Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Erraustegiaren lapurreta? Ez nire izenean!
2016-07-13 // Iritzia // 6 iruzkin
Uztailaren 28an, ez bada tartean trumoi handiren bat, egingo dute –ez da gertatuko berez, norbaitek norbaitentzat zerbaiten truke eginen du– Zubietako lapurreta handia, gaur hasi eta 2051 arte Gipuzkoan biziko diren herritar guztiak zorpetuko dituen ebasketa itzela. Eta nik diotsuet diru publikoen lapurroi: ez nire izenean.
Esku artean daukat Deloitte “aholkularitza” (sic) enpresak GHKri prestatutako “Informe de fiscalización previa del gasto y certificado de existencia de crédito” zeinaren 8. orrialdetik aurrera kontatzen den guri eta gure ondorengoei eta gure ondorengoen ondorengoei nola pagaraziko dizkiguten uztailaren 28an perpetratuko zen zor alferrikako eta ilegitimo berriaren ordainak, zaborraren kontratisten preso geratuko diren gure udalen bitartez. Zeren eta gure udalek 2051 artean…
– ezingo dizkiote hondakinak beste inori saldu edo eman, ezta askoz prezio edo sistema hobeak aurkituta ere.
– udalentzat zor horren ordainketak lehentasuna edukiko du beste edozein gasturen aurretik, berdin dio sozial edo beste.
– udalen batek zorretan baleuka zaborren kontratistekiko kuotaren bat, Diputazioak deskontatuko dio bere diru-iturrietatik.
– udalek ezingo dute aurrekonturik onartu baldin eta ez badu GHK-k segurtatzen zaborren kontratisten urteko ordainketak lehentasunez lotuta daudela.
– udalen batek GHKtik irten nahi badu, pagatu beharko dio –separatzearen gastuekin– 2051 arte onartutako kostua eta bera joateagatik gainerako udalei eragindako edozein aldaketa.
Uztailaren 28an Zubietako erraustegiaren esleipena sinatuko duzuen Foru Aldundiko, GHK-ko, mankomunitateetako eta udaletako agintariok: alternatiba garbiago, merkeago eta osasungarriagoa badela ondo demostratu denean, egin beharrik ez dagoen erraustegia eraikitzeko zor ilegitimo bat onartzera zoazte, kontratista pribatu handiei opari egiteko Gipuzkoako instituzioak eta herritarrak kaltetzera zoazte, erabaki kriminal bat onartuko duzue.
Ez nire izenean!
Manex Pagolaren mendiko borda
2016-04-26 // Musika // Iruzkinik ez
Nostalgiazko komunio bat izan ohi da urte oro Nafarroako Egun bezperako kontzertua Baigorriko elizan. 2016koa, Manex Pagola kantautore klasikoaren errepertorioan oinarritua, Xare orkestrak ireki zuen tresna hutsez joz Mendiko Borda (*), 1977an erditurik 40 urte beranduago indarrik galdu ez duena. “Herrian lana, Herrian bizi” oihukatzen zen Iparraldeko karriketan aspaldi hartan, “Herria ez da salgai” garrasia pintatzen gauez kale eta bide bazterretan. Espekulazioa salatzen, orduan eta gaur, oligarkiak gure artean dauzkan morroi komisionistek baserri, soro, mendi eta erribera mutur oro ostu eta hormigoiztaturik berenganatzen dituztenean. Manex Pagolaren otoitzak oilo ipurdia jartzen digu eta ihardukitzera bultzatzen.
https://www.youtube.com/watch?v=trBvrr3LcCs(*) Bideoan entzuten den “Mendiko borda” Maite Idirinek grabatu zuen 1979an, Ahizpatasuna izeneko diskoan, Gotzon Aulestiaren moldaketa ederrekin. Manex Pagolaren ahotsean entzun daiteke hemen. Hona hitzak:
Mendiko Borda
Peiok igorria mendiko borda ez saltzeko,
behar bazen diru, hark bazuela laguntzeko
Bainan ez dira hortarik ari notario eta agentziak
ez ere horrek asetzen promotoreen goseak.
Betonez kargatu dituzte gure bazterrak
eta bankoan ehunduko beren kontu ederrak.
Ote larre eta borda, beti hortik hasten da.
Behin saldua saldu, betikotzat galdu
Peiok igorria, otoi-otoi ez barkatzeko,
arbasoena den ontasun hori ez uzteko.
Baina ez dira…
Ote larre…
Peioren otoitza mendiko borda geldi dadin,
bertzerik ezinez, bederen herritar batekin.
Baina ez dira…
Ote larre…
Lemoiztarren amnistia
2016-04-04 // Iritzia // Iruzkinik ez
Zeruko ARGIAren azal hura, 1976a estreinatu zuena egunkarien tabloidea utzi eta newsmagazine formatuz, ez zen suertatuko profetiko azalaren goi-eskuineko aldeko zintak iragarritako “Euskal kazetaritzaren urtea” hark indarra hartu zuelako, Bakio ondoko obra aurreratu batzuen argazki lausotuagatik baizik. Kazetariak galdezka hasi inguruko herrietan ezinegona piztua zuen Debako zentral nuklear asmoaz eta bukatu zuten erakutsiz gehienok entzuna ere ez genuen Lemoizkoa. Nola ulertu hura gabe Francoren heriotzatik gaurdainoko euskal historia?
Berrogei urte geroago, Bilbo atarian Fukushima antolatu ziguten guztiei barkatu diegu, agintarietako batzuekin eskuz esku joateko omen independentziaren bila, besteekin eguneroko diosala normalizatzeko, Lemoizko turbinak bere katalogoan harro erakusten tematzen den ingeniaritzari erraustegia oparitu genion eta Iberdrola bihurtu euskal metropoliaren ikono, amnistia eske hurbiltzen garenok ere bere lurpeko parkingetik pasatzen garela.
Lemoizek salatzen du 2016an euskaldun epelon amnesia mingarria. Amnistiarik gabe dauzkagun bakarrak direlako astakeria hura gelditzeko bizia arriskatu zuten zoroak, batzuek lurpean dautza, beste asko preso edo Amerika edo Afrikan bazterretan higatzen.
Erleak ‘Vespa Velutina’tik babesteko sistema aurkeztu du Ernesto Astizek
2015-12-17 // Erlea // Iruzkinik ez
Ernesto Astiz bere erlategiaren aurrean inbentu berria aurkezten. (Argazkia: Ernesto Astiz)
Azken urteotan liztor asiar edo beltzaren beldurrez bizi diren erlezainak zorioneko daude: Vespa Velutinak multzo handietan harrapatu eta erlategiak babesteko sistema berri bat proposatu du Ernesto Astiz iruindarrak, hemengo erledunen artean aspalditik ezaguna denak.
Orain arte liztorren kontra erabili diren tekniketatik ezberdina da Astizek asmatua, nahiz eta ez den teknologiaz oso sofistikatua. Bere ezaugarriak ikusita, kronikatxo hau sinatzen duen erlezain amateurra seguru dago askok kopiatuko nahiko dutela Astizek patentatutako sistema.
Pozoiak alde batera utzita, Vespa Velutinaren jokabidea ondo aztertuz iritsi da horiek eliminatzeko sistema mekaniko honetara. Funtsean honetan datza: erlategia sarez inguratzen du goiko aldetik bezala aurrekoa ez beste hiru aldeetatik, eta aurreko aldean ipinitako tranpa handi batean biltzen ditu erlauntzetara ehizan etorrita habiara bueltan doazen liztorrak. Horrela, erlategia babesteaz gain inguruko liztor koloniak ahuldu eta suntsitzeko garbigune bilakatzen du.
Astizek liztorrez dakienak Youtubeko bere kanalean eskaintzen dituenez, oraingoa “Avispa Asiática 10.Transformación del colmenar,en punto de desinfección” bideoan laburbildu du:
Siriako gerraren hurrengo urratsak, Kennedyren aholkulariaren aburuz
2015-11-25 // Nazioartea // Iruzkinik ez
William R. Polk BBC telebista britainiarrak elkarrizketaturik.
William R. Polk aspalditik ari da nazioarteko aferetan aholkulari, hainbat liburu plazaratzeaz gain Harvarden Ekialde Hurbilaz irakasten du eta John F. Kennedy lehendakariak bere aholkulari taldean zeukan Kubako misilen krisi larriaren garaian. Egunotan Consortiumnews hedabide elektronikoak plazaratu dio “Falling into the ISIS Trap” (Estatu Islamikoaren tranpan erortzen) analisia, gaztelaniaz eta katalanez La Vanguardiak bi ataletan argitaratu duena (ordainpekoa Internetez). Tituluan aurreratzen duenez, EIren estrategek gerra asimetroko honetan nagusitzeko daukaten estrategia laburbiltzen du, Mendebaldeko herrialdeak haren xederan erortzen ari garela argudiatzeko.
Pasarte batean galdetzen dio bere buruari zein aukera dauden, AEBen ikuspegitik, Siriako gerran Estatu Islamiarraren kontrako hurrengo urratsak emateko. Lehenbizikoa, François Hollandek eta Barack Obamak Parisko sarraskien ondoren iragarri dutena, atsedenik gabeko gerra. Frantziak gogortu ditu airezko erasoak baina, agintariek orain arte zehaztu ez duten arren, ziurrenik laster ekarriko du Siria eta Irakera lurreko tropak bidaltzea.
Bigarren aukera, dio William R. Polkek, da Israelek bere burua eskaintzea Siria eta Irak inbaditzeko eta airezko erasoetan laguntzeko. Honek epe laburrean kolpe handia emango lioke EIri, baina epe luzean honen estrategia sendotuko luke (islamistek planteatzen duten gerra areago justifikatuz). Gainera, Iran, Errusia eta Siriaren artean EIren kontra antolatzen ari den blokeari min handia egingo lioke. Aholkulariak uste du Israelen eskaintza hau seguruenik ez luketela AEBk ontzat emango baina asko eskertuko lioketela. Irakurleak pentsa dezake, kezkaz: Israel Siria eta Irak inbaditzen? AEBetako intelligentsian hipotesi honen inguruan aritzeak berak beldurra eragiten du.
Hirugarren aukera AEBentzako litzateke Baxar el Assaden kontrako politika baztertu, 180ºtan egin bira eta Errusia eta Iranekin bat egitea EIren kontra. Aukera hau lehenesten du ikerlariak, baina ez du uste honek ere lortuko lukeenik EIren indarra suntsitzea. [Turkiak Errusiaren hegazkin bat lurreratu osteko orduetan Barack Obamak garbi adierazi du AEBen inguruan antolatutako aliatu taldetik kanpo dagoela Errusia].
Hiru hautu horietako bat martxan jartzeaz gain, William R. Polkek oso argi ikusten du AEBek bezala Europako potentziek barneko segurtasun sistemak gogortuko dituztela. Jendearen mugimendu eta lekualdatzeen kontrol zorrotzagoak, atzerritar jatorriko herritarren kanporatzea (Frantzian nagusiki), hirietako gune txiroetan sarekadak, eta abar.
“Horixe da EIk lortu nahi zuena. Segurtasunaren gastuak handituko dira eta herritarrak zanpatu eta umiliatuko. Hala ere, politika horiekin ez da segurtasun erabatekorik lortuko. (…) Horregatik, zoritxarrez, iruditzen zait abiatu garela beldurrez, haserrez, ezbeharrez eta oinarrizko askatasunen galeraz betetako hamarkada bat edo gehiagoren bidean”.
Nolako konponbidea amnistiarik gabe?
2015-11-25 // Euskal preso eta erbesteratuak, Iritzia, Politika // Iruzkinik ez
Bilboko manifestaziorako deiaren afixa.
Amnistiaz hitz egin dute Berrian Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduaren bi ordezkarik, azaltzeko larunbatean, azaroak 28, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioaren arrazoiak, proposatzen duten bidearen argudioak eta beren inguru hurbileko talde batzuei egiten dizkieten kritikak.
Azaroaren 15ean Ortzaizen hango zenbait errepresaliaturen kontrako epaiketa pagatzeko dirua bildu asmoz burututako bazkarian, beste paper batzuen artean honako hau ere banatu zen Amnistia Mugimendua taldeak firmatua, Bilboko manifestaziora joateko deiarekin bukatzen dena.
Dio atal batean: “Kartzeletako harresien beste aldean sakabanaketa, isolamendua, bizi osorako zigorrak, irainak, zanpaketak, intimitatearen urraketa, osasun eskubideen murrizketak, deserriratzea, bakardadea, tortura eta heriotza. Hori da euskal preso politikoek 55 urte hauetan Espainiako eta Frantziako estatuen partez jasotzen dutena. Biolentzia honen aitzinean preso politikoek elkartasunez, duintasunez, ausardiaz eta borrokaz erantzun egiten dute. Gure begirune eta gure goresmenak merezi dituzte. Bainan hori baino gehiago, kanpoan gaudenok euskal preso, iheslari eta sasitar guziak etxeratzeraino borrokatu behar dugu!”.
Eta aurreraxeago: “Argi dugu ere presoen aldeko edozoin hobekuntza, baita humanitarioa, ongi etorria dela. Argi dugu presoen eskubideen aldeko borrokak eta Amnistiaren aldekoak elgar osatzen dutela. Batek bestea indartzen du, euskal nazionearen eraikitzeari buruz doan urrats bakotxak Euskal Herria indartzen duen bezala”.
Goazen.
Amnistia Mugimendua taldeak Nafarroa Beherean banatutako agiria.
Beirut Parisen: Zibilizazioen Gerra garaile
2015-11-16 // Nazioartea, Politika // Iruzkinik ez
Marc Trédivic epaileak, hamarkada batez lutte antiterroriste delakoan arituak, ohartarazia zuen irailean: Charlie Hebdorena ez zela aperitifa baizik izan, okerrena ikusteko zegoen Frantzia. Paris azaroaren 13 ilunabarrean Beirut bihurtu duten ekintzaile suizidek arrazoi eman diote. Soinean zeramatzaten bonbak leherrarazi, autoaren leihatilatik tirokatu ostatuen terrazetan patxadan zeuden jendeak, kontzertu batera hurbildutako gazteak masakratu… eta ondoren, setio egoera. Bat-batean Parisko zentroa suertatu da justu bezperan Beiruteko Burj al-Barajneh auzo xiita (40 hildako Estatu Islamikoak eraginak) izan zena, edo Siriako gerra hasierako Damasko, Saddam Hussein erori ostean gerrilla urbanoa hasi zeneko Bagdad…
“Frantzia gerran dago” esan du François Hollandek. Eta gerra beti da gerra: gu edo haiek, gure nazioa edo haiena, gure aldekoa edo kontrakoa, gure alde ez dagoen oro dago gure kontra, gure alde ez dagoen gutarra susmagarria da, laster izan liteke traidorea…
Ezkerraren balioak zorrotz zaintzen dituen ATTAC mugimendu altermundialistak erantzun dio hilabeteotan gerrazaleen kapitain bilakatu presidenteari: “Hau ez da gure gerra. Amerikarrek Irak eta Afganistanen antolatutako hondamendien ostean, Frantziak gaur Iraken, Libian, Sirian, Malin, Txaden, Nigerren, Erdiko Afrikan, daramatzan interbentzioek eskualde horiek desestabilizatzen dituzte eta eragiten dute migratzaileak abiatzea Europa den gotorlekuaren hondartzetan itorik agertzeko. (…) Al Kaeda eta Daeshek beren indar inhumano guztia eskuratzen dute injustizia horietan. Gerra honek ez garamatza inongo bakera, ez baita bakerik justiziarik gabe. Gerra hau bukatzeko gure gizarteak desintoxikatu beharko ditugu indarraren mozkorretik, armen, petrolioaren, metal preziatuen eta uranioarenetik”.
Hala ere, ATTAC bezalako aurrerazaleen hitz burutsuok oihartzun txikia lortu dute gure etxe, karrika eta ostatuetan. “Gure” diogu, euskaldunok frantses ere bagaren neurrian eta euskaldun espainolok NATOren bidez gerra horietan guztietan sartuta gaudenez. Tamalez, herritar askoren, menturaz gehiengoaren, artean errotzen sentitzen dugu Zibilizazioen Talka. Beti agertzen da –kasualitatez– pistaren bat ondoan bizi duguna susmagarri bilakatzeko, izan Charlie Hebdo Mahoma iraintzen aritu omen zela, izan Parisko hiltzaileetako batek Siriako balizko pasaporte bat omen zeramala. “Zergatik datoz gure etxera berena inposatzera? Bihoaz beren lurretara hemendik laster”. Urrun geratu dira gaur atzerritarren kontra xaxatzen gaituzten hedabide nagusietatik politikari ustez burutsuek etorkinen beharra saltzen zigutenekoa, omen gure jubilazioak kobratzeko bermea haien jarduera ekonomikoan zegoelako.
Zibilizazioen Gerra izan liteke neoliberal espantsionisten asmakizuna, baina munduko eliteak gupida gabe doaz profezia hura eguneroko agendan nagusitzen. Hamar egun ez dira Tony Blairrek aitortu duela Iraken inbasioan hanka sartu zuela. Hamalau urte, milioika heriotza eta Ekialde Hurbil osoa hankaz gora jarri ondoren, lerro gutxiko aitortza. Baina antzeko formula erabili da Libian bezala beste hainbatetan. Eta haietan aski eskarmentatu ez zenez, Sirian gauza bera. Ezin esan kasualitatea denik. Geopolitika izango da edo/eta energi iturrien banaketa berri baten borroka, baina Zibilizazioen Talkaren logika ezartzen ari dira batetik eta bestetik. Ondorioak pagatu dituzte Beiruten, Parisen, eta etzi pagatuko Europako beste edonon.
Olatu handi batekin aldera dezakegu begien aurrean bizi duguna, itsasgora berezi batekin, edo historiaren autopistak egiten duen bihurgune handi horietako bat. Dena aldatzen du Zibilizazioaren Gerraren agendak. Egunero bizi ditugun amets, lan, borroka eta asmoen testuinguru osoa mugitzen du. Euskaldunok konpontzeke dauzkagun gatazkena ere bai. Asko gara egunotan sentitu dugunak Basta! magazineko Ivan du Roy bezala kolpaturik gainetik datorkigun mailuaren eta azpian daukagun ingudearen artean. Nork esan behar zigun, Frantzia salbuespen da, esan nahi baita setio egoeraren atarian, eta Europako gainerako herrialdeak sentitzen gertatuko diren eraso berrien bezperetan.
Otoitzak zerbaiterako balio duela bageneki, errezatuko genieke bateko eta besteko jainkoei Sirian potentzia handiek aspaldiko gatazkarik handiena baretzeko urratsak ematen asmatu dezaten, hura izan dadin berriro oreka berri bat lortzeko lehen mugarria. Baina 2001etik hona potentziok gatazken lapikoa irakinarazten egiten duten bidea ikusirik, okerragoak ikusteko prestatu beharko dugu.
Agian oraindik garaiz da Europak abian jar dezan bakearen aldeko gizarte mugimendu sendo bat. Pakistandik hasita Madrilerainoko jende guztiok gero eta gerra beroagoan harrapatzen gaituen Zibilizazioen Talkari aurre egingo dion mugimendu bakezale bat.
Erri de Lucarena abisua izan da, baina Susa haranak AHTarekin borrokan darrai
2015-10-20 // Adierazpen askatasuna, Azpiegiturak // Iruzkinik ez
Italiako Susa haraneko Chiomonten AHTaren kontrako herritarrak eta poliziak aurrez aurre. (Argazkia: Globalproject.info)
Torinoko auzitegiko epaileek erru gabetzat aitortu dute Erri de Luca idazlea, Susa haranean Abiadura Handiko Trenaren kontrako borrokan azken baliabidetzat herritarrek sabotajeetara jo izana justifikatu zuena. Baina nazioartean halako fama daukan eta hain jende ospetsuaren elkartasuna jaso duen idazleari auzitegiak emandako tratua askok ulertu dute politikariek eta multinazionalek hitzartutako azpiegitura handiei aurre egiten dieten militanteek jasoko duten zigor gero eta gogorragoen abisutzat.
