Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Errauskailua? Bildu legeztatzeak kondenatu zuen
2013-11-14 // Kondarrak // Iruzkin bat
Hernanin Zero Zabor koadrilako gehienon kalkuluetan ez zen sartzen, 2011ko udaberria baino lehenagoko borroka egun ilun eta etsigarriez ari naiz, lortuko zenik Zubietan egiteko bidean ziren errauste planta gelditzea. Indar handiegiak nahastuak ziren labe haren negozioan, zertan hasi azken hamarkadotan Gipuzkoako planifikatzaile eta politikari nagusiek egindako saldukeriak zerrendatzen. Usurbilgo jende adoretsuek erakutsia zuten bazela hondakinentzako alternatiba merkeagoa, burutsuagoa, osasungarriagoa. Usurbildarrek zeukaten arrazoia. Aldiz, indarra, ai indarra, zer nolako indar harroa, errauskailuaren alde ari zen eta puntu.
2011ko udaberriko udal hauteskundeen aurretik borrokarako aski indar ematen zuen gizakiaren etorkizunerako hil ala bizikoa den hondakinen kudeaketa iraunkorrerako bide berria urratzen laguntzeak. Errauskailua gelditzeko aukera gutxi daukagun arren, gaurdanik landu dezagun bihar labe pozoitsu hori gelditurik antolatu beharko den alternatiba, egin ditzagun guk gauzak ondo, erakutsi dezagun bestelako modu bat badela. Haiek indarra, guk arrazoia.
Bildu legeztatzeak aldatu zuen dena. Oldartzen eta ilegalizaziozko berunezko urteen ostean, Euskal Herriak bere benetako izaera soziologiko eta politikoa azaldu zuen hauteskundeetan. Gero, Gipuzkoako erakunde nagusien kudeaketa bere gain harturik, nik ez dakit orduan Bildu eta funtsean Sortu zer bilakatuko ziren baldin eta hautatu balute errauskailuaren atzeko indarrekin halako “erdibideko” soluzio bat adostea, errauskailu txikia, sasi-errauskailuren bat (Aralarrek lata ematen zuen eten gabe errausketa baizik ez den gasifikazioarekin!), soluzioren bat tipo “mediku jauna, uste dut haurdun samar nagoela“. Bide horretatik jo zezan presiorik ez zuten faltako. Errausketaren kontrako militante batzuek horren beldur ziren, publikatuta utzi zutenez…
Baina Bilduk eta funtsean Sortuk hautatu zuten honaino ekarri dituen bidea. Ilegalizaziorik beltzenetik eguneroko politikan lur hartzeko aukera paregabea baliatu dute Gipuzkoako hondakinen kudeaketarekin. Ezkerraren agendaren erdian ipini dute krisi klimatiko eta ekologikoaren eztabaida erreala, utikan umeei eskoletan jasangarritasunarekin orduak galarazteko ikastaro kosmetikoen aroa. Establishmentari aurre egin behar izan diote, neke handien artean, kanpotik bezala barrutik desestabilizatzeko antolatu dizkion erasoek ondo astinduta, lurralde eta gizartearen antolamendurako funtsezkoa den arazo baten inguruko pedagogia landu behar izan dute aldaketen aurrean uzkur diren herritarrekin Diario Vasco buru duen armadak aspaldi erabakitako fuego a discreción ahal bezala agoantatuz… Orain, errauskailuaren mamua edo itxaropena (norberak hauta beza) betirako bazterturik, seguru gauzek bestelako itxura hartuko dutela.
Zubieta ez al da, ororen buru, XXI. mendeko Lemoiz bat? Denok gaude pozik gaur Bizkaiak eta Euskal Herriak ez daukatelako Fukushimaren laurden bat Lemoizen. Hala poztuko gara hamar urte barru gaurko eztabaidoz oroituko garenean.
Tamalez -inori ez baitzaio entzun Lemoizko eskandalua aztertuko duen ikerketa batzorderen bat sortzeko proposamenik, horra Lemoiz bera biktima- orduan ere ez diegu autokritikarik ttikiena entzungo hainbeste buruhauste, kalte ekonomiko eta arrisku eragin dizkiguten politikari profesionalei. Baina hala ere, ondo egina ondo dagoelako poz bat sentituko dugu.
Ekidistantziarik gabe, prefosta
2013-11-13 // Iritzia // Iruzkinik ez
Bartzelonako egunkari monarkiko eta hala ere Madrilgo progreena baino irakurgarriagoa denak bi albiste jaurti dizkit 08:00etako kafetara, Alemaniako aspaldiko bortizkeriekin lotuak.
Leon: “Alemania condena a tres años de cárcel a la ‘terrorista jubilada’. Sonja Suder, de 80 años, participó en tres atentados de ultraizquierda en 1978“. Sonja Suder absolbitu dute atentatu odoltsu baten konplizitatetik, bere kontrako froga bakarra zangoak galdu eta itsu geratu zen ekintzaileari poliziak bortxaz ateratako salaketa. Aldiz, hiru urte eta erdi ezarri dizkiote odolik gabeko hiru akziogatik… 1978koak! Frantziako jende bihozberak eduki omen du babestua 2000. urtea arte, Parisko hedexuriek zaman pistola jarri zioten arte, geroztik bi urte espetxean.
Kastillo: “El caso Gurlit ablanda a Alemania. Ante la presión mundial, divulga 25 de las 1.406 obras del tesoro de Munich” (loturarik ez Interneten oraingoz). La Vanguardiaren 29-30. orrietan arakatu behar duzu. Naziek aberats juduei kendu-ostutako arte obra guztiok (Canaletto, Chagall, Delacroix, Matisse, Rousseau, Rodin…) aleman aberats honek etxean edukitzea ezin omen du eragotzi poliziak, 1.406 obren zerrenda ezin du publikoan zabaldu, 1960ko hamarkadan nazien krimenak zigorrik gabe lagatzeko orduko Alemania Federalak amnistia legeztatu zuelako. “1969an indarrean jarritako lege batek itxitzat eman zituen itzuli edo indemnizatu beharragatiko epaiketa guztiak. Hori baino lehen, Adenauer kantzilerraren Estatu idazkari batek aldaketak sartu zituen kode penalean, erru gabe utziz gizadiaren kontrako krimen izugarrien erantzukizunak zituzten milaka nazi”. Konrad Adenauer, Europaren batasunaren aitaponteko nagusietakoa, kristau demokraziaren faroa, hura zen gizona hura.
Kafe honi zerbait bota diok, Jon. Burua baitoakit 20 urte arrera. 75 urtetara iritsi naiz eta osorik. Jubilatuen Benidormeko itsasoari begira aurkitu naiz kafe berdina hartzen ostatu arrotzean. Periodikoan irakurriko dut Belgikatik edo Mexikotik Espainiaratutako terrorista jubilatu bat epaitu dutela Madrilen, 1980ko hamarkadan Lemoizko zentralaren eraikuntza ez demokratikoa geldiarazi nahian Bizkaiko zokoren batean argindar poste bat zapartatu zuelako. Ondoko mahaian kontu-kontari ari dira Juan del Olmo, Ignacio Astarloa eta biek “general” deitzen dioten niretzako ezezagun bat, “haiek bai garaiak”…
Filipinetako enbaxadorea gose greban Klimaren Varsoviako biltzarrean
2013-11-12 // Nazioartea // Iruzkinik ez
[“Philippine Rep Makes Plea for ‘Global Solidarity’ to Fight ‘Climate Madness’” (Filipinek munduaren solidaritza eskatu dute klimaren erotzeari aurre egiteko) titulupean kronika interesgarria plazaratu du Lauren McCauleyk Common Dreams gune aurrerazalean. Handik euskaratuak dira ondoan doazen paragrafoak.]
Filipinen enbaxadore Naderev Saño (eskuinean), Hiroshi Minami japoniarrak ongi etorria egiten diola Varsoviako biltzarrera, azaroaren 11n (Argazkia: Janek Skarzinsky)
Varsovian Nazio Batuen Erakundea klimaz burutzen ari den biltzarrean, negoziatzaileak esan die klimaren aldaketa ukatzen dutenei: “Jaitsi zuen bolizko dorretik eta zoazte Filipinetara bisitan”.
Aldaketarekin klima “erotu” egin da eta Filipinak bezala ahulak diren herrialdeek ez daukate denborarik alferrikako negoziaketetan aritzeko, hala esan du Naderev “Yeb” Saño Filipinen ordezkariak Klimaren Aldaketarako Nazio Batuen Erakundearen Lan-taldeak (COP19) astelehenean hastean, eta gehitu du gose-greban sartzen dela negoziaketan aurrerabide garbia ikusi artean.
Bilera hasi da Haiyan tifoiak Filipinetan sekulako hondamendia eragin eta hiru egunetara. “Gure herrialdean gertatzen dena da klimak gaur bizi duen eromenaren ondorioa”, esan du Sañok, eta azaldu ditu kataklismoak ekarritako kalteen datu batzuk. Haiyan izan da garai modernoetan ezagutu den ekaitzik gotorrena.
“Guk geldiarazi dezakegu erokeria hau. Hementxe, hain zuzen, Varsovian”, esan du, aurrean zeuzkan 200 herrialdeetako ordezkariei adierazteko iaz indargabetu zen Kyotoko protokoloaren lekuan beste itun berri bat eraiki beharra dagoela. Askok uste dute eztabaidek ez dutela ekarriko negutegi eraginezko gasen 2015. urtea arteko mugatzea besterik.
“Haiyan bezalako tifoiak eta horiek eragin kalteak dira nazioarteko komunitateari oroitarazten diotenak ezin duela berandutu klimaren aldaketaren kontrako ekintza”, esan zuen Sañok. Duela urte bete, Dohan (Katar) egin zen gisa bereko biltzarrean, Sañok berditsu hitz egin zuen, orduan oroitaraziz Sandy hurakanak eta Bopha tifoiak eragindakoak. “Ezin dugu betirako segitu klimaren aldaketa gertatzen ari ote den ala ez eztabaidan”.
Klimaren aldaketa ukatzen dutenei, edo beroketa globalaren eraginek gutxiago kolpatzen dituztela-eta aldatzeko nagi dabiltzan herrialdeei, desafio egin die: “Jaitsi zaitezte zuen bolizko jauregietatik, utzi ezazue zuen besaulkien erosotasuna. Zoazte Itsas Bateko uharteetara, Kariberakoetara, Indiako ozeanokoetara, eta ikusi itsasoaren maila igotzeak zerk kalte dakartzan; zoazte Himalaia eta Andeetako mendialdeetara eta ikusi nola egin behar dioten aurre jendeek izotzen urtzeak dakartzan uholdeei, zoazte Artikora non herri osoak borrokan ari diren horma hain azkar urtzearekin, zoazte Mekong, Ganges, Amazonas eta Niloren deltetara non jendeak eta aziendak itotzen baitara, zoazte Ertamerikako mendixketara, hauek gureen antzeko hurakan ikaragarriei egin behar diete aurre, zoazte Afikako sabana zabalera non klimaren aldaketa bihurtu baita hil ala bizikoa janaria eta ura urritu ahala”.
Eta mintzaldia bukatu du hitzokin: “Elkartasuna zor diedalako nire herrialdean etxera jateko zerbait eraman nahi eta ezinean ari diren gizonei eta azken egunetan mokadu bat jan ez duten anai-arrebei… borondatezko barauari ekiten diot oraintxe”.
Artzapezpikuak komunioa ukatu die zaborrekin kutsatzen dutenei… Napolin
2013-11-11 // Kondarrak // Iruzkinik ez
Crescenzio Sepe, Napoliko kardinala
Ez dugu tituluarekin esajeratu. Ikusi Ansa agentziaren titulu hau: “Sepe, chi inquina non può fare comunione“… (euskaraz, kutsatzaileak ezin du komuniorik hartu) eta “X Forum Internazionale Greenaccord, Card. Sepe: ‘Condannare chi abusa di beni che sono de la collettività’“ kronikaren hasiera: “‘Rifiuti zero, obiettivo possibile’ izeneko mahai-inguruarekin ireki da Greenacord erakundeak burutu duen nazioarteko 10. foruma. Bertan parte hartu dute Campania eskualdeko lehendakari Stefano Caldorok, Napoliko alkateorde Tommaso Sodanok eta Crescenzio Sepe kardinalak. Larunbata bitartean beren ikuspegiak trukatuko dituzte hondakinen arazoari era berrian aurre egiteko estrategiez eta aukerez bost kontinenteetatik iritsitako 30 zientzialari nazioartean famatuk eta ehun kazetarik”.
Crescencio Sepek esan omen du: “Ingurumenari kalte egitea, natura erasotu eta bortxatzea beste bekatu asko baino larriagoa da. Horregatik, ‘Canta e cammina” izeneko nire azken gutun pastoralean guztiei egin diet dei kristauak hezi, formatu eta gidatzeko ahaleginean parte hartu dezaten eta zuzendu dezagun lehenago aski zorroztasunez kondenatu ez izana komunitatearenak diren ondasunen erabilera okerra, herritarrei eta komunitate osoari ezin konponduzko kalteak eragiten dizkiena. Eskatu diet apezei, bikarioei, erlijiosoei, diakonoei eta laikoei berriro aztertzea zein den gure egitekoa eta garrantzia nagusia ematea etika publikoaren baliori, guztion etorkizuna horretan jokatzen baita”.
Key Wallacek La Reppublica egunkariaren gunean ingelesez daukan blogean “No communion for polluters” sarrera idatzi du kardinalak esanez: “[Esan du Sepe kardinalak] ‘Kutsatzen dutenak ez daude Jainkoaren grazian eta ezin dute komuniorik hartu’. Badira gai batzuk zeinetan sinestunak bezala sinesgabeak, ezkerrekoak bezala eskuinekoak, denak ados jarri daitezkeen, eta horietako bat da ingurumenaren suntsitze ikaragarria. Horregatik ederra da ikustea behingoz eliza katolikoa indar egiten politikoaz gain kriminala ere baden gai batean.
Behar bada Crescenzio Sepe Napoliko artzapezpikuak lortu ahal izango du estatuak eta legearen eta ordenuaren indarrek ezin izan dutena, alegia, Napoli inguruko Camorraren banda kriminal organizatuei eragoztea zaborrak, sarritan toxikoak, piletan erretzea. Azken hilabete honetan handitu egin dira protestak Campanian, urriaren 26an 50.000 baino gehiago bildu zituen Napoliko manifestazioak.
Kardinalak irailean deklaratu zuen ingurumena kutsatzea ‘bekatu larria’ dela. Asteazkenean Greenaccord forumean kazetariei esan zien: ‘Garaia heldu da denok elkarrekin aurrera egiteko gure lurrari pozoia kentzeko’. Amen, diot nik”. Bai, diogu guk ere: hala bedi.
Egin dezagun otoitz Fukushiman piszina husten asma dezaten (Net Hurbil)
2013-11-07 // Fukushima // Iruzkinik ez
Aste honetako Net Hurbilen gaia: “Egin dezagun otoitz Fukushiman piszina husten asma dezaten“. Azaroan ekin behar diote TEPCOren langileek Fukushima Daiichiko 4. erreaktorearen erregai biltegia husteari, nahiz eta operazioa aste pare baterako atzeratu duten “Fukushima-4ko erregai biltegia husteko lanak atzeratu egin dituzte” albistean aurreratu genuenez. Lurrikarak birrindutako eraikinean bi urte eta erdiz goiti egoera tamalgarrian edukitako erregaiok leku seguruago batera eramateko lanak oso izango dira konplexu eta arrisku handikoak. Mundu osoak egon behar luke haiei so.
Zentralaren 4. erreaktorearen biltegia husteko jaso duten eraikin berria (Argazkia: Fukuleaks)
Argazkiaren alboko testua, paperezko bertsioan: “Fukuleaksetik eskuratutako argazkiak erakusten du Fukushima-Daiichiko zentralaren laugarren erreaktorea. Goiko parte kolore argikoa eta eskuineko egitura grisa, horixe da erregai erabilia lekualdatzeko hilabeteotan eraikitakoa. Garabi erraldoiaren paretik ezkerrera doana da eraikin birrindua; barruan dauzka erredaktore erreaktoraren galdara, istripuaren egunean hutsik zegoena, eta justu garabiaren parean dago ditxosozko biltegi edo piszina, galdaratik ateratako 400.000 kilo erregai erabili (uranio, plutonio eta beste gai oso erradiaktiboz osatuak) beste norabait eramateko zain zeuzkatenak. Lurrikarak erortzeko zorian utzi zuen laugarren solairuan dagoen putzu hori, ura galduz, hotzik atxikitzeko arazo handiekin. Lurraren astinduekin, gainera eroritako zakarrekin eta urmaelak behin baino gehiagotan irakin duelako, erregaia osatzen duten hagak oso egoera txarrean daude, lekualdatzea zailduz”.
Fukushima-Daiichiko 4. erreaktorea eta bere biltegia biltzen dituen grafikoa (Grafikoa: Fukuleaks)
Fukuleaks guneak berak, hondamendiaren jarraipen oso ona egiten duenak, eskaintzen ditu 4. erreaktorearen alboko piszinaren kokapena eta hura husteko ahaleginak hobeto ulertzen laguntzen duten argazki eta grafiko haboro. Horien artean lerroon eskuinetara dagoena. Ezkerreko karratuak biltzen du 4. unitatea zena (mugatzat ipinitako marra urdina arte): lanpara forma dauka erreaktoreak berak eta bere goikaldeko laukian dago geziz markatuta erregai usatuak dautzan piszina. Gainerako egitura guztia berria da. Marra gorriz inguratuta ageri da artikuluaren goiko argazkian material zuriz egina dagoela ikusten den estalkia: horretan daude bi garabiak, bi urte eta erdiotan arrisku bizian dauden erregai erabiliak ateratzeko baliatuko dutena.
Erreportajerako erabili diren iturri eta bestelako erreferentziak:
– Rebelion gunean Salvador Lopez Arnalen “Ubicados en el borde de un abismo apocalíptico”
– Andrea Germanosen “Fuel Removal From Fukushima’s Reactor 4 Threatens ‘Apocalyptic’ Scenario” Common Dreamsen
– Frantsesezko Fukushima-blogen Phil Ansoisen “Les risques de la récupération du combustible de l’unité 4 à Fukushima”
– Ashi Shimbun egunkarian “Documents show government tacitly accepts TEPCO’s refusal to pay for cleanup”
– Firewinds gunearen bideo honetan Arnie Gundersen nuklearretako ingeniari famatua Akio Matsumura diplomatiko japoniarrarekin hizketan, eskatuz Fukushimako hondamendia kudeaketa TEPCO konpainia pribatuari kendu eta nazioarteko agintari eta adituen esku jar dezaten.
Fukushima-4ko erregai biltegia husteko lanak atzeratu egin dituzte
2013-11-05 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Fukushimako 4. erreaktorea istripuak birrinduta. (Argazkia: Enformable)
Energia Nuklearraren Segurtasunerako Japoniako Erakundeak eskaturik, TEPCOk atzeratu egin du hiru egun barru azaroaren 8an hasi behar zuen operazio oso delikatua. Fukushima-Daiichiko zentraleko 4. erreaktorearen erregai usatuak gordetzen dituen biltegia husteari ekin behar zioten aste honetako paperezko ARGIAk “Egin dezagun otoitz Fukushiman piszina husten asma dezaten” kronikan kontatuko duenez, baina Japoniako Gobernuaren erakundeak zentralaren kudeatzaileei agindu die lanen segurtasuna bermatzeko aurretik proba gehiago egitea. Albistea aurreratu du Kiodonews agentziak: “TEPCO to conduct test for Fukushima No. 4 unit fuel removal“.
Atzerapenez bada ere fite hasi beharreko lanok luzeak, oso konplexuak eta arrisku handikoak suertatuko dira. 400 tona erregai usatu oso erradioaktiboz ari gara, 1.300 barratan banatuta daudenez; Common Dreamsen idatzi duen Andrea Germanosen kalkuluetan Hiroshimakoa bezalako 14.000 bonbak leramaketen erradiazioa daukate. Lurrikarak birrindutako laugarren erreaktorearen eraikinean bi urte eta erdiz goiti egoera tamalgarrian edukitako erregaiok leku seguruago batera eramateko lanak oso izango dira konplexu eta arrisku handikoak. Mundu osoak egon behar luke haiei so.
Kubatarrak maisu behar gorriaren teknologietan (Net Hurbil)
2013-11-04 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Joan den asteko Net Hurbil hurbildu da Ernesto Orozak “desobediencia tecnológica” deitu duen fenomenora: “Kubatarrak maisu behar gorriaren teknologietan“. Kuban izan diren guztiek kontatu dituzte han herritarrek egunero behar dituzten tresnak sortu, konpondu eta bizirik atxikitzeko daukaten modu guretzat bitxia. Espiritu karibetarra dela, beharrak kitzikatzen duen irudimena, blokeo ekonomikoari aurre egin nahia… Ernesto Orozak esplikatu du Kubaren 50 urteotako historiaren baitan.
