Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Hirietako hormigoi gainean, kaletarren ortu berriak (Net Hurbil)
2013-09-27 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Brooklyn Grange konpainiaren ortuetako bat New Yorken. Usina baten zazpigarren soilaruan 4.000 metro karratu hartzen ditu. (Argazkia: Cyrus Dowlatshahi)
Munduko jendeen %50 baino gehiago hirietan bizi denean eta hirietan daudelarik 250 milioi pertsona gosetu, asfalto arteko baratzeen hedatzea mundu mailako fenomenoa da. 800 milioi omen dira hirietako ortuekin loturaren bat dutenak. Modatik edo krisi une bateko biziraun beharretik askoz haratago doan fenomenoa da.
Horretaz da aste honetako Net Hurbil paperean: “Hirietako hormigoi gainean, kaletarren ortu berriak“. Hor idatzitakoetatik aitzina segi nahi duenak bilaka, hona zenbait iturri interesgarri:
– Brooklyn Grange konpainia, New Yorkeko zentroko bi teilatutan ortu itzelak dauzkana
http://vimeo.com/40399899– Brooklin Grangez “Up on the Farm” bideoa
– Noticias de Arquitectura gunean “El mayor huerto urbano del mundo situado en una azotea”
– Santropol Roulant, bazterketa sozial eta ekonomikoa elikadurarekin borrokatzen duen talde quebectarra
– Montrealgo Action ComnuniTerre elkartea
– Montrealgo Lufa Farms hiri baratza ekologiko komertzialak
– Reporterre gunean “L’agriculture urbaine est en plein essor”
– La Vanguardia egunkarian Marta Rodríguez Boschen “El Huerto en el ático”
– Le Journal Internationalen Antoine Boyeten “Agriculture urbaine: à Montreal, l’avenir est sur les toits”
– Tourisme93 gunean, elkarrizketa Pierre Donadieu geografoarekin: “Agriculture urbaine, définition – entretien avec Pierre Donadieu”
Gipuzkoak omendu ditu Basterretxea eta Egin eta Egunkariako langileak
2013-09-26 // Artea, Hedabideak, Politika // Iruzkinik ez
Gipuzkoako gizartearen izenean Martin Garitano aldun nagusiak ekitaldi jendetsu eta hunkigarrian lurraldearen urrezko domina ezarri dio Nestor Basterretxea eskulturgile bermeotar gipuzkoartuari, eta urrezko bereizgarriak Espainiako gobernuak eta justiziak indarrez itxitako hedabideei, batetik Egin eta Egin Irratiko langileei, bestetik Euskaldunon Egunkariakoei.
Ekitaldian parte hartu zuten konbidatu nagusiak Karlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari-ohiak izan dira, eta horien inguruan alderdi politikoetako ordezkariak, hedabideetakoak eta euskaltzale andana ikusi dira, Egin eta Egunkariako langileez eta oraindik preso edo auziperaturik dauden kideen senitartekoez gain, ekitaldirako prestaturik zeuden jarleku eta salak urri utzi dituztenak.
Jarleku gurpildunean eta arnasa hartzeko makinaz lagundurik etorria zen Nestor Basterretxea zutitu egin da Garitanok domina ezarri dionean eta hitzaldi labur bezain trinkoz eskertu dio. Egin eta Egin Irratiko langileen izenean saria hartu dute Iñaki Iriondo, Tomas Arrizabalaga eta Itziar Arteagak. Euskaldunon Egunkariako langileen saria jaso dute Bego Zubeltzu, Gurutze Zabalza eta Ainhoa Albisuk.
Tartean sarituetako bakoitzaren soslaia zirriborratzen zuten hiru bideo erakutsi dira, zeinetan argudioen haria eraman baitute Mariano Ferrerrek Eginen kasuan, Joanmari Torrealdaik Egunkariarenean eta Basterretxeak berak azkena. Basterretxearen lanaren inguruko aipamen artistiko, etiko eta politikoez gain, sariztatu diren bi hedabideek pairatutako injustizia eta biek euskal gizarteari beren ibilbidean zehar eskainitako emaitza azpimarratu dira. Ez da une hunkigarririk falta izan, dela Eginen eraikinaren barrunbe suntsituek erakusten duten anabasa eskandalagarria, dela Egunkariaren itxieraren ondoko gertakizunetakoak, edo bai oraindik preso diren Egineko kideen edo auzia amaitzeke daukaten Egunkariko kideen egoera aipatu direnean.
Gipuzkoako Aldundiaren jauregian sartu aurretik dantzarien agurrak eta erakustaldiak harriturik utzi dituen bezala Donostiako kaleetan pasioan zebiltzala irudiak ezustean harrapatu dituenak, Mikel Laboa-Xabier Leteren “Ez nau izutzen negu hurbilak” interpretatu duten Iñaki Salvadorren pianoak eta Jon Maiaren koreografiak gogoratzeko unea marraztu dute.
Albisteaz xehetasun gehiago hedabideotan:
– Berria: “Adierazpen askatasunari gorazarre”
– Naiz-Gara: “Basterretxea, ‘Egin’ eta ‘Egunkaria’ko langileen ekarpena omendu du Gipuzkoako Aldundiak”
– Gipuzkoako Foru Aldundiaren prentsa bulegoa: “Nestor Basterretxeak urrezko domina jaso du eta Egunkariako eta Egineko langile ohiek, urrezko bereizgarriak” ekitaldiaren bideo eta guzti.
– El País: “Gipuzkoa reconoce a Basterretxea y reivindica la labor de Egin y Egunkaria”
– El Diario Vasco: “La Diputación reconoce a Néstor Basterretxea con la Medalla de Oro de Gipuzkoa“
Nairobiko Westgatetik zenbat hilotz gehiago aterako dute?
2013-09-26 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Kenyako agintariek esanari jarraituz hedabide gehienek bukatutzat ematen duten arren Nairobiko Westgate hipermerkatuko erasoa, gaur The Guardian egunkariak zantzu berriak eskaintzen ditu oraindik informazio guztia atera ez dutela erakusten dutenak. Alde batetik, balitekeela oraindik erasotzaile batek bizirik eta tiroka jarraitzea; bestetik, aitortutakoak baino askoz gorpu gehiago atera behar dutela eraikinaren hondarren artetik.
Nairobitik informatzen ari den Afua Hirsch kazetariari zerbitzu sekretuetako kide batek azaldu dio Westgate lehertuaren aurrien artean jihadista bat bederen bizirik dagoela eta aurre egiten diela soldatu eta poliziei. “Kenya mall attack: dozens more bodies believed buried under rubble” kronikan, bestalde, Hirschek azaldu du hiriburuko gorputegietako batean lekua antolatu dutela 160 hilotz gehiago hartu ahal izateko. Ez dirudi hainbeste beharko direnik, baina bai asko handitu daitekeela orain arte aipatutako 67 hildakoen kopurua. Al Shabaab erakundeak Twitterrez aurreko egunetan zabaldua zuen Kenyako armadak hiperraren eraikina bonbaz lehertaraztean azpian harrapatu zituela 137 herritar bahitu.
Gainerakoan, berresten da erasotzaile jihadisten artean zen emakume britainiarra, Samantha Lewthwaite, atxilotuta daukatela eta ekintzaileetako asko Mendebaldeko zenbait herrialdetan bizi den diaspora somaliarrekoak direla.
Iranen eta AEBen arteko epelaldia, Ekialde Hurbileko itxaropen
2013-09-25 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Nazio Batuen Erakundea New Yorkek burutzen ari den osoko bilkurak ekarri du Iranen eta AEBetako harreman izoztuak epeltzen hasi eta urtzeko bidean jartzea, sinetsi behar badira Barack Obamak eta Hassan Rouhanik egindako hitzaldiak. Nazioarteko prentsak nabarmendu du giro berria. Londresko The Guardianek tituluotan laburbildu ditu bi buruzagiek esanak: “Rouhani to UN: Iran poses no threat to the world” (Rouhanik NBEri: Iranek ez dakar arriskurik munduarentzako) eta “Obama: diplomatic path must be tested with Iran” (Obama: diplomaziaren bidea saiatu behar dugu Iranekin).
Egia esan, diplomaziak Iran-AEB gatazka ustez konponezinean aukera berriak zeuzkala agertu da duela aste pare bat hain xuxen Siriaren aurkako eraso mendebaldarra geldiezina zirudien egunetan. Lavrov-Kerry itunak lehen urratsak eman zituenerako zenbait komunikabidek aipatua zuten Rouhani lehendakari irandar berria ahalegin horretan ari zela eta bazirudiela Obamak ez ziola erantzun txarrik eman. Orain berresten dira ordukoak.
NBEn ikusten ari den epelaldiaz erreakzioak entzuten hasi dira. Siriaren kontrako erasoa gehien bultzatu duen François Hollande president frantsesak babestu du Iranekiko irekitze berria, Parisko Le Mondek “A la tribune de l’ONU François Hollande plaide l’ouverture vers l’Iran” kronikan azaldu bezala. Aldiz, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk garbi azaldu du bigunkerien kontra dagoela: “Netanyahu writes off speech as a ploy” (Netanyahuk uste du Rouhaniren hitzaldia tranpa bat dela) titulatu du The Guardianek. Al Jazeerak Irango presidenteak naziek juduen kontra egindako holokaustoa nabarmentzen duen “Rouhani acknowledges Holocaust, dismisses nuclear threat accusations” kronikan azaldu du Netanyahuk kazetariei esan diela “Iranek uste du hitz politekin eta keinuak erabiliz berak jarraitu ahal izango duela bonba atomikoa lortzeko bidean”.
AEBetako intelligentsiaren parte handi batek uste duena The Washington Postek lehen orrian dakarren analisiaren titularrak laburbildu dezake: “New Iranian leader sounds a little like the old one“, alegia Irango lider berriaren hitzek lehengoaren antza pixka bat badutela. Ongi etorri hotza izoztearen amaiera iragarpenari.
Nairobiko hiperrean, armada eta jihadistak azken borrokan
2013-09-23 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Astearte goiza helduta [10:15], erasoaren laugarren egunean, tiro hotsak aditzen dira Nairobiko Westgate hiperraren inguruetan, bertan diren kazetarien hitzetan. Kenyako gobernuaren iturriek adierazi dute soldaduek atera dituztela Al-Shabaabek bahitutako guztiak eta eraikina kontrolpean daukatela. Al Jazeerak esan duenez (“Gunfire erupts outside Kenya’s besieged mall“) armadari aurre egiten ari zaizkio azken bi jihadistak.
Gauean zehar Nairobiko agintariek kazetariei esan diete (ikus The Guardianen “Americans and Briton ‘among mall attackers’, says Kenyan foreign minister“) erasotzaileetako bat emakumezko britainiarra dela. Erresuma Batuan uneotan eztabaidan dago ote den Samantha Lewthwaite, Londresen 2005eko uztailaren 7an 52 herritarren heriotza ekarri zuten erasoetan bere burua bonbaz lehertu zuen Jermaine Lindsayren alarguna.
(gehiago…)
#siria Petrolioaren eta gasaren Gerra Luzeak harrapatu du Siria (Net Hurbil)
2013-09-19 // Net Hurbil // Iruzkinik ez
Paperezko ARGIAn aste honetako Net Hurbilen “Petrolioaren eta gasaren Gerra Luzeak harrapatu du Siria“.
Zientoka lagun hil zituen munizio kimikoak Damaskoko Ghoutan abuztuaren 21ean. Aurretik 100.000 hil ditu Bashar Al-Assaden aurkako matxinada hasi eta gerra zibil nahasi bilakatu denak. 4,5 milioik egin du ihes etxetik. Zergatik? Krisi ekonomikoa, idortea, demokrazia eskea, erlijiozko talka… baina baita energiaren geopolitikagatik ere.
Abuztuaren 30ean Ahmedek The Guardianen plazaratu du “Syria intervention plan fueled by oil interests, not chemical wapon concern” (Siriako esku hartzea petrolioaren inguruko interesek sustatzen dute, ez arma kimikoengatiko ardurak). Ez dakar gerraren esplikazio osoa, baina bai edozein esplikazio ondo kokatzeko eduki beharreko ikuspegia.
Artikuluan erabili diren iturriak, gehi beste osagarri zenbait, hona:
– Nafeez Ahmend The Guardianen “Syria intervention plan fueled by oil interests, not chemical weapon concern“
– Seymour Hershek The New Yorkerren 2007an idatzitako “The Redirection: Is the Administration’s new policy benefitting our enemies in the war on terrorism?”
– Rand Corporation segurtasun konpainiak AEBetako Armadarentzako prestatutako “Unfolding the Future of the Long War” (Gerra Luzearen etorkizuna azaleratuz) azterketa
– Fora-TV zerbitzuan Wesley Clark jenerala 2007an publikoki salatzen neokontserbadoreek AEBetan emandako estatu kolpea (bideoa)
– Roland Dumas atzeri ministro-ohi frantsesak aitortzen du telebistan ingelesak 2009tik ari zirela prestatzen Sirian erasotzea (bideoa)
http://www.youtube.com/watch?v=Ha1rEhovONU#siria Korapiloa NBEren Segurtasun Kontseiluan
2013-09-18 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Berrian (“Barealdiaren osteko ekaitza“) Mikel Rodriguezek laburbildu du Siriako gas erasoaren gatazkak bizi duen blokeoaren gako bikoitza: “Errusiaren eta Frantziaren arteko bilerak argi utzi du Siriaren inguruan Moskuk eta Mendebaldeak desadostasun sakona dutela. Eraso kimikoaren erantzukizuna zehaztea eta NBEren ebazpena dituzte eztabaidagai”. Alegia, abuztuaren 21ean Ghoutan sarin gasa nork erabili zuen eta Kerry-Lavrov itunaren haritik Segurtasun Kontseiluak adostu beharreko erabakiak zein gogortasun maila edukiko duen.
Le Monde paristarrak ekaizpean baino blokeaturik dakusa egoera: “Syrie : blocage persistant au Conseil de sécurité de l’ONU”. Egunkari horrek berak aurreratua zuen duela egun batzuk “Accord Kerry-Lavrov sur la Syrie : la subtile diplomatie du chapitre VII” analisian ituna ikuspegi juridikotik: Amerikarrak eta errusiarrak ez zeuden ados Nazio Batuen Erakundearen kartak VII. atalean esaten duenarekin, alegia, nazioarteko itunak errespetatzen dituen gobernu bati erasotzeko eskubidea badela. Frantziako atzerri ministro Laurent Fabius atzo bertan izana da Moskun Lavrovekin eztabaidatzen gaia, Frantziak hartu baitu (Britainia Handiko parlamentuak David Cameroni Sirian eraso ez dezan hegoak lotu ostean) OTANeko indarren jarrera gogorraren aitzindaritza.
Aste honetan Segurtasun Kontseiluak erabaki behar duen testuaz gain, jokalari ezberdinak ez datoz bat Ghoutako sarinaren erruduna markatzen. Mendebaldeak ia aho batez erruduntzat dauka Baxar Al-Assad. New York Times: “U.N. Data on Gas Attack Points to Assad’s Top Forces” (NBEren informazioak gas erasoaren erantzunkizuna Assaden eliteko indarrak seinalatzen ditu), lekuan izandako ikuskatzaileen informazioak erabili bide ditu, jaurtigailuen ibilbideak garbi erakusten dutela Al-Assaden tropa berezienen kasernan eduki zutela jatorria. Aldiz, Russia Todayk uste du Al-Assadek badituela frogak erantzukizuna matxinoei egozteko: “West-accused Syria gives Russia new evidence of rebel hand in chem attacks” (Mendebaldeak seinalatutako Siriak Errusiari eskuratu dizkio eraso kimikoen atzean matxinoen eskua dagoela demostratzen duten froga berriak).
Arma kimikoen episodio ikaragarritik haratago, Siriako gerraren bestelako ikuspegi bat eskaini du lekuan bertatik Karlos Zurutuzak Gara egunkarian plazaratu “Donde Turquía apoya a Al Qaeda“. Turkiako Kurdistango Serekaniyetik kontatu du nola bizi duten gerra mugako herri horretako biztanleek, egunero ikusten dituztela iristen Siriako guduetara datozen mundu osoko jihadistak: gerraren fronteetako batek aurrez aurre dauzka Siriako kurduak eta Al-Kaedari lotuta Jabat al-Nusra taldekoak.
Garan bertan Mikel Aramendik idatzi du Al-Assadek berreskuratu duela azken asteotan iniziatiba. “Geneva eta Maalula artean” analisian azaldu du Siriako armadaren taktika: matxinoak hirietan inguratu-isolatu ondoren, haiek artileriaz gogor beratu eta azkenik etxez-etxeko garbiketa egitera Libanotik etorritako Hezbollahko gerrillariak bidali.
#siria Gerra kimikoaren poema (1917)
2013-09-17 // Nazioartea // Iruzkinik ez
NBEaren idazkari nagusi Ban Ki-moonek bere txostenean aipatu ditu abuztuaren 21ean Ghoutan gertatutako eraso kimikoan (frogatuta daudenetan, azken azken 25 urteotako larriena) pozoitutako herritarrek nozitutako zenbait sintoma: konortea galtzea, arnasa estutzea, ikusmena nahastea, begietako hanturak, goitika egitea, espasmoak…
Bada poema bat duela kasik ehun urte, 1917an, I. Mundu Gerra betean idatzia, oso antzeko sintomak kontatzen dituena. Urte hartan fronteko lubakietan idatzirik hil ostean plazaratu zioten “Dulce et Decorum est” olerkian Wilfred Owen (1893-1918) poeta ingelesak kontatzen du arma kimikoen lurrun artean hilzorian dabiltzan soldaduen patua. Dakitenek diote Owen ez zela gerraren kontra, gerrak berak bihurtu zuela bakezale. Bakea sinatu baino astebete lehen galdu zuen bizia, Frantziako iparraldeko kanal bat zeharkatzeko ahaleginean tiroz hila.
“Dulce et Decorum est” tituluak Horazio klasiko erromatarraren izen bereko poemari egiten dio oihartzun: “Dulce et decorum est pro patria mori” , Gozoa da eta egoki (0horagarri) aberriaren alde hiltzea. Ez dut aurkitu Owenenaren euskarazko itzulpenik. Azpian doaz ingelesezko jatorrizkoaren ostean frantsesezkoa eta gaztelaniazkoa, orobat testuarekin egindako zenbait bideo.
Owenen poemak kontatzen du soldadu multzo baten istorioa, neketan lehertuak, lokatzetan balantzaka, gibelaldean jausten zaizkien 150 mm-ko obusetatik babestu nahian. Orduan gas itogarrizko obusak datozkie gainera; soldaduak ahalegintzen dira presaka beren maskarak janzten. Nahaste-borrastean soldaduetako batek ez du asmatu eta gasak kutsatu du. Poetak dakusa oihuka, estropezuka… betaurrekoen “berina lokaztuetatik argi berde lodia / Itsaso berde batean bezala ikusi dut itotzen”.
Gasetik babesteko maskaratik ikusi dituenak kontatzen ditu jarraian: beste soldaduek orga batean jarri dute, gizona lehertuz doa suzko putzuetan erorita bezala, arnastearekin batera doa odolusten… dena gas toxikozko lanbro berdetan blai. Honela bukatzeko: “Amets itogarri batean zuk ere oinez jarraitu ahal izango bazenu haren gorpua bota genuen gurdia (…) Ai, ene laguna, ez zenieke hain suharki kontatuko / Gloriaren irrikaz sutzen diren umeei / Gezur zahar hori: Dulce et decorum est pro patria mori“.
Gizakiaren historian azken gerra izan behar omen zuen hartatik mende bat beranduago, gas bera.
Gerraren alde idazten zutenak zituen Owenek gogoan, zehazki Jessie Pope poeta eta gerraren propagandista. The Wilfred Owen Association elkarteak zaintzen du poetaren oroimena.
Dulce Et Decorum Est
(gehiago…)
#siria ‘Sarin’ gasa erabili zela berretsi du Ban Ki-moonek
2013-09-16 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Nazio Batuen idazkari nagusi Ban Ki-moonek gaur aurkeztu du Segurtasun Batzordearen aurrean bere ikuskatzaileek Sirian aurkitutakoa: abuztuaren 21ean Damaskoko Ghouta auzunean Sarin gasa erabili zen (ikusi agiria osorik NBEren gunean, ingelesez). Txostena “tristura handiz beterik” (“It is with a heavy heart…“) aurkezten duela esanez hasita, ikuskatzaileek lekuan frogatu ahal izan dutena aurkeztuz idazkari nagusiak esandakoa honela laburbildu du The Guardianeko Julian Borgerrek (Siriako gatazka gaur ematen ari dena, bizian kontatua):
– Abuztuaren 21ean Ghoutan Sarin gasa usatu zela frogatua eta uka ezina da.
– Erasoak pozoitutakoen odol laginen %85ek Sarin gasa zeukaten.
– Ikerlarien txostenak identifikatu ditu munizioak eta haien sorburuak, Baxar Al-Assaden aldekoak.
– Azpimarraturik Ghoutan gas hilgarria erabiltzea gerra krimena dela eta horrelakoak nazioarteak zigortu behar dituela, Bai Ki-moonek ontzat eman du AEBk eta Errusiak Siriako gobernuak armak entregatu ditzan abiarazitako ituna.
The New York Timesek Baxar Al-Assaden erantzukizunez azpimarratzen du “U.N. Report Confirms Rockets Loaded With Sarin in Aug. 21 Attack” kronikan idazkari nagusiaren txostenak ez duela errudunik izendatzen. Al Jazeerak bere “UN confirms sarin gas used in Syria attack” idatzian modu beretsuan dio: “Espero zen bezala, astelehenean aurkeztutako agiriak ez du esaten nork egin zuen eraso kimikoa Damaskoko Ghouta auzo matxinatuan”.
Aldiz, The Washington Postek bildu duenez “U.N. inspectors find ‘convincing’ evidence of chemical attack outside Damascus” berrian, Frantziako atzerri ministro Laurent Fabiusek garbi markatu du erruduna: “Aztertzen baldin badituzu xehetasunak, zenbat gas pozoitsu erabili zen, honen sofistikazioa eta jaurtigaien ibilbidea, horrek guztiak zalantzarik gabe adierazten dizu nondik heldu ziren erasoak”
Horiez gain, El Paisek Jerusalemen daukan bidali David Alandetek “La ONU confirma “inequívocamente” que se usaron armas químicas en Siria” kronikan Ban Ki-moonen hitzetatik nabarmendu du ñabardurazko beste pasarte hau ere: “Arma kimikoen aurkako ekintzak aurrera doazenez, nazioarteak, tartean Amerikako Estatu Batuek, ez lukete ezikusia egin behar ohiko armekin burutzen ari diren gerra krimenen eta gizadiaren kontrako krimenen aurrean”, aditzera emanez Siriako basakeriak oro geldiarazi behar direla.
Hauek dira arratsaldeko albisteak, goizekoek esaten baitzuten Lavrov-Kerry itunaren aplikazioaz lehen tirabirak piztuak zirela, hitzartutakoa batetik Errusiak eta bestetik AEBk, Frantziak eta Erresuma Batuak ezberdin ulertzen dituztela eta.
#siria Damaskoren suntsiketa masiboko armak… eta Tel-Avivenak
2013-09-16 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Kerry-Lavrov itunak eztabaida berri bat piztu du azken orduotan Ekialde Hurbilean: suntsiketa masiboko armen kontrolari buruzkoa. Baxar Al-Assaden gobernuari ordulariaren orratzak azkar doazkionean dauzkan arma kimiko guztiak Nazio Batuen Erakundeari aitor diezazkion (aste beteko epea), siriarrez gain munduan beste asko ere hasi dira inguruetan kimikoez gain munizio atomikodun armak dauzkatenei begira.
Denen begiak Damaskoren mugimenduei so daude: beteko ote du hitza? The Wall Street Journalek “Elite Syrian Unit Scatters Chemical Arms Stockpile” albistean dio Bassar Al-Assad hasi dela arma kimikoetatik batzuk leku ezkutuetara eramaten, 50 kokagune sekretutara, nazioarteko behatzaileek aurkitu ez ditzaten. Mugimenduok Siriako armadaren 450 Unitate berezia ariko litzateke burutzen, egunkari horri AEBetako funtzionarioek salatu diotenez.
Aldiz, Siriak eskatu du bere arerio nagusia den Israeli ere dauzkan armak kontrola daikizkiola. El Paisek “Siria presiona a Israel para que declare sus arsenales de armas no convencionales” kronikan azaldu duenez, Baxsar Al-Assadek Errusiako telebistari berrikitan eskainitako elkarrizketa batean erakutsi du Foreign Policy aldizkariaren 1982ko zenbaki bat, zeinetan CIAk berresten zuen Israelek ordurako bazeukala nerbio sisteman eragiten duten arma kimikoak ekoiztu eta metatzeko planta bat. Horrez gain, Bulletin of the Atomic Scientists aldizkari ospetsuak joan den astean plazaratu du (“Global nuclear weapons inventories, 1945-2013“) une honetan munduak dauzkan arma atomikoen inbentarioa; bertan ageri da Israelek badauzkala 80 bonba atomiko.
Gaur, astelehena, ezagutu beharra da Nazio Batuen Erakundeak Siriara abuztuaren 21eko eraso kimikoa ikertzera bidalitako ikuskatzaileen txostena. Ban Ki-moon idazkari nagusiak aurkeztuko du emaitza Segurtasun Batzordearen aitzinean.