Bullyingaren hamargarren urteurrenean hainbat gogoeta
Hamar urte beteko dira aurten: beherakoak jota, galtzak zikindu zituen mutikoak. Bere ikaskideetako batzuen irain, jipoi eta jazarpen zerrenda luze baten abiapuntua izan zen. Urtebetera, ikasgela komuneko paperaz bete eta “Beherakoaren urteurrena” idatzi zioten arbelean. Handik egun gutxira, eskolara joateari utzi ziolarik, bere burua Hondarribiko harresietatik behera bota zuen 14 urteko Jokin Zeberiok. Hamar urte iragan diren arren, bullying-a oraindik ere arazo larria dela agerian utzi du duela hilabete gutxi argitaratutako ikerketa batek. Hona hainbat gogoeta.
Gutxiengoa eta gehiengoa. Datuen arabera, haurren artean gutxiengo bat dira erasotzaile, gehiengoa ikusle eta lekuko –baino ez– da. Teorian beraz, ez litzateke zaila izan behar gutxiengo horri aurre egitea, jarrera pasibodun lekuko horiek biktimaren laguntzaile aktibo bihurtzea litzateke gakoa. Aldiz, zein handia den haur-nerabe sasoi horretan onartua izateko beharra, gutxiengo boteretsu horren onespena jasotzekoa; ezberdina izateko beldurragatik, biktimaren ondoan jartzeak norbere burua estigmatizatzeko izuagatik, eguneroko isekek ikaskideari zenbaterainoko mina eragiten dioten kontzientzia ez izateagatik… asko eta askok lekuko izaten jarraitzen dute, eta ondorioz, konplize.
Prebentzioa. Erasotzaile eta lekuko-konplize horien beraien jarrera aldatzea da giltza. Heziketa alegia, sentimenduez hitz egitea, baloreetan heztea, errespetuan, enpatian, ondorioetan… Bai, betiko leloa, baina oraindik ez dira –behar bezainbeste– lantzen arrazismoa, matxismoa, homofobia, (botere) harremanak, biolentzia psikologiko eta fisikoa, jazarpena… bezalako gai arantzatsu eta funtsezkoak.
Genero rolen menpe. Ezberdin izate horretan, norberaren generoari dagozkion rol eta espektatibetatik aldentzeagatik sufritutako jazarpena bullying mota hedatuenetakoa dela ondorioztatu du ikerketa batek duela gutxi. Alegia, bullying homofobikoa ez dela jasaten gay edo lesbiana izateagatik, baizik eta gizarteak ezartzen duen genero eredu estereotipatu, estetiko, faltsu eta zurruna ez betetzeagatik: futbolean jokatzea maite duen neska zarela? Borrokan aritzea baino, neskekin solastatzea nahiago duen mutila zarela? Akabo. Onintza Iruretak gaiari buruz idatzitako erreportajeari erantzunez, gaztetxotan jazarpena sufritutako irakurle batek bere testigantza utzi zuen. Noiz utzi zioten amorrarazteari? Rol bera hartu eta erasotzaileak jipoitu zituenean: “Nahikoa ‘gizona’ nintzela erakutsi nuenez, ‘ahulagoa’ zen beste mutil batekin sartzen hasi ziren. Batzuetan norberaren nahiaren aurka, besteek zuregandik esperotakoa egitera behartuta sentitzen da bat”.
Isiltasunaren kontra, salaketa. Gezurra badirudi ere, sarri helduak ez dira portaera hauen guztien jakitun, biktima diren haurrek ezkutuan gordetzea lortzen dutelako. Baina garrantzitsua da lekuko eta biktimak ozen mintzatzea. Duela hilabete ezagututako kasua: lau mutikok kalean jo zutela aitortu zien neskato batek gurasoei, gurasoek irakasleei esan zieten, hauek ikasleei galdezka hasi ziren eta tiraka-tiraka, lau erasotzaileak identifikatzeaz gain jakin zuten ume guztiak ikaratuta zituztela. Inor ez zen ausartzen ezer esatera, ordea.
Denon inplikazioa. Aurreko puntuko adibideari eutsiz, ezinbestekoa da irakasle eta gurasoek “segimendua” egitea, haurrekin konfiantzan hitz egitea, zer gertatzen den jakiteko. Akatsa da zeregin guztia irakasleen gain uztea, eskolan jarrera batzuk debekatu daitezkeelako, baina ikastetxeko ateetatik harago doan arazoa da, dudarik gabe (batez ere herri txikietan, maiz ikaskideak eurak direlako auzokide). Gizarte eragile guztien parte-hartzea eskatzen du, eta oro har, gizarteak berak –inplizituago edo esplizituago– onartzen dituen zenbait pentsamolde, jarrera eta ekintza behingoz alboratzea.
Txikikeriak. Haurren arteko jazarpena beti egon omen da eskolan, eta beti egongo omen da. Baina hori ez da aitzakia neurriak ez jartzeko eta hartzeko. Guraso askok ez du uste beren seme-alabak jarrera horietan eror daitezkeenik eta nahiago du beste alde batera begiratu. Baina “haurren kontuak” edo “txikikeriak” direla pentsatzea, arazoak duen dimentsioaz ez jabetzea da. Adibide bat baino ez: gorago aipaturiko ikerketaren arabera, jazarpena jasandako haurren %43ak bere buruaz beste egitea pentsatu zuen.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks