Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
#ArgiaEguna: hasi Nendo Dango atelierrerako haziak biltzen (2)
2014-09-08 // Natura // Iruzkinik ez
Nendo Dango teknikaz egin hazi pilota bat ernetzen hasita. (Argazkia: The Green Village)
Zein hazi interesatzen zaigu aurrez bilduta ekartzea Usurbilen irailaren 27an ospatuko dugun ARGIA Egunera? Nendo Dango atelierrean egingo duguna aurreko postean argitu genuenez, hona hazi, hezur eta ezkurren zehaztapen batzuk.
Euskal Herriko basoetan hazten diren fruitu arbola eta zuhaitz ororen haziak balio digute. Hautaketatik kanpo utziko ditugu inbasibotzat jota daudenak. Haziokin egindako bolak ez ditugu berezko bioaniztasun naturalagatik babestutako ezein eremutan zabalduko, alferrik galdutako lurretan baizik, desertifikatze bidean doazen lubaki, betelan eta lurr-urratuzko paraje andeatuetan baizik. Erneko diren zuhaitz eta zuhaixkek aurrera egingo dute klimak eta lurzoruak baimentzen dieten neurrian eta behin hazten hasita lurzorua hobetu baizik ez dute egingo. Gure bolatxoetako asko Kantauri isurialdeko parajeetan botako ditugu (nagusiki Gipuzkoan) eta ziurrenik eskuratuko ditugun hazi gehienak ere horko landarediari dagozkionak izanen dira; aldiz, urak Mediterraneo aldera isurtzen dituen Zangozako ikastolarekin elkarlanean hemengo Oinez Basoan ereingo ditugun pilotetarako haziak Zangozatik bertatik iritsiko dira, ikastolako haurrek bildurik.
Interesatzen zaizkigun haziak dira urte sasoi honetan gure inguruetan (basora aterata, parkeetan…) erraz eta ugari eskura daitezkeenak lurrera erortzen ari direlako. Adibidez (ahal bada aurtengoak):
– haritzen ezkurrak. Bertako haritzenak bezala haritz gorri edo amerikarrenak.
– arteen ezkurrak.
– hurritzen urrak
– gaztain eta intxaurrak
– ezki, astigar eta lizarren haziak
– zuhaitz txikiagoen fruituak: elorri zuri, elorri beltz, intsusa eta gorostienak.
– jaten ditugun fruituen hezur eta haziak: aran (okaran), gerezi, mizpira, mertxika (muxika, melokotoi), madari (udare), sagar eta abarrenak.
Gure basoetan diren beste zuhaitzen ezagutza sakonagoa dutenek (eta Jakoba Errekondoren jarraitzaile sutsuek, noski) izango dituzte hazi bereziagoak ekartzeko, izan zumar, otsalizar, hagin, ametz, artelatz, maspil, txilar (ainar), ote eta besterenak. Plazer handiz nahastuko ditugu besteekin.
Buztinezko pikor, pilota eta opiltxoak egiterakoan denak nahastuko ditugu, konpost aberasgarriaz gain, horien aurretik ernez lagunduko dieten lekadun eta barazkiak: alpapa, paotxa, babarrunak, ilarrak, arbia, txirta, garia, garagarra, babak…
#ArgiaEguna: hasi Nendo Dango atelierrerako haziak biltzen (1)
2014-09-04 // Natura // Iruzkinik ez
Zangozako ikastolako ikasleak Nendo Dango egiten joan den martxoan. (Argazkia: Diario de Navarra).
Nendo Dango tailerra dago antolatuta, beste hainbat ekitaldiren artean, irailaren 27ko ARGIA Egunerako Usurbilen. Lierni Arrieta biologo eta Zestoako Katamarrua Natur Taldeko kideak lagunduko digu zuhaitzak ereiteko sistema hau praktikan ikasten.
Teknikaren zehaztapenak “Hazitik hasita mundua oihantzeko” kronikan azalduta daudenez, hona laburpena:
Mundua basamortutzeko bidean doala-eta asmatu zuen Nendo Dango Masanobu Fukuoka [nekazaritza biologiko eta naturalean errererenteetakoa], funtsean zera dena: ahalik eta modu erraz eta merkeenean lortzea ahalik eta zuhaitz gehien erne eta haztea, oihan berri iraunkorrak osatuz, zuhaitz, sastraka eta belarkiak batean ereinda bolatxoetan.
Teknika sinplea da. Buztinezko bai pilotatxo edo puxtarriak, edo bai opil txiki edo diskoak egin, barruan daramatzatelarik erein nahi diren haziak. Horrela pilota edo opiltxo bakoitzak barruan hiru hazi mota eramango ditu. Batetik, lehen euriekin erneko diren belar eta lekaleak. Horiekin batean zuhaixka eta sastraken haziak. Eta azkenik, aurrekoek antolatutako ekosisteman errazago erne eta sustraituko diren arbola eta zuhaitzenak.
Denbora batez idortzen utzi diren bolatxo hauek gero eramango dira baso berria sortzen ikusi nahi den lekura, jaurti aliritzira, eta aio, Pelaio. Naturak eginen du bere lana. Euriarekin, babesgarri eduki duten buztinetik hasiko dira ernetzen haziak bata bestearen segidan.
Usurbilgo tailerrerako material gehienak ARGIA kooperatibako langileok eta lagunduko diguten argiazaleek jarriko ditugu: buztina, konposta, bolatxoetan nahasteko alpapa eta beste, ura prefosta, nahasketak egiteko ontziak… Haziak ere ari gara biltzen baina Nendo Dango egitera datorrenak bere haziak baldin badakartza askoz hobe, gehiago edukiko dugu elkarrekin partekatzeko. Ondoren, ARGIAkook arduratuko gara bolatxo, opil eta gainerakoak lehortzeaz eta beranduago etorriko da ereitea. Non?
Batzuk erabiliko dira Zangozan egiten ari diren Oinez Basoa osatzeko. Dagoenekoz hemengo ikastolako haurrek bilduta dauzkaten haziz osatutako pilotak izango dira. Nafarroako ikastolekin burututako elkarlan polita.
Beste hazi-bonba batzuk zabaldu nahiko genituzke Gipuzkoan azpiegitura handiak egiteko urratutako lubaki eta pendizetan, dela Zubietako errauste plantaren ingurukoak, Abiadura Handiko Trena pasa dadin txikitu dituzten parajeetan… Horretaz guztiak ere hitz egiteko parada izanen da Usurbilen irailaren 27an.
Baina… zein hazi erabiliko dugu, zein hazi/hezur/ezkur mota bildu irailean zehar ARGIA Egunera eramateko? Haritzen eta arteen ezkurrak; ezki, astigar, lizar, ereinotza (erramu) eta abarren haziak; elorri, gorosti, intsusa eta besteren fruituak… Hurrengo posta batean zehatzago esango.
Barealdirik ez oraingoz Ukrainako gerraren inguruan
2014-09-03 // Iritzia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Ukrainako gerraz idatzi behar dutenentzako egun eta aste konplikatuak. Ikusi irailaren 3a, asteazkenekoa, goizean goizetik hasita:
– Separatistak aurreraka ari dira Donbassen, Luhanskeko aireportua berreskuratu dute, Ukrainako armadaren 700 militar hartu preso.
– Petro Poroxenko eta Vladimir Putinek erabaki dute su etena, Poroxenkok esana.
– “Ei, lagun, kontu horrekin… Putinen orain arte esandakoa hankaz gora jarriko lukeela, alegia Errusia ez dela gatazka honetan sujet”
– Putinen bozeramaileak gezurtatu du su etena erabaki izana.
– Kieveko gobernuak aurretik Poroxenkok esana zuzendu du: bi lehendakariak ados daudela su etena abiarazteko bidea antolatzeko moduaz.
– Putinek jakinarazi du 7 puntuko bere bake plana.
– Kieveko lehen ministroak ez du ontzat hartzen Putinen bake plana.
– OTANek bi asteren buruan maniobrak egingo ditu mendebaldeko Ukrainan.
– Errusiak maniobrak egingo ditu Ukrainia inguruetan.
– Donbassen borrokan darraite.