De Lucak Reporterreri nabarmendu zionez, bere kontrako epaia fiskalek oinarritu dute 1930eko lege batean, hau da, Benito Mussoliniren garaiko lege faxista batean. Andrea Padalino eta Antonio Rinaudo prokuradoreek oso jokabide erasokorra erakutsi zuten epaiketa osoan, nahiz eta gero argudio horien ordainetan zigor eskaera zortzi hilabeteraino apaldu. Mezua garbi ulertu beharko lukete AHT eta bestelako azpiegitura erraldoiak borrokatzen dituztenek: burua makurtu dezaten instituzioek arma guztiak erabiliko dituzte. Euskal Herrian ere badugu agintarien harrokeria horren berri.
Erri de Lucaren prozesuak, hala ere, Lyondik Torinora azken hogei urteotan urratzen ari diren Abiadura Handiko Trenaren eta zehazki Susa haraneko biztanleen gatazkari oihartzun handia ekarri die. Tartean salatu denez mafia bera dagoela nahastuta proiektuaren fase ezberdinetan, urriaren 5ean bost europarlamentario hurbildu ziren obretara eta polizia italiarrak kolpeka itxi zien bidea, honako bideoak ageri denez:
Azaroaren 30ean agertu beharko dute epaileen aurrean AHTaren kontrako lau militantek, sabotaje ekintzaz akusaturik. Niccolò Blasi, Mattia Zanotti, Chiara Zenobi eta Claudio Albertok hiru urte arteko espetxe zigorrak arriskatzen dituzte.
Volkswagenengatik Alemania erreskatatu beharko?
2015-10-06 // Ekonomia // Iruzkinik ez
Volkswagenen faktoria batera egindako bisitan, 2012an, Angela Merkel auto elektrikoarekin itxurak egiten ondoan dituela -argazkiaren eskuineko aldean- Wen Jiabao Txinako lehen ministroa eta Martin Winterkorn VWeko nagusia, eskandaluarekin dimititu duena. (Argazkia: Zimbio)
Ramon Aymerich kazetariak, La Vanguardia egunkarian Ekonomia atalaren arduradun nagusia denak, “Rescatar Alemania” idatzi berri du, alderatuz Alemania une honetan Volkswagenen krisiarekin bizitzen ari den momentua eta 2008an AEBk bizi izan zutena Lehman Brothersen hondoratzearekin. Aymerichen “Dos de juny” blogetik hartuta osorik doa hemen euskaraz.
Estatu Batuek Lehman momentua eduki zuten 2008an. Alemanek orain Volkswagen momentua bizi dute. Gehiegizkoa dirudi konparaketak. Hala da epe laburreko eraginei begiratuta. Lehman Brothers likidatu zuten eta bazirudien herrialde osoa hondora zihoala Wall Streeteko krisiarekin. Aldiz, Volkswagenek biziraunen du eta Alemaniak tentuz erreakzionatzen du. Baina isurien eskandaluen eragina ekonomia alemaniarrari gerta dakioke Wall Streeteko krisia AEBekoari izan zitzaion bezain garrantzizkoa. Gakoa denboran datza.
AEBekoa zerbitzu ekonomia da eta hartan finantzek pisu erabakigarria dute. Alemania industri herria da eta bere zazpi lanpostutik bat zuzen edo zeharka automozioari lotuta dago. 2014an Volkswagen, BMW eta Daimlerren artean berenganatu zituzten 410.000 euro (errepublikaren aurrekontua 300.000 eurokoa da). Wall Streetek diseinatzen ditu konplexutasun handiko produktuak gero atzerrian saltzeko. Alemaniaren esportazioen %20 kotxeak dira (munduan zirkulatzen duen bost autotik bat alemana da).
Wall Street da AEBko Ogasun sailaren ohiko harrobia (Robert Rubin, Timothy Geithner, Larry Summers…). Alemaniako automozio industriak bere lobbystak hautatzen ditu CDU, CSU eta SPD alderdi nagusietatik, hauek arreta handiz finantzatuz. Washington asko hunkitzen dute bankarien iritziek. Angela Merkel fidakaitza da bankariekiko baina sukalderaino sartuta dauzka automozioko buruzagiak.
Volkswagen da Alemaniako lehen enpresa. Eta ikusiko da eskandaluak ekarritako ondorioak eragina daukan soilik enpresa taldean, diesel industrian ala automozio sail osoan. Finantzari gaiztoek eta matematiko buruargiek sortu zuten subprime hipoteken finantza krisia . Isurien eskandalua eragin dute ingeniariek, teknologia alemanaren ereduek, Made in Germanyaren gurasoek.
Volkswagenen eskandaluak Alemania harrapatu du unerik gozoenean zegoela. Orain dira 25 urte herrialdea berriz batu zela. Garai hartan Alemania zen “Europako gaixoa”. Atera nahian ari zen urtetako barne-azterketatik (gogora ezazue zein deprimiturik irteten zineten zinematik Fassbinderren edo Herzogen film bat ikusten zenuten aldi oro). Artean Berlin birsortu gabea zegoen kulturaren, kluben eta start-upen hiri moduan. Hori aldatzera etorri zen Angela Merkel 2005an. Ez zuen berak bakarrik lortu. Automobilaren industria eta ingeniari alemanak izan dira herrialdea bihurtu dutenak kalitate industrialaren (Deutsche Qualität), fidagarritasunaren eta klimaren aldaketaren kontrako borrokaren konpromisoaren sinonimo! Europako potentzia ekonomiko nagusiari ez zitzaion falta potentzia politikoaren manerak erakustea baizik. Eta bazirudien immigranteen krisiarekin Merkel hasia zela lehen urratsa ematen…
Alemaniak bizi du orain bere Volkswagen momentua. Segun eta nola kudeatzen duen, ahulduta edo sendotuta aterako da.
Kilometroak Zero Zabor: “Ez, ez, heuk eraman ezak, han daukak ontzia”
2015-10-05 // Ingurumena, Iritzia // Iruzkinik ez
“Zero Zabor Lurraldea” Usurbilko KMK antolakuntzako boluntarioen petoan. (Argazkia: Bego Zuza)
Plazer bat izan da Usurbil Zero Zaborreko lagunei laguntzea Kilometroetako hondakinak ondo sailkatuta biltzen, bertako zientoka eta inguruko herrietako dozenaka boluntarioen artean. Goizeko lehen orduetan lasai zegoen Atalluko area, laugarrena. Hernaniko zerozabor-jendea tarea ezberdinetan banatuta: pare bat komunak zaintzen, hondakinak edukiontzietan gaika sailkaturik uzten zirela segurtatzen beste bi, pare bat gehiago gunean barrena lurrean oker lagatako zikinak biltzen, beste hiru…
Eguartean eszenatoki nagusian hasi dira entsaiatzen. Gazteak hurbiltzen ere bai. Lehenbiziko plastikozko zorroak lurrean, gero haize biziak hegan daramatzanak. Coca-Cola mierda horretako litroko botila hutsak inguruan. Gure kontsigna da hondakinak lurrean azaldu ahala biltzea, ez utzi bukaera arte dena pilatzen. Zikinak zikinari deitzen diola, menturaz garbiak garbiari deituko.
Botila handiotako hiru jaso ditut nerabe koadrilatxo baten ondotik. Hirurogeitara doan zahar bat gaztetxoen zakarrak lurretik biltzen. Multituderik ez dagoenean begiradek biziago egiten dute talka. Zerbaitek inkomodaturik edo, mutiko batek bere litroko botila hutsa luzatu dit, lagundu nahiz. “Ez, ez, edukiontzia han daukak, eraman bertara”. Eraman ditut nik nireak, berak ekarri niri eskainia. Kontainerraren tapari berak eutsi dio. “Mila esker, mutiko” eta keinara.
Aldiz, lotsagabeago hartu dute gure boluntariokidea, igoal biboterik ez zeramalako, beren ama izan zitekeena lurretik plastikoak jasotzen eta beraiek mugimendurik ez. Azkenean esan egin behar “aizue, ez duzue pentsatuko zuek bota eta nik bildu segitzea, ala?”.
Kontsola bitez gazteok: heldu askok ere Usurbilen ikasi du hondakinetatik zer non laga behar den. Ez dago horrelako ingurumen tailerrik, ez hain onik, are gutxiago hain merkerik. Zorionak, Usurbil!
Egia ebidentea aldarrikatzen duen pankarta Usurbilgo KMK zirkuituan. (Argazkia: Bego Zuza)