Dozenaka erretzen diren birziklapen planten misterioa
Igandean itzali zuten erabat Chiloecheseko hondakin arriskutsuen plantan izandako sutea. Azkenaldian Espainiako Estatuan –Euskal Herrian ere badira hainbat kasu– erre diren gisa bereko dozenaka azpiegituren artean beste bat. Zer misterio dago atzean?
Gaztela Mantxako Seseña eta Chiloeches egin zaizkigu ezagun azken hilabeteotan, baina hemerotekari errepasoa eginez gero, konturatuko gara hondakinak tratatu edo birziklatzeko plantak dozenaka erre direla azkenaldian.
BlogSOStenible atarian hartu dute horietako batzuk zerrendatzeko lana eta 50 zenbatzera iritsi dira di-da batean. Zenbait tokitan sutea birritan izan da, horixe gertatu da esaterako Valentziako Riba-Roja eta Alzira herrietan eta Sevilla, Pontevedra edota Madrileko beste planta batzuetan.
Zerrendan Nafarroan iaz erretako bi planta ageri dira: Andosillan bata –hondakinak garraiatu eta tratatzen dituen Rinacon Gestion S.L-rena– eta Murillo el Frutokoa bestea –erabilitako pneumatikoak tratatzen dituen Indurgarbirena–.
Baina badaude kasu gehiago. Blog honetan bertan eman genizun beste sute baten berri, Arabako Araiatik gertu apirilaren 25ean izandakoa. Sertego Intervesases-en ontzi industrialak tratatzen zituzten suak fabrika kiskali eta langile gehienak kalean geratu baino lehen.
Negozioa bilketan, ez egiazko birziklapenean
Bistan da gehienean hidrokarburoz osaturiko materiarekin ibiltzeak badituela bere arriskuak. Baina BlosSOStenible-ren arabera hainbeste sute “istripuz” gertatzeko probabilitatea ezinezkoa da. “Zer arrazoi ezkutuko daude atzean? Subentzioak jasotzea? Aseguru-etxeei kobratzea? Agian negozioa bilketan eta politikariekin argazkia egitean datzala, eta ez egiazko birziklapenean?”, diote blogean.
Aspaldion askok susmo txarrak ditu Ecoembes enpresarengan. Ontziak kudeatzeko duela hogei urte sorturiko irabazi asmorik gabeko sozietatea da, eta Coca-Cola, Danone eta gisa horretako markak ditu bazkide, besteak beste. Ecoembesek du Espainiako Estatuan monopolioa alor horretan.
Eurostatek Espainiarentzat emandako datu katastrofikoek (pdf) –%20 baino ez omen da birziklatzen eta %10 konpostatu– adierazten dute badagoela tara handi bat Ecoembesen bilketa eta birziklatze sisteman.
Beste zenbait herrialdetan, erabilitako ontziak uztearen truke dirua itzultzen dizute. Espainiako Estatuan, ordea, ontzia ordaindu eta berrordaindu egiten du kontsumitzaileak. Eta polizikliko aromatiko edo dioxina forman itzultzen digute, konbustio misteriotsuaren eraginez.
Batzuen negozioa gure miseria
Gure osasunarekin ingurumenarekin eta diruaren¡kin negozioa egitea, guztiz lotsagarria da eta ziur nago gure esku dagoela errauskailuaren proiektu monstruosoa gelditzea.