Selektibitatea, hutsune handiak dituen neurgailua
Selektibitatea eta Baxoa hautaketa irizpide desegokiak dira unibertsitaterako, eta ebaluatzen/neurtzen dutenak hutsune handiak ditu gainera. Ondorioa bikoitza da: aurreko urteetako ikas-irakaskuntza prozesuak ere, gehienbat Selektibitatea prestatzera bideratuta dagoenez, hutsune handiak ditu batetik; eta ikasleek ez dituzte lantzen unibertsitateak eskatzen dituen konpetentziak, bestetik.
Hezkuntza arloko hiru aditurekin egindako mahai-ingurua berreskuratuz (Zer neurtu eta nola ebaluatu ikasleak), hona hainbat pasarte interesgarri, laburrean:
Hautaketa irizpide desegokiak
“Lehengoan irakasle batek komentatzen zidan Ikus-entzunezko karreran arazo handiak dituztela, demanda handia dela-eta nota altua eskatzen dutelako sartzeko, baina lortzen duten askok ez dituzte hor behar diren konpetentzia nagusiak; ikasle sortzaileak nahi dituzte, eta hor hutsune handia du askok, ikasteko gaitasuna izan arren, Selektibitateko ikasgai ugarik ez duelako zerikusirik karrera horretako edukiekin, beraz ez da selekzio bat karrera jakin baterako, lasterketa bat da”, Maria Luisa Jaussiren esanetan.
Neurgailu eskasa
“Orain arte neurtu dena da ikasleak dakiena; horretarako dago diseinatuta azterketa: zer daki ikasleak? Eta ematen du beste bide batetik jo beharko genukeela: zer egiteko gai da ikaslea? Ea ezagutza horiek testuinguru ezberdinetan erabiltzeko gai den. Horrek probaren ikuspegi aldaketa ekarri beharko luke. Izan ere, Selektibitateak gaur gaurkoz ez ditu neurtzen transbertsalagoak diren lau gaitasunak: ikasten ikasi, hiritartasuna eta elkarbizitza, ekintzailetasuna, eta konpetentzia teknologikoa edo IKT konpetentzia. Bai beharko litzatekeela zerbait unibertsitatean konpetentzia transbertsal horiek neurtzeko, gerta litekeelako, gradu titulu bat ateratzea eta lizentziatua izatea ahozko konpetentziarik batere izan gabe; ikastetxe batera klasea ematera joan eta ezin klaserik eman!”, Josu Agirreren arabera.
Bide horretan, PISA moduko azterketetatik gertuago egon behar luke hautaprobak, azterketa horiek lotuago daudelako konpetentziekin. “Sortzen den arazoa da konpetentziak neurtzeko ez dagoela eredurik”, Jaussik.
Eta unibertsitatean komeriak
“Unibertsitatean landuko dute taldean lan egiten jakitea, eta hori txikitan lantzen da, baina DBHn eta Batxilergoan geroz eta gutxiago, eta unibertsitatera etortzen direnean ikasleek hori oraindik ikasteko daukate. Enpresetan eta edozein lekutan jakin beharreko zerbait da, ezinezkoa da pentsatzea gradu bat bukatu ondoren bakarrik egingo duzula lan, beti beste batzuekin arituko zara. Horrez gain, pertsona integrala, hiritarra izan behar duzu; medikua ez da bakarrik ebakuntzak egiteko gai den pertsona, enpatia bat ere beharrezkoa da eta gauza horiei geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaie. Gai transbertsalak ere hor daude, unibertsitatean garrantzitsuak direnak: jendaurrean hitz egiteko gaitasuna izatea, besteak beste. Boloniarekin suposatzen da unibertsitateak ikasle aktiboak eskatuko dituela. Gaur egun oraindik ikasleak atzeko ilaran esertzen dira unibertsitatean eta ez daude dinamikak egitera ohituta. Ezta auto-ebaluaziora ere, eta auto-ebaluazioa oso garrantzitsua da, zeren ez banaiz gai jakiteko non nagoen, zer dakidan eta norantz joan behar dudan…”, J. F. Lukasen hitzetan.
Alternatibarik?
“Leku askotan beste baldintza batzuk ere eskatzen dira azterketaz gain, unibertsitatean sartzeko. Finlandian adibidez, Irakaskuntza karreran sartzeko proba pertsonalak egiten dira, enpatiarako, aniztasuna lantzeko… eta beharrezko diren beste hainbat gauzatarako duzun gaitasuna kontuan hartzeko. Edo AEBetan, ez dago halako proba orokorrik. Kolokan ipini behar da ea beharrezko den, ez ote liratekeen jarri beharko egin nahi den ikasketa bakoitzari dagozkion gaitasunak neurtzeko beste irizpide batzuk”, Jaussik.
“Karrera bakoitzak eskatu ditzala bere baldintza espezifikoak; batzuetan izango dira edukiak, bestetan konpetentziak eta bestetan ezaugarri psikologikoak. Orain arte unibertsitatean pertsona batek lizentziatura bat bukatu zezakeen bere eduki maila onargarritzat hartzen bazen, baina inoiz ez da kontuan hartu pertsona hori nolakoa den; gaizkilea bada, edo arrazista… ez da inoiz kontuan hartu. Orain, berriz, Boloniarekin suposatzen da hori ere kontuan hartu behar dela, unibertsitatea ez dela soilik prestakuntza akademikoa, integralagoa baizik”, Lukasek.
Ez nintzen sekula honetan pentsatzen jarri, baina arrazoia daukazu. Hau birpentsatu beharra dago, ta hobe genuke behingoagatik behera begira jarri beharrean, gora begira jarri, Finlandiara adb