Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Eskaintza aktiboa

2023-10-31  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Eskaintza aktiboa

Azken aldian, gurean entzuten den kontzeptua da eskaintza aktiboarena. Nik ere erabili dut (blogean ez, baina bestela bai). Kontzeptua guk Galesetik inportatu dugu, han egin dira horren inguruko teorizazioak. Orain dela gutxi egindako aurkezpen batean, eskaintza aktiboa gora eta eskaintza aktiboa behera nenbilen. Eta parte hartzaileetako batek esan zuen edo esan zidan: “guk urteak daramatzagu eskaintza aktiboa egiten. Gertatzen dena da guk egiten dugula eta ez dugula teorizatzen, eta hortaz, galestarrek teorizatu dute eta guk bere horretan hartzen dugu, aintzat hartu gabe geurean aspaldi ari garela eskaintza aktiboa egiten hainbat leku eta modutan. Izan ere, guri soziolinguistika fakultatea falta zaigu eta hauxe da horren ondorioetako bat”.

Eta katakrak egin zidan horrek buruan. Bueno, goazen txiri-txiri: zer da eskaintza aktiboa edo active offer? Honela defini genezake:

pertsona bat gurera hurreratzen denean, eskaintza aktiboak dakar ez eskatu behar izatea berariaz bere hizkuntzan artatua izatea. Horren ordez, arreta ematen duenak proaktiboki gonbidatzen du pertsona bere hizkuntzan hartu-emanak izatera. Horri laguntzeko, inguruneak ere lagundu behar du eta linguistikoki ekitatiboa izan beharko litzateke. Azken finean, pertsonengan oinarritutako arreta dakar eskaintza aktiboak eta nork bere hizkuntzan artatua izateko helburua du, bezero edo erabiltzailearen gainean zamatu barik hautaketa hori.

Gurean, hainbat udalek egiten dute (badira euskaraz komunikatzeko aukeratu duten herritarren zerrendak han eta hemen), Osakidetzak ere pauso batzuk egin ditu bide horretan (215.000 herritar aukeratu dugu euskarazko artatzea Osakidetzan) eta, esate baterako, Laboral Kutxak ere aspaldi dabil bide horretan (hala eskatzen duten herritarrei euskara hutsez eurekin komunikatzeko, 70.000 bezero dituzte zerrenda horretan). Izarkom ere euskara hutsez komunikatzen da bezeroekin eta abar (beste mila ekimen egongo da han eta hemen, ezagutzen ez ditudanak, inork ezagutuz gero, eskertuko nuke informazioa).

Horri gehitu, lehen berba/hitza euskaraz egiteko eratu diren kanpainak, Euskaraldiko kanpo ariguneak, hainbat herritan dauden bereizgarriak (edo martxan jarri berri den Euskaraz barra-barra), Bai euskarari edo Bikain ziurtagiria, eta abar. Hortaz, kanpolarrosa izan barik eta etxekalte izan barik, gurean eskaintza aktiboa aspaldi egiten dugu eta jarraitu behar dugu eskaintza aktibo hori hobetzen, zaintzen eta zabaltzen.

Euskal curriculuma

2023-10-23  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskal curriculuma

Azken Hik Hasi aldizkarian (itxura berritua du) euskal curriculuma eguneratzen ari direla irakurri dut. Jardunaldi bat egin zuen Eusko Ikaskuntzak uztailean eta prozesuak aurrera egingo du. Ikusita zer jende dagoen horren atzean, ziur naiz emaitza ona izango dela. Euskaraz ikasi ez ezik, euskaratik ere ikasi behar dugulako, dutelako. Beste txakolindegi bat izango da aplikazioa, baina tira …

Hala ere, kezka bat datorkit burura. Eta kezka horri deitzen zaio curriculum ezkutua (euskal curriculuma ez da ezkutua, esplizitua eta esplizitatua baizik). Curriculum ezkutua da jendartean dagoen indar estrukturala, edozein sozializatzeko ikasi behar duen jokaera-kode edo jokaera-estiloa da, hori bai, inplizitua, isilpekoa, baina ikaragarri eraginkorra dena.

