NBEk errieta egin dio Espainiari gerra zibileko desagertuak ahaztu nahi dituelako
Abuztuaren 30arekin munduko hainbat txokotan Desagertuen Nazioarteko Eguna gogoratuko den honetan, Nazio Batuen errelatoreak, Pablo de Greiffek, txosten oso gogorra (pdf) argitaratu du Espainiako Gobernuaren kontra, gerra zibileko eta frankismoko krimenak ikertu nahiz erreparatzeko ezer gutxi egiten duelako.
De Greiff Espainiako Estatuko eta erkidegoetako ordezkari ugarirekin bildu zen joan den martxoan: ministroak, idazkariak, botere judizialeko goi karguak, zuzendariak… Esaterako, Nafarroako eta EAEko herriaren defendatzaileen ekarpenak jaso zituen. Bestetik, biktimen senideekin, auzitegi-medikuekin, historialariekin eta adituekin ere izan zen, eta Espainian barrena ibili zen gerra zibileko toki esanguratsuenak bisitatzen.
Egiaren eta justiziaren arloan sumatu ditu errelatoreak hutsune handienak, ez delako ezarri “benetako Estatu politika” argitzeko gertatu ziren hilketak, torturak eta desagertzeak. De Greiffen ustez gorpuzkinak hobietatik ateratzea “pribatizatu” du gobernuak, ardura biktima eta senideengan utzi baitu, eta horrek estatuko erakundeen axolagabetasuna eta ofizialtasun falta ekarri ditu.
Beste hainbat arazo ere zerrendatzen ditu txostenean: informazio eskasa eta artxiboetako dokumentuetara iristeko zailtasunak; frankismoa goresten duten Valle de los Caídos moduko tokien existentzia; Amnistiaren Legearen oztopoa; eta hezkuntzaren arloan, gertaturiko ahaztu behar dela dioten ideiak oraindik irautea.
Gobernuaren jarrera azkeneko ildo horretan kokatu du De Greiffek. Bere esanetan, gobernuko hainbat ordezkarirekin izandako bileretan honakoa adierazi diote: “Edo denek ondorioztatzen dugu jadanik erabat adiskidetuta gaudela edo alternatiba bakarra izango da barnean dauden gorrotoak berriz azaleratzea, eta horrek arrisku handiegia ekarriko luke”.
Errelatoreak Trantsizioan nagusitu zen “borrón y cuenta nueva” delakoari honela erantzuten dio baina: “Erakunde demokratiko baten indarra ez da neurtu behar gai batzuk alboratzeko duen gaitasunagatik, batez ere oinarrizko eskubideei dagokienean, baizik eta eraginkorki gestionatzeko duen gaitasunagatik, konplexuak eta deserosoak izan arren”.
Espainian desagertu gehien, Kanbodiaren atzetik
Kanbodiaren atzetik, Espainia da munduan desagertu gehien dituen estatua. Gerra zibilean errepublikarren artean hildako milaka lagunen hobiak daude oraindik ikertu gabe –Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisario Nils Muiznieksek 150.000ko kopurua aipatu du berriki–.
NBEk 2010ean izendatu zuen Desagertuen Nazioarteko Eguna abuztuaren 30a. Bere esanetan, derrigortutako desagertzeak ez dio soilik senideari eragiten, komunitate osoan segurtasun falta sortzeko estrategia gisa ere erabiltzen da.
Txostenean dio laburpena hizkuntza ofizial guzietara itzulita dagoela. Pdf horretan behintzat ez dago euskararen arrastorik.