Perezaguako komunistak
Zigoitiko Etxaguen herrixkako elizaren ondoan, errepide batek erdi estalita, 1936ko hobi bat azaleratu du Aranzadik, Euskal Herrian orain arte berreskuratu den handienetakoa da. Facundo Perezagua batailoi komunistako kideak omen dira.
2010ean Abantoko Enarak dantza taldeak ikuskizun berezia sortu zuen gerran ibilitako batailoi errepublikarren omenez. Goiko bideoan zati esanguratsuenak ikus daitezke. Besteak beste, Facundo Perezuaga batailoiak Legutioko eta Asturiasko borrokaldietan izandako parte hartzea irudikatu zuten dantzariek.
Eusko Lurra fundazioak salatu du Zigoitian gorputzak industeko eta ateratzeko prozesuak –hezurrak Etxaguengo hilerrian lurperatu zituzten Agur Jaunak doinupean– ez duela aintzat hartu pertsona horien ideologia. Ez naiz orain kritika horien inguruko eztabaidan sartuko. Baina nor ziren Perezaguako milizianoak?
Gallarta, Abanto, Muskiz nahiz Ortuellako jendeek osatzen zuten “Perezagua zutabea”, militante eta alderdikide komunistak ziren, meatzeetako lan baldintza gogorretan ohituak, haien arbasoek egindako greba eta borroken oroimenarekin haziak. Batailoia 1936ko udan sortu zen eta bilakaera zitala izan zuen. Seguruenik Etxaguengo hobiko hamabi lagun horiek dira batailoiko lehenengotako “eroriak”, Legutioko borrokaldi antzuaren ondorioz. Asturiasen barrena ere ibili ziren, euskal brigaden barruan.
Sortu eta urtebete geroago, komunista horiek guztiak hilda, atxilotuta edo ihesean zeuden, baina ideiak alboratu gabe. Haien komandantea, Manuel Egidazu Garai bilbotarra, Santoñan hil zuten frankistek, italiarrek euren esku utzi orduko; Santoñako ehunka fusilatuen artean bera izan zen lehena.
Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile
Gaiaz baino, datuaz, twitterren aipatu bezala: “Euskal Herrian berreskuratu den hobi handiena”… datu okerra baina aski esanguratsua da: hobia agertu eta laster hainbat hedabide hasi ziren errepikatzen “Euskadiko” handiena zela. Uste dut agerikoa dela Nafarroan badirela, tamalez, askoz fusilatu gehiago dituzten hobiak, Urbasan bertan azkena. Baina EAE=Euskadi orokortzen ari den ekuazio horri erantzuten diola uste dut, norbaitek (Aranzadik? Jaurlaritzak?) prentsa-oharra egin datu horrekin (“Euskadiko hobi handiena”) eta halaxe hedatu da. Noski, hau Espainiako erkidego autonomikoa baino ez dela uste duenak baliatu dezake datu hori, Euskal herria erreferente daukan hedabideak “Arabako handiena” esan beharko luke. Halaxe egin zuen BERRIAk (http://www.berria.info/albisteak/77821/36ko_gerrako_arabako_hobi_komun_handiena_aurkitu_dute_zigoitian.htm), DEIAk ez zuen erreferentzia geografikorik erabili, eta paradoxikoki GARAk lurraldetasuna zatitzeko eskema hori erabili zuen: ” la más grande encontrada de momento en la CAV”: http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20130403/hallan-en-zigoitia-la-mayor-fosa-comun-de-la-guerra-del-36-en-la-cav
Mila esker Urtzi, zuzendu dut testuan. Handiena ez, handienetakoa. Ni “berreskuratzearekin” itsutu naiz, Etxaguengoa baino hobi komun handiagoak bai baitaude Hernanin eta Oiartzunen, baina berreskuratu gabeak. Hortik lapsusa. Nafarroako Erriberan hainbat herritan berreskuratu izan zituzten askoz gorpuzkin gehiago 70eko hamarkadan (Sartagudan, esaterako) eta azkenaldian Aranzadik Urzanten berreskuratu ditu 20 lagunen hezurrak. Kasu guztiak dira dramatikoak, baina Nafarroakoa ikaragarria izan zen, han ez zen gerra fronterik ere izan-eta.