Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Volkswagen, Petronor, Zabalgarbi… nork nola kontrolatzen ditu isuriak?
2015-10-01 // Ingurumena, Kutsadura // Iruzkinik ez
Greenpeaceko ekintzailea Volkswagenen gezurrak salatzen. (Argazkia: Ledgergazette)
John German ingeniari estatubatuarrak sinpleki azaldu dio The Guardian egunkariari nola aurkitu zuen Volkswagenek bere auto famatuen isuriekin egindako iruzurra: kotxeek errepidean normalki zirkulatuz emititzen zutena neurtuta. Behin eta berriro neurtuta, zehazkiago, enpresak deklaratzen zuenaren eta benetan autoek kutsatzen zutenaren tartea izugarria zelako. Nola zen posible?
The Guardian: “Dio Germanek Volkswagenek tranpatan segituko zuela etorkizunean ere, baldin eta inork ez balu pentsatu autoen isuriak neurtzea errepide errealetan”. Hain xinplea: enpresak eskaintzen zituen datuak zertifikatuta daude laborategiko frogetan, laborategiko baldintzetan. Europan inork ez ditu alderatu kamioan zirkulatuz egindako frogekin, eta hori soilik gertatu da AEBetan han gai honen kontrola zorrotzagoa delako eta Germanek lan egiten duen Center for Alternative Fuels, Engines and Emissions erakundeak horrelako frogak egiten dituelako. Bestalde, emisioen zertifikazioak Europan industriarekin lotutako auditoriek egiten dituzte, Multinazionalen Europako Behatokiak “Power of car industry lobby makes scandal inevitable” analisian erakusten duenez. Nola ez dute tranpa egingo erraldoiek? Iruzurrez aberasten dira.
Demagogiarik ez dagigu gaia parekatzen baldin badugu egunotan Petronorren isuriez Euskal Herrian eztabaidatzen ari denarekin. Unai Break informatu duenez, Ana Oregi sailburuak kutsadura salaketak hutsalak direla justifikatzeko esaten du Ingurumen eta Osasun sailek elkarlanean egiten dute Petronorren kontrola ezin hobea dela. Baina nork eta zein baldintzatan kontrolatzen du?
Alfonso del Val ingurumen adituak aspaldi kontatu zion LARRUN aldizkariari Madrilgo Valdemingomezeko errauste plantaren kutsadura aurkitu ahal izan zela ia kasualitatez: erdikidego autonomoak zeuzkan neurketek eta Madrilgo udalarenek bat egiten ez zutelako, epaile batek baimenduta kontrolak egitera sartu ahal izan zen Del Val errauskailura bi guardia zibilekin eta zertifikatu ehal izan zuen errauskailuan ez konbustioa eta ez isuriak ez direla errealitatean gertatzen laborategiko froga kontrolatuetan bezala. Aitortua baino askoz gehiago kutsatzen duela.
Alde batera utziko dugu oraingoz gaur legez onartutako kutsadura mailak multinazionalek beraiek lege bihurtu izana politikari salduen bitartez. Hasteko, konformatu gaitezen emisioen oraingo legeak betetzearekin. Hona galdera zentrala: nork egingo ditu -eta nork ordainduta- Petronorrek bezala Zabalgarbik egunero edozein ordutan dauzkaten isuri errealen neurketak?
[P.S.] Ildo beretik gaur goizean eskandalu berria: Samsung telebistek energia eraginkorrago darabilte testetan bizi errealean baino. Laborategi independenteek egindako kontrolek erakutsi dute Samsung markako telebistek Europan emaitza hobeak erakusten dituzte test ofizialetan gero bizi errealeko funtzionamenduan egindako testetan baino.
Heldu da urria eta ekonomialariak istripuen zain kanarioei begira
2015-09-29 // Ekonomia // Iruzkinik ez
Herrialde garatuetako burtsen emankortasuna neurtzen duen MSCI World Markets indizearen azken bost urteotako garapena. (Argazkia: Thomson Reuters)
Bi analista ospetsuk hala iragarri omen zutela eta, joan den udan hedabideek aipatu zuten urrian ekonomiak beste erorialdi latz bat jasan zezakeela, titular deigarriekin, ikusi Russia Today gaztelaniaz: “Predicen que un colapso económico a gran escala sacudirá el mundo este octubre“. Alegia, munduko gobernu asko beren zorren ordaindu ezinak harrapatuko zituela. Urte bete lehenago, urria ez aipatu arren, 2015erako aurreikuspen goibelak egin zituen Jacques Attali ekonomialari ospetsuak, orain arteko ziklo ekonomikoetan zazpi urtero lurrikarak gertatzen direla eta: “The Next Crisis: In 2015?“.
Katastrofistek tarteka burua berotzen digute eta gero ahaztuta geratzen dira. Berdin ari omen dira asko joan den igande gaueko ilargi odoltsuari profeziak atera nahian. Baina gauza da azken egunotan behatzaile eta hedabide serioak ari direla egoera ekonomikoaren larriagotzeaz abisu ematen.
Gaur bertan Reuters agentziak dio azken egunotan munduko burtsa askotan gertatzen ari diren beherakadek alarmatuak dauzkatela agintariak. Neoliberalismoaren biblietako bat den The Economist aldizkariaren blogetako batean Buttonwood zutabegileak dio burtsetako akzioen egunotako gainbeheraz: “[Meategian gas arriskuaz ohartarazteko ipinitako] kanario bat isiltzen denean, merezi du inguruan begira hastea. Baina txori multzo osoak isiltzen direnean, alarmatzen hasteko garaia da. Gero eta handiagoak dira finantzen merkatuetan eta mundu mailako ekonomian alarma zeinuak”.
Gure inguruan udatik hona asko aipatu da Txinaren ahulaldia, eta horrekin lotuta AEBetako banku zentralak interes tasa ofizialak igo ala (egin zuen bezala) bere hartan uzteko erabakiaren garrantzia, beranduago nabarmendu den gisan AEBko agintarien hautuak are kezkatuago utzi omen dituela merkatuak, esan nahi baita munduko oligarkak. Lehengaien merkatzearen ondorioak ere aipatu dira, Brasili bezala beste herrialde askori egin dien kaltea, mendebaldarroi petrolioa merkatzearekin egiten omen digun mesedea, eta abar.
Baina lehengaien salmentaren ahultzeak multinazional handiak ere harrapatu ditu, hala nola meategien erregeetako bat den Glencore britainiarra. Eta hori guztia gutxi balitz, Europako kapitalismorik zorrotz eta sinesgarrienaren ikurretako bat, Volkswagen, kinka larrian dago industrialek aspaldi egin duten iruzur tekniko handienetako batean harrapatu dutelako.
Paul Mason kazetari britainiar ospetsuak ere kanarioen metaforari heldu dio, bere herrialdean siderurgia une larriak nozitzen ari dela eta: “Redcar: not the only canary in the coal mine“. Kanarioa meatzariek eramaten zuten grisu gasaren detektore gisa: kanarioa isiltzen bazen, grisuak ito zuela seinale eta gizonak… korri irteera bila! Mason ere konbentzituta dago 2008ko krisitzarra ez dela txukun konpondu, eta ekonomia globalizatua den soineko zarpailduari jositako adabakiak eteten hasi direla: “Hazkundearen zati handiena dirua merke mailegatzean oinarrituta daukan mundu batean, honelako ahulaldien arazoa da alboko kalteak eragiten dituztela”. Eritasun larri askotan gertatzen den moduan, azkenean eria gaixotasunak berak baino gehiago izorratzen dute harentzako asmatutako botika on-onaren alboko kalteek.
Irakurle, urri honetan kontuz istripuekin.
