Mankomunitateen kontrolaz
Bilduk Gipuzkoan izandako emaitzak zer esan handia ematen ari dira, batez ere makroproiektuak kolokan jar ditzaketelako. Hondakinen kudeaketa eredua aipatzen da gehien, errauskailuari moratoria eskatzen dutenak gailendu baitaitezke mankomunitateetan. Hala al da? Egin ditzagun kontuak.
– Udal hauteskundeen ondoren, mankomunitateen egoera politikoa erabat aldatu da zenbait kasutan. Debagoieneko Mankomunitatean, Tolosaldekoan eta Urola Erdialdekoan errauskailuaren kontrakoek gehiengo osoa dute zalantzarik gabe, herri nagusietan ezezik (Arrasate, Tolosa, Azpeitia, Bergara…) herri ertain eta txiki gehienetan nagusitu dira.
– Urola Kostan lehiak estua dirudi mankomunitatearen kontrolerako. Bertoko estatutuek (pdf) diote udal guztietako zinegotzi guztiek osatuko dutela Batzar Nagusia, mankomunitatearen organo erabakigarriena. Errauskailuaren aldekoak 33 zinegotzi atera dituzte (EAJk 28, PSEk 4 eta PPk 1), errauskailuari moratoria jartzearen aldekoak berriz 34 zinegotzi (Bilduk 30 eta Aralarrek 4). Orioko Orain plataformaren 2 zinegotzi geratzen dira tartean, haien iritzia errauskailuarekiko zein ote den momentu honetan ez dakit.
– Sasieta Mankomunitatean zailagoa da jakitea zer gertatuko den. Goierri inguruko 22 udalerrik osatzen dute entitatea eta horietako bakoitzak ordezkari bat du mankomunitatean, horrez gain, 5.000 biztanle gainditzen dituzten udalerriek beste ordezkari bat dute. Gauzak horrela, Beasainen, Zumarragan eta Urretxun errauskailuaren aldekoak nagusituko direla dirudi (Urretxuren kasuan EAJk PSErekin eta H1!-ekin paktatuz gero), bakoitza bina ordezkarirekin. Horrez gain Idiazabal eta Zegaman ere alderdi horien ildoko plataformek irabazi dute. Beraz: 8 ordezkari errauskailuaren aldekoek. Moratoria eskatzen dutenek Ataun, Itsasondo, Lazkao (2 ordezkari), Legazpi (2 ordezkari), Legorreta, Ordizia (2 ordezkari), Segura eta Zaldibia dituzte. Beraz: 11 ordezkari. Baina mankomunitateko gainerako zortzi udalerritan independenteak aurkeztu dira, zein ote da horien iritzia?
– Debabarreneko Mankomunitatean ez dago zalantzarik, PSE eta EAJ atera dira garaile herri nagusietan (Eibar, Ermua eta Elgoibar) eta 10 ordezkari izan ditzakete mankomunitatearen organo nagusian. Bilduk aldiz 5 izango ditu. Beraz, sorpresarik ez bada Debabarrenak errauskailuaren alde egingo du. Txingudiko Mankomunitatea ere PSEren (Irunen) eta EAJren (Hondarribian) esku geratu da
– Bukatzeko, San Marko Mankomunitatea dago, Gipuzkoako populatuena. San Markon 157 boto daude jokoan, biztanleriaren arabera banatuak: Donostiak 47; Errenteriak 17; Hernanik, Lasartek eta Pasaiak 13; Oiartzunek, Usurbilek, Lezok eta Urnietak 11; eta Astigarragak 10. Bilduk gehiengo osoa lortu duen udalerriekin 69 boto dauzka eta 10 boto falta zaizkio San Markoren kontrola eskuratzeko (79 boto). Donostian eta Errenterian Bilduk irabazi du, baina errauskailuaren aldekoak batuz gero (PSE, EAJ eta PP) gehiengo dira, Urnietan eta Lasarten bezalaxe.
Zubietako proiektu “estrategikoa” Hondakinen Partzuergoaren bidez bultzatu dute errausketaren aldekoek. Partzuergoa mankomunitateek eta Aldundiak osatzen dute, proportzio honetan:
Entitatea |
Portz. |
Botoak |
Foru Aldundia | %33 | 11,8 |
San Marko | %29 | 9,8 |
Debabarrena | %7 | 2,4 |
Txingudi | %7 | 2,4 |
Sasieta | %6 | 2,0 |
Debagoiena | %6 | 2,0 |
Tolosaldea | %5 | 1,8 |
Urola Kosta | %4 | 1,4 |
Urola Erdialdea | %3 | 1,0 |
‘
Beraz, moratoria eskatzen duten indarrek Partzuergoko ordezkaritzaren %14 daukate soilik segurtatuta. Urola Kostan eta Sasietan balantza haien alde jarriz gero %24 edukiko lukete. Bistan da San Marko eta Aldundia direla klabeak Partzuergoa kontrolatzeko. Hortaz, errauste plantaren aldekoek (EAJ, PSE eta PP) derrigorrez paktatu beharra dute, batzuetan biren artean (Errenterian, Urnietan eta Lasarten EAJ eta PSE nahikoa dira) eta bestetan hiruren artean (Aldundian eta Donostian PPren babesa ere behar dute).
Ez du erraza ematen moratoria eskatzen dutenek Hondakinen Partzuergoan agindu ahal izatea. Errausketaren aldeko alderdi nagusiak hasi dira jada posizioak hartzen “proiektu estrategikoen”, “Gipuzkoako aurrerapenaren” eta bestelako argudioen izenean. PSEk eta PPk oso garbi dute, EAJk ez hainbeste: nola gobernatu liteke 58 udalerriren oposizioa izango duen “koordinazio” erakunde bat? (Txema Monterok esana elkarrizketa honetan) Beste aldundietan eta hiriburuetan zer negoziatuko ikusteke dago gainera. Noticias de Gipuzkoak argitu duenez EAJ eta PSEk hauteskundeen aurretik hitzarturik zuten Gipuzkoako proiektu handiei babesa ematea bozketaren emaitzak zer nola izanda ere. Hitzarmen horrekin jarraitzea erabakitzen badute, kontsigna oso zorrotzak igorri beharko dizkiete beren zinegotziei, udal plenoetan inolako sorpresarik egon ez dadin; zenbaki horiekin nahikoa baita “disidentzia” txiki bat euren asmoak pikutara joateko (gogoan izan joan den legealdian Odon Elorzak EBrekin paktatu zuela, San Markoren kontrolerako giltza emanez).
Dena den, errauste planta “goitik behera” geraraztea zaila dirudien arren, “behetik gora” gerarazteko aukera inoiz baina handiagoa da. Atez ateko zabor bilketa indarturik atera da egunotan bi arrazoirengatik: Bat) Atez atekoa ezarri duten udalerrietan (Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan) erreferendum modura hartu dira udal hauteskundeak eta aldekoek garaipen itzela lortu dute. Bi) Hauteskundeen bezperan EAEko Auzitegi Gorenak ebazpena kaleratu zuen, Hernanik atez ateko sistemarekin jarraitu dezakeela esanez.
Datorren legealdian, Bilduk gehiengo osoa lortu duen herrietan atez ateko zabor bilketa ezartzen badute, Zubietako errauskailuari asko konplikatuko zaizkio kontuak. Errauskailuak 260.000 tona zabor erretzeko gaitasuna izango du, baina Gipuzkoan atez atekoa zabalduz gero ez dirudi horren erdira ere iritsiko denik. Prest egongo al dira hain errentagarritasun gutxiko lantegia martxan jartzeko?
Analisi zehatza egin du hemen Apaolazak, eskertzen da indar harremanak nola dauden hain xeheki azaltzea. Justu gaur Diario Vascon gai berari lotu zaio Fernando Segura artikulu honekin: “Bildu podría dirigir siete de las ocho mancomunidades de Gipuzkoa. La coalición propone cinco años de moratoria para la incineradora. La construcción de la planta de Zubieta depende de un pacto entre PNV, PSE y PP”. Azken urteotan gaia azaletik bederen jarraitu duenak ondo daki egunkari horretan kazetari horrek idazten duena beti dagoela estu loturik Errauskailuaren sustatzaileek une bakoitzean zabaldu nahi duten mezuarekin. Bost urteko moratoriak ekarriko omen lituzkeen arazoen artean, azken aldian honakoa haizatzen dute: “Se tendría que indemnizar a la empresas a las que se ha adjudicado la planta”. Indemnizazioak nork pagatu beharko ditu, Gipuzkoako herritarrok… ala hauteskunde bezperetan obrak hasi arazi zituzten agintariek eta alderdiek?
Pello Z.