jotzeko bidea itxi diezaiokeelako Franciscori, honela eurite oso handiak eraginez eta horien ondorioz lubiziak. Albiste honen ondoan ageri da Asahi Shimbun egunkariak bi tifoien ondorengo egunetako ibilbide posibleez egindako grafikoa.
Agentzia eta hedabide handiak ere hasi dira egoera berezi honi garrantzia ematen. Enenewsek, adibidez, Japan Timesek gaiari egiten dion jarraipena aipatu du: “Japan Times: Concern mounts at Fukushima, big typhoons may collide — Francisco to be “unable to move” due to Lekima, says forecast — High threat of landslides, flash floods” Dirudienez, meteorologi zerbitzuak ez dira orain arte ados jarri ekaitz handiok egingo dutenaz. Hori bai, larunbata eta igandea izango dira egun kritikoak. Ez dira hamar egun pasatuak aurreko tifoiak, Wiphak, Fukushimako zentral matxuratuan uholdeak eragin eta itsasora berriro erradioaktibitate asko eraman zuenetik, ARGIAk “Wipha tifoiarekin Fukushimak estrontzio gehiago isuri du itsasora” albistean aipatu zuenez.
Legazpiko familien %27k Atez Atekoa hautatu du: gutxi ala asko dira?
2013-10-21 // Kondarrak // Iruzkinik ez
Atez Ateko bilketarako ontzientzako postea Legazpin (Argazkia: Gipuzkoa Zero Zabor)
Legazpiko udalak azaldu du bilketa mistoa antolatuta herritarrei aukeran emanik, %27k Atez Atekoa aukeratu dutela biltzea beren organikoa, gainerako %73ek edukiontzi marroian uztea. (Errefusa Atez Ate biltzen dela ez ahaztu). Asko dira %27? Gutxi dira?
Bi konparaketa bururatzen zaizkit. Batetik, udal hauteskundeetako botoekin alderatzea. Zergatik? Nabarmena da hondakinen gatazkarekin Gipuzkoako zenbait indar politiko, ekonomiko eta mediatikok higatu nahi duela Bilduk aurreko udal hauteskundeetan eskuratutako indarra. Legazpiko Bilduren indarra higatu ote dute kanpaina honekin?
2011ko hauteskundeetan Bilduk 2.002 boto bildu zituen Legazpin, botoa eman zutenen 43,5. Hauteskundeetan nahi duena abstenitu egiten da, boto zuria… Boto eskubidea zeukatenak: 7.219. Aldiz, hondakinak kalera ateratzea derrigorrezkoa da, nahi eta ezkoa. Beraz, zentso osoarekin egin behar da alderaketa, 7.219 biztanleek aukeratu dute sistema bat edo bestea, familiaka, hori bai. Zenbat dira 7.219 guztien %27, Atez Atekoa hautatu dutenak? 1.949. Nire (Bildukoa ez naizen honen) interpretazioa: Gipuzkoan hondakinen kudeaketa gehien korapilatu den herrian, leiho eta balkoiak zabor-zorro urdinez gainezka ikusi diren herrian, Atez Atekoaren kontrako kanpainarik gogorrena sufritu duen Legazpin… udal gobernu taldeari botoa eman zion kopuru berdintsuak (50en aldea…) hautatu du Atez Atekoa. Izango dira Bilduri botoa emanik edukiontzi marroia hautatu dutenak eta alderantziz, baina niri bi kopuruen kointzidentziak esaten dit udal gobernu taldeari gai honek ez dizkiola botoak kendu… eta hori zaborren eztabaidaren une gordinenean.
Bigarren alderaketa egin nezake Legazpi baino lehen Atez Atekoa jarri duten herrietan herritarren iritzien bilakaeraz ikusi denarekin. Zehazki, ni bizi naizen Hernanikoarekin. Hernaniko udalak 2011ko urtarrilaren 24an (xehetasun inportantea, udal hauteskundeak baino lehen) jarrita dauka bere webgunean “Atez ateko inkestaren emaitzak” agiri interesgarria. Biltzen du udalak Aztiker enpresari egindako enkarguaren emaitza: “Atez Ateko hondakinak biltzeko sistema berriaren inguruan herritarren asebetetzea eta iritziak“.
