Hurrengo mobilizazio orokorraren zain
Atzo iluntzeko ETB2ko informatiboetan kontrastea itzela izan zen, zinez, kate horrek greba orokorrari buruzko kontakizuna egin zuenean.
Herrialdez-herrialdeko errepasoa ematen hasi zirenean bai Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eragin “desberdina” (hitz magiko hori) izan zuela esaten zuten, eta berriemaileek azpimarratzen zuten hirietako komertzioetako “pertsianak itxi eta ireki” aritu zirela egun osoan pikete informatiboak pasatzen zirenean. Deigarria izan zen, batez ere, Bizkaian greba orokorraren deialdia jasotzen aritu zen kazetariak esandakoa: “Greba herri txikietan nabaritu da gehien, baina dena esan beharra dago, piketeen eraginagatik”. Adierazpen horiek osatu zituzten ertzainen eta grebalarien arteko liskarren irudiekin, patronaleko ordezkarien esanekin eta abar. Azken mezuak honakoa zirudien: betikoek, betiko herri “txikietan” egin dute greba, gainerakoan normaltasuna, bai osasun zentroetan, garraio publikoan…
Nafarroako kasuan –grebak eragin gutxien izango zuela pentsa zitekeen herrialdean, bestalde– berriemaileak ez zuen Iruñeko Gobernuaren daturik eskuartean, baina sindikatuen arabera Nafarroako iparraldeko bailaretan greba ia %100ak babestu zuela azaldu zuen eta Iruñerrian eragina ere oso nabarmena izan zela. Langabezian geratu diren grebalarien hitzak jaso zituen kazetariak eta piketeen presioaz ixtera derrigortzen duten merkatariaren kasuaz gain, nagusiaren “zerrenda beltzean” sartzeko beldurragatik lanera derrigortuta joaten den langilearena ere aipatu zuen, “koakzioa existitzen delako” bukatu zuen. Kontrastea itzela.
Garbi dagoena da krisiak ez duela etenik –2010 ere oso txarra izango dela esan dute berriki– eta atzoko greba abisu bat izan zela: “Patronala langileak batuko direnaren beldur dira” esan zuen Adolfo Muñozek grebaren atarian Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan. Frantzian bi greba egin dira oso segidan. Ez ote da mobilizazio orokor indartsuagoa –eta batuagoa?– prestatzeko greba izan atzokoa? Ez ote da horregatik urduritzen hasi patronala? Enpresarien elkarteek greba deskalifikatzeko egindako ahalegin bereziak zer pentsatua ematen du.
Nik ere uste dut hasiera baino ez zela izan atzokoa. Lehen harria baino ez dugula jarri, alegia. Lanean segi beharko da beraz. Eta lana orain baino hobe eta elkartuago eginez!