Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Hernaniko Kronikaren irismena
2015-01-19 // Iritzia // Iruzkinik ez
Gaur bertan goizeko 08:15etan. Hernaniko ostatu honetan ondoko mahaitik bi dendarik galdetu diote etxeko andreari ea zehazki zertarako ari diren sinadurak biltzen “5.000 sinadura baietz!” agiriarekin. Merkatarietako batek erdipurdi ulertzen du euskaraz, bigarrenak ulertuko dizu eta gaztelaniaz erantzungo. Tartean niri begiratu didatenez, ahalegindu naiz laburbiltzen kanpainaren funtsa. Hernaniko Kronika, orain Urumeakoa ere badena, dohainik eskaintzen da egunkariak edo/eta ogia saltzen den lekuetan. Nahi duenak hartzen du, ogiarekin batera bezala bertan saltzen den beste edozein periodikorekin batera, dela oligarkiaren Diario Vasco, edo Gara, edo Berria, edo Noticias de Gipuzkoa, edo El Pais, edo Marca, edo… nahi duzuna. Kafea hartzen dudan ostatuan gutxi batzuek erabiltzen dugu bertan daukaten Berria, egia esan ni ARGIAn ari naizela ez dakit asko gehiagok dakitenik. Aldiz, Kronika denek dute errepasatzen, herriaren pultsua ezagutzeko derrigorrezkoagoa da DVren orri mitikoa baino. Galdetu herriko kalean edozeini, begiratu bezero erdaldunen jokabidea ostatuetan bezala okindegietan. Bi merkatarietatik bati, euskaraz traketsen moldatzen denari, entzun diot berak Kronikan ipintzen duela eta ez beste inon bere komertzioaren publizitatea. Eta eskelak? Ez dut uste Euskal Herrian badenik Kronika ez beste hedabide bakar bat Vocentori konkurrentzia egiten dionik eskelatan. Hil zarela jakin dezaten, Hernanin Kronikan azaltzea duzu eraginkorrena. Hori hala da, nahiz eta Patxi Baztarrika sailburuordeari diru-laguntzen eskema berria diseinatu diona enteratu ez den, edo agian lekuko hedabideen ordezkariek ere aski ongi defenditu ez. Azken finean, paperezko egunkari bat zer den dakigunok aitortu beharra daukagu: Hernaniko Kronika da Euskal Herrian astearen zazpi egunetan kaleratzen den euskarazko periodiko bakarra.
Ez naiz baina banaiz Charlie Hebdo
2015-01-08 // Iritzia, Net Hurbil // Iruzkinik ez
Arrazoi osoz ohartarazi gaitu Matt Welchek Reason.com gunean: “‘Je suis Charlie?’ Ez, zu ez zara, bestela hilda egongo zinen“. Naturak ez zidan oparitu kronikagile mitiko horiekin alderatzeko dohainik. Ez horiek beren lana temati jarraitzeko erakutsi zuten ausardia, edo burugabekeria, edo koherentzia… batek daki zein hitzekin ez sartu hanka Charlie Hebdoren ildoa izendatzerakoan. Prentsa deitzen den alor honetan urruneko kolega izan ditudan horien oso bestelako jokabideetan ari gara gainerakoak, asko agintariekiko morroi-neskame, urriagoak diren kritikoetan ere gehienak zuhurrago, esadazu kalkulatzaileago, epelago. Charlie Hebdo izan denaren (akabatu baitute tiroka) hurbilen sentitu naiz astekariko artista edo kideren baten emaitza justifikatzera joan behar izan dudanean aginteren batetik kontuak eskatzeko eskubidearen jabe direnengana.
#JeSuisCharlie idatzi dugu askok twitterrik izan balitz 1977ko irailaren 20an #SomosElPapus idatziko genuen gisan. Elkartasunezko mezu triste eta inpotentea, egia esan, baina bihotzekoa. Eta apala, edozein ezin baita izan Charlie Hebdo.
Baina, bai, Charlie Hebdokoak zanpatu dituen tsunamiak beste guztiok ere harrapatu gaitu. Zibilizazioen talka famatua asmatu zuenak ez zuen ideia soila sortu, uholde handi bat antolatu zuen norbaitek benetan jende txiroen eta aberatsen arteko gatazka dena korapilatuz jainkoen arteko gudu bihurtzeko. Zibilizazioen talkak aurrera darama bere agenda inoren kupidarik gabe, asko daude nonbait Lurra izeneko planetak metatu dituen gehiegizko energiak hortik askatuz lehertarazi nahi dituztenak, Gasteizen bezala Dresden. Batera edo bestera denok garenez Charlie, ikasi beharko dugu gerra handi honetako uhin erraldoien artean bizirauten.
“Troika basta!” manifestua: utzi greziarrei askatasunez erabakitzen
2015-01-07 // Grezia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Frantsesezko manifestu bat dabil Interneten sinadura eske: “Grèce : Rendons-leur la démocratie!(Troïka basta !)“, espainolez “Grecia: devolvámosles la democracia (¡Basta ya, Troika!)“. Frantziako estatuko militante, politikari, sindikalista eta pentsalari ezkertiar sail batek idatzi dute 50.000 sinadura lortzeko asmoz. Hona hemen agiriaren testua.
Grezia: itzul diezaiegun demokrazia. (Aski duzue, Troika!)
Europako Batasuna, europar agintariak, Nazioarteko Diru Funtsa, burtsako kalifikazioko agentziak: laga zuen xantaia, bukatu Greziako hauteskunde kanpainan muturra sartzea! Utzi herriari erabakitzen!
Grezian traiziozko kolpeak ugaritzen ari zirenean (diputatuen ustelkeria, desinformazioa, askatasun demokratikoen mozketak…) urtarrilaren 25eko hauteskundeetan Syriza mugimendu ezkertiarrari garaipena eragozteko asmoz, horra non Nazioarteko Diru Funtsak iragarri duen eteten duela bere “laguntza” eta Europako ekonomiako komisario Pierre Moscovici zuzenean mintzatu zaien boto emaile greziarrei agintzeko nola eman botoa. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak, bere aldetik, deklaratu du “ez lukeela nahiko Atenasen agintea hartzea muturreko indarrek”. Alemaniatik, Wolfgang Schaüble finantza ministroak berretsi du Grezian ezarritako erreformen aurrean ez dela “inolako alternatibarik”. Burtsako kualifikazio agentziek mehatxu egin dute mailaz jaisteko -are gehiago posible ote da?- Greziako ekonomiaren nota. Europako prentsa ahalegintzen da aldaketarekiko beldurra zabaltzen, Europako Batasuneko jendeak bultzatzeko Syrizak aldarrikatzen duen haustura ekonomiaren antzekoa aldarrikatzen duten indarretatik urrundu daitezen.
Egia da Syrizak Grezian irabazteak Europa osoan zalantzan jarriko lituzkeela Troikak (Europako bankak, Europako Batzordean eta Nazioarteko Diru Funtsak) herritarrei gogoz kontra ezarri dizkieten austeritate politikak: Portugalen, Espainian eta berrikiago Italian ikusi diren manifestazio masiboek, edo Belgikako greba orokorrak, zera erakusten dute, jadanik ez dela onartzen kapitala eskuetan daukatenen zor ez-legitimoak pagatzea horren trukean suntsitzeko kapitalismoaren kalteak arintzea baimentzen zuen eredu soziala eta bestelako logika bat posible ikusten dela. Beren interesak mehatxupean ikusten dituztenez -Islandiako ereduak oraindik buruhaustea ematen die- Europako finantzaren morroiak prest daude edozein xantaia egiteko Grezian eta beste edonon demokrazia konfiskatzeko. Hungarian botoen emaitzak errespetatu behar direla argudiatuz Victor Orbani libertateak zanpatzen uzten diotenak berak dira oraingoan beren buruak nor sentitu dituztenak Estatu baten barneko bizi politikoan esku hartzeko: bankuen eta multinazionalen interesak zaintzea garrantzizkoagoa zaie libertateak defenditzea baino!
Greziako herriari, demokraziaren guraso izanik gaur egun austeritatearen martiria den Greziako herriari, dagokio burujabetasunez erabakitzea bere etorkizuna. Guk, Europako herritarrok, beren presio lotsagarriak berehala eteteko exijitzen diegu nazioarteko finantza erakundeei. Gaurko erakunde europarrei eta finantzari ez dagokie agintzea herriei nori eman botoa! Austeritatea hautu politiko bat da herritarrek demokratikoki arbuiatu dezaketena! Guk bat egiten dugu Syrizako buruzagiekin esateko Greziaren arazoa Europa osoarena dela eta orain han jokoan dagoenak abiatu lezakeela Europa mailako abentura berri baten hasiera.
Guk, Europako herritarrok, esaten diogu Greziako herriari: ez izan beldurrik, kontatu gurekin, zuen ondoan gaude. Gure Europa ez da haiena; zuena da.
[P.S.] Greziako kanpainaz azken egunotako kronikatxo gehiago:
– Grezian Troikaren murrizketek kolpatu dituztenean Samarasen boto emaileak
– Grezian Europak ezarritako murrizketek ekarri duten hondamendia
– Greziari Alemaniak mehatxu, alderantziz balitz bezala
– Greziako hauteskundeak, Espainiako Podemosentzat mesede ala kalterako?
– Greziako hauteskundeak: Europako demokraziarentzako aukera?
Grezian Troikaren murrizketek kolpatu dituztenean Samarasen boto emaileak
2015-01-05 // Grezia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Eskuinaren afixa Kios uharteko biztanleak izutzeko: “Syrizak irabazten baldin badu, ehiza debekatuko du!”. (Argazkia: Greek Crisis)
Panagiotis Grigoriou ezaguna du ARGIAren irakurleak, Net Hurbilen “Antropologoa mintzo Troikak hiltzen duen Grezia akitutik” irakurri baldin badu. “La Grèce Fantôme” liburuan bildutako kronikez gain, egunero eskaintzen du Panagiotisek bere Greec Crisis blogean Grezian gertatzen ari denaren deskribapenik on bezain gogorrena frantsesez.
Gaurko (urtarrilak 5) sarrerak izena darama “Atrocités du Merkelisme“. Kontatu ondoren nola bizi duen eguna haren lagun kazetari langabetu batek, komentatzen du Syriza ezkertiarraren garaipena bermatzen dutela ezkerreko boto emaile klasikoez gain orain artean PASOK eta Samarasen inbentua babestu duten hautesle zentro-eskuindarrek. Dio Grigoriouk:
“Ezkerreko alderdi erradikalaren eragina hautsi ezina dirudi. Ikerketa guztiak bata datoz. Syrizak irabaziko ditu urtarrilaren 25eko hauteskundeak, inkesta horietako batzuek zazpi puntuko aldea ere badamaiote Samaras tristearen Demokrazia Berriaren aurretik.
Samarasen arazoa dagoenekoz ez da ezkerrari botoa emango diotela kalkulatzen direnen hautesleria, baizik eta zehazkiago soziologiaz eskuinean kokatua. Egia esan, ezker-eskuin eten horiek ez dira iraganean bezain garrantzitsuak, zeren eta krisiak kaltetu dituen jende ugariek artean gero eta garbiago ikusten baitute katastrofea nahitara antolatu eta planifikatua izan dela, eta epe laburrean buelta eman ezinezkoa.
Troikaren programak larriki zauritu ditu enpresa libre txiki eta ertainak, etxe eta lurraren jabegoa -eta jakina da horiek direla erdiko klaseak gizartean igotzeko dauzkan mugikortasun estrategien bizkarrezurra-, soldatak, jubilazioak eta, azkenean, baita funtzionarioak ere, oso hurbil zirenak Demokrazia Berriaren eta PASOKen bipartidismo historikotik. Ez da alferrikakoa azpimarratzea ustelkeria, nepotismoa eta klientelismoa, neoliberalismo oso erasokor baten arropaz beztitua, sustatu dituztela Troikaren memorandumaren aldekoek, baina honekin batera iritsi dela xehetasun txiki bat, Atenasen entzuten dena: “Denentzako ez dago orain”. Hau da, memorandumaren onuradunak gutxi direla eta… ondo kokatuak”.
Samarasen eskuinaren espektatiba hori izanik, zer egin dezake Greziako eta oro har Europako establishmentak? Ezkor laburbildu du Panagiotis Grigoriouk Twitterren zabaldu den esaldi honetan: “Beldurra bilakatu da Europako agintariek daukaten azken arma, hauteskundeen emaitzak faltsutzea den azken-azkenaren aurretik”.
Grezian Europak ezarritako murrizketek ekarri duten hondamendia
2015-01-04 // Grezia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Greziako klase ertaineko familia bat murrizketek lehertuta. (Argazkia: Dimitris Michalakis)
ATTAC erakundeak, mundializazio neoliberalaren aurkako borroketan erreferentzia teoriko nagusietakoa denak, azaldu du nola Europak Greziari erreskate aitzakiatan eman dizkion kredituek lagundu dieten nagusiki… Grezia krisira eraman zutenei berei. “Plans de sauvetage de la Grèce : 77 % des fonds sont allés à la finance” agirian irakur daitekeenez, Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak Greziari 2010ko udaberrian aurreratutako ia 207.000 milioiko kredituetatik 58.000 milioi (%28) erabili diren banku greziarren kapital beharrak sendotzen; 101.000 milioi (%49) Greziako estatuaren zorra erosita zeukaten hartzekodunei kitapenak egiten; eta 43.000 milioi (%22,5) Greziako estatuaren aurrekontua arintzen, oraindik erabat zuritu gabeko diru-laguntzetan.
Kalkuluok egin ditu ATTACen Austriako taldeak, zeinak honela laburbildu baitu Greziari egin zaion erreskate famatuaren muina: “Elite politikoen helburua ez da izan herritarrei laguntzea, finantzetako korporazioak salbatzea baizik. Ehunka milaka milioi erabili dituzte diru publikotik bankuak eta finantzetako beste korporazioak salbatzeko, zehazkiago hauen ugazabak, beraiek sortu duten krisiaren ondorioetatik. (…) Elite politikoek herritarrak engainatu dituzte esanaz salbamendu neurriak hartzen ari zirela”.
Datuon ikuspegi grafikoa iaz emana du Dimitris Michalakis argazki-kazetariak “Four Years of Austerity in 40 Pictures” (Lau urteko murrizketak 40 argazkitan) bilduma zirraragarrian. Berrogeietatik bi hautatu ditugu kronikatxo honen beztitzeko; gordinak baldin badira, askoz gordinagoak dira berrogeietan beste gehienak. Michalakisek parte hartzen du krisiak Greziara ekarri duenaz irudiz bezala idatziz pentsaketa egiteko sortutako Depression Era talde proiektuan.
Smatatia langabezian dago eta bere senarra ere bai. Tarteka egiten dituen lantxo batzuez aparte, familiaren eta auzokoen laguntzari esker bizi dira. (Argazkia: Dimistris Michalakis)
Greziari Alemaniak mehatxu, alderantziz balitz bezala
2015-01-02 // Grezia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Angela Merkelen kolonel batek -bere alderdiaren buruzagi nagusietakoa den Michael Fuchek- egunotan broma odoltsua egin du Greziaz, honako titular hau eskainiz: “Greek ‘political blackmail’ of EU won’t work anymore, says top Merkel party member“. Alegia, Greziak ezingo duela gehiago mehatxatu Europa, Greziak Europa desestabilizatzeko arma sekretutzat baleuka bezala erreskatearekin bere gain hartutako zorrak ez ordaintzea. Alemaniako herritarren artean ondo saltzeko moduko titularra da: “Ez etorri amenazoka alemanoi”. Titular hori haizatu dute hedabide askok.
Aldiz, Alemaniak Greziako hauteskundeez eta Syrizak ordainketak ber-negoziatu nahi izateaz daukan iritzia askoz hobeto islatzen zuen Fuch berak esandako beste honek: “Euro zone no longer obliged to rescue Greece, Angela Merkel party says“. Eurozona ez dago behartuta Grezia erreskatatzera. Zergatik? Dagoenekoz Greziak ordainketak etetea ez delako Europarentzako arrisku sistemikoa. Ez duzuela pagatu nahi? Hor konpon, ez dugu zuen beharrik, greziar esker txarrekook.
Urtarrilaren 25eko hauteskunde kanpainako mehatxu nagusia mahai gainean jarri dute Europako aginte faktikoek: Syrizak irabazten baldin badu, euro monetatik kanpora zoazte. Ekonomialari neoliberalen artean sarri irakurtzen dira Tyler Cowenek eskaini duen analisia bezalakoak: “Why I think Greece will leave the eurozone this year or soon thereafter“. Zergatik uste dudan, dio, Greziak eurozona utziko duela aurten bertan edo ondoren izatekotan ere oso azkar. Tipo bereko burutazioak plazaratzen dituzten analisten artean, Business Insider gunean Mike Birdek dio: “Greece’s Political Crisis Might Force It Out Of The Euro“, hots, Baliteke Greziako krisi politikoak ekartzea eurotik irten beharra.
Mezu garbia: Alemania aspertu da zuetaz, greziarrok, ez dago ez diru eta ez epe gehiago. Makurtu burua urtarrilaren 25ean edo are gorriagoak ikusteko zaudete. Europako aginte faktikoek erabakia dute, antza, nahiago dutela gerra piztea Grezian Europa mailan murrizketen estrategia aldatzea baino. Ororen buru, mehatxua doakio murrizketen alternatiba bila dabilen europar orori.
Greziako hauteskundeak, Espainiako Podemosentzat mesede ala kalterako?
2014-12-31 // Grezia, Nazioartea // Iruzkinik ez
2008an lehertu zenetik XXI. mendeko krisitzarra, dena da nahasmendu. Eta eten gabe sortzen dira ezusteko berriak. Podemos mugimenduak Espainiako Estatuan, eta guri dagokigunez Hego Euskal Herrian, heldu den maiatzean lortu behar omen dituen emaitzek hotzikara eragin diete alderdi politiko gehienei. Baina historiak abiadura handia daramanez egunotan, Grezian urtarrilaren 25ean Syriza ezkertiarrak gobernua hartzeko posibilitateak emozio handiagoa jarri du mahai gainean. Bat-batean, Alemania neoliberalak ezarritako murrizketa basatien eskema berriro auzitan dago, euroaren etorkizuna bera bezala, omen, nork daki Europar Batasunarena. Sozialdemokraziak porrot egin ostean, sozialismo nabarmenki ezkertiarrago baten susperraldia?
Syrizak irabaziz gero finantzen ministro izan daitekeen Yorgos Stathakisek deklaratu dio Greziakoaren jarraipen zorrotza dagien Andy Robinsoni: “Irabazten baldin badugu, Espainian aldaketa sustatuko dugu“. Optimismoaren hari berari tiraka, beste batzuek ikusi nahi izan dute Greziak eragin dezakeela murrizketen katea eteteko oldarraldia Espainiaz gain Italian, Frantzian bertan akaso… Podemosentzako are aukera handiagoak, horrela gertatzekotan. Eta bide batez esanda, zalantzati dabiltzan beste ezkertiarrentzako estrategiak argitzeko parada.
Hala ere, baliteke alderantzizkoa gertatzea. Europako establishmenta hasi da apaletatik ateratzen Syrizaren kontrako munizioa, gero eta kalibre handiagokoa. The Economist: “Why an early election spells big dangers for Greece—and for the euro” (Hauteskundeen aurreratzeak arrisku handiak dakazkio Greziari, eta euroari ere bai). Bloomberg: “How Scary Can Greece Get?” (Zenbat ikaratu behar gaitu Greziak?). Cronica Global: “Europa tiembla ante la posible victoria de Syriza en Grecia“. El Pais: “El miedo a los planes de Syriza centran el debate electoral griego“. Eta horrela titulu gehienak errenkan.
Europako indar faktikoek Greziako hauteskundeetan erabiliko duten estrategia Le Nouvel Observateur astekariaren bertsio numerikoa den L’Obsek laburbildu du: “Grece: L’Europe a la peur pour seule réponse“. Beldurra darabil Europak erantzun bakar. Eta beldurraren aurrean zein izanen da hautesleen erreakzioa, Grezian estreina, Espainian gero?
Grezian beldurraren gainetik haserrean tinko iraunez Syriza bozkatzeko motibo handiak dauzkate herritar askok. Europako Troikaren besarkadak ekarri dien mixeria egunero nozitzen dute larruan, sistema osoarekiko dago ezinegona, eurotik ateratzea askok defenditzen dute. Espainian oraindik egiteke daude murrizketen atal oso handiak, haserrea erne berriagoa da eta anitzez difusoagoa. Europako laguntza ororen etena, eurotik kanporatzeko mehatxua, Europaren madarikazioa… beldur eragile bortitzak dira. Indar faktikoak ahaleginduko dira Grezian ematen errematea Europa kritiko osoari. Adi ekintza-erreakzio kate korapilatsu berriari. Urte Berri on!
Greziako hauteskundeak: Europako demokraziarentzako aukera?
2014-12-30 // Grezia, Nazioartea, Politika // Iruzkinik ez
Alexis Tsipras Syrizako buruzagia berrikitan bere programa ekonomikoa aurkezten. (Argazkia: Petros Giannakouris)G
Yanis Varoufakis ekonomialari greziarra ezaguna da “The Global Minotaur: America, the True Origins of the Financial Crisis and the Future of the World Economy” liburua idatzi zuenetik. Bi urtez George Pandreu lehen ministroaren aholkulari aritu ostean, haren bidetik aldendu eta Greziak azken urteotan egin duen bidearen kritiko zorrotza izan da. Orain urtarrilaren 25erako hauteskundeak deitu direnean Grezian, eta Europako establishment osoa presio egiten hasi delarik Syrizak irabazi ez dezan, Varoufakisek bere blogean idatzi du “Greece is about to give European democracy a chance“, guk euskaraz ipini duguna.
Greziak eman diezaioke aukera bat Europako demokraziari
HIESA eta mediku kolonialen injekzioak: informazio iturriak
2014-12-16 // Net Hurbil, Osasuna // Iruzkinik ez
Joan den asteko Net Hurbilen leitu daiteke “HIESa Afrikan medikuen injekzioek ere zabaldu zuten“. Bertan biltzen da The origins of AIDS liburuan Jacques Pépin doktore quebectarrak defenditzen duen tesia, alegia HIESAk tximuetatik gizakira pasaturik mundu osora hedatzeko egin duen bidean garrantzia berezia izan dutela potentzia kolonialek 1950eko hamarkadatik Afrikan ezarritako bakunatze kanpaina handiek. Prestigio handiko medikua da Pépin eta ondo daki zertaz ari den, bera ere Afrikan luzaz aritua baita osasun kanpainetan parte hartzen; autoritatetzat ezagutzen da loaren gaixotasunaren arloan.
Artikulurako erabili dut La vie des idées gune oso aberatsean Guillaume Lachenalek idatzi duen “La quête des origines du Sida” mamitsua. Bertan Lachenalek laburbildu eta alderatu ditu HIESaren jatorria-hedatzeaz azken urteotan azaldu diren liburu eta teoria nabarmenenak. Lachenal berak ematen du beste Net Hurbil baterako gaia “Lomidine : comment la médecine coloniale a dérapé” liburuarekin. Funtsean, HIESarena bezala ustez loaren gaixotasuna sendatzeko kolonialistek antolatu zituzten txertatze masiboena, arazo beraren bi ondorio baizik ez dira: Europako inperio kolonialistek Afrikako populazioak erabili dituzte unean uneko asmakizun medikuak ezarriz frogatzeko, Afrika beltz osoa ez balitz bezala akuri kaiola handi bat baizik.
Lachenalek erabilitako irudi adierazgarrietako bat hartu diot Net Hurbilerako, baina Le Nouvel Obs astekarian badira gehiago, ikaratzekoak. Erakusten dute nola tratatu ditugun, beren onerako prefosta, Afrikako jendeak marexalen atzaparretatik pasatu behar duten ardien gisan.
Erizain ‘indigena’ bat emazte gaztea txertatzen populazioei derrigorrez ezarritako kanpainan. (Argazkia: Mme Lugane)
Han egongo da Jone eta gu hemen
2014-12-15 // Iritzia // Iruzkinik ez
Axier Lopezek bidalitako bi argazkiok bihotzondokoa ematen dute. Hona Gernikako batailaren ondoko irudiak:
Jone eraman dute (nora? nola?) eta hemen geratzen gara gu. Zer egin oro azoka den astelehen alu honetan aita-amei besarkada handi bana bidaltzea baino…