[Grafikoa] Hobi komunak eta auzo lotsa
Derrigortuta desagertutakoen Nazioarteko Eguna den honetan, beste behin gogorarazi behar dugu auzo lotsa ematen duen datu bat: Espainia da, Kanbodiaren ondoren, induskatu gabeko hobi komun gehien dituen estatua.
Abuztuaren 30a derrigortuta desagertutakoen eguna da 2010a geroztik, Nazio Batuen Erakundeak izendatuta. Erakunde horren lantaldeak dio egun 44.000 lagun inguru daudela desagerturik 91 herrialdetan. Jakina, NBEk ez ditu kontuan hartzen XX. mendean hainbat diktaduren errepresioaren ondorioz desagerrarazitakoak. Fusilatuen senideen eta biktimen elkarteek, ordea, beretzat dute egun hau, Argentinan, Txilen eta Hegoamerikako beste zenbait tokitan “Atxilotuen eta Desagertuen Nazioarteko Eguna” bezala berrizendatu dute.
Berezko ezaugarriak dituzten krimenak dira honakoak: ia beti aginteak inpunitate osoz eragindakoak, etengabeko jazarpen eta sufrimendua dakarte, baita dolua ukatzen zaion senidearentzat ere. Desagertze sistematikoak agindu dituen erregimena gainditzean, agintariak kasuak argitzen eta gorpuzkinak berreskuratzen saiatu dira munduko toki gehienetan.
Ez da horrela Espainiako Estatuari dagokionez. Trantsizio garaiko “isiltasun paktuak” eta Amnistiaren Legeak giltzarrapoz itxi zituen bide-bazterrak, simak eta hilerrien hormetako zolak. Ez PSOEk eta ez PPk apenas egin duten ezer 35 urteotan milaka familien itomena baretzeko. Zapateroren Oroimen historikoaren legea antzua izan da, eta Rajoy gobernura iritsi zenetik ere, ez du euro bakarra jarri “iragana berreskuratzeko”.
NBEk berak errieta egin dio behin baino gehiagotan Espainiari eta baieztatu du 114.000 pertsonen gorpuzkinak egon daitezkeela oraindik desagertuta hobi komunetan. Espainia da Kanbodiaren ondoren hobi komun gehien dituen herrialdea –2.500 hobi–, grafiko honetan agerian utzi nahi izan dugun bezala:
Horietatik 350 inguru azkeneko 16 urtetan induskatu dira Aranzadi Zientzia elkartearen arabera, 2000. urtean Bierzo eskualdean lehen kanpaina mediatikoa egin zenetik. Franco hil ostean, 70eko hamarkada amaieran eta 80koaren hasieran, senideek euren kabuz milaka batzuk atera zituzten ia isilean, berriz ere duintasunez lurperatzeko. Geroztik guztira 8.500 lagunen gorpuzkinak berreskuratu dira, zenbait iturriren arabera oraindik 100.000 baino gehiago geratzen dira, ordea, lur galduetan abandonatuta.
Horietako asko Euskal Herrian daude, berrikitan Erroibarko leize batean espeleologoek animalienekin nahasturik aurkitutako 1936ko giza aztarnen modukoak. Atera beharra daude, hezurrez betetako lurrean ezin baita egia eta justiziarentzako zimendurik jarri.
Itzela. Baina grafikoan Guatemala falta da. Bertan ere hainbat hobi komun aurkitu eta gorpuzkiak atera.
Lan ona!
Mila esker Leire! Gehitu dut Guatemalaren kokapena. Bistan da mapan ezin ditugula hobi komunak agertu diren toki eta lurralde guztiak adierazi, adibide esanguratsu batzuk baino ez ditut kokatu: Hegoaldeko Sudan, Argentina, Mexiko, Siria, Kanada (indiarrei lapurtu eta eskolaratutako haurrak hobi komunetan ehorzten zituzten)… Grafikoaren helburua da Espainiako Estatuko kasua nabarmen uztea besteen aldean.