Artikulurako erabili diren iturri eta beste erreferentzia batzuk:
– Kelly McCartney-ren “Is Cuba the First Large-scale Maker Society?”
– Desobediencia Tecnológica kontzeptua darabilen Ernesto Orozaren gunea
– Architecture of Necessity, Orozaren beste gune aberatsa.
– Ernesto Orozaren Rikimbili gunean, motozikleta atalka berreginen bilduma
– Zenbait rikinbiliren argazkiak El Ingenio Cubanok jarrita.
– “Kubako ‘Zuk-Zeuk-Egizu’ asmakizunak isolamenduzko 30 urteotan“, Orozarekin MotherboardTVk egindako bideoa, gaztelaniaz ingelesezko azpitituluekin.
Papereko erreportajeak dakarren argazkia hemen, alboko testua osorik erantsita:
Lezumbalaberenjena erabiltzaileak Flickren laga duen 2012ko argazki honetan, Kubako Santa Clarako senar-emazteak etxe aurrean daukaten rikimbiliarekin. Rikimbili edo riquimbili deitzen zaio beste makina eta ibilgailuen atalez brikolatutako motoari. Argazkikoa osatuta dago txirringari erantsiz motor bitxiren bat (zein tresnari kendua?), eserlekua besterena da… merezi luke gertuagotik ikustea, gasolinaren ontzia adibidez. www.revolico.com salerosketa gune kubatarrean eskaintzen diren autoen azalpenak harrigarriak dira: jatorrizko txasisari marka ezberdinetako motor, ispilu, pneumatiko, galga eta denetakoak itsatsi zaizkio. Edozein markatako edozein atal da ona edozein tresnarentzako, kontua da resolver. Irudi txikian, Che Guevarak ministro zenean zabaldutako afixa. Sistema sozialistak sustatu zuena, azkenean herritarrak erabili du sistemaren ezintasunen gainetik bizirauteko.
Badira sarean rikimbilien irudi deigarriagoak, paperezko ediziorako erabili ez direnak edo tamaina ttikiegi edo kalitate urriegiagatik. Lerroon aldamenean doana, esaterako, Rikinbili.com gunean aurkitu dugu. Karreretarako prestatua, auto-ekoizpenezko moto honek gasolinaren ontzitzat plastikozko botila soila darama, ezkerreko heldulekutik zintzilik. Enbragea ezkerreko oinak manejatzen du, ikusi indarra transmititzeko uhalaren sistema. Aurreko gurpilak ez du galgarik. Motorra izan daiteke edo eskuzko fumigatzaile bati kendua, 100 cc baino txikiagoa.
Mondragon eta gu guztiok trantsizioan
2013-11-03 // Ekonomia, Iritzia // Iruzkinik ez
Fagorren hondamendiak irudikatu du mundu osoak eta zehazki euskaldunok bizi dugun ziklo amaiera. Kazetarion agenda ere irauli du, agur pentsamendu ahularen debaldeko su artifizialen garaiak; herritarra zalantza artean murgildu da, zer pasatzen ari den ulertu nahi luke, zer gerta daitekeenaren pistak eduki. Fagorrez galdetzen du, Mondragonez, euskal ekonomiaz, industriaz, konkurrentziaz, globalizazioaz…
Fagorrekoak egunero sortzen dituen informazio mordoen artean, asteburuko bik merezi dute nabarmentzea. Garan Joseba Salbadorrek “Cuanto más grandes nos hemos hecho, hemos perdido el ideario cooperativista” kronikan kooperatibako bi bazkide jarri ditu solasean, Iñaki Azpiazu “Ahots Kooperatibista” talde kritikokoa eta Juan Antonio Talledo “Tatxo” aitortzen duena lehenaren aldean jarrera ‘acomodada‘ daukala, oker ulertu ez baugu zuzendaritzak hartutako erabakiekin konformaerrezago jokatu duena. ARGIA honetan bertan Baleren Bakaikoak “Fagor Etxetresnak: porrota eta itxaropena” iritzian azaldutakoak gogorarazi dizkiguten kontuak aipatu dizkiote Salbadorri bi fagorkideek.
Joseba Azkarraga Etxagibel soziologoak, Mondragon Unibertsitateaz gain Lanki institutuan ere aritu denak, gaiaren informazio asko eta ona eduki behar duenak, mundu industrializatuak klimaren eta energi iturrien krisiengatik bizi behar duen trantsizioaren parametroetan aztertu du Fagorrena “Kooperatiben geroaz” piezan. Guztiek eta batez ere gazteek -“ikasi ezazu karrera on bat eta lana seguru aurkituko duzu, emango dizkizuna etxea-bikotea-bidaiak-kontsumoa hil artio” gezurrarekin bazkatu ditugunok- leitu beharreko analisia. Ez Azkarragak proposatzen ditugunekin kooperatibek edo euskal ekonomiak bihar goizeko galdera urgenteei erantzuna aurkituko dietelako, baina bai bizi dugun egoera bezala gainean daukagun etorkizuna kokatzeko ikuspegi macro beharrezkoa damaigulako.
Fagorren porrotak orain arte zeharka baizik harrapatu ez gaituenok ikasgaiak ateratzeko denbora eta patxada hartu ditzakegu. Aldiz, ulertu behar da hondamendiak zuzenean kolpatuek aski lan badutela egunerokoarekin. Tsunamiaren erdian jakin nahi lukete zer eta zenbat galduko duten, eta zerk iraungo duen zutik. Hori ere kontatzea dagokigu kazetarioi.
Ez direnak ere badirelako, Jexuxmai
2013-10-29 // Agiñarenak, Iritzia, Musika // Iruzkinik ez
Kantak maite ditugun zorionerako, musika egiten du Jexuxmai Lopetegik eta ez ditu eguneko orduak gastatzen kazetari alferron paperak betetzeko hitz hutsalak pilatzen. Ez al da horixe ihesiak Joseba Sarrionandiari ere, Jexuxmaik bere abestietan hainbeste usatzen duenari, eman dion zortea? Horregatik goiz batez EITB irratian entzun duzu kanta bat tiroa bezala sartzen dena (“Zer esan esan ezinaz eta beharraz / Zer isiltazunaz, minaz…“) eta zure buruari galdetu ea nolaz ez zenuen horren berririk.
Izar uxo (2009)
“Izar uxo” (kanta guztiak osorik dauzkazu libre) festa eder bat izan da azken urteotan gure etxean. Zerk engantxatu ote gaitu? Izango da Jexuxmairen belaunaldi beretsukoak izateagatik esan gabe doazen klabe asko partekatzen ditugula. Aginagako orduan gazteak Zarautza gindoazenean neskatara, dantzaldi berean geunden, gu behean zalabardoa zabaldu eta kolpe gehienetan huts eginez, Jexuxmai kiosko gainean musikari. Frankismoaren bukaera, post-frankismo lehena. Urte haietako poparen eta rockaren bariante askoren oihartzunak datozkio bati “Izar uxo” entzunda.
Badira hor baladak, badira nire hezur tristeok dantzan jartzen dituztenak (“Harea“), neoliberalismoan aurkitu dugun erosotasuna salatzen dutenak (“Paradisu hontan” Joseba Zulaikaren hitzen gainean: “Lehenengo mundua deitzen zaion paradisu hontan / zoriontasuna saltzen ezer erostekotan / atseden hartzen dugunak rutinaren magalean / bizitzaren alargunak mundu birtualean“…), eta “Bidegurutzean” (Jose Luis Padronen hitzekin) edo “Pessoa gogoan” bezala naif-tao puntua daramatenak… Badira Sarrionandiaren sorta, hainbeste herriminen artetik zein hautatu, “Ez diren gauzak“, “Sorlekuaren kanta“, “Inongo lekua“, “Esku ahurreko markak“… Ahaztu barik Kaskazuriren bertso ezagunen bertsio samur hori (“Ez nau inkomoratzen besteren lujuak / deklaratzera nua nere enojuak: / zurrutak tiratzen nau, pixka bat jokuak / atarramentu onik ez dauka kojuak…“). Eta bada Harkaitz Canoren hitzekin osatutako “Ni naiz Jean Michel Basquiat” jazzero ausarta (aditu ez baduzu, sinfalta sartu “Izar uxo” eta bilatu) , “Pop arteari / popatik eman ziona naiz / maiz!“, entzutearen poderioz urteekin onduko zaizuna ardo ondo egin baten gisan. Dudarik gabe ez da Lopetegi bakarrik, musikari potenteak daude diskoan, Xanet Arozena eta Satxa Soriazu eta David Etura eta…
Errekan gora (2013)
Orain “Errekan gora” publikatu behar duela iragarri zaigu. Asteotan aurkezten du, azaroaren 6an kontzertua eskaintzeko Zarautzen. Bere webgunean eskegi ditu kanta guztiak libre entzun nahi dituenarentzako. Egileak Hitzarako Aritz Mutiozabali aitortu dizkio zenbait klabe bideo honetan. Zer nahi duzu, ni hunkitu nau Zarauzko erriberak zanpatu zituen autopistaren betelanaren kontuak, baserrian sortutako Jexuxmai txorizalearengan marka utzi zuenak, Aginagakooi Aintzi-Arrate-Arburuko haran zoragarri hura galtzeak eragin zigunaren parekoak, horretan ere senide aurkitu naiz Musika Plazako gitarristarekin, madarikatuak bitez gure paradisu txikiak suntsitu dituztenak.”Errekan gora“ko kantak lau urte barru “Izar uxo“koak bezain indartsu fresko mantendu badira, Lopetegi 2013an sasoian zegoela seinale.
Fukushiman 7,3ko lurrikara, orain Francisco tifoia, laster Likema
2013-10-26 // Fukushima // Iruzkinik ez
Francisco eta Likema tifoiak 2013-10-26ean Japoniatik hurbil, Euskal Herrian goizaldeko 01:00 zenean (Argazkia: Accuweather)
Iturri batzuk aipatzen dute 7,3 gradukoa izan dela, zenbaitek 7,1ekoa, beste batzuek 6,8koa, gaur goizaldeko ordu biak pasatxotan (Euskal Herrian atzo ilunabarreko 7ak pasa berritan) Fukushima astindu duen lurrikara. Lehen momentuan agintariek tsunami alerta abian jarri duten arren, ez da horrelakorik gertatu, nahiz eta Fukuleaksek (“Tsunami Warnings Over, No Immediate Damage Noted At Fukushima Daiichi“) nuklearrean ari diren langileen iturrietatik jakin ahal izan duen beste zentral batean, Onagawakoan, metro erdiko tiraina nabaritu dutela.
Asahi Shimbunek iragarri du: “7.3-magnitude quake rocks Japan; no damage reports“. La Gran Epocak: “Central Fukushima afronta terremoto de 7,3 grados y al tifón Francisco“. Japan Timesek lehen unean titulatu du: “M7.1 earthquake shakes Tohoku coast, tsunami advisory issued“.
Gaur pasako da Japoniako lehorritik hurbil Francisco tifoia, aurtengoen zerrendan 27. zenbakia daramana. Eurite handiak ari behar du une honetan [Euskal Herrian 12:00ak direnean] Kanto eta inguruko eskualdeetan, Fukushi barne. Ikuskizun dago Francisko baino ekialderagotik pasako den 28. tifoiak, Likemak, aurrekoaren indarrean eta norabidean eraginik izango duen. ARGIAk gertakizun honetaz azken egunotan publikatu ditu “‘Francisco’ eta ‘Likema’ tifoiak Fukushimara hurbiltzen ari ” eta “Berriz ere euri ura lur azpian biltzen hasi dira Fukushiman “.
[20:00. Eguneraketa] Japan Timesek zabaldu du (“7.3 ‘aftershock’ rattles Tohoku. Small tsunami hit coastline but no damage reported“) Japoniako meteorologia agentziaren ustez gaur Fukushima astindu duen 7,3ko lurrikara izan dela 2011ko martxoaren 11an 19.000 jende hil, eskualdea suntsitu eta zentral nuklearra lehertarazi zuen 9 graduko lurrikararen oihartzuna. Zorionez, esan dute agentziako iturriek, epizentroa Fukushimatik 260 kilometrotara eduki du. Tsunami alerta piztu badute ere, metro erditan geratu da eragin duen tiraina.
Tifoiek dagokienez, AFP agentziak hemengo arratsaldean azaldu du Francisco ahuldu eta Japoniako kostaldetik urrutiratu dela, kalterik handienak Oshima uhartean eraginez, eta agintariek espero dutela Likema tifoia bihar ahultzea (“Typhoon weakens off Japanese coast“).