Iparraldea trantsizio betean
Hegoaldeko ezkerraren eta abertzalegoaren agendan ez bezala, Iparraldekoan protagonismo berezia dauka Trantsizioak (T handiz). Ez da ez kasualitatea eta ez anekdotikoa izan Baionan joan den urrian Bizi! elkarteak antolatutako Alternatiba eguna. Ikusi ondoko egunetarako Xilabatik datozen aurrerapenak.
Ostiralean Lapurdiko Urruñan Bizi!ren Larrun aldeko batzordeak bilkura irekia antolatu du Cultures en Transition filma estakuru harturik: “Bertokiratzea eztabaidan Urruñan“. Hona asmoa:
“Guti dakigu gure janarien hornitzea zenbateraino petrolioaren menpe den. Kamioi guziak ibiltzen gelditzen balira, supermerkatuak hiruzpalau egunetan hustuko lirateke. Horrelako modelo bat, ekonomiaren tokitik lekutzean, lurraldeen gehiegizko espezializatzean, erregai fosiletan eta errepidezko garraioan oinarritzen dena, kaltegarria da gure klima, enplegu eta gizarte harremanentzat. Halere, klima aldaketaren eta erregai fosilen urritzearen erronka bikoitza, gure lurraldeetako ekonomiaren eta giza-harremanen sendotzeko parada izaten ahal da.
Gaurdanik menpekotasun hortik atera eta egiazko burujabetza baterat zuzentzea ahalezkoa da. Munduan zehar eta hemen Ipar Euskal Herrian, martxan dauden alternatibak trantsizio kultural baten lekuko indartsuak dira, gaur pairatzen ditugun janari segurtasun eskasiatik, hondamendi ekologikoetatik eta menpekotasunetatik haratagoko etorkizun bat eraikiz. Konponbideak gure esku daude, merkeak dire eta gaurdanik plantan ezartzen ahal ditugu”.
Biharamunean, Joseba Azkarraga soziologoa mintzatuko da Euskal Herriko Laborantza Ganbarak Ainhize-Monjolosen daukan egoitzan “Zer subirautza krisiari aurre egiteko?” gaiaren inguruan, arratsaleko 17:00etan hasi eta iluntzean barrena luzatuko den ekitaldi luzean. Esango dituenen aurrerapena eskaini dio Enbatari: “Burujabetza barnatuz, krisia gainditu!“.
Apirilaren 26tik maiatzaren 3a bitartean, Bizi! elkarteak bat egingo du Frantzia osoan errepideetan kamioiei sortzen duten kutsadurarentzako zerga ezartzea (pollutaxe famatua) eskatzeko. Attac erakundeak ere dei zabala egin du tasa horren alde mobilizatzeko: “Semaine d’actions pour la pollutaxe“. Hiri eta herrietan dauden eskulturei maskarak ezarriko dizkiete, trenbide sarea hiltzen uztearekin batera kamioiak sustatuz eragiten den kutsadura irudikatzeko. Gai minbera da kutsaduragatiko zerga honena, ARGIAk “Txano gorriak: energia-trantsizioa ere bada jokoan” kronikan azaldu zuenez, baina Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Bizi!koak bezala ELB, Manu Robles Arangiz Fundazioa eta beste ez daude gaia geroko geroetan urardotzen uzteko.
[P.S.] Maiatzaren 1.a ere ildo berean planteatu dute Bizi!tik, Bertokiratzean zentratua (erdaretan “Relocalización-Rélocalisation“): “Ekonomiaren eta gure bizien bertokiratzearen aldeko manifa alaia eta aldarrikatzailea!”.
Bizi!k “Bertokiratzearen” alde eramanen duen kanpainaren karietarat, Joseba Azkarraga soziologoak Ainiza Monjolosen eskainiko duen hitzaldia euskaraz izanen da.
Aintzin jasta gisa, hara Trantsizioan aditua den Joseba Azkarraga soziologoarekin eginiko elkarrizketaren euskarazko bertsioa: http://www.enbata.info/articles/buru-jabetza-barnatuz-krisia-gainditu.
Bat bateko itzulpenak (kaskoen bidez) segurtatuak izanen dira frantseserat.