– (Eta batek daki lerrook sarean jarri ostean 20:40an, bihar zerekin gosalduko dugu)
Horrela, irailaren 2an geunden antzeko posizioetan gaude Ukrainako saltsan, Europa osoari eragiten diona, diplomazia bidez konpontzeari dagokionez. Ez da gertatzen den lehen aldia. Azken aurrekoa, joan den asteburuan: Minsken bildu Poroxenko eta Putin aurrez aurre eta denok irakurketa positiboa egin, egun pare baten bueltan Donetsk eta Luhansk eskualdeetan gatazkak gogortzen, ostiral goizerako OTANek erakutsi zitzakeela Errusia zuzenean guduetan esku hartzen erakusten zuten argazkiak (“dios, baina hau ez al da jauzi kualitatiboa?”)… baina larunbaterako krisi diplomatiko eta agian militar larria zirudiena barruko orrietara pasa zen paperezko prentsan, estualdia gainditua zen seinale. Bi egunen buruan, antzeko karrusela, oraingoan dramatismo handiagoz.
Hipotesi baikor eta ezkorren jolasean entretenitu gabe, europarrak hobe du pentsatzea aspaldi Europak bizi izan ez duen neurriko krisi baten aurrean gaudela. Ukrainako eta Donbasseko gatazka nork zergatik ekarri duen esplikatu digute batzuek eta besteek. Konplikatuagoa izango da horri irtenbidea bilatzea. Hain urrunegi iritsi direnean tiroak -dagoenekoz OTANeko buruak errepikatzen dute Errusiak tropak dauzkala Ukrainako lurretan, horrek esan nahi duen guztiarekin- nolaz sinetsi dugu alde batek Twiterrez egindako txio batez markatuko zela barealdia?
Herritar euskaldunak gogoratu beharko du nahitara edo nahi gabe -erreferendumean ezezkoak irabazi zuen hemen- OTANeko kide garela. Esajeratua ote da Kubako misilen krisiaren larritasun maila beretsuko eskenatoki batera hurbiltzen ari garela pentsatzea?
Nongo gerra esan duzu?
2014-09-01 // Iritzia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Baliteke derrigorrezko soldadutza aspaldi ahaztua dugulako izatea, berehalako beldurrentzako antidoto polita baita gure familiak hurrengo gerrak harrapatuko ez dituela amestea, baina harrigarria da Ukraina sutan ikusirik Europan ez ikustea manifestaldi handirik bakearen alde. Joan den larunbatean Europako Batzordeko ministro Dalia Grybauskaite lituaniarrak deklaratu zuen “Russia is practically at war against Europe” (Errusia gerran dago Europaren kontra kasik), Europako Batzordeko lehendakari Jose Manuel Barrosok “If the escalation of the conflict continues, this point of no return can come” (Gatazkak okertzen segitzen badu, itzulbiderik gabeko puntu batera iritsi gaitezke). Asteburuetan ohar larri gehiago izan denez, OTANeko buruak berresten erakundeak segituko duela ekialdera zabaltzen, Putin abisatzen ez ahazteko potentzia nuklearra direla, OTANen eta Errusiaren arteko mehatxuak… pentsa zitekeen europarron bizkarrezurrek hotzikararen bat nabarituko zutela. Astelehena heldu eta Ukrainako gerrarik ez da egunkari gehienen lehen orrietan. Ze ondo. Batek esan dit igandean gaia goxatzeko urratsa eman omen dutela bi aldeek… dozena pare bat soldadu preso trukatuta. Baina aurreko astean berdin lasaitu ginen Minsken Vladimir Puttin eta Petro Poroxenko elkarri bostekoa ematen ikurisik, “buruz buru elkarrizketatzea lortu badute seinale ona”, egun bereko ilunabarrean jakiteko Donbasseko gatazkan fronte berri bat sutu zela. Aste honetan berri kezkagarri gehiago helduko da handik, seguru. Eta pittinka ohartuko gara gerra geldiaraztea Europan lehentasunezko zerbait dela, gerra nork hasi duen eta gaiztoetan onena nor den erabakitzea baino premiazkoagoa.
Europar Batasuneko atzerri ministro Catherine Ashton eta Kazakhtango lehendakari Nursultan Nazarbayev lekuko dituztela,Vladimir Putin eta Petro Poroxenko elkarri bostekoa ematen Minsken asteartean. Ordu gutxiren bueltan, ilunabarrerako, sutua zen fronte berria Donbassen.
1914: Fusilatua ez izateko adina frantses ez zekien soldatu bretoia
2014-08-28 // Iritzia, Nazioartea // Iruzkin bat
“Gerra Handiko biktima [frantses] guztiak ez ziren erori alemanen balek jota. 600 poilu [soldatu berri] baino gehiago fusilatu zituzten besteren etsenplutzat. Gehienetan prozedura expeditiboen ostean. Haietako bakan batzuk birgaitu dituzte”. Bresteko Le Télégramme egunkariak uda honetan eskaini “Les bretons et la guerre 14-18” gehigarri aberatsaren 19. orrialdean Didier Dénielek idatzi du “Fusillés. Ces soldats executés pour l’example“. Frantziako armadak 1914-198an 2.400 soldatu kondenatu zituen hiltzera eta horietatik 600 (zenbait iturren arabera 740) fusilatu zituzten eskarmentutzat, delituotakoren batengatik: ez obeditzea, bere burua (gudura ez joateagatik) nahitara mutilatzea, desertatzea, agindutako postua abandonatzea etsaia zetorrenean, koldarkeria edo mutinatzea. Alferrik bilatuko duzu frantses kobarde horien izenik Morts pour la Patrie monumentuetan.
Buruzagiek fusilatu eta urte askoren poderioz ohorea itzuli dioten bakanetako bat François Laurent bretoia da. Chapagneko frontean 1914ko urriaren lehenean zauritu zuten bere kapitainaren begien aurrean. Bala batek ebaki zion eskuineko eskuko behatz txikerraren azken falangea. Kapitainak agindu zion zauria sendatzera joan zedila. Artatu behar zuen medikuak erabaki zuen François Laurent auto-mutilatu egin zela frontera berriz ez itzultzearren. Gazte bretoiak ez zekien frantsesez ondo hitz egiten, ez zituen bere burua defenditzeko behar zituen berbak aurkitu. 1914ko urriaren 19an fusilatu zuten.
Koldarkeriaz kondenatutako soldadu baten fusilaketa Verdungo frontean. (Argazkia: Info Défense)
Alternatiba zabaldu da Baionatik Frantziako Estatu osora
2014-08-27 // Trantsizioa // Iruzkinik ez
“Alternatiba-Ile de France” ekitaldiaren aurkezpena Parisen. (Argazkia: @1000Alternatiba, Twitter bidez)
Bizi! mugimenduak 2013ko urriaren 6an Baionan arrakastaz antolatutako Alternatiba (“Alternatiben herrixka”) dagoenekoz Hexagono osora hedatu da. “B” hizki eta guzti, inkluso batzuetan euskal kutsuko tipografia atxikiz, “Alternatiba” izeneko eta Baionan burutu zenaren izaera berdintsuko hainbat ekitaldi dago programatuta Frantziako Estatuan barrena ondoko hilabeteetarako. Irailean bertan, esate baterako, bi Alternatiba bilkura daude antolaturik Paris inguruetan, bata Alternatiba-Ile de France eta bestea Alternatiba-Gonesse. Denetara 35 ekitaldi zenbatu daitezke 35 hiri ezberdinetan Alternatiba.eu gune zentralak eskaintzen duen mapan. Guregandik urruneneko Alternatiba burutuko omen da azaroan… Tahitin!
Dagoenekoz Frantziako Estatu mailan funtzionatzen duen Alternatiba.eu guneak azaltzen duenez (frantsesez, espainolez, ingelesez eta alemanez) mugimenduak Europa mailan gizartea mobilizatu nahi du 2015ean Parisen Klimaren Aldaketaz burutuko den COP21 mundu-biltzarraren aurrean. Horretarako saiatuko omen dira -Ernesto Che Guevarak bere garaian mila Vietnam sortu beharraz esan zuena parafraseatuz- sortzen 10… 100… 1.000 Alternatiba. Baionak iaz urratutako ildotik, Euskal Herrian aurten Alternatiba Zokoan izanen da, Lapurdin, urriaren 5ean.
“Alternatiba-Tahiti” iragartzen duen afixea.
Txetxeniarrak Ukrainako guduetan, alde batean bezala bestean
2014-08-26 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Ruslan Arsayev, Kieveko gobernuaren alde ari den Aidar miliziano taldean borrokatzen den txetxeniarra. (Argazkia: Oliver Caroll/Mashable)
Marta Ter katalanak plazaratu du [mila esker pistagatik, Luistxo Fernandez] Eurasianet webgunean: “Chechenos en Ucrania, las dos caras de la moneda“. Kaukasoko albisteak biltzen dituen Txetxenia.org gunearen koordinatzailea da Marta Ter filologo eta nazioarteko harremanetan aditua. Idatzi duenez, “Ekialdeko Ukrainako gatazka armatuan, zeinetan elkarren kontra ari baitira Kieveko gobernuaren menpeko indarrak eta Novorosiyaren independentzia nahi duten milizia separatistak, bi aldeetan ari dira borrokan gudari txetxeniarrak”.
Separatista errusiazaleen artean Txetxeniako lehendakari Ramzan Kadiroven gizonak ari zirela udaberritik zen ezaguna. CNN telebista amerikarrak bideo batean erakutsi zituen Vostok batailoian borrokatzen duten txetxeniarrok. Gutxienez 14 hil direla frogatutzat ematen du Marta Terrek, Txetxenian horien lurperatzea ezagutarazi delako. Kadirov diktadoreak berak aitortua du Ukrainako gobernuaren kontrako borrokan erori zirela.
Horien aurrez aurre, Kieveko gobernuaren tropei laguntzen ari dira beste txetxeniar batzuk. Badira fronteko gudurik gogorrenetan parte hartu duen Aidar milizianoen batailoian; beste asko armada erregularrean ari dira. Hauen artean famatuena Isa Munáev, armada sobietarrean koronel izana eta erbesteraturik bizi zen Danimarkatik Ukrainara joanda “Dzhokhar Dudaiev Nazioarteko Brigada” sortu duena. Bere unitateak Sashko Bily izena hartu du: Pravy Sektor ultraeskuindarreko kide hau, Bily, Txetxeniako gerran ibilia zen errusiarren kontrako borrokan eta joan den martxoan Ukrainako poliziek hil zuten batean.
Manuel Vallsen ondoren… Manuel Valls
2014-08-25 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Manuel Valls lehen ministro izendatu berritan François Hollanderekin, apirilean. (Argazkia: Reuters)
Inkesta soziologiko baten emaitzak hain eduki ditzake irakurketa ezberdinak. Paperezko gaurko prentsak aipatzen zuen Frantziako lehen ministro Manuel Vallsen onarpena harria putzuan bezala hondoratu dela hilabeteotan. Popularitate galeran txapeldun dabilen François Hollanderen markak hautsi omen ditu. Galdetuz gero -goizeko kafe txikiaren ordua zen artean- “zer uste duzu egingo duela laster Hollandek?”, seguru irakurle gehienek erantzungo zutela Vallsen ordez beste bat ipiniko zuela. Ez, bada. Titular bitxi bat eskaini digu errealitateak ordu gutxiren buruan: Vallsek aurkeztu du dimisioa… gobernu osoarena. Eta minutu gutxiren bueltan Hollandek Vallsi eman dio enkargua gobernu berria sortzeko.
Lehen ministro bartzelonatar-frantsesak abiarazitako murrizketa politikekin zenbait ministro ez bazeuden ados, orain berekin erabat konforme daudenak hautatu ahal izango ditu. Horiekin saiatzeko bere popularitatea eta Hollanderena berotzen. Abiadura handiko emaitzen beharrean da, antza, Parisen: 147 egun iraun dute erori diren ministroek. Urtarrila arte iraungo ote dute berriek?
Ferguson, protesta geldirik egitea debekatuta dagoen hiria
2014-08-22 // Iritzia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Irakurri ezazu Andy Robinsonen “Si quieres protestar en Ferguson: ¡You gotta move!” bere Diario Itinerante blogean. AEBetan beltzek oraindik bizi duten zanpaketak eragindako azken gatazka bortitza Ferguson hiritik bertatik kontatzen ari da ARGIAko irakurleek ekaineko LARRUNen ezagutu duten kazetaria, globalizazioa munduko hirietan eragiten ari den aldaketen kontalari trebea. Robinsonek azaldu du Ferguson bakeratzeko hain emaitza onak eskaintzen omen den poliziaren community policing delakoaren taktiketako bat: protestan ari diren manifestariek derrigor eten gabe aritu behar dute mugitzen. “Keep moving“, Ez gelditu. Manifestariak inguratuta dauzkate gerrako armaz hornitutako soldadu jarrerako poliziek, eta norbait bazterrean atseden hartzera esertzen baldin bada megafoniatik bost segundo kontatzen dizkiote, mugi hadi edo lehertuko haugu bestela. Dio Robinsonek: “Johnson [Fergusoneko poliziaren komandante beltza] considera que la táctica de “Keep moving!” (¡No paren!) ha sido la clave del éxito. ‘No permitimos que la gente se congreguen porque mientras los manifestantes pacíficos se juntan , los otros elementos se cuelan allí y crean problemas’, dijo el martes. Es la nueva modalidad de protesta en la que hay que seguir los ordenes de aquellos contra quienes estás protestando”.
Twitterrez atzo Yamiche Alcindor-ek -@Yamiche– idatzi zuen: “Protesters are angrily saying they don’t want to keep moving which police have ordered. “I’m not here for exercise,” man screams“. (Protestariek haserre diote ez dutela oinez ibiltzen segitu nahi poliziek agindu bezala. “Ez naiz etorri gimnasia egitera” oihukatu du gizon batek).
Fergusonen arrazakeriaren kontrako manifestariak protestan atzo geldirik egotea debekatzen zitzaielako. (Argazkia: Democratic Underground, Twitterretik hartuta).)
1914ko uda hura: “Gerla behar badugu, doala gerla. Biba Frantzia!”
2014-08-21 // Historia, Iritzia // Iruzkinik ez
Baionan 1914-1918ko soldadu hilei eskainitako monumentua. Argazkia, antzinako postal batean jarria; monumentua berdin-berdin dago gaur ere.
Susa argitaletxekoak Armiarma proiektuaren barruan serie ederra eskaintzen hasi zaizkigu uda honetan: “Gerla Handiak 100 urte“. Nola kontatu zuten 1914tik 1918ra arteko odol-hustea Iparraldeko Eskualduna eta Hegoaldeko Euzkadi aldizkarietan.
Armiarmaren asteroko piluletan zati txikiena Euzkadin Ebaristo Bustintza Kirikiñok idatzitako ohar laburrek betetzen dute; Hegoaldea ez zegoen gerran, izatekotan ere denborarekin etekina atera zion Europa suntsitu zuen sarraskiari, alde batekoek bezala besteek mila produktu behar elkar hiltzeko. Aldiz, gerraren jarraipen askoz zehatzagoa egin zuen Eskualdunak, ez alferrik segatu zituen gerra hark Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako milaka gizon gazte eta ez hain gazteren biziak.
Iparraldeko herrietan oraindik nazionalismo frantsesak harro aldarrikatzen duen trajedia haren lekuko beldurgarriak dira “Morts pour la Patrie” dioten monumentuak. 1914ko uztailaren 31ko Eskualdunak dio kronika luzearen baitan: “Hau da berriz mobiliziazione gaitza! Egundaino Frantzian ez da ikusi holakorik. Hainbertze gizon, holako ordre ederrean, hoin fite, oro utzirik, denak soldado. Gerla behar badugu, doala gerla. Biba Frantzia!”. Ez ordenaren defendatzaile zorrotzenak ziren apezek hori idaztean eta ez mobilizaturik -Zuberoako Zalgizetik 6 anaia Garikoitz familiakoak, Lapurdiko Getariako Elbée familiako zazpi anaia gehi arrebaren senarra gehi arreba bera Gurutze Gorrian boluntario!- eraman zituzten 45 urte arteko gizonek imajinatu zezaketen 1914ko uztailean zenbaterainokoa suertatuko zen hekatonbea.
“Estonagarri da eta, kontsolagarri zonbat soldado joan diren hor harat kofesaturik, komuniaturik, beren abitu eta medelak soinean, arrosarioak sakelan. Gaizo gizon fede azkarrekoak, zuek daukuzue salbatuko Frantzia”. Gerra Frantziako lurretan sartuko ez zen itxaropenezko asteetan idatzi zuten Eskualdunan. Mereziko du Armiarmakoen asteroko entregak leitzea. Mende bat geroago euskaldunoi min egiten diguten orbainak zertxobait hobeto konprenitzeko.