Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Hartu txute hau eta ikusiko duzu zerua
2015-03-13 // Izorrategikoak // Iruzkinik ez
Simponiren (Janssen konpainia) webgune ofizialeko irudia.
Kalean topatu dut nirea baino artritis konplikatua sufritzen duen adiskidea. Almidoi Gabeko Dietaz, propoliaz eta enparauez mintzatuak ginen duela sei hilabete. Artritiko jendeari orain erreumatologoek gomendatzen dizkiguten biologikoez ere bai. Nola esan ezetz denbora laburrean berria bezala jarriko omen zaituen puntako botika bati? Borrokan hasiko zara lagundu nahi dizun medikuarekin, eta bi egunez behin kontrolatzen zaituen Mutuarekin, eta familiarekin eta zientziak zure esku jarri dituen aurrerapenekin? Gaur labur mintzatu gara. “Izorratu naute Sinponirekin. Hiru hilabete eta xxx [barkatu agerian ez esatea zer] izorratu dit. Erreumatologoak kendu egin dit”. Erretretako adinetik urrun egonik, luze egin behar zaio obreroen lanerako ahalmena eta ezintasuna epaitzen duen tribunaleko bidaia.
Ez da urtea beste adiskide bat ia akabatu zutela Rituximabekin. Borondate onenarekin, prefosta, kimioterapiaren eragina asko hobetuko dizu. Orain ia denetarako balio dute Anti-TNF molekula mirarizko eta karioek, jarraitu -mab bukatzen diren botiken arrastoa. Niri urte luzez Infliximab proposatu didate. Igoal hartuko nuen 2001ean ez balidate horrekin batera eman nahi izan Metotrexatoa: “Boy, be carefull. A friend don’t give Methotrexato to another friend“.
Rochek Mabthera markarekin merkaturatzen du Rituximab. (Konpainiaren publizitatea)
Aita edo ama zaharrarentzako pixoihalak behar baldin badituzu, aldi oro pasatu beharko duzu Osakidetzako anbulatoriotik. Xuhurkeria gutxiago dute Farma-industriaren pagotxa bihurtu diren Anti TNF molekulekin. Zenbateko negozioa eman diete bizia arriskatu duten nire lagun akuriek? Sinponi hartu duenak hilabetean 1.000 euro baino gehiago seguru, agian 3.000. Kimioa azkarragotzeko Rituximab eman ziotenak agian 11.000 dolar kolpe batean. Espainiako ospitaleetan botikatan egindako gastu osoaren %40 joan omen da biologikotan.
Igandean manifestaziorako deia egin dute Parisen legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren osasun lege berriaz kezkatuta. Nicole Delepine onkologo pediatrak ere bertaratzeko deia zabaldu du Ametist elkartetik, hamaika arrazoiren artean honakoa emanez: “Lege berrian ez dut aipamen bakar bat aurkitu urte luzez balizko diru faltaz atzeratuta goazen alor hauetaz: begien eta haginen zaintza [gezurra dirudienez, oraindik han bezala hemen ordainduzkoak direnak]. Hartu arazten dizkigute berritzaileak omen direlakoan astean 5.000 euro kostatzen diren molekulak, baina dozenaka urteotan konpondu gabe daudenak konpondu gabe”. Pozik joango nintzen “Ez dugu zuen akuri izan nahi!” oihukatzera.
Fukushima+4: ahaztea da are latzagoa gertatu dakigun bide segurua
2015-03-11 // Fukushima // Iruzkinik ez
Fukushimaren oroimenezko eta zentral nuklearren kontrako manifestazioa martxoaren 8an Tokion. (Argazkia: CBC)
2011ko ekaineko LARRUN prestatzen ari ginela, Fukushimako istripuaz galdetu genion ingurumen gaietan Espainiako aditu handietakoa den Alfonso del Val Pankorbokoari. Hilabete gutxi lehenago gure begien aurrean gertatzen ikusia genuen Lurrak ezagutu duen hondamendi atomikorik bortitzena eta katastrofearen handiaz jendea oharturik, zentral nuklearren aroa ixten hasteko tenorea iritsia zela zirudien.
Elkarrizketa inprimatuan modu borobilagoan bildu arren, gogoan dut galdetu niola: “Alfonso, baina Fukushimako istripuaren ondoren ezer ez da izango berdin”. Eta beraz moztu: “Deskuidatuta zaude, ez da ezer pasatuko. Ikusiko duzu”. LARRUNek bildu zuen ezkortasun horren argudioa: “Three Mile Islandeko istripua gertatu zenean oraingo gauza berak esan ziren, eta berdin segitu zuten gauzek. Gero Txernobyl heldu zen, eta berdin. Eta orain Fukushimakoa. Alemaniak dio zentralak itxiko dituela, baina aldi baterako itxiko ditu, zaharrenak, babes ontzirik ez daukatenak. Zergatik ez du inork hitz egiten ITER Nazioarteko Esperimentaziorako Erreaktore Termonuklear [fusioko erreaktore esperimental] famatuaz, hori ere etenda dago milaka milioi irentsi ondoren? Ez da hitz egiten, nire ustetan informaziozko kazetaritza librea falta delako. Ez. Energia nuklearrari oso ondo etorriko zaio Japoniakoa, zentral nuklear berrien kostea handitzeko, segurtasunari dagokion atalean. Fukushimakoak zazpi metroko harresia zeukan uhinetatik babesteko, baina 14koak heldu zitzaizkion. Orain belaunaldi berriko zentralak etorriko dira. (…) lehengora bihurtuko gara”.
Lau urte pasaturik, irakurtzen dut joan den igandean Tokyoko kaleetan Fukushimakoa salatu eta nuklearrak istea eskatzeko iaz baino jende gutxiago bildu zela. Antolatzaileek aitortua, urtetik urtera 10.000 gutxiago. Hori ez da kasualitatez gertatzen: ARGIAk emandako albistearen iturri nagusi NHK agentziak albistea ezabatu du! Informazioak garrantzirik ez duelako ez zen izango…
Three Mile Islandekoa gertatu zen, Txernobylgoa gero, Fukushima herenegun… estatistikak ez du huts egingo eta ez dira hogeitabost urte pasatuko hurrengoa gertatu arte. Hondamendi nuklearraz gozatzeko zozketa makabroan Europak txartel asko dauzka inbertituta, hasi gerratik kilometro gutxira Txernobyl gehiago dauzkan Ukrainatik eta Gasteizek bezala Bilbok atarian daukaten Santa Maria de Garoñaraino. Ez dugu ezer ikasi.
[P.S.] Irakurtzen diot Hiroshima Peace Instituteko Robert Jacobs doktoreari “Managing Public Perceptions of Fukushima: First Emergency Response of the Nuclear Complex” artikuluan:
“Zentral nuklearrak ez zituzten eraiki jendeen onerako. Eraiki zituzten osorik etekin pribatuentzako. Ezin da herritarren mesederako eraikia izan 4.000 belaunalditan (konparaziorako, Jesus duela 80 belaunaldi bizi izan zen) arriskutsu izaten jarraituko duten hondakinak sortzen dituen ezer. Eraiki dituztenek inbertitu dute epe laburrean beren balioari eusteko. Gure interesa da herrien osasuna eta ongizatea. Ez dugu sinetsi behar lobby nuklearrak, gobernuak eta industriak (eta haien alde dauzkaten erakunde akademikoek eta hedabideek) gu babestuko gaituztenik beren inbertsioak eta posizioa baino gehiago. Guk elkarri lagundu beharra daukagu. Geure buruak hezi behar ditugu eta gure herriak babestu”.
Errusia Krimeaz geroztik kontraerasoan: Rafael Pochen analisi argigarria
2015-03-05 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Errusiako Armadako soldaduak Krimeako Belbek aireportua hartzen 2014ko martxoaren 4an. (Argazkia: Business Insider)
Hamabi hilabete joan dira Errusiak Krimea bereganatu zuenetik. Berreskuratu, hala nahi bada historiari dei eginda. Hamabi hilabete ere Maidaneko matxinadaz geroztik, Viktor Janukovitxen kargugabetzea, eta hortik aurrerako guztia.
Duela gutxi arte Berlindik bezala gaur Paristik La Vanguardiaren korrespontsal ari den Rafael Poch (Bartzelona 1956) kazetari eta historialariak Ekialdearen eta zehazki Errusiaren ezagutzaile onaren fama dauka: Moskutik 14 urtez igorri ditu kronikak, “La Gran Transición: Rusia, 1985-2002” liburua dauka idatzita. La Vanguardian otsailaren 28an plazaratu zuen “Crimea y los imperios combatientes” kronika eta euskaraz ipintzea merezi du.
Krimea eta inperio gudulariak
Orain urtebete hasi zen Krimea anexionatzen Errusia. Ez zen izan “inbasioa”, errusiar tropak han zeudelako betidanik eta prozesua onartu zuelako lekuko biztanleen gehiengo izugarri zabalak, baina nazioarteko zuzenbidearen bortxaketa nabarmena izan zen. Bere ekimenarekin, Errusiak Nazio Batuen Kartaren oinarrizko bi printzipio handi eta sarritan kontrajarrietatik bat, nazioen autodeterminazioa, jarri zuen [estatuen] lurralde osotasunaren aurretik. Ukrainaren lurralde osotasuna bortxatzean, Errusiak hautsi zuen Mendebaldeak zuzenbide internazionala suntsitzeko eduki duen monopolioa, honek gerrak hasi baititu, edonon desegin ditu estatuak eta bereizi eskualdeak, Jugoslaviatik Ekialde Hurbilera, horrekin ekarriz sarraski handi eta kriminalak. Krimea bereganatzea eta ondoren etorri dena Donetsk eta Luhansken gerra itxurak hartuta (menturaz oraindik zabal litekeena Ukrainaren hego-ekialde errusiarzale eremu osora) askok ulertu dute dela Errusiaren expansionismo berri eta erasokor baten hasiera; horri aurre egiteko ezarri dituzte zigorrak eta eskatzen armak.
Baina hau guztia ez da hasiera. Bukaera eta gailurra da. Eta ez da ofentsiboa, erreaktibo eta defentsiboa baizik. Hau ulertzeko aski da ez tematzea ezikusia egiten Europaren kanpo eta segurtasun politikaren prozesuari, begiak ez istea hogei urte baino gehiagoz eta gerra hotza bukatzean zegoen espiritua nabarmenki bortxatuz, Errusiarik gabe eta Errusiaren kontra burutu den politikari. Rubicon ibaia izan zen iaz Euroatlantidak Kieven sustatutako errejimen aldaketa. Esan behar da Errusiak 1990eko hamarkadan meritu guztiak egin zituela Mendebaldeak berekiko begirunea gal zezan: Holandak adinako Barne Produktu Gordina zeukan, pribatizazio dekretuak Washingtonen idazten zizkioten, bere armada 5.000 gerrillarik menderatu zuten Txetxenian. Baina oker zeuden hori beti horrela izango zela uste izan zutenak. Putin hasi zen gauzak aldatzen eta horregatik bihurtu dute deabru.
Ukraina Euroatlantidarekin lerrokatzeak Errusiaren sendotzearen hiru atal funtsezko hausten ditu: merkatu integratu handi baten asmoa, gas hodi sarearen gaineko kontrola aberastasunak esportatu ahal izateko, eta Sebastopoleko base militarrak. Sebastopol, errusiarren eta sobietarren ohore militarren hiria, OTANen eskuetan geratuko zen, Ukrainako 20 milioi errusiar eta errusiarzaleak egoera zailean, Letoniako errusiarrak geratu diren bezala… Hori guztia Errusian biziko zen porrot nazional izugarri bat bezala eta, dudarik gabe, Putinen errejimenak dar-dar egingo zuen.
Errusia erreakzionatzen ikusirik ezin inor harritu, ergel bat baizik. Ergel horrek berak erein du kaosa, gerra hotzaren amaieratik hona, Afganistanen, Iraken, Libian, Sirian, Yemenen, Sirian berriro…
Krimearen anexioa ez da Ingalaterrari Malvinak kentzeko militar argentinarrek egindako saioa baino progresistagoa. Ezta batere. Inporta duena beste hau da: mende laurden honetan lehenbiziko aldiz eskualdeko [regional] potentzia handi -horixe baita gaur egun Errusia- bidea itxi diola Euratlantidako konglomeratua den superpotentzia hegemonikoari. Txinarentzako, Iranentzako, bolivarianoentzako eta abarrentzako aurrekaria sortu duen erronka hori da orain moztu eta zigortu nahi dena, ez Krimeakoa.
Gerra hotzaren garaiko polo biko munduaren ostean, inperio gudularien [imperios combatientes] aroan sartu gara, potentzia handi berriak agertzen diren aroan. Euroatlantidak jarraitzen du izaten botere mundial garrantzitsuena, baina planeta mailako indar korrelazio berriak planteatzen duen ekuazioa ezin da militarki ebatzi. Washingtonen, ordea, ez dute ulertzen. Eta horretan datza Errusiaren erantzunaren garrantzia: munduan diplomaziara itzuli behar larriari eta Europaren segurtasun integratuari buruzko test benetakoa da.
Facebook City: txaletak nagusientzako, taldeko logelak aprendizentzat
2015-03-01 // Ekonomia, Gizartea // Iruzkinik ez
Mark Zuckerberg eta Frank Ghery Zee-town izango denaren maketa ondoan. (Argazkia: Reuters-Daily Mail)
Daily Mail egunkariak aurkeztu du airoski: “Welcome to Facebook City! Mark Zuckerberg plans waterside development for 10,000 staff near firm’s San Francisco HQ“. Ongi etorriak zaitezte Facebooken hirira! Korporazio arrakastatsu horren ugazaba-guru Marck Zuckerbergek Frank Gehry (Bilboko Guggenheim…) jeinuarekin diseinatu du 80 hektareako herri handi bat, Facebookeko koartel nagusian ari diren 10.000 langileak eta beren familiak bizi daitezen.
Dena baita ziklikoa bizi honetan, antza denez kapitalistek erabaki dute aspaldi zaharkitutzat utzitako herri-fabrika patriarkalaren eredua berpiztea. Obreroak zintzo bildurik patroi bihotz-zabal eta ez hain esku-zabalaren inguruan, txitak lokaren inguruan legez. Zee-twon izena eramango duen herriak zerbitzu guztiak eskainiko ditu bere mugen barruan, supermerkatu, hotel, etxebizitza eder, inguru ekologikoki gozoa (haritzak landaturik 12ko altuerako etxeen terrazetan…) eta so on.
Baina, irakurle, baldin bazara Facebook-hirian karrera egitea amesten duen gaztea, edo alabaren bat baduzu tentaldi horiek darabiltzana, ondo irakurri albistearen letra xehea: “The extravagant plans will see the conurbation – dubbed ‘Zee-town’ – have its own roads, as well as accommodation ranging from luxurious villas for high-paid executives to dormitories for trainees”. Bisitan doazen exekutibo standing handikoentzako villa ederrak daude aurreikusita, baina zuretzako-zureentzako… logela komunitarioak. Patricio Echeverriaren antzinako Legazpin bezala edo.
Uholdeak: Urumeako uretatik ez gaituzte adabakiek salbatuko
2015-02-27 // Gizartea, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hernaniko Zubipe futbol zelaia 2015-02-26an. (Argazkia: Zuialde, Twitter bidez)
Uholde albisteen beroan idazten ditut lerrook Hernanitik. Urumea ibarrean bizi diren jendeen artean harrituak ikusten ditut batzuk, etsita besteak, asko haserre. Baina nori eskatu kontuak? Eta nork konpondu lezake gero eta maizago larritzen gaituen “arazo hau”?
Desengainatu gaitezen, adabakiak baizik ez dizkiogu jarri ahalko Urumeari, hainbeste izorratu ditugu bazterrak. Ez ametsik egin errioa hobeto enkauzatuta urak errazago pasatzearekin: zenbat metro sakonduko duzue errioa ohartzerako uholdearen goia itsasoak markatzen duela eta marea pittinka gora datorrela? Zer konpondu uste duzue zubi bat bota eta erdiko matxoirik gabeko berri batez ordezkatuta? Hurrengo etxe sail berria uretatik salbo eraikitzeko beharko diren betelan eta murru berriek alboko beste zein-zenbat izorratuko dute bihar?
Loiolako Erriberetako auzo berria iragartzen 2003an. (Argazkia: promotoreen publizitatea)
Handiegiak dira Urumea ibarrean egindako astakeriak, batzuk azken hamarkadotakoak. Azkenetako eta txundigarriena aipatzekotan, ikusi alboko argazkian nolako enbutuan estutu dioten zintzurra errioari Donostian, Loiolako Erriberak deitu duten auzo desastre horretan. Gustura irakurriko nioke ingeniari gazteren bati zenbat metro kubiko galdu dituen Urumeako arroak horko betelanekin. Urtetan agintariek horiek baimendu, bankuek finantzatu eta kontratistek eraiki ostean, metro batzuk gorago bizi diren Martuteneko biztanleen itolarriak gaurko zein alkate konpondu litzake orain eta nola?
Astigarragako Urumea Berri auzoa. Ikusi Urumea ibaia justu etxe ilararen kontra. (Argazkia: promotoreen publizitatea)
Astigarragan ere eman zaio beste haginkada galanta erriberari urteotan. Industrientzako ostutako lur aberatsez gain, zenbat golde gehiago Urumea Berri izeneko urbanizazioarentzako? Zenbat metro kubiko gehiago galdu da hemen? Igarriko zioten herriko kaxkoan bezala ibarrean goraxeago dauden Ergobian eta Hernanin…
Hasi Kursaaleko bokaletik eta Hernaniko Epeleko fabriketaraino, XX. mendean hemen ipinitako etxe, industrigune, autobide, beste autobide, AHT, enkauzamendu eta istorio… norbaitek osatu beharko du Urumea arroan artifizializatu denaren inbentarioa. Azkenean galdera xinple honetan laburbiltzen baita dena: zenbat metro kubiko pasatzeko prest zegoen Urumea ibarra 1960an (esan dezagun) eta zenbatentzako kabiera dauka 2015ean?
Trantsizio klimatiko eta energetikoa ez da hitz poxpolin bat Urumea bazterrotan. Independentzia gure esku zegoela amesten -borrokatzen ere bai, egia da- genuen bitartean eskuetatik kendu digute lurraldearen antolamendua. Uraren kudeaketa, alferrikako azpiegitura handiak, fabrika kutsatzaileak, energia xahuketa, lurraren artifizializazioa, etxe hutsak bete gabe gehiago eraikitzea ibaiaren lurretan… Oharkabean, bizimodu prekario batean itota aurkitu garen arte.
Hondakinekin erakutsi dugun bezala, Urumea bazterrotan bada indarra eta adorea gauzak errotik aldatzeko. Garapen eredu osoa berplanteatu eta aldatzeko ordua orain dela abisatzen digu errioak.
‘Sauvons les riches’: HSBCri eserlekuak itzuli, lapurtutako dirua itzultzekotan
2015-02-25 // Ekonomia, Gizartea // Iruzkinik ez
Sauvons les riches HSBCri aulkiak itzultzeko donazio eske Parisen. (Argazkia: Patrick Nussbaum)
Sauvons les riches (Aberatsak salbatu) elkarteak iragarri du ostegunean, otsailak 26, Parisen itzuliko dizkiola HSBC bankuari honi Bizi! elkarteak Baionan ebatsitako kadirak. Falciani kasuko paperek zabaldutako informazioa baliatuz, otsailaren 18an Bizi!-k ekintza horrekin salatu nahi izan zuen Frantziako Estatuaren fiskalitateari aberatsek banku haren bitartez egindako iruzurra: “Aulkiak itzuliko ditugu HSBC-k estatu frantsesari etekin fiskaletik hartutako 2,5 miliar itzultzen baditu” deklaratu zuen Noel Txetx Etxeberrik Baionan egun hartan.
Aberats gizajoen malurrek asko kezkatzen duten Sauvons les riches taldeak donazio deia barreiatu du lau haizetara, bateko eta besteko bihotz oneko jendeek nork bere aulkiak eramanda HSBC bankuari ahalik eta lasterren bere altzariak berreskuratzeko. Dio bere agirian:
“HSBCren Baionako bulegoari Bizi! grupuskuluak eragin dion atentatu gogaikarria ikusirik, Sauvons les richesek mobilizazio handi bat abiatu du fiskalitatearen iruzurgileen bankuari bere aulkiak itzultzearren. Aberats guztiekiko elkartasuna dago jokoan. Sauvons les richesek txit ozenki adierazten du Bizi!ko lapurrek eta HSBCkoek ez dutela jokatzen kategoria berean.
Pailazo banda horrek ez dauka eskubiderik maila berean jartzeko milioika euro ziztrin batzuen lapurreta eta banku jatorren bulegoetan altzari mordoa eramanaz burututako ebasketa onartezina. Jendarte osoaren erreakzio berehalakoa eskatzen du gertakizun horrek.
Sauvons les richesek ostegunean HSBCk daukan bulegoaren aurrean entregatuko du herritarren donazioetatik osatutako multzoa, eta horregatik eskatzen die herritar guztiei milaka aulki uztea bankuaren bulegoen aurrean komeria honek dirauen denboran zehar.
Parisko hitzordua: 12:30etan, 62 rue de Bretagne, 75003 Paris. Metroz iristeko: Filles du calvaire, Temple edo République“.
2009an sortu zen mundializazioarekin are aberatsago bilakatu diren aberatsak zirikatzen dituen Sauvons les riches taldea, bere osaketan parte hartu dutelarik aurretik lanean ari ziren Generation Precaire taldekoek. Urteotan Sauvons les richesek hainbat okupazio eta manifestazio umoretsu antolatu dute aberatsen inpunitatea salatzeko: 2011an Moddy’s kualifikazio agentziaren aurrean, 2013an Reyl & Co bankuan, 2014an MEDEF patronalaren atarian…
L’Humanité egunkariak kontatu duenez, ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan dei hau egin zioten militanteek HSBCri: “Guk itzuliko dizkizuegu aulkiak, zuek itzuli iezaguzue dirua”.
Repsolen isuna: Idoia Zenarruzabeitiak gorrotatzen du Josu Jon Imaz?
2015-02-24 // Ekonomia // Iruzkinik ez
Josu Jon Imaz Petronor (bere presidente zen) erakusten Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeari 2008ko uztailaren 21ean. (Argazkia: Petronor)
Zerk haserrearazi ote ditu Josu Jon Imaz eta Idoia Zenarruzabaitia, Juan Jose Ibarretxeren gobernuetan elkarrekin hain adiskide ikusi genituenak? Txit larria behar du izan.
Zeren eta Espainiako multinazionalik handiena den Repsolek, zeinaren bigarren nagusia baita Imaz, argudiatu du Zenarruzabeitiak ezinikusi nabaria daukala konpainiarekiko. Hain gaizki bukatu ote zuten EAJko bi arrain handiok? Ala Repsolek Lehiaren eta Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMC gaztelaniazko sigletan) ezarri nahi dion isunari ihes egiteko atera du argudio ahul hori, Cepsari antzeko isuna saihesteko balio izan ez zionaren kopia?
Gauza da horrela jakin dugula haren pista galdua genuenok euskal politikagintzan posturik gorenera heldutako emakumea, Zenarruzabeitia lehendakariorde ohia, CNMCn dabilela. Espainiako Ekonomia ministerioaren mende dago burtsak gainbegiratzen dituen erakunde hau. Bide batez, enteratu gara Idoiarekin Industria sailburu izandako Josu Jonen konpainiak isuna bilduko duela erregaien prezioak manipulatzeko konpainien artean egindako tratu ez-legezkoengatik. Bost-hamar milioi berriko zigorra (2014ko lehen bederatzi hilabetetan Repsolek 1.646 milioi euro irabazi zituen).
Hain erromantikoa izango zen Josu Jon Imaz eta Idoia Zenarruzabeitia eztabaida sutsuan ikustea ez dakit… Gure Esku Dagon parte hartzearen alde eta kontra, edo Erabakitze Eskubidearen letra xeheagatik, edo Ibarretxe Planaren gaurkotasunaz. Lastima. Berriz ere Urnietako oiartzuarrak arrazoi: “Diru zakarrak bihotzik ez du…“.
[2015-02-26] Azkenean 20 milioi euroko isuna ezarri dio CNMCk Repsoli. Orotara 34,7 milioiko zigorra gaineratu dien Galp, Meroil, Disa, Cepsa eta Repsoli, belarrondokoarrik handiena azken bi konpainiok jaso dute.
Tsipras eta Syriza Grezian gobernatzeko zirritu bila
2015-02-23 // Grezia // Iruzkinik ez
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia Alexis Tsiprasez akordatuko da behin baino gehiagotan egunokaz. Zer den konplikatua hauteskundeetan aldarrikatutako programa ezartzea indar korrelazio hain zaila daukazunean. Gipuzkoan Bildurentzako dena baino askoz latzagoa Syrizarentzako Grezian, Europako marrazo guztien haginkada artean.
Nola edo hala alkantzatutako akordioarekin uda arteko arnasa eskuratu nahi izan du Atenasko gobernuak. Ez bere programa ezartzeko, asko eskatzea litzateke: bizirautea du lehentasun, estatu greziarra den makineria izorratua erabat blokatu gabe martxan atxikitzea. Kataklismoaren erdian motorra pizturik mantentzea, ondoren konponketak egiten hasi ahal izateko.
Yanis Varufakisek Europako agintariekin sinatuak bi orri baizik ez dituen arren, ekarri dituen erreakzioek dagoenekoz erakutsi dute Atenasko agintariek zein kalbario gogorra bizi beharko duten abuztua bitartean. Sinatu dena konprenitzekotan, zor publikoen kritikan iturri nagusietakoa den CADTMek gomendatu du Romaric Godin-en “Accord sur la Grèce à l’Eurogroupe sur un financement de quatre mois” leitzea. Irakurleari bidea errazteko, hona lehen bi lerroak eta titulu txikiak telegrafiaturik. Greziak lortu du datozen lau hilabeteetarako finantziazioa. Bere erreforma programa jarraitu ahal izango du baina oso hurbiletik (Europak) zainduta. Erreformen programa astelehenean aurkeztu behar. Atenasek arnasa hartu ahal izanen. Bere programa ezarri ahalko du Tsiprasek? Negoziaketen bigarren partea hasiko da. Uda arteko Damoklesen ezpata.
Bitartean, logikoa zenez, Syriza barruan lehenbiziko arrakalak agertu dira. Manolis Glezos europarlamentari zaharrak, Greziaren erresistentziaren ikur denak, publikoki salatu du Varufakisek sinatua: “Greziako herritarrei barkamena eskatzen diet desengainu handi honetan lagundu dudalako“. Ez da dei etsitua, haserrez betea baizik: “Gaixotasunak okerragora egin baino lehen, beranduegi izan aurretik, erreakzionatu dezagun. Ezer baino lehen, egin ditzagun ez-ohiko batzarrak, erakunde guztietan, maila orotan, Syrizako kide eta lagunek erabaki dezaten ea egoera hau onartzen duten”.
Etxean haserre eta aldi berean sinatutako akordioa indarrean jarriko denez ere oraindik gauza ziurra izan ez, tratua berretsi behar dutelako Europar Batasunean, Alemaniako parlamentuan, Finlandiakoan… Jokuen teoriak interesgarriak izango dira baina Alexis Tsiprasek benetan bizkorra eta indartsua izan beharko du.
[P.S.] Aipatu negoziaketan Greziaren ordezkaritzaren buru Yanis Varufakisek “No es momento de juegos en Europa” artikuluan azaldu du irtenbide bila zein izpiriturekin ari den.
Mehatxu sinesgarrietan murgiltzeko arriskua Ukraina-Donbassen
2015-02-17 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Debaltseven zingiratu da Minsk-II tregoa. Ez egonik bi aldeak ados hitzarmenaren lehen puntuan (atzo azaldu genuen “Debaltseven jokatzen da Ukraina-Donbasseko menia hauskorraren balioa” kronikan), nekez aitzinatuko da bigarrenean, alegia arma astunenak fronteko lerrotik urruntzeko erabakian. Baina sakonean ba ote da aukerarik une honetan eskualde hartan diplomaziak bolborari gaina har diezaion?
Kieveko gobernuaren eta Donbassen Novorossia errepublika eraiki nahi duten separatisten gogoak alde batera utzirik (laburtzearren), gerra honetan hari nagusiak manejatzen dituzten potentzien artean Europar Batasunak dirudi interesatuena konpromisozko irtenbide bat jorratzeko.
Jakinmina daukan irakurleak ondo egingo du Der Spiegel alemanaren analisi hau leituta: “The War Next Door: Can Merkel’s Diplomacy Save Europe?“. Taldean idatzitako analisiak erakusten du nola Angela Merkelek aldatu duen, Ukrainako eta oro har Errusiarekiko aferetan, duela urte batzuetako gerrazaletasuna real politik baten aldera. 2003an idatzi zuen Merkelek The Washington Posten, orduan Alemanian nagusi zen Gerhard Schröder kritikatuz: “Ekintza militarra azken aukeratzat baztertzen duena ari da ahultzen diktadoreen kontra erabili behar den presio maila, eta horrekin ez du gerra urruntzen, hurbilagotzen baizik”.
5.300 hildako geroago, Ukrainarentzako galdutzat emanik Krimea eta Donbasseko zenbait eskualde, real politik aldarrikatzen dute Merkelek eta François Hollandek. Hautu horretara ekarri nahi dute Barack Obama ere. Alabaina, AEBetan bezala Errusian asko dira gatazkan urrats berriak ematearen aldeko, arerioa jabetu dadin “gure mehatxua sinesgarria” dela, bromatan ez dabiltzala.
AEBetan Ukrainako demokrazia Errusian Vladimir Putinek ezarrita daukan diktaduratik babestu dadila oihukatzen ari direnak asko dira, eta gatazkak behar dituzten lobby indartsuek sustatuta gainera. Errusian ez dute ahulago azaldu nahi. Daily Telegraphek iturri asko aipatuz kontatu du nola Moskuko hedabide ofizialetan banalizatu den arma nuklear taktikoak erabiltzeko mehatxua Ukrainakoa are gehiago nahaspilatuz gero. John Pilger kazetari ezagunak joan den abenduko elkarrizketa honetan ohartarazi zuen gatazkaren dinamika arma nuklearren erabiltzera lerratzeko arriskuaz.
Tamalez, Bulletin of the Atomic Scientistseko jakitunek Azken Juizioaren ordularia aurreratu dutenean, ez zebiltzan jolasean.
Ots-11: Greziari arnasa hartzen uzteko eskatuz mobilizazioak Europan barrena
2015-02-10 // Grezia // Iruzkinik ez
“Utzi arnasa hartzen Greziari” diote Londresko jendeok. (Argazkia: Greece Solidarity)
Greziarekiko elkartasunezko mobilizazioak izanen dira otsailaren 11n, asteazkena, Europa osoan barrena. Britainia Handiko Greece Solidarity Campaignek honela dio “Let Greece Breathe” (Utzi arnasa hartzen Greziari) kanpainarako deialdian: “Europako Banku Zentralak belauniko jarri nahi du Grezian austeritateari aurre egiten dion gobernu berria. EBZren jokabideak jendeen elkarretaretze handiak eragin zituen joan den astean Atenasen, beren gobernuak austeritatearen kontra hasi duen bidea sustatu nahian. Otsailaren 11rako, asteazkena, Euroguneko finantza ministroek larrialdiko bilkura antolatu dute Greziarekin, eta bertan aurkeztuko dituzte beren planak Alexis Tsipras lehen ministroak eta Yanis Varufakis finantza ministroak”. Eta zehaztu ondoren asteazkenean Big-Benaren ondoan eta igandean, 15, Trafalgar Squaren burutuko dituzten manifestazioak, diote: “Ekintzok sartuta daude Europa osoan Greziari elkartasuna adierazteko burutuko diren bilkura eta protesten nazioarteko sarearen barruan. Zatozte zuen lagun eta lankideekin azaltzera zuen sostengua Europan austeritateari aurre egiten dion lehenbiziko gobernuari”.
Londresko erakustaldiak bezala antolatu dira beste asko, esate baterako Parisen Palais Royal plazan, Atenasen Syntagma plazan, Berlinen, Lisboan, Erroman, New Yorken, Madrilen…