Mutiloa
Internet, erakunde politiko, enpresa eta bestelako lobbyen etsai bihurtu da, eta ez gara hemen Wikileaksen filtrazioez ari. Egia da kasu askotan manipulaziorako eta intoxikaziorako tarte uzten duela sareak, baina beste askotan informazio baliotsua aurki daiteke. Handi-mandiek informazioa tantaka sakabanatzen dute, eta distortsionatu egiten dute, herritarrari gardentasun itxura eman, baina ezer ez kontatzeko. Noiz edo noiz kazetari edo ikerlariren bati okurritzen zaio itsasoan arrantza egitea, eta asten da solte dauden soka-muturrak lotzen.
Horixe egin zuen, esaterako, Marie-Monique Robin-ek Le monde selon Monsanto lanarekin. Kazetari frantziarrak, dokumental arrakastatsuaren ondoren argitaratutako liburuan, onartzen du ikerketa egiteko iturri nagusia Internet izan zuela
“Gau eta egun egin nuen lan Interneten, eta egiatan, liburu honetan aipatzen ditudan dokumentu gehien-gehienak sarean daude erabilgarri. Nahikoa da bilatzea eta elkarlotzea, eta hori gomendatzen diot irakurleari, txundigarria baita: dena dago hor eta inork ezin du esan, zentzu pixka batekin, ez zekiela”.
2007an, Steven E. Nissen kardiologoak Avandia botikaren kasuari estalkia kendu zion. Botikak bihotz-hodietan arazoak eman eta gaixoak hiltzen zituela demostratu zuen, eta horretarako 47 artikulu zientifiko aztertu zituen. Artikulu horiek, AEBetako Medikamentu Agentziaren webgunean zeuden zintzilik, bai eta aldizkari prestigiotsuen on-line edizioetan ere, denen bistara.
Eta gurera etorrita, Mikel Peruarena kazetariak artikulu sorta sareratu du Zeinek erre nahi ditu hondakinak? izenarekin. Ikerketa horretan bilaketa lan ikaragarria egin du Peruarenak, Interneteko errekurtso guztiak baliatuz horretarako (enpresen webguneak, egunkarietako hemerotekak, aldizkari digitalak…). Han-hemenka barreiaturik zeuden datu hutsak elkarren artean lotu eta zementugileen eta hondakinen artean dagoen trama ezin ageriago utzi du.
Mutiloa: ikerketatxo bat froga gisa
Marie-Monique Robin-en aholkua jarraituz aproba txiki bat egin dut eta kontu batekin buzeatzen hasi naiz itsaso horretan. Pertsona batek pasatako informazioa izan da nire ikerketa txikiaren abiapuntu. “Begiraiozu Jaurlaritzako Ingurumen sailaren atarian dagoen dokumentu honi eta konturatuko zara nora eramango dituzten Zubietako eskoriak”, esan dit. Eta hor agertu da izena: Mutiloa.
“En caso de que las escorias tratadas no tengan salida (…) los excedentes se dirigiran a vertederos de residuos no peligrosos, concretamente al vertedero de Lurpe (Mutiloa)”. Bagenekien, Aldundiko arduradunek hala esanda, Zubietako erraustegiko errauts toxikoak Euskal Herritik kanpora bidaliko zituztela, baina… eta eskoriak? Inkognita bat zen urtero sortuko diren milaka tona hondakin kutsagarriak nora eramango ote ziren. Bada, erantzuna Interneten genuen, RESA enpresak egindako Ingurumen-inpaktuaren Ikerketa eta Proiektu Teknikoa dokumentuan (441 orrialdean). Mutiloako Lurpe zabortegira joango dira, “beste irteerarik” aurkitzen ez bazaie (gauza oso probablea).
Lurpe zabortegia Cespa Gestión de Residuos enpresak kontrolatzen du. 1998an ekin zion enpresa horrek zabortegi zahar bat “berreskuratzeari”, industriako hondakinak botatzeko. Zazpi milioi euroko inbertsioaren ondoren, 2006an inauguratu zuten eta 3.000.000 m3 hondakin jasotzeko ahalmena du; hondakin inerteez gain, amiantoarekin kutsatutako hondakinak ere bertara eramaten dira. Zulo hori bete nahi dute, bada, erraustegiko eskoriez.
Cespa G.R-k 22 milioiko irabaziak izan zituen iaz hondakinen inguruko aktibitateengatik. Katalunian ditu negozio gehienak, baina baita Euskal Herrian ere. Zehazki, hainbat zabortegi berezi ditu eta hondakinen bilketaz eta garraioaz ere arduratzen da. Cespa, Ferrovial talde erraldoiak kontrolatzen du ehuneko ehunean. Zein daude Ferrovialen atzean? Besteak beste, bertako lehendakariorde da Santiago Bergareche, enpresa gizon bilbotar ezaguna, Cepsa petrolerako lehendakaria ere badena eta… Vocento taldeko Administrazio kontseiluko kidea. Ergo: Zubietako erraustegiko eskoriekin negozioa egingo duen enpresaren jabeak Diario Vascon ere agintzen du.
Juan Ignacio Escala: Cespatik Administrazio publikora
Beste ari mutur bati ere hel diezaiokegu: Juan Ignacio Escala Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen zuzendariarengana garamatzana. Escalak Cespari estuki loturiko hamar urteko ibilbidea du atzean. 1999an, Mutiloako zabortegia birmoldatzeko prozesuan bera ibili zen, Cespa G.R-ren ordezkari; 2004an hitzaldia eman zuen ISRk Bilbon birziklapenaz antolatutako konbentzio batean, hau ere Cespa-ren izenean; 2008an Legazpiko ontzi arinen klasifikazio plantaren gerentea zen Cesparen eskutik; eta 2009ko uztailean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen zuzendari izendatua izan ondoren, Cesparen apoderatu gisa azaltzen zaigu oraindik. Cespa enpresan ardura handiak izan dituen pertsonak gaur egun enpresa horretan segitzen duenentz ez da ageri Interneten. Baina badakigu Cespak etekinak aterako dituela Zubietako eskoriekin…
2010eko apirilaren 29an, erraustegiaren proiektuak ingurumen baimena jaso zuen. El País-en arabera, Hondakinen Partzuergoak Jaurlaritzan egindako “kontsulten” emaitza izan zen hura. Non “galdetu” zuten Carlos Ormazabal eta enparauek? Ingurumen Kalitatearen zuzendaritzan. Imajina dezakegu Juan Ignacio Escalak nola errezibitu zituen.
Horra trinomioa osaturik: mass media, administrazio publikoa eta enpresa pribatua.
Erraustegiarekin zabortegien garaia amaituko dela esan dute ponpa handiz, baina Mutiloako Lurpera 60.000 tona eskoria eramango dituzte urtero Zubietatik, eta kamioiak ibiliko dira egunero joan etorrian horretarako –Ormaiztegiko herrigunetik du sarrera zabortegiak, Google Earth-eko irudian ikus daitekeenez–. Eskoriak kutsagarriak dira oso, metal astunak izaten dituzte eta erraustegien parriletan geratutako gai toxikoak ere bai. Jakin nahiko nuke zer iritzi duten mutiloarrek, ormaiztegiarrek eta Gipuzkoako goierritarrek, honetaz guztiaz.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Errauste-planta jada hasi zaio El Diario Vascori dirua ematen « UBEL - [...] guztiori jartzen du agerian Urko Apaolazak ARGIA astekarian. Eskerrak eman nahi dizkiogu, trama hauek agerian jartzeagatik eta herritarrak babesten…
- Urko Apaolazak Diario Vascoren interes ekonomikoak agerian jarri ditu « Zarautz Zero Zabor - [...] Hemen duzue ARGIAko blogeko pasartea: [...]
- Las escorias de la incineradora de Zubieta se depositarán en Mutiloa: algunos detalles muy esclarecedores - Gipuzkoa Sin Incineradora - [...] más detalles sobre el tema en su blog, en el artículo titulado (traducimos del euskara): "Mutiloa". Resumimos aquí su…
- Atez atekoaz hamar gezur handienen rankinga - [...] denik: errauskailutik ateratako eskoriak eta errauts toxikoak zabortegi batean bildu beharko dira (Mutiloan, agidanez), eta askoz arriskutsuagoa izango [...]
- Atez atekoaz. | Horrela bizi bagina beti! - [...] denik: errauskailutik ateratako eskoriak eta errauts toxikoak zabortegi batean bildu beharko dira (Mutiloan, agidanez), eta askoz arriskutsuagoa izango [...]
- Atez atekoaz hamar gezur handienen rankinga « bilduzumarraga - [...] denik: errauskailutik ateratako eskoriak eta errauts toxikoak zabortegi batean bildu beharko dira (Mutiloan, agidanez), eta askoz arriskutsuagoa izango [...]
“Le monde selon Monsanto” delako dokumentala, ETB3n eskaini genuen iaz, bi zatitan banatuta eta euskararturik, jakina. HARATAGO zuen izena saio hark. Ez zuen inork ikusi.
Hasier: ba al dago modurik “Le monde selon Monsanto” euskaraz ikusentzuteko?