De Lucarentzako fiskalak zortzi hilabete eskatu ditu sabotajea justifikatzeagatik
2015-09-22 // Adierazpen askatasuna, AHT, Azpiegiturak, Iritzia // Iruzkinik ez
Erri de Luca AHTaren kontrako ekitaldi batean aurrean poliziak dituela. (Argazkia: Ensemble-44)
Urriaren 19an jakinaraziko dio epaia Torinoko juezak, baina atzo astelehenez jakin du Erri de Lucak zortzi hilabeteko kartzelaldia eskatu duela beretzako Torinotik Lyonerako AHTaren kontra Susa bailaran herritarrek egindako sabotajeak justifikatzeagatik. Dena dela, bost urte bitarteko kondena eror dakioke gainera, fiskalak aipatutako argudioak aintzat hartzen baditu epaileak.
Le Mondek zabaldu duenez, De Lucak adierazi du harrituta zegoela fiskalak hain zigor arina eskatzearekin, honek erabilitako argudio gogorrekin gehieneko espetxealdia eskatzea espero zuela. Antonio Rinaudo fiskalak esana zuen ez dagoela adierazpen askatasuna aipatzerik kasu honetan, testuinguruan garbi ageri dela De Lucak herritarrak xaxatu zituela ekintza zehatz eta ilegalak burutzera, bortizkeria erabiltzera: “Nazioartean daukan fama dela eta, bere hitzek zama oso nabarmena hartzen dute eta bere esaldiek indar handiz iradokitzen dute”. Primo Levi idazle antifaxista ospetsuaren hitzak ere ekarri zituen fiskalak: “Bizi gareino badugu erantzukizun bat. Idazten dugun oro behar dugu ordaindu, hitzez hitz, hitz bakoitzak uzten baitu arrastoa”.
Fiskalak Idazlearen defentsan Gianluca Vitale abokatuak adierazpen askatasuna eta bere bezeroaren maila intelektuala adierazteko, haren alde erabili zuen Aljeriako gerra betean De Gaulle jeneralak erantzundakoa torturak salatzen zituen Jean-Paul Sartre epaitzea eskatzen zutenei: “Ezin da Voltaire espetxeratu“.
Afera duela bi urte abiatu zen, Huffington Postek italierazko edizioan egindako elkarrizketan esandako honengatik: “[Galdera] Beraz, sabotajea eta bandalismoa zilegi dira? [Arrapostua] Beharrezkoak dira uler arazteko AHT eraikuntza kaltegarri eta alferrikakoa dela”. Joan den urtarrilean egin zenean epaiketaren lehen zatia, De Lucak argi berretsi zituen iritziok: “Eraikuntza alferrikako eta kaltegarri bat aurrera ateratzearren setiopean eta militarizaturik bizi den bailara batean, ahotsa entzun arazteko beste modurik geratzen ez denean, sabotajera jotzen da. (…) Idazle batentzako iritzizko delitua ohorea da”.
Irailak 21, pinu eta eukaliptuzko basamortuen kontrako eguna
2015-09-21 // Iritzia // Iruzkinik ez
Zuhaitz monolaboreak sustatzen dituen basogintzaren kontra borrokatzeko nazioarteko eguna. (Irudia: World Rainforest Movement)
Ez dut ukatuko Alzheimerraren eguna ere badenik, baina botika miraritsuak bezala terapia genetiko aztizkoak saltzen dizkigun farma-industria aski mintzo da hedabide gehienetatik. Aldiz, herrialde tropikaletako oihanak defenditzen dituztenek Zuhaitz Monolaboreen kontrako Borroka Eguna ere izendatu dute irailaren 21 hau, World Rainforest Movementek oroitarazi digunez. Kontua da aktibistok egun honetarako hautatu duten logoa (irudian ageri dena) Gipuzkoako armarritik aterea dirudiela. Gipuzkoak (ez aipa honetan Bizkaia, horrelako basamortu berde ilunik…) monolabore gisan kudeatutako basoz beterik segitzen duen arren, ez dakit nola ote dagoen pinu eta eukaliptuen kontu hori Aldundi berrian. Aurreko diputatuari gogor egin zieten baserritarrek eta batik bat pinu eta eukaliptuetatik oraindik negozioa ateratzeko ametsez ari diren baso jabeek eta zerrategietakoek. Aldiz, Eguzki eta beste zenbait ekologista eta natur taldek justu kontrakoa sakatzeko Aldundiaren atarian erakutsi zuten irudiarekin lotura gehiago dauka gaurko ospakizunarenak. Gipuzkoako armarrian hiru haginen ordez ipini hiru pinu eta listo. Horixe, bada… garaia dugula monolaboreak baso anitz bihurtzen hasteko. Zerramotorrez edo Nendo-Dangoz.