Eta mila lekutatik, mila bidetatik helarazten digutena egunerokoan. Nago ezkutuan dagoen horri ere inoiz heldu beharko diogula, nago ezkutuan dagoen horretan eragiteko formulak eta formak asmatu beharko ditugula, nago …

Bide oparo eta praktikoa izan dezala euskal curriculumak, noski, baina noizbait ere heldu beharko diogu curriculum ezkutu horri. Agerian heldu ere.

Ager

2023-10-17  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ager

Kasualitatez (edo) uda luze honetan (urrira arte luzatzen ari den uda honetan) sarritan izan naiz Agerrean: Abartzuza, Antzin, Ablitas, Arketas eta Mendigorrian izan naiz (Murieta, Lizarra, Gares eta abarretik ere pasatu gara).

Eta Agerren ere badago mugimendu euskaltzalerik. Agerraldia du izena eta hainbat gauza antolatzen dituzte. Euskaltzaleen topaketak, euskararen egunak, herri lasterketak (Santxikorrota mundiala izan zen), kale izenak euskalduntzeko dinamikak (Sartagudan, Uxuen edo Lodosan), euskara planak Errigorako ekoizle diren 23 enpresetan, Union Tutera futbol taldea, euskara ikasleentzako bekak, ikastola eta D ereduko ikastetxeentzako diruak … eta abar antolatu dituzte urte hauetan (2021ean abiatu ziren). Agian, akaso, esanguratsuena hauxe da: Agerreko zonan hainbat ludoteka jarri dituzte martxan (24 jolasteka 2023an 17 herritan, Abartzuza, Allo, Andosilla, Antzin, Azkoien, Berbintzana, Garinoain, Kastejon, Larraga, Mendigorria, Oteiza, Puiu, Sartaguda, Sesma, Tafalla, Viana eta Zarrakaztelun, eta 233 ume). Eta hurrengo astean hasiko da Errigorako Gabonetako kanpaina.

Epika behar dugula entzun dut askotan. Errigora epika da, Agerraldia epika da, Plazara epika da (askotan epikaren aitzakiapean erromantizatzen ditugu kontuak, prekarietatea dena epika bihurtuz, baina tira), baina Bizkaian edo Araban edo Gipuzkoan ere epika behar dugu. Eta honek guztiak beste behin esplikatzen digu zer garrantzitsua zaigun euskararen aldeko mugimendu egituratu eta indartsu bat izatea. Geure esku ere gauza asko daudelako. Agerren ere.

Dinamizazioa

2023-10-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Dinamizazioa

Orain dela urte batzuk, Marije Manterola eta biok joan ginen Galiziara, Emunek bidalita. Han ezagutu genuen CTNL, hango galiziera teknikarien elkargoa. CTNL ezagutu baino, CTNLko jendea ezagutu genuela esan behar nuen. Eta sasoi hartan eurek kezka bat zuten (bueno, kezka batzuk eta hau da horietako bat). Galiziako Gobernua ari zen galiziera sustatzeko erakundeei (eta langileei) izendapena aldatzen. Galiziera normalizatzeko zerbitzu izatetik dinamizatzeko zerbitzua izatera pasatzen ari ziren (eta langileak normalizatzaile izatetik dinamizatzaile izatera). Eta, noski, galdetu ziguten gure egoeraz. Guk erantzun genien gurean izenik erabiliena euskara teknikari zela eta sustatzeko erakundeei normalean euskara zerbitzu deitzen zitzaiela. Apur bat zapuztuta gelditu zirela iruditu zitzaidan, baina, tira.

Orduan, ez nion kezka horri erreparatu gehiegi, egia esateko. Orain dela ez asko, idatzi nuen teknifikazioaren inguruko artikulutxoa eta argitaratu ostean, gogoratu nintzen Galiziako eztabaida horretaz.

Eurek uste zuten dinamizazio deitzea euren lana zelanbait menostea zekarrela, eurek euren burua normalizazio teknikari zuten, ez hizkuntza dinamizatzaile. Eta, jakina, eurek hala esaten badute, neu euren alde. Baina … agian, akaso, beharbada, gurean ere teknikari baino dinamizatzaile izena egokiagoa izan daitekeela begitantzen zait (normalizatzaile berba ez nau bat ere asetzen). Izenak izana badakar … agian, aurrerantzean teknika gutxiago eta dinamizazio gehiago egin beharko genuke. Aurrera egitea nahi badugu, behintzat.

4-8-20-47

2023-09-25  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

4-8-20-47

Eta 11 kilometro (edo 14 kilometro, Sondika ere hartzen badugu kontuan). 4koa ei da Derioko kale erabilera (baita Sondikakoa ere), 8koa Zamudiokoa, 20koa Lezamakoa eta 47koa, azkenik, Larrabetzukoa. 11 edo 14 kilometrotan 4tik 47ra. Eta Loiu gehituta, 2tik 47ra 18 kilometrotan.

Ezagutzak (metafora arriskutsua dela irakurri dut azken Bat aldizkarian eta, gainera, gogoan ditut hau idazterakoan Iñaki Iurrebasoren ekarpenak) ez du esplikatzen erabilera. Loiuk eta Zamudiok ia ezagutza bera izanda (%48,64 Zamudiok eta %48,79 Loiuk) erabilera %2 da Loiun eta %8 Zamudion. Deriok eta Sondikak, ostera, ia ezagutza bera izanda (Deriok %42,56 eta Sondikak %44,64) erabilera bera dute, bai, eta Loiuk baino handiagoa, nahiz eta ezagutza txikiagoa izan bi herrietan. Lezamak %63,97ko ezagutza izanda, erabilera %20koa da eta Larrabetzun, ostera, ezagutza %73,77koa izanda, erabilera %47. 10 puntuko aldea dago bi herri horietan ezagutzan eta 27 puntukoa erabileran.

Datuak aletzen jarraitu ahalko nuke (datuak erabat ulertu ezin badira ere, eta herrien trinkotasunak eta bizitasunak alde batera utzita), baina ez dakit merezi duen. Izan ere, azken 50 urteotan Bilbotik gertu zegoen azken eskualde euskalduna odolustu dela argi dago. Sondika, Loiu, Derio eta Zamudion (biztanle gehien duten hiru herriak hor daude, guztira ia 17.000 biztanle, Txorierrik dituen 21.483 biztanleen ia %80a) euskararen erabilera hutsaren hurrengoa da (2, 4 edo 8, kopuru zeharo txikiak dira). Larrabetzuko “arnasgunea” ere arrakalatuta dago (erabilera ez da erdira heltzen!) eta Lezama ere ez dago bolanderak botatzeko moduan.

Bada sasoia honi (ere) heltzeko, erakundeetatik (Txorierriko Euskara Zerbitzutik bai, baina ez bakarrik), mugimendu sozialetatik eta herritar arduratsuetatik.

Intersekzioetan

2023-09-18  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Intersekzioetan

Edo elkarguneetan, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrek aipatzen duten moduan. Jarri dezadan testuingurua: Amillena jatetxea, Arrazola, Anboto ikusmiran. Ari ginen bazkari gozoa hartzen eta bat-batean intersekzionalitate berba (gaitza da esaten!) ahora etorri zitzaigun. Eta esan nizun: hau da benetako intersekzionalitatea.

Azal dezadan apur bat. Amillena da jatetxe kooperatiboa, bertako produktu eta produktu ekologikoekin lan egiten duena. Horrez gain, emakumeak* dira bertako langileak eta euskaraz artatzeko bidea ematen dutenak. Barra gainean Berria egunkaria eta bazter batean Argia aldizkaria. Bertako produktuak erosteko aukera ere badu, mugimendu agro-ekologikoko kamisetak, komuneko papera ekologikoa da, kultur ekitaldiak ere antolatzen dituena tarteka.

Askotan iruditu zait intersekzionalitatea zapalkuntzetarako bakarrik erabili dela. Eta ez nago horren kontra, inondik ere. Baina, agian, akaso, beharbada, apika, eraikuntzarako ere erabili beharko genuke kontzeptua eta eraikuntzan ere adi eta tentuz zaindu beharreko milaka detaile eta erabakietarako beharrezkoa litzateke. Edo hori iruditzen zait niri, baldin eta euskaraz bizitzea hobeto bizitzearekin lotzea gura badugu (bide batez, antzeko gaia lantzen duen Kezkak, ardura eta konfiantza artikulua gomendatu nahi dizuet, Imanol Epeldek ondua).

Euskara atala Hala Bedi irratian (2022-2023)

2023-09-11  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskara atala Hala Bedi irratian (2022-2023)

Podcastak asko maite ditut, asko entzuten ditut. Bere sasoian bloga podcast bihurtzeko asmoa izan nuen, baina teknikak gainditu ninduen (asmoa hor dago, baina …).

Eta podcast-etan soziolinguistika (adiera zabalean, beti ere) lantzen bada, ba gusturago entzun izan ohi ditut. Urtero ekarri ditut MUko ikasleek egindako podcast-ak (Putzutik plazara 1 eta Putzutik plazara 2) eta iaz ere ekarri nuen blogera Irati Iciarrek Halabedi irratian egin zituenak. Eta oraingo honetan Ainhoa Pardinak Halabedi irratian egindakoak ekarriko ditut.

9 podcast dira, aski ezberdinak. Lehenengo biak hiztun berriei buruzkoak dira eta, ordutik, elkarrizketak egiten hasi zen Ainhoa: Paulina Toporowska, Joxe Mari Agirretxe, Beñat Garaio, Cira Crespo, Antton Telleria eta abar. Denak interesgarri eta denak entzungarri. Gozatu belarriak, irakurle (entzule).

Ainhoa Pardina Halabedi irratian:

  1. Hiztun berriak? Euskaldun zaharrak? Zergatik eta zertarako?
  2. Euskara hiztun berriak II
  3. Paulina Toporowskari elkarrizketa
  4. Joxe Mari Agirretxe Porrotxi elkarrizketa
  5. Gure esku ditugun baliabideak
  6. Beñat Garaiori elkarrizketa
  7. Cira Crespori elkarrizketa
  8. Antton Telleriari elkarrizketa
  9. Irati Iciar eta Julen Mendizabalekin solasean

Teknifikazioa

2023-09-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Teknifikazioa

Hasi aurretik, ohar bat: ni euskara teknikari aritzen naiz (hizkuntza aholkulari esamoldea erabiltzen du Emunek). Eta, hortaz, euskararen teknifikazioaren barrunbe eta alor asko lehen eskutik ezagutzen ditut, baina …

Kezka bat dut. Kezka bat edo ezinegon bat edo … Izan ere, nire ustez, azken urteotan euskararen garabidea gero eta teknifikatuta dago. Eta horrek zertan laguntzen digu? Gero eta teknikoagoa da euskararen garapena (eta hala behar du, hein handi batean), gero eta estatistika gehiago, gero eta adierazle gehiago, gero eta aplikazio informatiko gehiago, gero eta irizpide teknikoago, gero eta neurketa gehiago, gero eta … Ez dakit larregizkoa den, baina teknifikazio horrek zertan laguntzen digun ez dut batere garbi.

Baina, kontuz, mapak ez du beti lurraldea adierazten. Euskara kosifikatu dela (dugula?) irakurri nuen Hernaniko hizkuntzaren garapenari buruz Malores Etxebarriak egindako lanean. Argi dago teknifikazio maila bat behar dugula, argi dago lantzean behin berriro graduatu behar ditugula betaurrekoak eta zorrotzago jardun. Baina … Jon Sarasuak esaten duena ere datorkit gogora: zuntz emozionalak landu gabe, diskurtsoak bide laburra egiten du.

Kezkak dira hauek, kezkak, ezinegonak eta erantzun gutxi. Baina nago honi ere begiratu beharko geniokeela …

Teoria maketoa (Mari Luz Esteban)

2023-07-17  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkin bat

Teoria maketoa (Mari Luz Esteban)

Aspaldi ez nuen ekartzen hona poema soziolinguistikorik. Oraingo honetan, Mari Luz Estebanek idatzitako Teoria maketoa ekarri dut hona. Uda on denoi!

 

nago

euskalduntasunaren teoria maketo baten

premian bagarela

 

teoria maketoa

kanporako eta barrurako kolonialismoaren aztarnak

agerian uzteko

 

teoria maketoa

iragana, orainaldia eta etorkizuna

batera jotzeko

 

teoria maketoa

gure artean diren desberdintasunak eta desberdinkeriak

ez ahazteko

 

teoria maketoa

euskal jakintzaren iruditeriak, kanonak

ezegonkortzeko

 

teoria maketoa

ahoskera, doinu, azentu (omen) desegokiei

harrera ona egiteko

 

teoria maketoa

euskaldun perfekturik ez dela ez inoiz ez inon izango

berresteko

 

teoria maketoa

bizi garen lurraren maizterrak baino ez garela

adierazteko

 

teoria maketoa

gizaki zaurgarri eta elkarren menpeko gisara, ezezagunekin

kondenaturik garela ohartzeko

 

teoria maketoa

gure kanpo eta barne mugek seinalatzen dituzten

lotsak zauriak grinak desirak hautematen asmatzeko

 

etorri ginelako gara

etorriko direlako izango gara

Aipatzen

2023-07-10  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipatzen

“Zail baita pentsatzea hiztun komunitate bat biziberritu daitekeenik kultur sorkuntzarik gabe, kultur bizitzarik gabe, kultur erritualik gabe, kultur eztabaidarik gabe, kultur tentsiorik gabe…”

Iratxe Retolaza

“Gaur egun, euskal soziolinguistikaren esparruan zalantzan jartzen ari dira orain arte baliagarriak izan zaizkigun sailkapenak eta kategoriak; hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak ulertzeko eta pertsonen arteko rol linguistikoak proposatzeko ahaleginak egiten ari dira; hirigintzak eta espazio publikoaren konfigurazioak izan dezaketen papera aztertzen ari da; genero-rolen araberako praktika linguistikoetan arreta jartzen ari da; artatsuki begiratzen ari zaie gazteen erreferentziei, ideologia linguistikoei eta praktikei; hiztun berrien muda prozesuen analisia egiten ari da; komunikazio publikoaren esparruan eragiteko bideak sistematizatzeko saiakerak martxan daude; hizkuntza-aniztasunak eta migrazioei lotutako kulturartekotasunaren eraginetan eta aukeretan erreparatzen ari da; hizkuntza-teknologiei lotuta helduko diren aldaketak aurresateko saiakera egiten ari da; ikasgeletan ahozko hizkuntza eraginkortasunez jorratzeko bideak zabaltzen ari dira…”

Asier Basurto

“Hiztun komunitatearen kontzeptu hau, biziki praktikoa dena hiztunen asanblada baten irudikatzeko, izugarri lausoa da errealitatean. Batzuentzat, nazioa bera izan daiteke eta besteentzat auzoa bakarrik”.

Helene Charritton

“Kultur komunitaterik eta kolektiboki konektatzeko aukerarik gabeko euskal-hiztun indibidualizatua fabrikatu da instituzioetatik”

Ibai Atutxa

“Latinari herri-hizkuntzen matxinadan gertatu zitzaion moduan, gaur egun beharrezkoa da hizkuntza ez-hegemonikoen altxamendu bat, adierazteko, bizitzeko eta pentsatzeko moduak estandarizatzen ari diren hizkuntzen aurrean”

Marina Garcés

“Euskal Herriko toki gehienetan bizitzeak erdaldundu egiten du batez beste, baina arnasguneetan bizitzeak euskaldundu egiten du”.

Iñaki Iurrebaso

7 / 140«Aurrekoa6789203040Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA