Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Chomsky eta Kissinger behingoagatik ados: Ukrainan gerra saihestu behar da
2015-02-10 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Europar Batasunako, Ukrainako, Errusiako eta AEBetako liderrek egunotan bilatzen dute heldulekuren bat Donbassen gogortzen ari den gerrari irtenbide diplomatiko negoziatu bat. Lortuko al dute aurkitzea, bestela aspaldiko gerra arriskutsuenean sartuta geundeke europarrok. Ukraina-Donbassen gertatzen ari denagatik alarma piztu dutenen artean daude AEBetan munduaren bi ikuspegi justu kontrako islatzen dituzten Noam Chomsky eta Henry Kissinger. Keztakuak ikusten dutelako AEBak asko ari direla bultzaka okerreko bidean.
Occupy mugimenduko ekintzailea eta aspalditik abokatu ezaguna den Kevin Zeesek bildu ditu Chomskyren eta Kissingerren iritziak Mint Press News gunean: “Chomsky And Kissinger Agree: Avoid Historic Tragedy In Ukraine” (Chomsky eta Kissinger ados: saihestu behar da tragedia Ukrainan). “Nekez aurkituko dira -dio Zeesek- AEBen atzerri politikari dagokionez bi ikuspegi hain elkarren kontrako, baina Ukrainari dagokionez gerraren kontrako intelektuala eta AEBetako Estatu Idazkari ohia biak bat datoz askok usteko ez luketen neurrian”. Chomsky kritiko gogorra izan da Kissingerrekiko, honek Asia hego-mendebaldean agindu zituen bonbaketengatik eta bere agindupean lider demokratikoen kontra antolatu ziren kolpeengatik. Chomskyk esana du mundu zuzenago batean Kissinger pertsegituko luketela gerra krimen horiengatik.
Ukrainakoari dagokionez, Chomskyk uste du “krisia serioa eta arrisku handikoa” dela eta alderatu du 1962an Kuban errusiarrek ezarritako misilen inguruan gerra atomikoa leherrarazteko puntura eraman zuen egoerarekin. Joan den urrian Plymoutheko Intitute for Peace Research erakundeak egindako elkarrizketa batean, Ukrainaz galdeturik esan zuen Chomskyk: “Egoera oso-oso arriskutsua da, eta egosten etorri da Washingtonek hautsi zuenetik [Mikhail] Gorbatxovi ahoz egindako promesa: OTAN ekialdera zabaltzen hasi zen, Errusiaren mugetaraino, eta Ukraina bere baitan hartzeko mehatxu egin zuen, honek Errusiarentzako garrantzia estrategiko handia duelarik eta gainera bien artean lotura historiko eta kulturazko estuak egonik. (…) Errusiako autokrazia [Vladimir Putinen diktadura] ez da inondik ere errurik gabea, baina lehen ere hondamenditik oso hurbil ibili ginen moduan berriro jolasean ari gara katastrofearekin. Ez da posible ez egotea konponbide baketsurik”.
Kissingerrek ere ohartarazi du Ukrainian dagoen arriskuaz, nabarmenduz saihestu beharra dagoela berriro Gerra Hotzera itzultzea. Ther Spiegeli deklaratu zion: “Arriskuari ezin diogu ez-ikusia egin. Gerra Hotza berpiztea tragedia historikoa litzateke. Gatazka saihestu baldin badaiteke, moraltasunean eta segurtasunean oinarrituta, ahalegindu behar da hura saihesten”. Kissinger oso kritiko azaldu da Errusiaren kontrako zigor ekonomikoez eta baita AEBk Ukrainan daraman esku hartzeaz: “Uste dut beti, zerbait hasten den aldi orotan, pentsatu behar dela zer lortu nahi den eta nola bukatu afera. Eta nola bukatuko da hau?”.
Bere kezkatan urrunago doa Chomsky. Russia Todayri eskainitako elkarrizketa batean aipatu du Hirugarren Mundu gerra eta gerra nuklearra abiatzeko arriskua: “Mundua behin baino gehiagotan egon da puntu horretatik hurbil, izugarri hurbil. (…) Orain, Ukrainan krisia leherturik, eta Errusiarekiko mugen ondoan ‘misil bidezko defentsa sistema’ deitzen diotena ezarririk, egoera arrisku handikoa da”.
Greziaren mamuekin ezkutatu funtsean Europako bankuak salbatu ditugula
2015-02-09 // Ekonomia, Grezia // Iruzkinik ez
Greziaren erreskatea ala Europako banku handiena? (Irudia: Attac)
Greziakoa herritarrok nahasteko maniobra izan da eurogunearen krisia ikusi ez dezagun, eta lortu dute eztabaida politikoaren plaza hainbeste zikintzea zail egiteraino politika ekonomikoaz irizpiderik edukitzea. Hori dio Sony Kapoor ekonomialariak The Guardianen plazaratutako “Stop squeezing Syriza. We can’t afford another wrong turn in Europe” (Ez gehiago zanpatu Syriza. Ezin gara bidegurutze honetan ere ekibokatu Europan) artikuluan. Jatorri indiarra duen Kapoor Re-Define think tankeko arduraduna da.
Syriza zanpatu -idatzi du Kapoorrek- eta Grezia gehiago umiliatzea, horixe dirudi dela Alemaniako eta Europar Batasuneko aginteen estrategia, eta honek ekar lezake euro-gunea haustea. Antza denez, greziarrei zigor zentzagarri bat ematea eskatzen du Alemaniako iritzi publikoak ere. Eta hau gertatzen ari da krisiaren hasieratik funtsean Europa mailako arazoa zena, banku handien ahultasuna, konpondu nahi izan zutelako estatu mailako soluzioekin.
“Amaierarako honek garestitu egin du faktura, herrialdeek apoa irensteari uko egin eta beren bankuak kiskalita zeudela berandu arte onartu nahi izan ez zutelako. Politikariek norbere etxeetan erasoak jasan dituzte bankuak herritarren zergekin pagatzeagatik, baina orain Greziaren arazo fiskalek jendea nahasteko trikimailua eskaini die. Europako iparraldeko batzuek landu dute ‘greziarrak alfer’ direla eta fiskalitateari uko egiten diotelako narratiba. Askok onartu duten arren Greziaren zorra ezin ordainduzkoa dela, Greziako bono askoren jabe diren Alemaniako eta Frantziako bankuek lobby lan handi batekin lortu dute zor greziarraren berregituraketari betoa jartzea. Oker diseinatutako ituna ezarri zitzaion Greziari laguntza finantzieroaren truke. Hau funtsean zera besterik ez da izan: Europako bankuen erreskatea Greziako herritarren eta Europakoen bizkar”.
Eta bukatzen du Sony Kapoorrek honela: “Greziak frakasatu duela ia denek onartzen dute, baita Syrizak bera ere, eta orain da garaia onartzeko euroguneak ere frakasatu duela Greziarekiko eta bere herritarrekiko. Mea culpa hori gabe, onartu gabe Greziaren erreskatea izan dela Europako bankuen erreskatea eta planak gaizki diseinatuta zeudela, hori gabe Alemaiako eta Greziako herritarrek ezingo diote inoiz elkarri aurpegira begiratu. Eskubidea dute egia esan dakien. Beste inor baino gehiago Syriza ari da aitortzen oneski zer egin den oker. Haiek zanpatzeak ez du lortuko Europaren kontrako gorrotoa katalizatzea baizik eta gerta liteke eurogunearentzako azken bidegurutze galdua, akaso hilgarria. Jakinduriaz hautatzeak konpromisoa esan nahi du, edozein dela ere epe laburreko koste politikoa”.
Sony Kapoorrek lortu du artikuluak igande iluntzea arte 771 erantzun edukitzea The Guardianen gunean. Nekezago lortuko du politikariek kasu egitea: epe laburreko koste politikoa tabu bat da politikan.
Eta greziarrek ezagutu zuten Wolfgang Schäuble, Europako buru hautatu gabea
2015-02-06 // Grezia // Iruzkinik ez
Wolfgang Schäuble eta Yanis Varufakis atzo prentaren aurrean. (Argazkia: Business Insider)
Ondo dago François Hollanderekin hitz egitea, Erroman Renziren irribarre lagunkoia jasotzea, Jean-Claude Juncker ofizialki Europako presidente denarekin eskutik helduta agertzea prentsaren aurrean… baina Europan Wolfgang Schäublek agintzen du bere kadira gurpildunetik. Eta Schaüblek inkisidore puritano protestanteen –herejeak kixkaltzen ez baitira bakarrak izan katolikoak- hoztasunarekin irakurri dio kondena Yanis Varufakisi: edo hartu edo utzi, baina platera bakarreko manua daukazu. Kito.
Ez etorri Schäublerengana Grezian demokratikoki hautatu zaituztela eta istorio, Alemaniak ere baditu hautesleek emandako aginduak, eta alemanen gehiengoak -hedabide nagusiek ondo hezita, hori bai- ez du nahi Grezia alferrari zorrak pagatzerik. Eskuzabaltasuna erakutsi nahian, edo Atenaseko agintariak gehiago umiliatzeko, ogasuneko 500 inspektore eskaini dizkie Schäublek, herritarren sosak eta azken odol tantak hobeto jezten lagundu diezaioten. Baina Troikarekin hitzartutako zor itzelarentzako ez dago ez epe, ez beherapen eta ez ezer.
Varufakisek hitzez hitz erakutsi digu europarroi aurrean daukagun mamu bat: “Alemaniarrek beste inork baino hobeto dakite zer gertatzen den finantz arazoak daudenean eta nazio harro bat denbora luzez umiliatzen denean”. Hitler eta naziez ari zen. “Greziako legebiltzar berrian hirugarren indarra ez da alderdi neonazi bat, alderdi nazi bat da”. Baina ez Schäuble eta ez Europako aginte nagusiak daude, nonbait, oharrok entzuteko. Schäuble ez da artaldeko ahari bitxi bat: Europak lehendakari ipini berri du paradisu fiskal bat non eta Europan bertan -Luxenburgon- antolatu duen Jean-Claude Juncker.
Atenasko Syntagma plazan milaka greziar bildu ziren bart beren gobernuaren alde oihu egitera. Europako oligarkiaren kalkulua da, ezkerrak irabaztea eragotzi ezin izan duenez, datozen sei hilabeteotan Syntagmako plaza Greziako gobernuaren kontra sutzea. Bost axola kalteak.
Yanis Varufakis ataka estuan
2015-02-05 // Ekonomia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Alexis Tsiprasek Greziaren kiebra Europako aginte ekonomikoekin negoziatzeko izendatu zuenean Yanis Varufakis, nabarmendu nahi izan zuen nondik zihoan Syrizaren gobernuaren apustua. Keynesen jarraitzailea, AEBetan agintea daukaten demokrata askok ondo ikusia, Mendebaldeko ekonomia akademiko ortodoxotik irtengo ez dena, Varufakisek herenegun argitu zuen Greziak uko egiten diola zor publiko eskergaren zati bat barkatzen saiatzeari eta zentratuko dela zor horren ordaintzeko baldintzak goitik behera aldatzen. Burtsek ongietorria eman zioten Europan, Greziako bankuek eztul egiten duten aldiko marrantatzen den Espainiako Ibexak barne. Telebistetan Tsipras eta Jean-Claude Juncker Europako lehendakari ultraliberala elkarri eskua emanda irribarretsu. Handik ez urrun bere ministro izarra Europako Banku Zentraleko lehendakari Draghirekin bilduta.
Varufakis eta Draghiren arteko solasaldia oker bukatu zelako erabaki ote du Europako Banku Zentralak (EBZ) Greziari zintzurra are gehiago estutzea? Pentsa liteke atzoko erabaki hori gehiago izan dela gaur Varufakisi Europako ekonomiaren benetako buruzagia den Wolfgang Schäublek egin dion ongi etorria. Zuk Atenasen Jeroen Dijsselbloemi harrokeriaz esan zeniola ez duzula Troikaren agintea onartzen? Tori zer erantzuten dizun Troikak, hiruretako bat den EBZren ahotik, orain zigor bezala zure bankuak likideziarik gabe utziko dizkizugu. Ez dago Troikak eta aurreko memorandumek markatutako karril estuetatik pasatzen ez den bestelako biderik, da EBZren eta Alemaniaren mezua.
Obamak nahi duena esango du Washingtonetik baina Europan bertan beharko ditu lagunak Syrizak Grezia zulotik ateratzeko. Ordainetan, Europako jende eta indar askori interesatzen zaio Troikak Grezia ez gehiago masakratzea. Europako aginte faktikoek erabaki dute Grezia izan dadin denontzako etsenplu, krisiaren bestelako irteerekin tentatuta gabiltzan guztion zentzagarri.
Derrigorrezko soldadutza berriro Europan, Kievek eta Donbassek ezarrita
2015-02-03 // Nazioartea // Iruzkinik ez
Gazteak Ukrainako armadaren errekrutatze zentro baten atarian. (Argazkia: Pavlo Podufalov/Time)
Gutxi iraun die pozak Ukrainako gazteei. 2012ko abenduaren 30ean Radio Libertyk jakinarazi zuen derrigorrezko soldadutza 2013an bukatuko zela. Urte eta erdi beranduago, itxaropenezko iraultza nahaspilatu, Krimea errusiarren esku galdu eta Donbasseko gerra hasitakoan, 2014ko maiatzean The Guardianek abisatu zuen Londrestik: “Ukraine reintroduces conscription to counter threat of pro-Russia separatists“. Ez dut uste Europako gainerako gazteak, euskotarrak barne, oraindik jabetu direnik atzera-pauso horren garrantziaz.
Egunotako albistea da bai Ukrainako gobernuak eta bai Donbasseko separatistak nork bere aldetik ekin diotela nork bere armadarako soldadu gazteak biltzeari. Donbasseko buruzagiek 100.000 gudari berri nahi dituzte errekrutatu. Alexander Zajartxenkok esan du hasieran saiatuko direla kopuru horretara iristen boluntarioekin eta lortzen ez badute derrigorrez eramango dituztela gazteak. Bere aldetik Kieveko gobernuak urtarrilaren 20an ekin dio 18 eta 60 arteko gizonak miliziatarako errekrutatzeari, gaur dauzkan 182.000 soldaduak (Europako armadarik jendetsuenetakoa) 250.000etaraino ugaritzeko.
Zenbait albistek diote hasieran bederen soldadu joatera deituen %60k muzin egin diola gonbiteari, edo ez-entzunarena eginez, edo Errusiara edo bestetara ihes eginez. Laster hasiko dira hango objektore, intsumitu eta desertoreen albisteak iristen. Eta Europa osoko gazteei berpiztuko zaizkie aspaldiko mamuak. Izan ere, Europan erabaki genuen gazteen derrigorrezko soldadutzari uko egitea baina gerra berrietan parte hartzeari uko egin barik.
[P.D.]Twitter bidez
@errusiarzalea-k erreferentzia bidalirik jakin dugu Donetseko errepublikako lehendakari Alexander Zajartxenkok prentsari esana: Donbasseko miliziak osatzeko soilik boluntarioak bilduko dituztela, ez dela errekrutatze bortxazkorik egonen.Kroaziako gobernuak herritar txiroenen zorrak barkatzea erabaki du
2015-02-02 // Ekonomia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Kroaziar txiroenei atzeratutako zergak ere barkatu dizkie gobernuak. (Argazkia: Sanjin Strukic / Croatia Today)
Grezian Syrizak gobernua hartuz geroztik, Europan eztabaidatzen da: posible da zorrak barkatzea? Historian zehar sarritan egin izan dela erakutsia du David Graeber antropologo eta pentsalari anarkistak. Asteburu honetan Graeberrek Twitterrez nabarmendu zuen The Washington Postek plazaratutako albistea: Kroaziak bere herritarrik txiroenen zorrak barkatu ditu. Kopuruei begiratuz gero, kitatze sinbolikoa da. Baina jendeari zorrak barkatzea non eta Europan bada albiste.
Gaur, otsailak 2 eta astelehena, egun berezia dute kroaziar askok: beren zorrak barkaturik aurkituko dituzte. Krisi ekonomikoaz geroztik bankuetako kontuak zorrengatik blokaturik dauzkaten 317.000 herritarretatik 60.000 inguruk gozatuko dute barkamena, Milanka Opacic ministroak Reutersi argitu dionez: “Herritarroi berriro zorren zamarik gabe hasteko aukera emango zaie”. Ez da barkamen orokorra, soilik probestuko dute 35.000 kuna (4.551 euro) baino gutxiago zor izanik hilabetean 1.250 kuna (162 euro) baino gehiago ez irabazteaz gain bestelako jabego edo aurrezkirik ez daukatenek.
Zordunak indultatzeko operazioa Kroaziako gobernuari kostako omen zaio 210 milioi kuna (27 milioi euro), baina agintariek uste dute epe luzerako etekinak ekarriko dituela. Lehen ministro Zoran Milanovicek konbentitu ditu udal asko, konpainia publiko eta pribatuk, telekomunikazioetako hornitzaile nagusiak eta bederatzi banku baldintzak betetzen dituzten kroaziar horiei zorrak kitatzeko, gobernuaren laguntzarik gabe.
Kroaziarrek orotara 3.641 milioi dolar omen dituzte zor eta erabaki honekin ezabatuko da horien %1 baino gutxiago; hala ere, kontuak beste era batera eginda, gertatzen da zorraren %1 barkatzearekin aske utziko direla une honetan zorpean dauden kroaziarren %20. Herritar eta familia hauek guztiek berriro eskueran izango dituzte gaurdanik bankuen zerbitzuak eta hori albiste garrantzitsua da. Bide batez, ortodoxia neoliberalaren gotorleku bilakatu den Europan Kroaziakoak balio izango du zordunak indultatzea sakrilegioa ez dela erakusteko. Dogma bat gutxiago.
Auschwitz+70: holokaustoaz garaiz baina alferrik abisatu zuen hura
2015-01-30 // Historia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Auschwitz, esparruko sarrera.
Auschwitzen astea oraingoa. Espektakuluaren kulturak bazka behar duenez, atzoko Ebola ahaztu eta nazien holokaustoa jorratzen da egunokaz, heldu den astean izanen da beste katastroferen bat. Rafael Poch kazetari bikainak, La Vanguardiak orain Parisen daukanak, gorde beharreko kronika laburrean bildu du Europako pasarte beldurgarri hartaz egiten ari den manipulazioa: “Auschwitz y la “Ostpolitik” de Bruselas“en hasieran dioenez, “Ukrainako hondamendira eraman duen politika berak orain helburutzat hartu du Errusia kanporatzea Europaren historiatik”. Ez da Auschwitzeko episodioa bakarrik, II. Mundu Gerraren historiaren egia mozorrotzeko interesa daukate botere askok. Hori aitortzeko ez dago Vladimir Putinen propagandista izan beharrik.
Daily Telegraph 1942
Juduen holokaustoak eten gabe ematen baititu istorio berriak -garratz, izugarri, galant- Daily Telegraph ingelesak zabaldu du nolaz, 1945 baino askoz lehenago, 1942an bere orrietan aurreratua zuen naziek okupatutako lurretan beranduago tropa askatzaileek idoro behar zutena. “Holocaust Memorial Day: Telegraph revealed Nazi gas chambers three years before liberation of Auschwitz“. 1942ko ekainaren 25ean albiste laburra plazaratu zuen, titular honekin: “Alemanek 700.000 judu hil dituzte Polonian”, ondoko lerroan jartzeko “gas ganbara mugikorrak” zerabiltzatela horretarako.
Daily Telegraph Reporter anonimoak sinatu zuen arren kronika, orain jakin da Poloniako gobernu atzerriratuko kide zen Szmul Zygielbojm politiko ezkertiarra eduki zuela idazle. Polonian utzia zuen kontaktu sarea erabiliz bildutako informazioekin jakin zuen 1941eko azarotik egunean 1.000 herritar judu hiltzen zituztela gasez. Ordurako Winston Churchillek salatua zuen juduen kontrako sarraskia gertatzen ari zela, baina informazio zehatzak falta ziren. Sekulako albistea zen Zygielbojmek emandakoa, bere iturriek arrisku handiak hartzen zituzten datu oso zehatzak lortzeko, baina axolagabekeriaz erantzun zitzaien, baita fidagaiztasunez ere.
Kronika plazaratu zuen egunetan Zygielbojmen emazte Manya eta seme Tuvia Varsoviako ghettoan bizi ziren inguraturik, eta ghettoa alemanek 1943an suntsitu zutenean bertan hil ziren. Desesperaturik, Zygielbojmenek bere buruaz beste egin zuen 1943ko maiatzaren 11an.
Aurretik, kronikan, idatzia zuen: “Poloniako nazio judu osoa hil izanaren krimenaren erantzukizuna lehenik dagokie hori burutu zutenei. Baina zeharka, humanitate osoaren gain erortzen da, nazio Aliatuetako jendeen eta haien agintarien gain, zeren ez baitute gaurdaino benetako urratsik eman krimen hau gelditzeko. Pasibotasunez begira egon direlako nola hiltzen dituzten milioika haur, emakume eta gizon torturatu, haiek bilakatu dira erantzuleen laguntzaile”.
Szmul Zygielbojm (1895-1943).
Erri de Luca epaitu dute AHTren kontrako sabotajea defenditzeagatik
2015-01-29 // AHT, Iritzia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Erri de Luca Torinoko auzitegiara iristen. (Argazkia: Marco Bertorello / Liberation)
Huffington Postek italierazko edizioan 2013ko irailean egindako elkarrizketan esan zuen biraoa: “[Galdera] Beraz, sabotajea eta bandalismoa zilegi dira? [Arrapostua] Beharrezkoak dira ulerrarazteko AHT eraikuntza kaltegarri eta alferrikakoa dela”. Lyon Turin Ferroviaire kontsortzioak auzitara eraman zuen. Fiskalak bost urteko (ez bat, ez bi eta laurden, bost) espetxe zigorra eskatu du urtarrilaren 28an Torinon egindako epaiketan.
Literaturan adituek esango dute zein leku dagokion Erri de Lucari italierazko literaturaren rankingean. Ez azkena, seguru. 1987an “Non ora, non qui” (Orain ez, hemen ez) argitaratuz geroztik Europan idazle ezaguna, mendizale porrokatua, liburuek famatu egin baino lehenago Lotta Continua ezker muturreko taldeko militante izan zen, esku huskako obrero zen garaietan. Iaz Italiako epaileek multinazionalak bultzaturik eta mafiaren kontrako legedia baliatuz espetxeratu zituztenean azpiegitura erraldoien kontrako bost militante, Erri de Luca haien alde atera zen. AHTaren kontrako sabotajea justifikatzeagatik espetxera eraman nahi dutela eta, esandakoei eusteaz gain liburuz erreakzionatu du: “La parola contraria”, kontrako hitza.
Dio liburuan: “Aldarrikatzen dut ‘sabotaje’ hitza erabiltzea italierak eman dion esanahian. Ez da bakarrik erabiltzen suntsiketa materialaren esanahian, fiskalek argudiatzen dutenez. Esate baterako, grebak, batik bat salbaia denean, aurretiko abisurik gabea, lantoki edo zerbitzu baten produkzioa eragozten du. Agindua oker betetzen duen soldaduak sabotajea dagi. Parlamentario batek lege proiektu bati oztopoak jartzen dizkionean saboteatzen du. Deskuiduek, izan nahitara edo oharkabean eginak, sabotajea dira. (…) Kexurik gabe onartuko dut auzitegiaren kondena, baina ez dut onartuko hiztegia murriztea”.
Erri de Lucak behin eta berriro esan du espetxera joateak ez diola graziarik egiten, baina edozein dela ere ez duela helegiterik jarriko. Berak mendian ibiltzea du maite, goizalban jaiki eta idaztea. Eta ez du onartzen Susa eskualdeko herritarrei daukaten bailara bakarra kendu diezaieten trenbide burugabe hori egitearren. Duela urte bete, auziperatua zelarik, deklaratu zuen: “Eraikuntza alferrikako eta kaltegarri bat aurrera ateratzearren setiopean eta militarizaturik bizi den bailara batean, ahotsa entzunarazteko beste modurik geratzen ez denean, sabotajera jotzen da. (…) Idazle batentzako iritzizko delitua ohorea da”.
Erri de Luca AHTaren kontrako ekitaldi batean aurrean poliziak dituela. (Argazkia: Ensemble 44)
Greziaren zor itzelarekin zer egin lezake Syrizak igandean irabaziz gero?
2015-01-22 // Grezia // Iruzkinik ez
Irabazi bai, baina gero? Inkesta guztiek erakusten dute garaile Syriza Grezian igandean burutu beharreko hauteskundeetan. Antonis Samaras gainbehera omen dator egunak aurrera joan ahala. Ez zaio ezkerrari komeni zintzarria erostea behia eskuratu baino lehen, eta hala ere presa dauka zehazten hasteko Atenasko gobernua eskuratzen badu egin lezakeena definitzeko.
Egunotan Syrizak Grezia zulotik ateratzeko dauzkan aukerez idatzi diren artikuluen artean bi hautatzeko, bat Le Monde Diplomatiqueren gunean La pompe à phynance blogean Frédéric Lordonek idatzia: “Syrizaren aukera, edo mahai azpian burua makurtu edo mahaia hankaz gora bota”. Syrizaren azken bi urteotako arrakasta datorrelakoan bere mezua biguntzearekin lotua, Europaren eta euroaren markoa hautsi gabe jai daukala oroitarazi dio Lordonek: “Instituzioen grabitate indarra ahalegintzen baita jende desbideratua bere ordenara ekartzen, Syrizari oroitarazi behar zaiola bidegurutzera iritsi dela eta bere esku dagoela [Troikak ezarritako] austeritateari erantzutea dagoen modu bakarra, hau da, haustura, ‘Batasunari’ aurpegira garbi adieraztea bere ordena neoliberalaren kontra dagoela argi eta garbi, eraginez ekintza askatzaile bat, bai Greziako herriarentzako baina baita beregan hainbesteko itxaropena jarri duten beste hainbesterentzako”. Grezia noraino hondoratu den ikusita, Syriza gobernua hartzekotan denean ez ote da hari gehiegi eskatzea edo beregandik gehiegi espero izatea?
CDTM eta ATTACeko fundatzaileetakoa den Éric Toussaintek mesfidantza erakusteko ordez proposamena egiten dio Syrizari: “Si Syriza siguiera al pie de la letra las exigencias de la UE en materia de auditoría de la deuda“. Europako Legebiltzarrak utzia omen du zirrikitu bat herrialde batek bere zorraren auditoria egin dezan. 2013ko maiatzean Europar Batasunak onartutako araudiaren 7. atalak esaten omen du zehazki: “Estatu kide bati ezarri zaionean doitze makroekonomiko plan bat, bere finantza publikoen auditoria zorrotza eginen du, besteren artean ebaluatzeko zein izan diren gehiegizko zorretan erortzeko arrazoiak eta horretarako egon diren irregulartasunak aurkitzeko”.
Greziako estatuaren zorra 2009an, Europak doiketa makroekonomikoa [ekonomiaren kontrol osoa] ezarri aurretik Barne Produktu Gordinaren % 113an zeukan. Troika neoliberalak Greziaren kontrol erabatekoa sortuz geroztik zorra handitu da BPGaren %175 arte. “Auditoriak erakutsiko du Grezia erreskatatzea bezala bataiatu den plana, Europako agintariek Nazioarteko Diru Funtsarekin batera ezarri dutena, benetan izan dela Europako zenbait bankuk, Europako agintarien artean pisu nabarmena dutenek, segitu dutela Greziak egindako zorrak pagatzen baina Troikaren bitartez. Ez dute Grezia erreskatatu, benetan erreskatatu dituzte Europako herrialde aberatsenetan indar handia daukaten banku handi batzuk”.
Astelehenetik aurrera, Greziako hiri eta herrietan aurkitu duten miseria kontatzen diguten kazetariak etxeratu ostean, horretaz segitu beharko da hizketan. Irabazten duenak irabazten duela.
[P.S.] Azpian, azken asteotan Greziaz idatzi ditudanak:
– Grezian jokoan dira politika neoliberala eta demokrazia bera (astekarian)
– Grezian G belaunaldia: gazte, karreradun eta atzerriratua
– “Troika basta!” manifestua: utzi greziarrei askatasunez erabakitzen
– Grezian Troikaren murrizketek kolpatu dituztenean Samarasen boto emaileak
– Grezian Europak ezarritako murrizketek ekarri duten hondamendia
– Greziari Alemaniak mehatxu, alderantziz balitz bezala
– Greziako hauteskundeak, Espainiako Podemosentzat mesede ala kalterako?
– Greziako hauteskundeak: Europako demokraziarentzako aukera?
– Antropologoa mintzo Troikak hiltzen duen Grezia akitutik (astekarian, irailean)
Grezian G belaunaldia: gazte, karreradun eta atzerriratua
2015-01-21 // Grezia // Iruzkinik ez
Krisi handia hasi zenetik 200.000 baino gehiago dira Greziatik alde egin dutenak. “Deitu dezakegu ‘G belaunaldia’: gazteak, karreradunak eta greziarrak. Horiek osatzen dute Mendebaldeko ekonomia batean garai modernoetan gertatu den burmuin xahutze handiena”, idatzi du The Guardian egunkarian Helena Smithek Atenasetik (Young, gifted and Greek: Generation G – the world’s biggest brain drain).
Mediku Alemanian, unibertsitateko irakasle Britainia Handian, dendari Estatu Batuetan… populazioaren odolustea da Greziako hondamendi ekonomikoaren ondorio larrienetako. Alemaniara joan omen dira 35.000 mediku greziar, kopuru harrigarria. Alemania da Greziaren erreskaterako diru gehien aurreratu duten herrialde europarra, baina hain merke (mediku horien karrerak greziarrek pagatu dituzte) eskuratu dituen profesional kualifikatuok hain handi batean amortizatu dituzte alemanen arriskuak. Kontsolazio gisa, kazetariak dio iheslari moderno kualifikatu horietako askok Grezian utzitako familiari laguntzeko darabiltela beren irabazien parte bat.
Greziako populazioaren %2ak egin badu ihes herritik, horien erdiak Alemania eta Erresuma Batura joan dira. Emigrazioa %300 handitu da Grezian. Gazteen artean langabezia %50tik gorakoa da. Honek eragingo du gero eta gehiago kualifikatu gabeko gazteak izatea emigratuko dutenak.
Kazetariak Aliki Mouri soziologoaren hitzak bildu ditu: “Giza kapitalaren galera izugarria da eta horren ondorioak benetan ikusiko dira hurrengo hamarkadan. Hainbeste kostata hezitako jendea, beren familien eta estatuaren hainbeste diru kostata, orain joan dira lanera haiengan sos bat inbertitu ez duten herrialdeetara”.
Herriaren etorkizuna bermatu beharko luketen sasoiko jende ondo jantziaren ihesa. Beste kopuruetan izan arren, Euskal Herrian ere ari da gertatzen fenomenoa, gehienen oniritziz, oligarkiaren hedabideek sustatuta, burujabetzaz mintzo garenon axolagabekeriaren erdian.