Txostenaren laburpenaren 22. orrialdeak biltzen ditu “Sistema berriari buruzko iritziak: ezarri aurretik eta gaur” (Atez Atekoa jarri eta sei hilabete eskasera). Dio ikerketaren emaitzak: “Hernanin atez ateko sistema ezarri aurretik, elkarrizketatuen %20,0 ziren sistemaren aldekoak; sistema ezarri zenetik 6 hilabete pasatu ondoren, portzentaje hori %54,8ra igo da; hirukoiztu egin da ia. Aurkakoak berriz, %37,7 ziren sistema ezarri aurretik, eta egun %39,4 dira. Azkenik, elkarrizketatuen %42,3k zalantzak zituzten edo ez zuen iritzirik sistema ezarri aurretik, eta egun %5,8a dira zalantzak dituztenak”.
Iritzi aldaketa honela zehazten zuen Aztikerren ikerlan hark: “Hondakinak atez ate biltzeko sistema ezarri aurretik sistemaren aldekoak zirenetatik ia guztiak (%96,0) egun ere sistemaren aldeko agertu zaizkigu. Soilik %4,0k aldatu dute iritzia, eta egun aurka daude. Aurretik zalantzak zituztenetatik, egun gehienak ere sistemaren aldekoak dira: zalantzak zituztenetatik %65,6 egun sistemaren aldekoak dira, %26,3 aurka daude eta %8,1k oraindik zalantzak dituzte. Azkenik, sistema ezarri aurretik aurka zirenen %27,1ek iritzia aldatu dute, eta egun aldekoak direla adierazi dute (%20,7ek) edo zalantzak dituzte (%6,4k). Aurretik aurka zirenen %72,9k aurka jarraitzen dute”. Atez Atekoa Hernanin jarri eta sei hilabetera zeuden iritziak ziren, artean sistema Usurbil, Hernani eta Oiartzunen bakarrik zegoenekoak. Hernanin bizi garenon ustea da gaur sistemaren onarpena askoz zabalagoa dela…
Bi konparaketa horiek balio ote diete Legazpiko herritarrei eta Legazpin gertatzen dena arretaz jarraitzen duten gipuzkoarrei? Nire iritzian bai, neurri handian. Legazpik Atez Atekoa ezarri du errefusa hala biltzea eta gaikako bilketa borondatezkoa ez baina derrigorrezkoa dela erabakitzean. Udalak bi sistema utzi dizkie aukeran herritarrei organikoa biltzeko, hain zuzen zaborren inguruko eztabaidan grafikoki adierazgarriena den atala. Ez zait konparazioa behartzea iruditzen kalkulatzea zalantzan dauden legazpiar gehienek (herrian dagoen zalapartaren erdian) beren organikoarentzako edukiontzi marroia hautatu dutela. Beren organikoa Atez Atekoan biltzea hautatu badu familien %27k, nire iritzia da legazpiarrek sistema berriari ekin diotela zenbaitek aditzera eman duena baino abiapuntu hobetik. Emaitzek eta 2014an familiek egingo dituzten hautu berriek erakutsiko dute hala denez.
Naomi Klein: Klimaren aldaketa da ezkerraren agenda berria (Net Hurbil)
2013-10-18 // Net Hurbil // Iruzkinik ez
Aste honetan Net Hurbil paperezkoan “Naomi Kleinen deia: klimaren krisia jarri ezkerraren ardatz“. Kanadako autogintzako, energiako eta papergintzako sindikatuek elkartuta sortu Unifor sindikatu handiaren lehen biltzarrera konbidaturik, Naomi Kleinek aldarrikatu du mugimendu sozialek eta sindikalistek elkarlana estutu behar dutela, ardatz nagusi klimaren aldaketa edukiko duen ezkerreko agenda alternatiboaren inguruan.
Kronikaren iturriak eta beste zenbait erreferentzia hementxe:
– Naomi Kleinek UNIFOR sindikatuaren biltzarrean emandako “Naomi Klein: Climate change, unions, and a united left agenda” hitzaldia, bideo honetan ere bildua.
– Kleinen hitzaldia Manu Robles Arangiz fundazioak euskaraturik: “‘Gainkarga’, klima-aldaketa, sindikatuak eta ezkerraren agenda bateratua“.
– Kanadako Unifor sindikatu berriaren gunea.
– Eskuinetik, Klein biltzarrera ekarri zuten sindikatuko buruzagiei errierta Toronto Sun egunkaritik: “Klein, union an odd mix: Far-left hero’s appearance at Unifor unveiling should raise ire, questions“.
– ELAren Manu Robles Arangiz institutuak argitaratuta, Florent Marcellesiren “Ekonomiaren trantsizio ekologikoa. Zergatik? Zertarako? Nola?” PDFz eskuragai.
Naomi Klein
No Logo eta The Shock Doctrine bezalako liburu txit salduen eta The Take dokumental arrakastatsuaren egile famatua baino askoz gehiago da Naomi Klein ezkerreko mugimendu alternatiboetako jendearentzako. Eztabaida eta mobilizazioetan parte hartu zalea baita, globalizazioaren kontrako bezala giza eskubideen aldekoetan. Toronto City Life gunetik hartutako irudian, Klein herritarrei kamioneta batetik mintzo zaie Kanadako hiri hartan 2010eko ekitaldi batean: bi gurasoen aldetik jatorri judua duen ekintzaileak parte hartu zuen Israelen kontsuletxearen aurrean Tel Avivgo gobernuak palestinarrei egiten dizkien desmasiak salatzeko, Free Gaza mugimenduaren alde. “Ni ez naiz ekologista, justizia ekonomikoaren aldeko ekintzailea baizik”, diotse sindikalistei Toronton. “Merkataritza Librearen Itunaren kontra nago ez izurdeak kaltetzen dituelako, jendeak eta demokrazia kaltetzen dituelako baizik”.
Wipha tifoiarekin Fukushimak estrontzio gehiago isuri du itsasora
2013-10-17 // Fukushima // Iruzkinik ez
Fukushimako zentralaren planoan urdinez markatuta, estrontzio kutsadura azaldu den zanga-zuloa (Grafikoa: Asahi Shimbun)
Japoniaren eta munduaren zorionerako Wipha tifoiak ez ditu erdiz-erdi kolpatu ez Tokyo hiriburua eta ez Fukushimako zentrala. Hamazazpi heriotzak eta ziento erdi desagertzeak bezala kalte nabarmenenak Izu Oshima uhartean eragin ditu. Wiphak, halere, haizearekin batera eurite latzak eraman ditu Fukushimara, eta orain Asahi Shimbun egunkariak plazaratu duenez estrontzio erradioaktiboa zentraletik itsasora eraman du.
“Typhoon flushes out radioactive strontium at Fukushima nuclear plant” albistean zabaldu duenez, euriteetako ura estrontzioz kutsatu eta zanga-zulo batetik itsasoratu da. TEPCO konpainiak gaur, urriak 17, aitortu du estrontzio eta beste beta izpizko 1.400 becquerel litroko neurtu dituela erreten horretako uretan, itsasotik 150 metrora. Legeak agintzen duen gehienezko estrontzio isuria 30 becquerelekoa da. Bezperan, urriaren 16an, gune horretan bertan litroko 19 becquerel neurtuak omen zituen TEPCOk.
Azpimarratzekoa da beti ere neurketen datu guztiak Fukushimako zentral matxuratua kudeatzen duen TEPCO konpainiak emandakoak direla, neurketa independenteen berririk ez da.
Tifoi itzela Fukushima gainean
2013-10-15 // Fukushima // Iruzkinik ez
Wipha tifoia gaur Japoniako 08:18etan, gure 01:18etan (NASAren argazkia)
Fukuleaksek goizean konfirmatu du “Wipha Hits Fukushima Daiichi, TEPCO Releasing Water” sarreran goizaldean hemen ordu bata zela (08:00 Japonian) Whifa ekaitzaren begia Tokyo parean zegoela, eta Fukushima aldera zihoala, orduko 200 kilometroko haizea zeramala. Ordurako zentral atomiko matxuratuaren kudeatzaile TEPCO ari omen zen ur erradioaktiboa duten zenbait tanke itsasora husten, euriteentzako lekua egiteko.
CNN kateak goizaldeko 05:39etan zabaldu du Tokion ordurako 14 pertsona hil dituela Wipha tifoiak eta 50 gehiago aurkitu ezinik zebiltzala larrialdi zerbitzuak. Ordu beretsuan biktima kopuru berdina aipatu du BBC kateak, argazkiz eta bideoz hornitutako kronikan.
[Hasierako kronika] Orduotan (01:00 Euskal Herrian, 08:00 Tokyon) dagoenekoz iritsia edo iristear izan behar du Japoniako kostaldearen gainera Wipha tifoiak, Reuters agentziari meteorologia zerbitzuko arduradunek “hamarkadako tifoia” dela esan diotena, 2004etik gaur arte han ezagutu den bortitzena. Tokyo metropoliko 30 milioi biztanleei agintariek eskatu diete ez etxetik ateratzeko eta behar izanez gero arrapaladan ebakuatzeko prest egon daitezela. Enpresa handi askok lana eten dute, hegaldi ugari bertan behera geratu da eta abiadura handiko zenbait tren ere ez da aterako.
Izu Oshima ugartean (Tokyotik 120 kilometrora) Whifak eragindako kalteak (Argazkia: Reuters)
Fukushima oso hurbiletik harrapatuko duela kalkulatu dute adituek eta une honetan kezka handia dago zentralean gerta daitekeenaz. Reutersek “Typhoon threatens Japan; precautions at Fukushima nuclear plant” albistean azaldu du TEPCOk jakinarazi duela hondamendian den Fukushimako zentraleko lanak gelditu dituztela. Fukushimako hondamendiaren jarraipenik onentsuena egiten duen Fukuleaks gune kolektiboko adituak “Fukushima Daiichi Buckles Down As Typhoon Wipha Approaches” oharrean kezkatuta azaldu dira tifoiak eta honek itsasoan eragin dituen olatu handiek erreaktore atomiko matxuratuak hozteko argindarra sortzen duten generadoreak gelditzera iritsi daitezkeelako.
Kareak erre ez diguna
2013-10-13 // Iritzia // Iruzkinik ez
Ospatu dugu. Tolosako Leidorren urriaren 11n bizi izan dugun sentikaria (Igor Susaeta Tolosak kategoriz azaldu du “Emozioz beteriko tokia eta hobia” kronikan Berrian) komunio laikoa izan da. Joxi Zabala eta Joxean Lasaren hezurrak eta mamiak eta ametsak irentsi ditugu. Iluna? Katarkikoa. Gordina. Latza. Samurra. Ederra. Alacanteko basamortuak Mediterraneoari begiratzen dion gain idor hartaraino eraman gaituzte, zuloa aurkitu dugu elkarrekin, zulora bultza gaituzte, Espainiako armadaren kontraintsurjentziako eliteak han lurperatu gazteen izpirituz busti gara, galdetu diegu gure buruei non ezkutaturik bizi izan garen urteotan, umore beltzaren tabua hausten ausartu gara, dantzariarekin dar-dar egin dugu aulkietan, musikariek zeramaten berekin gure ondoeza, madarikatu ditugu Francoren eta beste frankoren zakurrak, gurasoekin dugu kantatu (bagenekian handia haizela Landa-Ijurko, eta hala ere), dolua egin eraildakoen senideekin eta lagunekin. Ardo ondo ondua oholtzaratu digute Susakoek. Kontzesiorik gabeko artea. Pentsakor bezain zorioneko bidali gaituzte nor bere etxera. Zorionez 30 urteotako gisuak ez digulako erre barrena.
Qatar 2022: esklaboek eraikitzen dute mundiala (Net Hurbil)
2013-10-11 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Paperean Net Hurbilek plazaratu du “Qatar 2022: esklaboek eraikitzen dute mundiala“. Alegia, The Guardianek azaldu duela basamortuan Qatar eraikitzen ari den hiri eta azpiegitura ultramodernoz osatutako mirariaren trikimailua: Qatar erresuma petrolioduneko ugazabek India, Nepal eta beste urrunetatik eramandako milaka langile esklabotzan darabilzkite 2022ko mundu mailako futbol kopa jokatzeko azpiegituren eraikuntzan. Egoera aldatu ezean, 4.000 obrerok galduko du bizia lanean.
Hona artikuluaren iturriak eta erreferentzia haboro:
– The Guardian egunkarian “Revealed: Qatar’s World Cup ‘slaves’”
– The Guardianen gunean, “Qatar: the migrant workers forced to work for no pay in World Cup host country” bideoa.
– Nepaleko soldatak The Longest Way Home bidai gunean “How much money does a person from Nepal earn or make a day?”
– Human Rights Watch erakundearen gunean “Qatar: Trabajadores migrantes de la construcción enfrentan abusos”
– Saudi Arabian lanean ari diren bi milioi indiarren egoeraz Joy C. Raphael-en “Slaves of Saudis: Terrorisation of foreign workers” liburua
– Anti-Slavery International erakundea
http://www.theguardian.com/world/2013/sep/25/revealed-qatars-world-cup-slaves
Alternatiba usaindu da Baionan
2013-10-07 // Iritzia, Trantsizioa // Iruzkinik ez
Bizi! mugimenduak antolaturik atzokoan Baionan klima, ekonomia, ingurumena, energia, elikadura eta, ororen buru, jendeen bizia mehatxatzen dituen krisi sistemikoaz esan diren guztien mamia “trantsizio ordenatua” ideiak laburbildu lezake. Ezer ez denez gehiago izango berdin, edo aurkitzen dugu gaurko sistema bordeliko hau gaindituta antolamendu burutsuago iraunkor bat antolatzeko modua, edo kolisiora goaz. Ba ote da indarrik trantsizio hori eraikitzeko? Atzoko antolatu mobilizazioarekin baiezko apustua egiteko deia egina zuelarik Bizi!k, lortutako oihartzunak esan nahiko luke jende askok duela trantsizio horretan saiatzeko nahia, Baionako Alternatiba ekitaldian parte hartuz.
Bestek kontatuko dute (Arantxa Manterolak urgentziazko kronika egin du Gara eta Kazeta.infon, “Bai Alternatiba ona atzokoa, milaka lagun beren alea jartzera animatzeko“, Berriak “Baiona jendez bete du Alternatiba Egunak” titulatu du, ondoko ordu eta egunetan azalduko dira gehiago…) egunak eskaini zuen emaitza. Hernanitik eta Usurbildik Zero Zabor eredua dela eta parte hartzeko gonbitea jaso genuenok gure kronika txit partziala eskaini dezakegu.
Goizeko zortzi eta erdietan Baiona Ttipian autoarekin sartzeko kontrola pasatu beharko genuela bagenekien. San Andres plazako sarreran han zeuden hesia eta zaintzailea: espainolez lardaxka txukuna egiten zuen (ai Hernaniko gazteek hainbeste frantses balekite!), paperetan ondo begiratuta han zeuden gure izenak eta autoaren zenbakia, sartu baina badakizue 09:30etarako atera behar duzuela kotxea. Horra egun osoan zehar topatu dugun auto-antolakuntzazko ikasgai nagusia. Hondakinen txokora nekez baina azkenean helduko zara beti dauzkazulako eskueran antolatzaile laguntzaileak ez bada euskaraz gaztelaniaz edo frantsesez mantxo ahaleginduz lagunduko dizutenak. Hondakinen txokoko arduradunak lagunduko dizu hasieran hartu duzuna baino kokapen hobe bat edukitzen, badaki zein diferentzia dagoen Gipuzkoako Zero Zabor ereduaren eta Bil eta Garbi mankomunitateak estand eder batean proposatzen duenaren artean. Militante kualifikatua lanean.
Goizeko lehen orduetan Baiona Ttipiraino hurbildu dena berehala ohartu da Bizi!ko antolatzaileek parte hartzera ekarri dituztela normalean euskaltzaleen eta abertzaleen mobilizazioekin zerikusi handirik behar ez duten jendeak. Lanean ari diren boluntarioen itxura anitzetan nabari zen, estandak antolatzen ari direnen estilo ezberdinetan. Pyrenees ostatuan kafea hartuz komentatu dugu nola aldatu den hau hogeita hamar urteotan. Eta euskarak, harremanetan minoritarioa izanik ere, leku osoa hartu du antolakuntza osoan. Xapo!.
Esana dizute, materialak kokatuta, parte hartzaile bezala heldu zarela konfirmatzera jo behar duzula Manu Robles Arangiz (MRA) fundazioaren lokaletara. ELA sindikatuaren fundazio hau erdiz-erdi sartuta dago Bizi!, Laborantza Ganbara, Enbata aldizkari berritua eta beste hainbat proiektutan. Cordeliers karrikako egoitzan Public relations lanerako prestatua dirudien neska gazteak bilatzen ditu izenak, bulegoa pil-pilean, akreditazioak, bazkaria halako lekutan, gogoratu hitzaldia hortik aurreraxeago gero eskuin eta dena xuxen joanik dela, zerbait behar baldin baduzue…
10:30etan hamabost minutuz aurkeztu behar duzu Zero Zabor. Ordu erdi lehenago joanik, han dauzkazu antolatzaileak zain. Euskaraz aritzeko deitua izan zarenez, salan frantseserako itzulpena prest da. Entzule askok behar dute. Hiru mintzaldiak bukatutakoan, Berriaren lokalera joan behar duzu, han daude Euskal Irratietako hiru langile, atarian antolatzaile gehiago, irratsaioko eskema oso garbi dago, zuretzako bost-hamar minutu, galderak ondo prestatuta egin dizkizute, irrati estudio erraldoiei alderaturik jostailuzkoak diruditen tresnen bidez ondo helduko da zure ahotsa Barkoxeraino.
Parte hartzera konbidatutakoek bazkaria Baionako klub baten peñan daukate. Ai bazkaltokia, zer nolako irudiak galdu dituzuen telebistako kamerok… Baionako antzinako harresien erraietan diren galeria-katakunbetako batean zerbitu du otordua Emaus elkartearen cateringak, euskaraz badakite han ere, goxo, xinple, txukun. Hori baino txoko iraunkorragorik edozein istriputarako…
Alternatiban ikusteko, jateko, edateko edo sentitzeko zeudenez gain, herritarrak lanak zeuzkan aukeratzen zein hizlariren mezuarekin egin apustu ordu eta leku jakin batean, beste andana bat sakrifikatzen baitzuen, ikusi programaren aberatsa. Guri egokitu zaigu Iñaki Antiguedad, Joseba Azkarraga eta Amaia Muñoak Trantsizioaz egin beharreko mahai-inguruan parte hartzea, ez beste ezertarako baizik hizlariari 23. minutuan hitza mozteko. Esango nuke mintzaldiotan laburbildu dela Alternatibak ekarri dituen mezuen muina. Hiruek esandakoetatik ale bat geratu zait buruan iltzatua, Azkarragak esan duen hori: mundua kolisio edo istripu baten bidean doala esaten baitute askok, zenbaitek dio dagoenekoz istripu hori gertatzen ari dela, istripu betean gabiltzala…
Ekitaldia bukatuta (hor ere bazen zuzeneko itzulpena, txit profesionalki egina), eskerrak eman dizkiegu bi teknikari gazteri euskaraz eta haiek “Agur” erantzun azentu bitxiz. Atean saioaren koordinatzaile gazteari eskerrak eta zorionak eman eta honek argitu digu, euskaraz, agurtu ditugun bi teknikari mutikoetatik bata argentinarra dela bestea brasildarra direla, ondoan dauzkan bi neska laguntzaileak Okzitaniako Tolosatik etorriak, galiziarra eta italiarra…
Urriko igande arratsalde batean eta Baionan 17:30etan ilunabarra da. Erretiradako bidea hartu behar baita, bidean agur esango diezu Gipuzkoako hondakin organikoak konpost bilakatzen dituen kooperatibako langileari eta EHNE-Bizkaiako buruzagiari, eta ELAko sindikalistari, eta Seaskako historikoari, eta euskaltzainari, eta Lekeitiotik akordeoia ondo jotzen duen potikari eta guzti etorri den ezker abertzaleko koadrillakoari, eta idazleari, eta berriro ere Bizi!ko militanteari, eta gure herritik etorritako udaltzainari, eta ARGIAko kolaboratzaile historikoz gain Frantziako nekazarien sindikatu ezkertiarreko idazkari nagusi denari… Eta 18:30etan Hernanin, Usurbilen eta Zaldibian hondakinen Atez Ateko bilketarako erabiltzen diren poste, ontzi eta bestelako materialak jasotzera zoazenean, geratzen diren azken puskak zaintzen hantxe aurkituko duzu Bizi!ko militantea. Bina muxu eta bagoaz Gipuzkoara pentsatuz hurrengoan ere ezingo zeniekeela ezezkorik eman jende hauei, hainbeste lan, hainbeste talentu.
[P.S.]Idatzi behar diot konbidatu gintuen Bizi!ko militante gazte lagunari. Zorionak, baina zaindu zuen buruak. Kasu lan handiegiekin. Pertsonok ere iraunkorrak izan behar dugu. Hobeto esanda, funtsean geuk izan behar dugu iraunkor.
Cybersyn, Allendek abiarazi nahi zuen Internet sozialista (Net Hurbil)
2013-10-03 // Net Hurbil // Iruzkinik ez
1973ko irailaren 11n Augusto Pinochet jeneralak jotako estatu kolpeak eten zuen Salvador Allende buru zuela Txileko ezkerrak abian zeraman iraultza demokratikoa. Kolpeak hil zuen Cybersyn ere, ekonomia nazionalizatuko enpresak, langileak eta agintari politikoak informazio sarean lotzeko helburuz antolatutako sistema informatikoa. Horretaz da aste honetan Net Hurbilen garatu den “Cybersyn, Allendek abiarazi nahi zuen Internet sozialista”.
Gaiaz gehiago jakin nahi duenak hemen dauzka iturriak eta beste zenbait erreferentzia:
– Red Pepperren Leigh Phillipsen “Allende’s socialist internet“.
– Gaztelaniazko Wikipedian “Cybersyn“.
– Eldiario.es gunean “Proyecto Cybersyn: Los revolucionarios cibernéticos de Salvador Allende”
– The Guardianen Andy Becketten “Santiago dreaming”
– Beer Stafforden 1974ko “Diseñando La Libertad” PDF formatuan doan
– Cybersyn proiektuaz Jeremiah Axelrod eta Greg Borensteinen idatzi baten gainean egindako “Free As In Beer: Cybernetic Science Fictions” dokumentala (bideoa)
– Humberto Maturana biologo txiletarra Cybersynen kritika egiten: “Humberto Maturana / Cybersyn” (bideoa)
Zoru patetikoa, Lehendakari jauna
2013-10-01 // Iritzia // 2 iruzkin
Informazio iturriekin ez dauzkadan loturak beharko nituzke 2013ko urriaren 1 honetan Herrira elkartearen kontrako sarekadak esan nahi duena interpretatzeko. Zuk eduki behar dituzu datuak eta hipotesiak, Iñigo Urkullu Lehendakari jauna, oinezko kazetari batek galderak baizik ez dauzkan lekuan. Sortu ilegalizatzeko bidean emandako urratsa da? ETAko presoak prestatzen ari diren estrategia aldaketa eragozteko maniobra? ETAk armak desaktibatzeko laster egingo omen dituen keinuak desitxuratu nahi ote dira? Parot dotrina famatuaz Estrasburgok eman behar duen epaiarekin dauka zerikusia? Ala, besterik gabe, Espainiako populuari Katalunia eta krisi ekonomikoa ahaztu ditzan antolatu zaie espektakulu berri hau?
Erantzunik ez baina ikuskizun tamalgarria aurkitu nuen atzo Hernaniko kaleetan. Jendea ordu luzez zain, aurrean kasko gorri kaguladunez osatutako hesia, beste aldean guardia civil andana harro lasai. Bere atxilotuetako asko torturatzeak famatu egin dituen guardia civilak ari zirenean gerrako operazio bat antolatzen gure herrian, Lehendakari jauna, zure aginduetara joandako ertzainak, gure etxekoen soldatetatik ere ordainduak, ez zeuden han berdezko militar espainolen jarduera kontrolatzeko, guardia civilak jendearengandik babesteko baizik. Egun osoan. Garaiz erretiratu ginenok goizean gosaldu dugu iluntzean herriko kaleetan ertzainek egindako balentriaren irudiekin, egurra nasai, berdin dio borra edo pilota, kopeta irekin hautetsi bati, bizkarrekoak langabetuari, ostikadak kalean harrapatutako aitonari. Handiaren aurrean otzan, txikia zanpatzeko errukirik ez.
Goizeko kafea harturik lanerako bidean ikusirik atxilotuetako baten mutil laguna, ez naiz diosalik egitera ausartu. Zertarako urratu zauria ezin badiot behar duenik eskaini: nork bermatzen dio bikotekidea ongi tratatzen diotela berdezko militar horiek? Horra zertan dagoen gure etikaren zorua, Lehendakari jauna, ez zuk, ez ertzainen buru egiten duen emakumeak, ez Ararteko deitzen den herritarren balizko defendatzaileak, ez biktimen deretxoez okupatzen den zure Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, inork ezin die atxilotuen senideei esan ezta beren neska edo mutila non dauden ere. Ez da gure eskumenekoa. 2003ko otsailean ez zen moduan, berdin 1991ko otsailean. Guardia Civila dagoen lekuan ez da bestelako eskumenik, amen esateko tarte estu lotsagarria baizik.
Gaur sentitzen dut, Lehendakari jauna, euskaldunok zero etikotik hasi beharra daukagula.