Unibertsoa
Egiten ari naizen doktore-tesian mila gauza irakurtzea tokatu zait, haien artean Euskararen Unibertsoko jardunaldietan aurkeztutako txostena. Ni garai hartan oso gazte nintzen eta ez nuen bizi izan prozesu hori. Badakit jakin gogoeta prozesu horren ondorioz sortu zela Kontseilua eta garai hartan itzelezko ilusioa zutela euskaltzaleek prozesu horrekin.
Txostena irakurriz, sorpresa galantak jaso ditut. Nire hainbat ideia ere han islatuta irakurri ditut (beste batzuk agian ez). Adibidez, hau:
Euskaldun euskaltzaleak ditugu prozesuaren benetako motorrak edo eragileak, motibazio indartsuaren jabe, euskaldun oso izanik ezagutza trebatua eskuraturik eta erabiltzeari begira jarrera “beligerantea”ren jabe, hots, egoerak ezarri nahi dituen oztopoen gainditze etengabearen bila aritzen direnak.
Ikaragarrizko gogoeta egin zen orduko hartan, baina gerora han agertutako gauza asko eta asko oraindik egiteke daude, han agertutako ideia asko garatzeke, hartutako bide asko ez dira izan han marraztutakoak eta abar. Eta horrek ere tristatu nau, eta lehen pertsonan bizi izan nuen Oinarriparrak prozesuarekin gogoratu naiz.
Azken Topaldian Jon Sarasuak esan zuen bera ekintzen lurraldekoa dela. Nik ere ekintzen lurraldean eta lubakian ikusten dut neure burua. Hori bai, gogoeta egin, gero gogoeta horretan esandakoei kasurik ez egiteko ez dakit nik lar egokia denik … Agian, izango da berba borobilegiak karratuegi geratzen zaizkigula gero praktikan. Agian, hurrengo gogoetatan berba arruntagoak erabili beharko genituzke geure hiztegietan. Agian, jantzi beharko genituzke teoriaz bizi ditugun haragiak, idatzi eta berba egin beharko genuke gehiago gorputzetik. Baina, tira, agian nik neuk ere aplikatzen hasi beharko nituzke hemen botatako ogerleko bateko aholkuak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks