2008ko krisitzarraren 3.0 bertsioa: orain lurrikara Txinako burtsetatik datorrela
Lurrikara Txinan, panikoa Txinako burtsetan, Txinako ekonomiaren geldotzeak kutsatu du munduko ekonomia… Agintari txinatarren aukerak eta munduko usina erraldoi bilakatu den herrialde hartako ekonomia aztertzen dituzte gaur planeta osoko burtsen gainbeheraz kezkaturik diren adituek. Baina Shangaiko merkatuak dardarka hasi aurretik AEBn irailerako iragarritako neurriek emana zuten aditzera 2015eko udazkenean astindu batzuk ikustekoak ginela.
2008tik ikusi gabeko muturrekoak ikusi ziren atzo, San Bartolome eguna, mundu osoko burtsetan. Uda honetan XXI. mende hasierako krisitzarra gainditua omen genuen itxurak egiten ari ziren hedabideak eta agintariak hasi dira kezkatzen. 2008ko lehen lurrikarak AEBk jarri zituen balantzaka. Ondorengo erreplikak Europa harrapatu zuen, Grezia amildegiraino hondoratuz eta Italia, Portugal edo Espainia bezalakoak, baita Frantzia bera ere, hondamendi totalaren ertzeraino eramanez. Orain iragartzen zaigu 2008ko haren bigarren erreplika dela Txina astindu eta mundua dantzan jarri duena.
Posible ote da horrelako kataklismoa Pekineko agintariek beren moneta hiru kolpe azkarretan %4an debaluatu izanagatik? Agian bai, mundu osoan jarduera ekonomikoa nahi baino ahulago dabilela ikusten ari diren indar handiak (inbertsio funtsak, finantza erakunde erraldoiak, fortuna itzelak…) kezkatzen hasi direlako Txinako produkzioa orain arte aitortu dena baino makalago ote dabilen. “Txinako agintariek ez dakite zer egin” irakurtzen zaie aditu bat baino gehiagori.
Baina arrautzaren aurretik oiloa ere bazen. Uda honetan AEBko agintariek iragarri dute udazkenean hasiko direla indargabetzen 2008tik ekonomiari arnasa emateko erabili dituzten pizgarriak. Larry Elliottek The Guardianen azaldu duenez, Mendebaldeko agintariek pizgarri bereziak erabili dituzte urteotan finantzak osasuntsu edukitzeko nahiz eta ekonomia erreala, produkzio eta salmenta, izugarri ahul egon. Dopaturik eduki dute gure ekonomia, narkotizaturik, txutepean, akro. Badakigu horrelakoetan gaixoak arindu lehen bera hartzeko gero eta dosi bortitzagoa eskatzen duela. Hain izan da eraginkorra finantza pizgarrien altxaldia, ezen eta burtsa askotan burbuila ere antolatu den. Orain pizgarriak kendutakoan, dirua -dirutza handiak, esan nahi da- hasi da non inbertitu bila eta horrelakoetan balio seguruena… Mendebaldeko herrialde gotorren zorra izan ohi da, AEBena nagusiki. Igo ditzagun pittin bat interes tasak eta dirua berriro bere paradisu naturalera bihurtuko da.
2008tik hona Txinaren zorpetze maila lau halakotu omen da. Londresko burtsaren indizea bikoiztu. Munduak ez du ikasi, antza, 2008ko kataklismotik, edo beste esplikazioa izan daiteke ortodoxia neoliberalari jarraituz labarrean behera doan bizikletaren pedalei eragitea beste aukerarik ez dagoela. Goazen, beraz, 2008ko krisiaren 3.0 bertsio honetan aurrera eta udazkeneko bozketa, kanpaina eta propaganden ostean, XXI. mende hasierako krisitzarretik atera behar gintuzten BRIC herrialdeak (ai Brasil, Errusia, Txina eta enparauen ekonomia geldiezin haiek!) nor bere krisian murgiltzearekin batera Mendebalde aberatseko jende arruntok aurkituko gara behi argalezko zazpi urteotan ondo ikasi dugun formularen hurrengo atalarekin: murrizketak a-tuti-plen. Baina horren aurrerapenik ez duzu leituko Diario Vascon eta Correo Españolen.
Ez gara krisi honetatik aterako. Murrizketak beti leku beretik piramiden goian daudenak gehiago loditzeko. Lotura hau interesgarria da (gazteleraz dago):
http://crashoil.blogspot.com.es/2015/08/julio-de-2015-comienzan-los-grandes.html?m=1
Txinan, ironikoki, akaso aurki geinke alde ona: murrizketak, egongo badira, probintzia eta lekuan lekuko gobernuetan egon beharko dutela, non diru baltza eta lagunarteko faboreak nagusi diren. Bai eta kontrolik bako infraestruktura erraldoietan. Izan ere, Txinan, hezkuntza eta osasunean ezer gitxi murriztu daiteke, hutsaren parekoa dalako. Kasurako, ez zaitez joan sukarragaz medikuarengana, erraz erraz ordainduko dozuz eta 50 euro baino gehiago (ekialdeko 800 euroko soldatentzako asko da hori). Eta tasak igotzeak eragin gitxi dauala argi dauko gobernuak, biztanlegoak lehen bere argi erakutsi dau eta prest dagoala edozein trikimailu erabiltzeko tasarik ordaindu ez egiteko.