Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Toussaint prest dago Nafarroako eta EAEko zorraren auditorian laguntzeko
2015-04-15 // Ekonomia, Zorra // Iruzkinik ez
Eric Toussaint Nafarroako EHBildurekin bilduta apirilaren 15ean. (Argazkia: Naiz, Twitter bidez)
Greziaren zor publikoaren auditoria egiten ari den batzordearen buruak, Eric Toussaint belgikarrak, garbi adierazi du Iruñean: “Etorkizunean Nafarroaren zorraren auditoria egitea onartzen badu aldaketarako gobernu batek, herritarren parte hartzearekin, horretan laguntzeko gonbitea onartzen dut”. EHBilduko buruzagiekin egindako bileraren ostean adierazi du publikoki.
EHBilduko Adolfo Araizek deklaratu du zorraren analisiak, bere jatorria eta kausak bilatzez gain eta bere lejitimotasun ezetik harago, aztertu behar duela erabilgarritasun sozialaren aldetik ere, badirelako proiektuak, hala nola Reyno de Navarra Arena, erabilgarritasunik ez dutenak. Bestalde, Araizek aurreratu du Nafarroako gobernua aldatzearen aldeko beste indar politikoak bat datozela zor bidegabeari auditoria egitearen beharrean.
Iruñera joan aurretik, Toussaint Eusko Legebiltzarrean izana zen, Ogasun eta Aurrekontuen batzordean hitz egiten. Bertan parlamentariei eskatu die Eusko Autonomia Elkartearen zorra auditatu dezatela, demokraziak eskatzen duen gardentasun beharra asetzeko.
Atzoko kronikan esan genuenez, “Hemen da Eric Toussaint, greziarren eta euskaldunon zorra auditatzea sustatzen“. Hauteskunde kanpainaren erdian gaia kokatzea lortu du bi egunez. Bozketa iragan ostean ere entzungo dugu auditoriaren berri. Batetik, Greziatik iristen jarraituko duten albisteengatik: zenbait indarrek Europa desestabilizatzeko ahalmena ukatzen badiote ere, prentsaren ekonomiako orriei begiratu besterik ez dago ohartzeko Greziako krisiaren bilakaeran europar guztiok zenbat jokatzen dugun. Baina, bestetik, Euskal Herrian indar berezia hartu dezake zor publikoaren eztabaidak. Nafarroan, azken urteotako erabaki askoren informazio ezkutuak argitara aterako ahala Foru Komunitatearen finantzen benetako egoera ondo ezagutzea premiazkoa delako. EAEn, gero eta herritar gehiagok eskatzen dituztelako azpiegitura handien inguruan (errepide, portu, tren laster, hondakin…) egindako inbertsio eta apustuen xehetasunak.
Beroaldi ekonomikoak zirauen bitartean, zorpetzeaz diskutitzea gutizia akademikoa zirudien. XXI. mendeko krisi handiaren erdian, zorrarekin zer gertatu eta gertatzen den jakitea lehentasunezkoa da.
Hemen da Eric Toussaint, greziarren eta euskaldunon zorra auditatzea sustatzen
2015-04-14 // Ekonomia, Grezia, Zorra // Iruzkinik ez
Mikel De la Fuentek egin dio ongi etorria Eric Toussainti Bilbon. (Argazkia: Dani Blanco)
Eric Toussaint, zor publiko bidegabeen ezabatzearen aldeko mugimendu gero eta indartsuagoaren lider ezaguna, Euskal Herrian dabil. Hilabeteotan Greziako parlamentuak estatu haren zorra auditatzeko sortu berria duen batzordeaz mintzatuko da, baina Espainia, Frantzia eta Euskal Herriko administrazioek urteotan pilatu duten zor bidegabea herritarrek ezagutu eta ordaintzeari uko egiteaz ere bai.
Bilbon sortu berri duten “hitz & hitz” fundazioak ekarririk, astearte eguerdiz aurkeztu diote prentsari ELAren egoitzan fundazioko Mikel De la Fuentek eta ELAko buru Txiki Muñozek. Egun osoan zehar euskal mugimendu sindikal eta politikoekin izan beharreko harremanez gain, ilunabarrean hitzaldia ematekoa zen Bilboko Udal Liburutegian, zor publikoaren handitzea ekarri duen iruzurra azaltzen duen “Bancocracia” liburua aurkeztuz.
Baina Toussainten etorreraren benetako arrazoiak asteazkenean azalduko dira. Gasteizen, Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontuen batzordean hitz egingo du, EHBilduk konbidaturik. Eta arratsaldean Iruñean elkarrizketatuko da Foru Gorbernuaren zorpetzea salatuz auditoria beharra aldarrikatzen duten ezkerreko indarrekin. Eta ilunabarrean, Iruñeko Katakraken hitz egingo du berriro jendaurrean, ondoan izango dituelarik Igor Arroyo LAB sindikatukoa eta Patxi Zamora Kontuz plataformakoa.
Azken hamarkadan, bidenabar 2008ko krisia lehertu zenetik, estatuen zorpetze ez legezkoaren inguruko eztabaidaren bilakaera argitzen du Eric Toussaint buru duen CADTM erakundearen izenak berak: Comité pour l’Annulation de la Dette du Tiers Monde. Hirugarren munduko herrialde txiroei lehen munduko bankak eta finantza erakundeek ezarritako zorpetze bidegabea aztertzetik hasita… lehen munduaren bihotzean gertatu denean arakatzera iritsi dira. Aditu askok salatu dutenez, kapitalismo neoliberalak hirugarren munduan ezarritako estrategia berdintsuak erabili dituelako metropolian bertan.
Leku askotan sortu dira zorpetze bidegabea ikertzeko batzorde herritarrak, oharturik balizko “estatuen ahulezia finantzieroa” amarrua baizik ez dela, estaltzen duena aurretik gertatu den lapurreta: banku handiek batean eta bestean beroaldi ekonomikoan irabazi errazen bila egindako mailegu burugabeak kobratu ezin dituztenean… zor horiek estatuen bizkar eman ditute. Hori baizik ez direla izan batean eta bestean Munduko Bankuak, Nazioarteko Diru Funtsak eta lekuko aginte politikoek hitzartu dituzten zorraren “berregituraketak”. Grezian, ordea, nobedadea gertatu da: Legebiltzarrak berak sortu du batzorde berezi bat azken hamarkadako zorpetze publikoari auditoria zehatza egiteko.
Brasil eta Ekuadorreko zorpetzeak erradiografiatzen aritua da Eric Toussaint. Grezian bera buru duen 30 kideko batzordea saiatuko da Atenasko gobernuari argudioak ematen kanpo zorraren parte handi bat ez ordaintzeko estrategiak abian jarri ditzan. Horretan laguntza eskatzera etorri da Euskal Herrira. Baina eskaintzera ere bai. Hemen ere behin baino gehiagotan aipatu dira zorpetze publikoa auditatzeko batzordeak, izan Bizkaian duela bi urte, edo eta, askoz era praktiko eta ofizialagoan, azken hilabeteotan Nafarroan. Abiadura Handiko Trenaren operazioa edo Gipuzkoako Errauskailuarena auditatu beharrara ere mahairatu da zenbaitetan.
Eric Toussainten aurkezpenean Txiki Muñozek salatu duenez, “hemen ere zor publiko asko ilejitimoak dira (…) baina fiskalitateari buruzko eztabaida bahiturik daukate”. Hedabide eta aginte nagusiek bahitua, ulertu dugu. Greziako ikerketa batzordearen lehendakariaren etorrerak balioko ote du Euskal Herrian ere zorpetze publikoa eztabaida piztu dadin instituzioetan, herritarren begien aurrean?
Kepa Ordoki (1) eta Gernika Batailoia: 1988ko elkarrizketa LARRUNen
2015-04-13 // Historia // Iruzkinik ez
Kepa Ordokiren karnet militarra, Frantziak 1945ean emana.
Joan den asteko ARGIAn “Gernika Batailoia: Euzkadiren askatasuna amets, nazien kontra borrokan” erreportaje ederra eskaini digu Haritz Rodriguezek: “Gernika Batailoiak Pointe de Grave naziengandik askatu zuela 70 urte bete dira. 1945eko apirilaren 14an Kepa Ordoki komandantearen agindupean abiatu zuten oldarraldi epikoa euskal soldaduek; hiru aste geroago Berlin errenditu zen”. Gai horri lotutako lekukotza bat da hemen orain aurkezten duguna: LARRUN aldizkarian 1988ko udazkenean Ordoki komandanteari egindako elkarrizketa luzea. ARGIAk astekarian elkarrizketaren pasarte hautatuak bildu zituen: “Kepa Ordoki: Okerrago izango zen Santoñako tratua izan ez balitz“.
Dio LARRUNekoak tituluan: “Kepa Ordoki, gudarien komandante: “Santoñakoa baino Bilbo entregatzea izan zen grabea“. Eta sarreran: “1930etik gaurdaino Euskal herriak bizi izan dituen gerra eta gatazkak gertutik baino barrutik bizi izan dituen gizona dugu Kepa Ordoki. Erdi-nafartarra den Irunen sortua, muga frontera baino ataka edo kontrabando-lekutzat daukan Irun honetakoa, Bidasoa ertzean bizi duzu gaur ere. Urte erdiz eta gainerako hilabeteetan Kortsikan. Sasoi ederra, buru argia eta zakukada bat malezia”.
Gizon hark eskuzabaltasunaz gain konfiantza handia ere erakutsi zigun ARGIAko kide gazte haiei bere argazki historiko eta agiriak lagatzeko. 20 orrialde zabal eskaini zizkion orduan aldizkari berezia zen LARRUN hark 7. zenbakian. 1993. urtean hilko zen Ordoki Baionan.
Zeren bila joan da Alexis Tsipras Moskura?
2015-04-08 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Alexis Tsipras eta Vladimir Putin Moskun bilera hasterakoan. (Argazkia: RIA Novosti)
Ez da erraza jakiten estatu-buru batek atzerrira egindako bidai baten helburu nagusiak zein diren. Oraingoz, Alexis Triprasek Moskura egin duen bisitan zer bilatzen zuen ulertzeko pista nagusitzat geratzen zaizkigu batetik berak eta Vladimir Putinek prentsan esandakoak eta bestetik bere parekideen erreakzioak. Laburbilduz?
Hasteko, Tsiprasek bilatu du Europar Batasunaren barruan eta nazioartean maniobratzeko eremua irabaztea. Angela Merkel elkarrizketatu baldin badaiteke Putinekin, zergatik ez Greziako lehen ministroa? Estatu burujabe baten nortasuna erakutsi eta Europar Batasunak hartutako erabakien partaide izanik perfil propioa markatu. Hori egin du Tsiprasek mahai gainean jarriz Errusiak Europatiko inportazioei jarritako enbargoa, aurrez Europak Errusiari -Krimea bereganatzearen erantzun gisan- jarritakoen arrapostu dena. Bilkuraren ostean dio Tsiprasek: Grezia ez dago erabat ados Europak ezarritako zigorrarekin, Errusiak Greziari ezarritakoak min egiten digu, batik bat turismoa eta nekazaritza kaltetzen dizkigu… Dio Putinek: ulertzen dugu Greziaren ezinegona, baina zigorrak mantenduko dizkiegu gainerako europarrei bezala. Horra erantzun ofiziala. Baina Tsiprasek mahai gainean jarri du gaia Putinen etxean. Ez ahaztu Zipre eta Hungariak lortua dutela Errusiak salbuespentzat hartzea zigor ekonomikoetan.
Bigarren, Greziak finantziazioa behar du. Europak Troika barruan oso baldintza gogorrak jarri dizkio. Ofizialki Tsipras ez doa finantziazio bila. Ofizialki Putinek ez dio finantziaziorik eskaini. Baina azpiegitura eta bestelako inbertsio estrategikoez hitz egin dute, tartean gasaren garraioaz. Errusiatik Europarako bidean Ukrainia saihesteko Turkian barrena egitekotan direnean parte hartu dezake Greziak. Dena da etorkizunerako. Baina Ukrainak utzia du honetan pista bat lehendik. Errusiak Ukrainari, iazko matxinada eta kolpearen aurretik, eskainia zion Nazioarteko Diru Funtsaren maileguaren alternatibatzat: gas horniduran deskontuak. Azpiegitura handiek eta energiak finantza aldetik posibilitate handiak uzten dituzte.
Hirugarren, geopolitika ere badago jokoan. OTANeko iturriek azaltzen dute beren kezka Atenas Moskura hurbiltzen delako. Europar Batasunetik eta finantza erakundeetatik ere abisuak entzun dira. Kontuz gehiegi hurbildu Errusiari. Egia da Txinak ere inbertsio handiak dauzkala aurreikusiak Greziako pribatizazioetan, baina Errusia hurbileko arerioa da, ez esateagatik etsaia gauzak jarri diren bezala jarrita. Errusiak posizioak hartzen baditu Greziako energia sisteman, edo/eta itsas portuetan?
Troikak ur irakinetan egostera kondenatu zuen Grezia. Hala sentitzen du, bederen, Greziako herritarren gehiengoak, Syrizari botoa eman dionak. Txokotik irten nahizko mugimendu gogorretan ari dira Atenasko agintariak. Zor publikoaren auditoria egingo dute. Alemaniak gerra ostean utzitako zorra aldarrikatu dute. Orain Europatik at eduki ditzaketen elkarlan posibilitateak nabarmendu. Baina mugimendu handi horien aldamenean, askoz behar txiki baina larriagoa daukate: itotzen dituen zorraren hurrengo ordainketa nola burutu kiebra jo gabe. Diru gehiegi ez da, baina… gobernu berri bat dardarka edukitzeko aski.
‘Koporripikapa’rena txantxetan zela… baina ez erabat
2015-04-01 // Agiñarenak // Iruzkinik ez
Ez, bada, goizean blog honetan plazaratutako “Koporripikapa: hipizkupuntzapa bapatepen apaldepekopo epekipintzaparipik hapandipiepenapa” kronika ez zegoen Algonkin-euskara pidginean idatzirik, are gutxiago ezein antropologok bidalia. Baina han aipatutako Mielanjel Harana Amasatarra bada izan, ARGIAko irakurle zaharrenetako batzuek –trikitixaren kontuen maitaleek bidenabar- gogoratuko dutenez. Berak lehenbiziko hitzarekin egingo zuen algara: “Ja, ja, ja, zapo-hizkerarekin zatorrek Agiñarra”.
Zapo-hizkera edo zapo-euskara Mikel Asurmendik eta Josemi Saizarrek 1999an aipatu zuten “Euskarazko argotak erdara iturri” artikuluan, Seguran erabilitakoaren erreferentzia eginez. Guk, Amasan bezala Aginagan, ez genuen erdaldunen aurrean erabiltzen -zertarako?- jolasari usainik hartzen ez zioten kaletarren tartean baizik. “Hapau depek kapaikupubapa“, erran nahi baita “hau duk kaikua”, eta solaskidea muturra okertuta.
Hitz bakoitzaren silaba bakoitza errepikatu p kontsonantea sartuta. Bi bokal edo kontsonante bat baino gehiago dituzten silabekin zer egin, ohituraz eraikitako intuizioak agintzen zigun, konplikazioak p daraman errepikapenarentzako utziz: gi-zo-nak = gi/pi-zo/po-na/pak. Ez du beste misteriorik.
A, bai. Gaur apirilaren 1.a dela. Apirileko arraina, Erster April, 1 aprilgrap, Dia da mentira, April fools’ day… Inuzente egun udaberritarra mundu zabalean, hispanoen artean salbu euskaldun autonomo eta foralak barne. Xilabako irakurleak ohartuko ziren.
Korrika Ternuako Algonkin-euskara pidgin zaharrean: ‘Koporripikapa’
2015-03-31 // Agiñarenak // Iruzkinik ez
Apirilaren 1 honetan, epez kanpo bada ere, ARGIAko erredakziora iritsi da Korrikaren azalpena munduko hizkuntzetan zabaltzeko Lander Arbelaitzek prestatutako testu famatuaren bertsioa Algonkin-euskara pidginean. Hizkera hau gaur Kanadako lurrak diren Ternua eta Labradorren hitz egiten zuten míkmaqek, innuek eta Ternua eta Labradorko beste amerindiarrek eta Euskal Herriko baleazaleek. Hiztegia nagusiki mikmakerako, innuerako eta euskarako hitzek osatu bazuten ere, zenbait gaskoi hitz ere bazituen, Ipar Euskal Herrian gaskoiz ere egiten zenez gero. Gaur Berlingo Humboldt unibertsitatean antropologia irakasten duen Mielanjel Harana antropologo Amasatarrak bidali digu Arbelaitzen testuaren lehen paragrafoa pidgin zahar hartan, guk plazer handiz zabaltzen duguna munduko beste hizkuntza handi eta txikien artean ohoratzeko:
Koporripikapa: hipizkupuntzapa bapatepen apaldepekopo epekipintzaparipik hapandipiepenapa
Epeuskapal heperripitaparrepek mapartxopoaparepen 19apan apabipiapatupukopo duputepe mupundupuapan heperripi bapatepek beperepe hipizkupuntzaparepen apaldepe epegipitepen dupuepen epekipimepenipik jependepetsupuepenapa. Epehupunkapa mipilapakapa pepertsoponapak hapartupukopo duputepe papartepe hipizkupuntzapa beperaparepen sipinbopolopo depen lepekupukopo bapat epeskupuz epeskupu epelkaparripi papasapaz epetepenipik gapabepe. Hapamapaikapa epegupunepez epetapa hapamapar gapauepez 210 opordupuz lupuzapatupukopo duputepen fepestapan 2.300 kipilopomepetropo ipingupurupu epegipingopo dipitupuztepe Epeuskapal Heperripikopo hipiripi epetapa heperripi gepehipiepenapak lopotupuz koporripikapa. Frapantzipiapakopo Epestapatupuaparepen hepegopoapaldepeapan epetapa Epespapainipiapakopo Epestapatupuaparepen ipipaparrapaldepeapan dapagopo Epeuskapal Heperripiapa, Epeuropopapan.
Opondoporepengopo bipidepeopoapan ipikupus dapaitepezkepe Koporripikaparepen apazkepen epedipizipiopokopo ipirupudipi bapatzupuk:
Pestizidarik gabeko alternatiben astea, laborarientzako bezala kaletarrentzat
2015-03-26 // Nekazaritza, Pestiziden alternatiben astea, Zero Zabor // Iruzkinik ez
Pestiziden ordezko alternatiben astearen afixea.
10. urtez ospatzen dute Frantziako Estatuan pestizidarik gabeko laborantzaren aldeko astea: “Semaine pour les Alternatives aux Pesticides“. Udaberriaren lehen 10 egunetan burutzen da, martxoaren 20tik 30era bitartean. Pestiziden kontsumoan txapeldun tristea den Frantzian sortua, ekitaldia Europa eta munduan barrena zabalduz doa pixkanaka.
Astearen helburua da herritarrak ohartaraztea hain erraz eta hain kopuru izugarrietan erabiltzen diren pestizida kimikoen arriskuez eta aldi berean hedatzea horiek gabe nekazaritzan bezala etxeko baratze edo jardinean funtzionatzeko dauden alternatibak. Laborariek pozoi kimikoak tonaka erabiltzen dituzten moduan, kaletarrek beren soropiletan inolako kontrolik gabe hedatzen baitituzte pestizidarik gogorrenak, horiek gabe konponbide errazak dituzten lan eta arazo txikietarako.
Pestizidak arriskugarriak dira ingurumenarentzako, horiekin tratatutako elikagaiak kontsumitu behar dituztenenentzako… eta baita horiekin lan egin behar duten nekazarientzako, La mort est dans le pré dokumentalak erakutsi zuenez. ELB sindikatua barne daukan Confederation Paysanek, astearen barruan, zabaldu ditu zenbait lekukotasun. Horien artean Tarn-et-Garonne eskualdeko Alain mahastizainarena: “Laborari ari naiz Tarn-et-Garonnen eta Parkinsonak jota nago. Hogei urte baino gehiagoz nire arbola eta mahastietan pestizidak erabili ondotik, 2005eko urtarrilean diagnostikatu didate. Parkinsona daukadala jakitea burutik behera aitzurrarekin jotzea bezala izan zen. Nire buruari esan nion: ‘Hiru aterabide dauzkak, edo hire buruari tiro eman, edo nekazaritza utzi, edo nekazaritza egiteko moldeak aldatu'”.
Euskal Herrian ere pestizida eta klase guztietako pozoiak hain alegera usatzen dituzten baserritarrek bezala beren baratze bazterretako laharrik txikiena erretzeko Rondupa (Monsantoren Glisofato hilgarria) botatzen duten kaletar domingeroek, oro bat pozoi guztiok inpunitate osoz saltzen dituzten gure komertzio eta kooperatibetako arduradunek… Eric Guéreten dokumentala ikusi beharko lukete:
https://www.youtube.com/watch?v=AbUrDJP0AaYAtenasko parlamentua Greziaren zorraren auditoria egiten hasi da
2015-03-25 // Grezia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Sofia Sakorafa, Zoe Konstantopulu eta Eric Toussaint Atenasko legebiltzarrean Zorraren Batzordea aurkezten. (Argazkia: CADTM)
Greziako legebiltzarraren lehendakariak, Zoe Konstantopuluk, iragarri berri du herrialde haren zor publikoaren auditoria burutzeko batzordearen sorrera. Alde zientifikoan ATTAC eta CADTM erakunde ospetsuetako liderretakoa den Eric Toussaint belgikarrak gidatuko du. 2007-2008an Ekuadorren zorraren auditoria egiten aritu zen.
Frantziako Deux Sevreseko ezkertiar hauek blogean oso egoki “zorraren autopsia” deitu duen honen helburuaz esan du Konstantopuluk: “Helburua da argitzea Greziako gobernuak kontratatu dituen zor publikoak zenbateraino diren gorrotagarriak, ez legezkoak edo bidegabeak. Herritarrek eskubidea dute eskatzeko zorraren puska ilegala -batzordean hala erakusten baldin bada- ezabatzea”.
Batzordearen eta Europako parlamentuaren arteko lotura Sofia Sakorafa eurodiputatuak egingo du; PASOKeko kide izana, alderdia utzi zuen 2010ean Georges Papandreuk Troikarekin ituna sinatu zuenean eta orain Syrizako buruetarik da. Orain Greziako legebiltzarrak osatu duen auditoria instituzionalean arituko dira lehendik, 2012an, Sakorafarekin eta Toussaintekin batera Greziako zorraren herri-auditoria egiten haritutako politikari eta ekintzaile gehiago, hala nola Moisis Litsis, Sonia eta Giorgos Mitralias Greziako CADTMkoak eta Leonidas Vatikiodis Debtocracy eta Catastroïka filmen egilea.
Batzordearen kide guztiak apirilean ezagutuko omen dira eta lehen ondorioak ekainerako aurreratuko ditu, azken txostena 2015a amaitzerako entregatzeko. Hala ere, batzordeko iturriek aurreratu dute dagoenekoz hauteman dituztela zor publikoaren 53.000 milioi euro ez-legitimo.
Batzordeak, hala ere, argi utzi du bere lana ondo berezi behar dela Greziako gobernuari dagokionetik, honen esku baitago erabakitzea zein zor den ordaintzekoa eta zein ezabatu beharrekoa. Besterik da hartzekodunak konformatuko diren erabakiarekin, baina Toussaintek argitu duenez “greziarren gobernuak bere gain hartu ahalko du ez ordaintzeko erabaki subiranoa. Gure batzordearen lana da argudio sendo eta zientifikoak eskaintzea Greziako gobernuari dagokion erabaki politikoa oinarritzeko”.
Ibon Fernandez kaleratzeko gurutze-bidean, hirugarren geldialdia bihar
2015-03-25 // Politika // Iruzkinik ez
Via Crucis luzea eginarazten diete beti gaixotasun larriren bat daukaten euskal preso politikoei, ETAkoak izan ala ez izan euskal preso politiko baldin badira. Etxeraten kontabilitatean oraindik preso darraiten hamar preso gaixoek ondo dakite.
2013ko urtarrilean esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik Ibon Fernandez Iradiren senide eta abokatuek hasitako gurutze bideak bihar, martxoak 26, ezagutuko du hirugarren geldialdia. Nahi litzateke 14.a baino lehen gainditzea kalbarioa, baina Frantziako eta Espainiako epaileen estratak bihurriak dira, Ane Fernandez arrebak, Hernaniko Kronikan kontatu dituen zertzeladak irakurrita edonor ohar daitekeenez.
Esklerosi anizkoitza den eritasun sendaezinagatik presoa kaleratzea proposaturik, orain burutuko den auzia hirugarrena izanen da, eta bertan irakurriko da hirugarren doktore hirukote batek egindako txostena. Aurreko lau medikuek argi eta garbi azaldu bazuten Ibon Fernandez kaleratzea komeni dela bere esklerosi anizkoitzak gaur duen eta logika osoz etorkizun hurbilean izanen duen egoeragatik, Frantziako justiziak aurkitu ditu beste bi doktore eritasun bera eta pronostiko berarekin presoarentzako justu alderantzizkoa gomendatu dutenak: segi dezala barruan eta okerragora egiten duenean eraman dezatela erosoago egongo den beste espetxe batera.
Auzi saioaren egun berean mobilizazioa iragartzen da Baionan preso eriaren alde, Bagoaz kolektiboak antolaturik. Ibon Fernandez Iradiren kasuaz, gaixotasunaren gorabeherak barne, gehiago jakin nahi duenak 30 minutuko bideo honetan dauka:
Urak piztu du sua Irlandan: Troikaren kontrako beste gatazka
2015-03-23 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Uraren tasa berriaren kontrako manifestazioa Dublinen, martxoaren 21ean. (Argazkia: BBC)
Dozenaka milaka jende ibili zen oihuka larunbatean Dublingo kaleetan, antolatzaileen hitzetan 80.000, RTE kate publikoaren kalkuluetan 30.000-40.000 artean; jendetza izugarria edonola ere. Aurreko hiru aldietan legez, protestaldi handia zen gobernuak etxeko ur kontsumoa kobratzeko hartutako erabakiaren kontra.
Etxeko ura pagatzea munduko gauzarik arruntena irudituko zaigun arren guri, doan kontsumitu dute betidanik Irlandan. Logikoa lirudike etxebizitza bakoitzak bere kontadorea edukitzea eta familia orok kontsumitzen duen heinean pagatzea… baldin eta ez balitz gertatu Irlandan gertatu dena: ura kobratzen hasteko erabakia gobernuak hartu duela Europako agintarien eta Nazioarteko Diru Funtsak −ditxosozko Troikak− horretara derrigortuta.
Irlandak 30.000 milioiko erreskatea eskatu behar izan zuenetik, klase guztietako murrizketak ezarri zaizkie herritarrei. Behinola mundu osoarentzako arrakasta ekonomikoaren eredu izan behar zuen Irlandak 2008ko krisiarekin hondoa jo zuen eta nahiz eta orain nazioarteko erakundeek aipatzen duten jarduera ekonomikoa %4,8an hobetu dela, oinezko jendeak ez du mejorarik ikusi, langabezia tasa lainoetan, gazte belaunaldi oso bat emigratzera derrigortua.
Right2Water herri erakundea ari da Irlandako mobilizazioak sustatzen “Water and sanitation are a human right!” leloarekin. Gai honetan gogor ari da jokatzen Sinn Fein alderdia ere. Familia bakoitzak tasa berriarekin 160 euro pagatzea nahi du Troikak, baina, gainera, herritarrak kezkatuta daude hurrengo urratsa izango delako ur hornidura osoa multinazionalen bati pribatizatzea. Jendeari zintzurra estutzen hasitakoan, ez da jakiten zein puntutan egingo duen eztanda. Grezian hauteskundeetan egin zuen. Irlandan uraren faktura berriarekin.