Hesien ezintasuna: gerrak baretu gabe ez dugu lasaituko iheslari uholdea
2015-09-15 // Iritzia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Hungariarrak Serbiarekiko mugan txarrantxazko hesia eraikitzen. (Argazkia: Reuters)
“Alemaniako erregina gure laguna da” ez dute gehiago esango iheslariek Merkelekin selfiak eginez. Bat batean etorkin gaizoak gozo hartzen hasi zirèn austriar patxadatsuek armada bidali dute Hungariarekiko mugara. Gero arte Schengen, aparkatu dugu barne mugarik gabeko Europaren espejismoa. Atzo moskeatuta baldin bageunden kanpotarrak ari direlako ogia kentzen gure seme-alabei, gure zergen kontura edoskitzen dituztelako zerbitzu sozial publikoek, ohitura zaharrak arriskuan jarri dizkigutelako, lapurretak ugaritu, emakumeen lorpenak galarazi, kutsatu… funtsean gaur ere berdin gaude haiekiko mesfidati, edo gehiago. Agur Aylan, mutikoa, labur iraun dik hireganako errukiak. Ez gaude lau milioi hartzeko Europan. Lau milioi, bai, pixkanaka boto emaileok ohartu baikara berrikitan Europar Batasunak agintariek aipatutako –ez erabakitako– kuotak ez direla entremesa baizik. Hesiak banan bana gainditurik datoz. EBz kanpokoek visa behar izana, iritsi ondorengo miseria eta eraso xenofoboak, Mediterraneoa zeharkatzearen arriskuak, klase guztietako kontrabandistei pagatu beharreko dirutzak… orain txarrantxak. Alemaniak esan duenean “aski!”, bere inguruan hesiak hasi dira sortzen ilara konzentrikoetan, gotorlekua defenditzeko gisan. Zer eraiki behar ote dute Greziak, Italiak eta Espainiak hainbeste milaka kilometrotako itsas hegian? Dena alferrik izango da, ongiegi bizi baikara hemen (barkatu biezat Cameron usaina hartu didanak) eta ikaragarriki gaizkiegi han. Ezer egin al duzu gerrarik egon ez zedin? Orduan orain irentsi kalte-ordainak. Gerra handi bat den globalizazio neoliberalaren biktimak aterpe bila datoz gure artera. Nora, bestela?
Kister koronela: “Nik hondoratu nuen Greenpeaceren ‘Rainbow Warrior'”
2015-09-07 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Rainbow Warrior militar frantsesen bonbaz hondoratuta Aucklandeko portuan. (Argazkia: Greenpeace)
1985eko uztailaren 10ean, Greenpeaceren militanteak zeramatzan Rainbow Warrior itsasontzia hondoratu zuen leherketa batek Zelanda Berriko Aucklandeko kaian. Fernando Pereira argazkilaria hil zen bertan. 30 urte beranduago Jean-Luc Kister koronelak aitortu du berak egin zuela, François Mitterrand lehendakari eta lehen ministro Laurent Fabius zeuzkan Frantziako gobernuaren aginduz.
Mediapart hedabideak ipini du sarean elkarrizketa, bere zuzendari Edwy Plenelek lorturik Kisterren aitortza. 1985ean Plenel aritu zen afera ikertzen Le Monde egunkarirako -zuzendari izatera iritsi zen bertan- , eta honetan plazaratutako albisteek eskandalua piztu zuten. Kister koronel erretiratuaren aitortza eskuratu du orduz geroztik metatutako informazioa bilduz plazaratu berria duen “La Troisième équipe – Souvenirs de l’affaire Greenpeace” libururako prestaketan.
1985ean leherketa nuklearrak egiten jarraitzen zuen Frantziak, Itsas Barean dauzkan bere ugarteetan, eta horiek eragozteko ahaleginean zebilen Greenpeace mugimendua. Parisko agintariek kanporako daukaten DGSE zerbitzu sekretuari (barneko espioitza orduan DSTk egiten zuen) agindu zioten Rainbow Warrior hondoratzea. Hiru ekipo bidali zituzten sabotajea egitera eta hirugarrenean Jean-Luc Kister orduan kapitainarekin batera bi lagun gehiago zihoazen.
Rainbow Warriorren kraskoan bi leherkari ipini zituzten, dio Kisterrek. Lehenbizikoa baporea hondatu eta eskifaiak ihes egin zezan denbora eman behar zuena. Bigarrena, gogorragoa, hondoratuko zuena. Gauzak kalkulatu bezala zihoazen, harik eta Fernando Pereira ohartu zen arten argazki makina ontzian ahaztu zuela. Haren xerka joandakoan harrapatu zuen bigarren eztandak.
Alde askotatik inplikatu zen arren Mitterrand bera gertakizun odoltsuan -Kisterrek garbi dio maiatzetik zegoela lehendakaria planen jakinaren gainean-, hiru urteren buruan berriro irabazi zituen bozak, bigarrenez izendatua izateko Frantziako lehendakari.
Gaur 63 urterekin erretiratuta bizi den Kister koronelak barkamena eskatu die Greenpeaceri eta Pereiraren familiakoei. Eta bide batez jakin dugu erasoan parte hartu zuten hiru militarretan beste bat nor zen: gaur Ingurumen Ministro den aldetik Klimaren Aldaketari buruzko Parisko gailurrera hurbilduko diren agintari eta ordezkariei ongi etorria egingo dien Segolene Royalen anaia Gerard. Bon… ongi etorria emango die 1985ean lehen ministro Laurent Fabiusek, gaur atzerri ministro.
AHTak zulo berria egin du: 304 milioi Pertuseko (Katalunia) tunelean aski trafiko ez delako
2015-09-03 // Ekonomia // Iruzkinik ez
Trena Pertuseko tuneletako batean sartzen. (Argazkia: TV3)
Eskandalu berri bat Abiadura Handiko Trenaren inguruan: Pirinioa Kataluniatik zeharkatzeko zulatutako tunela kudeatzen duen enpresak porrota jo du eta 304 milioi euro eskatzen die kalte-ordaintzat Espainiari eta Frantziari. Herritarrek beren diruz ordainduko dute AHTak sortu behar zuen trafikoa kalkulatua baino txikiagoa izatea.
Pertusen 8,3 kilometroko tunela ACSk (Florentino Perez) eta Eiffagek eraiki zuten 1.100 eurotan, horietatik %60 Europak diru publikoz pagatuak. Bi enpresok sortutako TP Ferro konpainia kontzesiodunak ordainketak eten ditu justu duela hilabete eta erdi, 400 milioiko zorra zeukalako pilatuta. Arrazoia: trafikoa aurretik kalkulatua baino askoz txikiagoa dela. Zehazki, 2014an bidaiarizko 44 tren espero ziren lekuan 11 pasatu zirela egunero, eta astero tunela zeharkatu behar zuten 96 merkantziazkoen ordez 30 besterik ez.
Kataluniako patronalaren eta Espainiako establishment monarkikoaren interesak islatzen dituen La Vanguardiak bere editorialean eskatzen du azken urteotan herri lanetan antolatutako estrategia berpentsatzea. Tartean dio: “Baina [trafikoaren urritasunaz gain] badira motibo gehiago. Tunelak zailtasun teknikoak dauzka merkantziazko trenentzako. Hasieran AHTarentzako soilik proiektatu zenez, merkantziazko konboientzako aldapa handiegiak dauzka, eta horregatik beren bidea burutzeko lokomotora bikoitzak behar dituzte, horrekin zerbitzua garestituz”.
Badirudi Real Madrideko lehendakari Florentino Perez, ACSren jabe nagusia, espezializatu dela obra publikoak diru publikoz eraiki, porrota egin eta estatuari berriro sosak aginte publikoei ateratzen, Katalunian bertan dagoen Castor gas-hobiaren eskandaluak erakusten duenez. Formula txarra ez daukate inbertsio funts+bankuek eta eraikitzaileek abokatu kabinete gotorrekin antolatutako taldeok: azterketa independentetan bermatu gabeko obra erraldoiak saldu aginte publikoei (iritzi publikoa manipulatuz hedabide nagusiekin) jakinik porrotera eramango direla, eraikitzearekin batera berenganatu azpiegitura handi horien (autopistak, trenbideak, aireportuak, gas-hobiak…) kudeaketa, eta hauek porrota egindakoan kalte-ordainak eskatu kontzesioaren paperetan idatzitako aurreikuspenak bete ez direlako. Horrela zulatzen da zor publikoa. Lapurreta garbia.
2008ko krisitzarraren 3.0 bertsioa: orain lurrikara Txinako burtsetatik datorrela
2015-08-25 // Ekonomia // 2 iruzkin
Lurrikara Txinan, panikoa Txinako burtsetan, Txinako ekonomiaren geldotzeak kutsatu du munduko ekonomia… Agintari txinatarren aukerak eta munduko usina erraldoi bilakatu den herrialde hartako ekonomia aztertzen dituzte gaur planeta osoko burtsen gainbeheraz kezkaturik diren adituek. Baina Shangaiko merkatuak dardarka hasi aurretik AEBn irailerako iragarritako neurriek emana zuten aditzera 2015eko udazkenean astindu batzuk ikustekoak ginela.
2008tik ikusi gabeko muturrekoak ikusi ziren atzo, San Bartolome eguna, mundu osoko burtsetan. Uda honetan XXI. mende hasierako krisitzarra gainditua omen genuen itxurak egiten ari ziren hedabideak eta agintariak hasi dira kezkatzen. 2008ko lehen lurrikarak AEBk jarri zituen balantzaka. Ondorengo erreplikak Europa harrapatu zuen, Grezia amildegiraino hondoratuz eta Italia, Portugal edo Espainia bezalakoak, baita Frantzia bera ere, hondamendi totalaren ertzeraino eramanez. Orain iragartzen zaigu 2008ko haren bigarren erreplika dela Txina astindu eta mundua dantzan jarri duena.
Posible ote da horrelako kataklismoa Pekineko agintariek beren moneta hiru kolpe azkarretan %4an debaluatu izanagatik? Agian bai, mundu osoan jarduera ekonomikoa nahi baino ahulago dabilela ikusten ari diren indar handiak (inbertsio funtsak, finantza erakunde erraldoiak, fortuna itzelak…) kezkatzen hasi direlako Txinako produkzioa orain arte aitortu dena baino makalago ote dabilen. “Txinako agintariek ez dakite zer egin” irakurtzen zaie aditu bat baino gehiagori.
Baina arrautzaren aurretik oiloa ere bazen. Uda honetan AEBko agintariek iragarri dute udazkenean hasiko direla indargabetzen 2008tik ekonomiari arnasa emateko erabili dituzten pizgarriak. Larry Elliottek The Guardianen azaldu duenez, Mendebaldeko agintariek pizgarri bereziak erabili dituzte urteotan finantzak osasuntsu edukitzeko nahiz eta ekonomia erreala, produkzio eta salmenta, izugarri ahul egon. Dopaturik eduki dute gure ekonomia, narkotizaturik, txutepean, akro. Badakigu horrelakoetan gaixoak arindu lehen bera hartzeko gero eta dosi bortitzagoa eskatzen duela. Hain izan da eraginkorra finantza pizgarrien altxaldia, ezen eta burtsa askotan burbuila ere antolatu den. Orain pizgarriak kendutakoan, dirua -dirutza handiak, esan nahi da- hasi da non inbertitu bila eta horrelakoetan balio seguruena… Mendebaldeko herrialde gotorren zorra izan ohi da, AEBena nagusiki. Igo ditzagun pittin bat interes tasak eta dirua berriro bere paradisu naturalera bihurtuko da.
2008tik hona Txinaren zorpetze maila lau halakotu omen da. Londresko burtsaren indizea bikoiztu. Munduak ez du ikasi, antza, 2008ko kataklismotik, edo beste esplikazioa izan daiteke ortodoxia neoliberalari jarraituz labarrean behera doan bizikletaren pedalei eragitea beste aukerarik ez dagoela. Goazen, beraz, 2008ko krisiaren 3.0 bertsio honetan aurrera eta udazkeneko bozketa, kanpaina eta propaganden ostean, XXI. mende hasierako krisitzarretik atera behar gintuzten BRIC herrialdeak (ai Brasil, Errusia, Txina eta enparauen ekonomia geldiezin haiek!) nor bere krisian murgiltzearekin batera Mendebalde aberatseko jende arruntok aurkituko gara behi argalezko zazpi urteotan ondo ikasi dugun formularen hurrengo atalarekin: murrizketak a-tuti-plen. Baina horren aurrerapenik ez duzu leituko Diario Vascon eta Correo Españolen.
Tsiprasi infernua erakutsi diote, purgatoriorik latzena onartu dezan
2015-07-15 // Grezia // Iruzkinik ez
Uztailaren 13 goizaldeko argazkian, ezkerrean, Donald Tusk (Europako Kontseilua), Alexis Tsipras eta Euklid Tsakalotos. Eskuinean, François Hollande eta Angela Merkel. (Argazkia: Bolsamania)
Ez ote ginen ohartu Keynes aspaldi hil zela? Zer da XXI. mendean aurrera goazela 1960ko politika ekonomiko sozialdemokratak aldarrikatze hori, izen handiko Nobel saridunen ariketa akademikotik harago? François Hollande eta Angela Merkelek argi eta garbi erakutsi zioten astelehen goizaldean, The Guardianeko korrespontsal Ian Traynorri Europako goi funtzionario batek bañera tortura saio batekin alderatu zion itxialdian: edo irentsi opila oso-osorik edo Europatik infernu beltzera zoazte. Obeditu ala suntsitu.
Bost urteotan Grezia miseriara eraman duen austeritate neoliberalaren alternatiba Grexita izatekotan, zor erraldoia pagatzeari utzi etorkizun hurbilean horren zati handi bat iraungitzea lortzeko, euroaren eremutik irten eta berriro drakmarekin funtzionatzen hastea… alternatiba prestatu gabe harrapatu gaitu. Greziarrak eta Europako beste edozein. Yanis Varufakisek egunotan esan dituen batzuk desegoki eta solidaritaterik gabekotzat jo daitezkeen arren, erakutsi du eurorik eta Eurogunerik gabeko funtzionamendurik ez zela antolatu.
Ezin zaie aurpegiratu Syrizako agintariei hori egin ez izana, hirugarren erreskate leunago bat lortzeko apustua jokatu izana de facto Europako aginte faktikoak hain urrun iritsiko ez ziren itxaropenean. Kartarik ez jokorako eta etsaiak jakin. Baina zer aurpegiratu behar dio Tsiprasi Europako ezein ezkerrek, Syriza bezain harrapatuta egonik hamarkada luzeotako ortodoxia neoliberalaren atzaparretan?
Egunak aurrera joan ahala ageri da Alemania buru duen establishment europarrak ez diola sufrikario bakar bat ere aurreztuko Greziari. Bai, neoliberalismoaren arimetako bat den Nazioarteko Diru Funtsak berak aitortzen du orain Greziari zorraren zati handiagoa barkatu beharko zaiola… baina informazio hauek ez dute Panzer austerizidaren estrategia aldatzen, ez bada hartzekodunak ere hasi direla elkarren artean disputan ea norberak zenbat galduko duen Greziako zuloan.
Lerrook idazteko unean ordulariak tiki-taka egiten du Atenasko parlamentuari Europak ezarritako baldintzak lege noiz bihurtuko urduri. Eta kontuz, hori ere ez da aski izango, hiru urteko erreskatea borobildu ahal izateko baldintza berriak irakurtzen dira ordu oro. Grexit derrigortuaren mehatxuak bizirik dirau.
Bost urtez Grezia odolustu duen estrategiak ez dirudi daukanik alternatibarik, estatuaren erabateko kiebra den infernua ez bada. Hori iradokitzen du NDFk orain aditzera ematean 3. erreskateak ezin duela funtzionatu, zuloa aurretik espero baino handiagoa delako. Infernua. Hori kenduta, alternatibarik ez. Edo bai, egon daiteke alternatiba baina eraiki egin behar da. Ez da izanen neoliberalismoa katedra akademikoen epeletik salatzen dutenen gustukoa.
Greziakoa eta gero, nork salbatuko gaitu europarrok gure eliteengandik?
2015-07-13 // Grezia // Iruzkinik ez
Aurreikuspen pesimistenak ere motz utzi dituzte Europako agintariek. Errukirik gabeko zigorra greziarrentzako. Erreferenduma egin eta gainera Troikaren eskaintza arbuiatu izanaren zigortzat, duela hamabost egunekoa baino agindu-zerrenda are gogorragoa. Alexis Tsiprasek eta Euklid Tsakalotosek osorik irentsi behar izan dutena. Oker diogu, Greziako populuaren aurrean defenditzeko kalbarioan egun luzez segitu beharko dute irensten Europa neoliberalaren ortodoxoek ezarritako penitentzia. Eta orduan ere ez osorik, amairik gabea baita Europako establishmentak Atenasko agintarien baldintza zerrenda.
Sareak sutan daude.
#ThisIsACoup, estatu kolpe bat da hau. Baina sareak daude sutan, ez kaleak. Gehiegi berotuko ez direla kalkulatu dute Europako eliteek. Greziarren umiliazioarekin abisua doakigu gainerakooi, haien buruan eskarmentatu dezagun. Mezua politikariei, mezua herritarroi: ez da salbaziorik neoliberalismoaren fedetik kanpo. Troikak hurrena ferekatuko dituenen zerrendan gaude gu.2010eko irailean Rodriguez Zapatero Espainiako lehen ministroari New Yorkeko bilkura batean munduko banku eta inbertsio funts nagusietako ordezkariek zerbait erakutsi omen zioten, eta geroztik ZP hasi zen ordura arte egindakoaren alderantzizkoa egiten. Zein amildegi, zein hondamendi orain Greziak bizi duena baino are latzago, erakutsi diote Alexis Tsiprasi asteotan, gaurko itun hau sinatzera makurtzeko?
Lehen Mundu Gerra amaieran alemaniarren galera zertifikatu zuen Versaillesko ituna baino umiliagarriagoa dela gaur goizaldean Tsiprasi sinatu arazitakoa, irakurri diot norbaiti. Versailleskoak ekarri zuen Adolf Hitler izeneko munstroa. Neonazien atzaparren besarkada saihestu ahalko dute greziarrek bihar? Zenbaterainoko autoritarismoa dakarkigu gainerakooi 2008ko krisiaren irteeratzat Europako oligarkiak prestatu digunak?
Goiz triste honetan batek pentsatzen du Greziako lagunetan eta sentitzen du AHTa etxe ondotik pasatzen ari zaizkion lagunarekiko berdintsua. Ez ote den hobe horrela, behingoz egin dezatela astakeria eta bukatu txikizioaren sufrikarioa. Bihar goizean bankura joanda normal kobratu ahal izateko. Denbora pasatu ahala ohituko direla normaltasun berrira. Baina normaltasun berri hau ez da irentsiko sute eder batzuk gabe.