Heziberri plana, LOMCE eta bururik gabeko oiloak
Heziberri 2020 plana aurkeztu zuen atzo Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Arloko hainbat eragilerekin bilduta –sindikaturik eta ikasle elkarterik ez zuen gonbidatu bilerara– joan den astean eztabaidatutako plan honek LOMCEren aurkako tresna izan nahi du, baina ez da nahikoa.
Proposamena errealitatetik at dagoela egotzi zion EH Bilduk Uriarteri, Madrildik etorriko den lege erreforma egongo ez balitz bezala jokatzen duela. Euskal curriculuma garatzeko plangintza ondo dago, baina zein neurri hartuko ditu LOMCEri aurre egiteko? Erreformaren aurkako helegitea jarriko al du Auzitegi Konstituzionalean? Hori jakin nahi izan zuen oposizioak, baina sailburuak ez zuen argibide zehatzik eman. “Ezin gara bururik gabeko oiloen gisa ibili”, adierazi zuen Uriartek, alegia, Jaurlaritzak gai honetan luzamendutan jarraituko duela, esperoan. Lege egitasmoa Espainiako Senatuan dagoela eta ondoren Kongresura itzuliko dela jarri zuen aitzakiatzat: “Wert legea onartutakoan, txosten juridikoa izango dugu, baina oraindik ez dakigu zeren kontra egin behar dugun”. Jakin badakigu, ordea, zeren kontra egin behar dugun, azken hilabeteotako mobilizazio eta protestetan ikusi dugunez, oso argi utzi baitu PPk lege berriaren hezkuntza eredua.
Heziberri 2020 planak hiru zutabe nagusi ditu: hezkuntza eredu pedagogikoaren marko propioa, euskal curriculumaren dekretua eta Euskal Hezkuntzaren Legea. Curriculuma garatzeko eta legea sortzeko ildoak abenduan aurkeztea eta eragileekin eztabaidatu ondoren 2014ko otsailean onartzea da asmoa. Bestalde, plana Euskal Herriaz mintzo dela-eta, PP, UPD eta PSEk doktrinatzeko nahia leporatu diote sailburuari, baina ideologiarik eta doktrinamendu politikorik ez dagoela erantzun du Uriartek.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks