Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Deabruen ehizan berriro
2014-08-20 // Iritzia // Iruzkinik ez
Peio Ospital (Pantxoa Karrererekin musika ibilbide luzea egina duena, Peio Itsasukoa) uda honetan Lapurdi Irrati giristinotik kanporatzea erabaki duenean Marc Aillet gotzainak, honen komunikazio arduradun Olivier Drapek mezu larria bidali dio irratian bolondres ari zen gizonari: Peio deabruaren esku-makila da. Kristau anglikanoek gizon eta emakumeen arteko parekidetasunean urratsak eman dituzten une berean, katolikoek demonioa berpiztu dute. Marka txarra.
Niri deabruak ez zidan aspaldian atentziorik deitzen arik eta duela urte gutxi nekazaritza ekologikoaren historia landu duen gizon gazte jakintsu batek afaritan serio aipatu zigun arte. Kristau karismatiko zaharberrituen legean bizi zen familia hartan entzun genuen Rudolf Steinerrek asmatutako nekazaritza biodinamikoak ez bakarrik osagai esoterikoak dauzkala baizik eta Jainkoari (kristauentzako berea da egiazko jainko bakarra maiuskula merezi duena) planak izorratzeko deabruak darabilen joko maltzurraren adibidea.
Bromarik ez deabruekin, geldiarazi behar dira, suntsitu, erre, akabatu, birrindu. Usaintzen hasita nago katolikoek zahartzaroa izorratuko digutela.
Aurrezki kutxak jada ez daude gure esku
2014-07-01 // Iritzia // Iruzkinik ez
Edo lehen zeuden pittina baino are gutxiago dauzkagu eskueran. Boteretsuen agendak nahi izan du Euskal Autonomia Erkidegoak azken urteotan eduki duen lanabes ekonomiko sendoenaren kontrola galtzea, noiz eta hamabost egun lehenago 150.000 herritarrek erabakitzeko eskubidea giza-kate erraldoi batez aldarrikatu ostean. Gogor ahalegindu beharko dute jendeek Espainian indartzen ari den berzentralizatze uhinari aurre egiteko. Ez pentsa kontzertu [edo konbenio] ekonomikoa betiko irabazita zegoenik. Gazteek hemeroteketan bilatu beharko dute LOAPAren esanahia. Prest ote gauden Espainiarekiko autonomia osoz funtzionatzeko? Ez espero laguntza handirik gaur aurrekontu autonomikoetatik kobratuz “Euskadi da gure Aberria” aldarrikatuta bihar Espainiako oligarkiaren pakeboteetan pilotu izatean batere kontraesanik sentitzen ez duten balizko liderrengandik, banago Jaurlaritzan eta banoa BBVra ondoren aterrizatzeko Kutxabanken, atzo Sabin Etxeako jauna nintzen eta gaur Espainiako energia multinazional gotorrenean ari naiz nagusi, goizean Iberian eguerdian Euskaltelen arratsalderako BBKn… Onak gaude gu Espainiatik deskonektatzeko.
Sirian hasi ote da mamitzen Ekialde Hurbileko mapa berria?
2014-06-26 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Gaurko Libia, Siria, Irak eta Saudi Arabiaren etorkizuneko balizko mapa (Irudia: Robin Wright)
Lerroon gaineko mapa The New York Timesek azaldu zuen 2013ko irailaren 28an, Robin Wrightek idatzitako “Imagining a Remapped Middle East” artikuluaren osagarri. Magreb eta Ekialde Hurbila abiadura bizian itxuraz nola aldatzen ari diren eta zenbateraino alda daitezkeen irudikatzen du.
Ekialde Hurbila ondo ezagutzeko fama duen Robin Wrightek artikulua plazaratu zuenerako, Libiak praktikan erakusten zuen mapa honetako itxura, hiru entitatetan zatitua; Siria ere hurbildua zen hor erakusten denera. Aldiz, inork ez zuen esango Irakek bide berari jarraitu behar zionik hilabete gutxiren buruan. Wrightek idatzi zuen: “Siria zatikatzeak aurrekaria ezarriko du eskualde honetan, etxekoneko bizilaguna duenetik hasita. Orain arte Irak libratu da erortzetik atzerriko presioagatik, eskualde mailako beldurragatik eta petrolioak sortutako aberastasunak erosten dituelako leialtasunak, gutxienik paper gainean. Baina orain Siriak arrastaka darama Irak bere zurrunbiloa”.
Horrela, 1916an Turkiaren inperio otomandarra puskatan elkarren artean banatzeko Frantziak eta Britainia Handiak sinatutako Sykes-Picot itunak sortutako estatuek indarrez josi zituzten etnia eta erlijioak berriro lehengo eremuak berreskuratzen erakusten ditu mapa berriak; alauiak, xiitak, suniak… Argudiatu da XXI. mende hasierako geopolitikan estatu horiek ahuldu eta kaosean murgiltzea izan daitekeela Iparreko eta Mendebaldeko potentzia energi-gosetien asmoa.
Wright kazetari eta analistak orduan marraztutako mapa haragi bihurtu da Iraken. Momentuz bederen. Zeren eta badira beste analistak diotenak estatuak ez dituztela hain erraz desegingo, estatuek bizirik irauteko inertzia bortitza dutela. Aldiz, Wrighten analisiak ohartarazten du Saudi Arabia, orain Siria eta Irak desestabilizatzeko hainbeste diru inbertitu duen erresuma wahabista gerta litekeelako zatitzen hurrena.
Murrizketen kontra 50.000 manifestari Londresen… ikusi ez ditugunak
2014-06-23 // Ekonomia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Londresko karriketan manifestatzen joan den larunbatean. (Argazkia: Paul Packham, Twitterren)
Joan den larunbatean, ekainak 21, 50.000 pertsonaz goiti ibili zen Londresko erdiguneko karriketan gobernuak krisiaren aitzakian ezarri dituen murrizketa sozialen kontrako protestan. Kopurua The Guardian egunkariak onartua da. People’s Assmbly erakundeak deiturik, jende ezagunek hartu zuten parte ibilaldian bezala amaierako hitzaldietan, Russel Brand aktore ezagunak, Owen Jones ekonomialari eta idazle ezagunak eta beste. Kronikek diotenez, hala ere, mintzaldi hunkigarrienak herritar ezezagunek egin zituzten, batez ere mugimendu sozialen ordezkari tauletara igo ziren bi emakumek. Hemen ez gara askorik enteratu, Espainia eta Frantziako futbolari milioidunek Brasilgo lurretan darabiltzaten buruhausteez okupaturik. Bitxiagoa da, ordea, Britainia Handian ere ez dela albiste izan. Sare sozialetan haserre ibili da jendea BBC kateak berak ezikusia egin diolako gertakizunari.
Uribetxeberriak aukera bat eskaini digu
2014-06-23 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Josu Uribetxeberriari naturak baimendu dio medikuek pronostikatutako epea pasatuta bizirik jarraitzea, baina bere disziplina pertsonalak eta etxean egoteak asko lagundu du: zuzen elikatu, ariketa fisikoak zorrotz egin, familiaren eta lagunen beroa sentitu, ibili eta ibili… Nolaz kondenatu dezake epaileak kantzer terminal batekin borratzen ari den gizona hamabi metro baino urrutiago heldu ezin den pisutik ezin irtetera? Etxe barruko kartzelaldi berrian Josu ez da kexatu, kanpoan egiten zituen kilometroak barruan egiten saiatu da eta kito. Antzera ikusten dira bizirauten eta erresistitzen preso gaixo larri gehiago, nor bere osasun ahula gainditzeko ahaleginean imajinatzea ere zail egiten den bizi-baldintzetan, baina hori ez da kontua. Kontua ez den bezala Justizia espainiarrak ematen dien tratua alderatzea beste kondenatu boteretsuagoei ematen dienarekin. Gauza asko dauzkagu eztabaidatu eta argitzeko bake prozesu edo normalizaziorako bide edo adiskidetze edo dena delako ibilbide konplikatu horretan, direla bateko eta besteko biktimak, eta tortura, eta eskubideak, eta eragin diren min guztien erantzukizunak, eta nahi den guztia. Baina euskal presoekingizatasunez jokatzea, alferrikako minik ez eragitea, osasunez larri dagoena ostikoka ez erabiltzea… ezin da geratu agendaren azken lerrorako. Aprobetxatu behar dugu aukera. Uribetxeberriaren egoera berriro pittin bat normalizatu izana gerta liteke kate berri baten lehen begia. Gaixotasun larriak dauzkaten presoak etxeratzea izan dadila hurrengoa, dauzkaten osasun arazo sendaezinak minimo humano batzuekin eraman ditzaten. Ez dago gure esku bakarrik, baina gure esku ere badago Josu Uribetxeberriak ireki digun zirrikitua zabaltzea. Besardaka bana eta mila esker, Josu.
Malores Etxeberria eta Pello Zubiria
Belaunaldien bostekoa
2014-06-09 // Iritzia // Iruzkinik ez
Lagunekin ama daraman autobusaren arduradun alaba doa. Bazen garaia edo erreleboa datorren seinale, zeuk aukeratu. Militante jubilatua bileretan lagunaren semearekin koordinatzen. Gurasoen belaunaldikoekin beti erraza ez dela entzun zaie gazteei, duela 30 urteko faktura bitxiak ateratzen dituzte mahaira. Ekintzaile zaharrak urtetan metatutako azpiegiturak oparitu dizkie hasi berriei. Kazetari gazteak estudio zentraletik kronika eskatu dio kalean oinezko erreportari dabilen zuzendari-ohiari. Segaz belarretan Gure Eskubidea zizelkatzen duen aitonaren irudi helikopterotik bidaliak semearen adinekoak antolatu ditu urrutiko txoko batean, ondoren Interneteratu ditzan biloba izan daitekeenak, ez abisua eman gabe ordenadorea sortzen ikusitako beterano horri sinfalta tuiteatu dezala titulua. Aitatxi bizikletan harat-honat peto berdea jantzirik, ama mikroarekin irratiz kontalari, semea bazkarien kantinako eltze artean. Ospitaletik ilunabarri duintasunez aurre egiten dion osaba R.U. patriarkak bidali du mezua: “Gure eskuak ere. +2 Donostiako Ospitaletik“. Egizute nerekin aberri bidea, kantatu dugu Iruñetik etxeratuta, adinen arteko katea ere apurtu dugulakoan: sua bizirik dago, galduak ez gera.
Trantsizioa ostikoka Aritxulegin
2014-06-04 // Iritzia, Politika // Iruzkinik ez
Guardia Civilak ez dio obeditzen ezein alkate, lehendakari, diputatu, ararteko, epaile demokrata edo obispori, Espainiaren batasunaren kontinuitateari baino, herenegun Primo de Rivera, atzo Franco, gaur tokatzen dena. Kontsolatuko gara Oiartzunen atxilotuak jipoitu ez badituzte, gehiegi eskatzea litzateke haien egoera aginte independente batek ikuskatzeko eskatzea. Lehenago lortuko du Podemosek III. errepublika Guardia Civila kontrolatzea baino. Trantsizio berria egosten ari dela irudikatu du Juan Carlos Borbonek bere abdikazioarekin. 1975-1977ko usainak ekarri dizkigu batzuei. Agintearen banaketa berriaren negoziazioa martxan dago Madrilen. Euskal Herrian, alde batetik abertzaleenek Askatasunaren Ibilaldi berria berrargitaratu dute Gure Esku Dagorekin (“batzuek astindu behar dute arbola…”), beste aldetik Madrilen zer egosten den ondoen dakitenek benetako negoziazioan kutxarea sartu nahi lukete (“… beste batzuek bildu ditzaten intxaurrak”). Bitartean, bestelako mugimendu bortitzago eta ilunagoren batzuk ere gertatu behar dute -hala komeni bada- Espainiak onartzen duen politika errealaren mugak ondo nabarmentzeko. Zenbat aldiz tirokatu zuten Eustakio Mendizabal “Txikia”ren oroimenezko plaka Itsasondoko jaiotetxean, guraso zaharrak barruan zeudela? Orain Intxaurrondokoek Aritxulegiko haritzak astintzea egokitu da matxino zaporeko ezkurrik eman ez dezaten, baina non dago idatzita bihar ezin dezaketenik astindu Martin Garitano bezala Juan Jose Ibarretxe?
Gure esku ez ei dago Espainiako Estatuaren biraketa
2014-06-03 // Iritzia, Politika // Iruzkinik ez
Bizkor ustekook ez garela besteak baino lehenago enteratzen Espainia faktikoaren sakoneko mugimenduez. Atzo La Vanguardia egunkari katalan monarkikoaren 19. orrialdean Espainiako politika errealaren saltsagile ezagun Ramon Tamamesek zioen Katalunia-Espainia krisiaz kazetariak galdetutako “¿Cree que en esta situación puede haber un viraje?” horri erantzutean: “Dicen que el Rey está intentando algo. No sé qué estará intentando. No es un tema para que el Rey se meta al cien por cien, pero no está mal que inspire la idea de una conciliación“. Goizeko 10:30etan, Juan Carlos Borbonek Espainiako erregetza utzi zuela jakindakoan, ni naizen mozolo honek twitterreratu nuen: “Gaur Tamamesek La Vanguardian, Juan Carlos ari zela Kataluniakoarekin mugitzen… orsai total?”. Ni bai orsai. Iluntzeko Teleberrin Iñigo Urkullu entzunda askok ulertuko genuen zerbait baino gehiago bazekiela lehendakariak Madrilen egosten ari denaz, tartean atzoko efektu kolpeaz. Zer den egosten ari direna? Biraketa deitu dio Tamamesek, esan dezagun norabide aldaketa, lemaz txaluparen joaira kanbiatzea, egokitzea. España 1975-1977 bis. Ez ametsi egin ziabogaz ari direnik. Aukera berria, ziklo itxiera, ziklo berriaren irekiera… gure eskuen beharrik gabe, lanerako ez bada?
Santi Auzmendi hil dela
2014-05-27 // Historia, Iritzia // Iruzkinik ez
Santi Auzmendi 2006an Donostiako bere dendan. (Argazkia: Dani Blanco)
Errazegi ahazten dira gauzak. Guk ez daukagu ahazteko Santi Auzmendi. Maiatzaren 22an hil zen, kasik bezpera arte kaleetan barrena lasterka zebilen 73 urteko jostun lazkaotar donostiartua. Jostun diogu berak bere buruari hala deitzen ziolako, “Auzmendi. Sastre“, baina ez zetorkion handiegi moda-sortzaile. Zenbait iritzi eta bizitzako pasarte kontatu zizkion Amets Arzallusi 2006an. Baina euskal prentsa 1970ko hamarkadan ezagutu duenak aspalditik daki Auzmendiren berri. Zeruko Argiaren publizitate haiek (“Donostiako estiloa.“) gogoratuko ditu: zenbatek jartzen zuen iragarkirik euskaraz 1977an, Franco hil eta trantsizio betean, abertzaleek mundua jan behar… baina gaztelaniaz (“joango gara euskara sartzen pixkanaka azkenean dena euskaraz egin arte” eta gaur arte), subentzio publikoa kontzeptua asmatzeke, artean ez Autonomiarik eta ez Preautonomiarik (Consejo General Vasco 1980an sortuko zuten!), eskukada bat langile eta kolaboratzaile sutsu gehi irakurle fidelak eta publizitatez laguntzeko lau katu. 1980an langileen esku geratu zen ordura arte kaputxinoena izandako Zeruko Argia, kooperatiba berriak kazetari izena ARGIA laburtu zion. Orain arteko krisirik latzenari egin behar zioten aurre langileek, astekaria inprimatzeko papera erosteko dirurik ez eta krediturik ez ematen banku bakar batek. Gure historia buruan daraman Joxe Mari Ostolazak kontaturik dakigu dirua jartzeaz gain bankuen aurrean beren buruak berme jartzeko eskuzabaltasuna erakutsi zutenetakoa izan zela Santi Auzmendi, Hernanin denda txiki bat eduki ondoren Donostian ari zena arrakastaz, lagundu eta laguntzaile gehiago konpromisora erakartzeko prest. Gero Donostian eta Gipuzkoan tendentzia markatu zuen Auzmendik. Korrika ikusi izan dugu azken urteotan. Heriotzaren atarian, ingurukoei eskatu omen die despedidarik ez antolatzeko, ez bada sagardotegian ospatzea. Ongi irudituko zaio guk gin-tonic batez despeditzea gure aspaldiko laguntzailea.
Abertzaleen enpatea nola kudeatu
2014-05-26 // Iritzia, Politika // Iruzkinik ez
Banako berdinketa: EAJk 1 – EHBilduk 1. Horixe da atzo hautesleek Euskal Herrian oparitu duten emaitza. Politikako profesional guztiak datu horrekin ariko dira ordutan hausnarrean. Egia da ARGIAren titulu nagusia: “EAJk irabazi du Euskal Herrian 224.066 botorekin, EH Bilduk Hegoaldean“. [P.S. Hau idatziz geroztik ARGIAk kalkuluak zuzendurik “EH Bilduk irabazi du Euskal Herrian, EAJk EAEn, PPk Nafarroan eta UMPk Iparraldean” titulatu du]. Egia den bezala, gurea bezain strictu sensu harturik atzokoak, paperezko Gararena: “EHBildu es primera fuerza en Hego Euskal Herria“. Desde luego, egiaren mamia Euskal Herrian ez da islatzen Diario Vascoren titularrotan: “El PNV mantiene su hegemonía en Euskadi“. Muinari gehixeago hurbildu zaio Noticias de Gipuzkoa: “El PNV reafirma su liderazgo en la CAV seguido de Bildu por 30.000 votos“. Oreka bedi El Paisen hemengo edizioaren zuzendari Juan Mari Gastacak nabarmendu duenarekin: “EH Bildu es el vencedor moral de las elecciones al Parlamento europeo, celebradas ayer en Euskadi, a pesar de que el PNV le supera en número de votos“.
30.000 botoren aldea EAEn gutxi da EAJk beti lortu dituenen aldean. Ipar eta Hego Euskal Herri, eta Frantzia eta Espainiako boto guztiak xuxen batu ostean, 220.000ren bueltan tartea 4.642koa bezain murritza izateak ez dit niri beste hitzik onartzen: enpate. Xuxenek gorriz zigortzen didan arren, ezin ados jarri, ez baitatoz ados EAJ eta EHBildu enpate egonagatik. Hortik aurrera, nahi diren interpretazioak herrika, eskualdeka, lurraldeka, EAE mailan, Nafarroan, Hegoaldean, Iparraldeko bozketaren berezitasuna, zaborren eragina ala ez eta nahi den guztia. Baina enpate. Agur harrokeriak. Ongi etorri elkarlana edo elkarren arteko lehia seriotasun handiagoz egin beharra. Diario Vasco eta Correo Españolek (“El PNV vence con holgura en Euskadi y el PSE sufre un varapalo histórico“) nahiagoko zuten bestelako panorama bat, baina gure kolega erraldoiok ere etsiko dute noizbait, ez dutela lortu hemengo jendea beren errotan ehotzea.