Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Ezezkoak galdu behar du Grezian
2015-07-01 // Ekonomia, Grezia // Iruzkinik ez
Ez da bakarrik Europako establishmentak erabaki duela galdu egin behar duela. Pronostiko logikoena dirudi: ondo bidean, baiezkoak irabazi behar du igandeko erreferendumean.
ARGIAn behin baino gehiagotan konfiantzaz aipatu dugun Panagiotis Grigoriou antropologoak egunero ematen dizkigu greziarrek bizi eta sentitzen dituztenen pistak. Egunotan gida lanean Zikladetan barrena dabilerarik, Greek Crisis blogean “Brisures d’euro” kronikan kontatu du Naxoseko portuan herritarrek igandeko erreferendumaz esan diotena. Ostatuan bost lagunekin mintzaturik, hiruk garbi zeukaten ezetza emango zutela Syrizaren agintariekin batera, bat zalantzan zegoen eta bostgarrenak baietza emanen du: “Urtarrilean ez dut Syriza bozkatu eta ikusi Tsiprasekin nola dena izorratu den. Hori bai, aitortzen dut orain afera hobeto ulertzen dudala. Lehen bezala Troikaren oinpean berdin-berdin jarraitzea poliki baina seguru heriotzara joatea da, baina… hausturaren eta drakmaren bidetik abiatzea dudarik gabe abenturan eta ezagutzen ez dugunean sartzea da. Jendeak beste ezer baino gehiago beldurra dauka”.
Gero ostatuko jabeei galdetu die. “Ez dugu huts egin behar oraingoan. Herrialde osoa izorratu digute eta errauskailu ekonomiko gisako politika horrekin segitu nahi dute. Oraingoan muturrera botako diegu beren euro aleman madarikatua. Basta [sic]”. Eta geroxeago ohar hau: “Etxeetan bahitu behar ditugu igandean zaharrak. Ez daitezela baiezkoa bozkatzera joan”. Belaunaldi afera ere izan ohi dira erreferendumak.
Horraino Grigoriouk kontatua. Bitartean, Europako aginte faktikoak oro bultzaka ari zaizkio baiezkoari. Europako agintariak, inolako ez neutralitate eta ez lotsarik gabe. Grezian bertan, oligarkiaren esku dauden hedabide nagusi guztiak. Telebistetan, gobernu matxinoaren iritzia apenas aditzen den ERT telebista publiko zabaldu berritik harago. Paperean, ia denak dira oligarkiarenak. Eta oligarkiak ez du barkatzen. Ez Gipuzkoan eta ez Atenasen.
NDF-IMFren agiri sekretuak: Greziari austeritateak ez dio zorra konponduko
2015-06-30 // Ekonomia, Grezia // Iruzkinik ez
Süddeutsche Zeitung egunkari alemanak argitaratu duenez, Troikak proposatu dion azken ituna onartuta ere Greziak 2030. urtean oraindik zorra bere Barne Produktu Gordinaren %115ean edukiko luke. Gutxieneko hazkunde eta ongizate mailei eusteko zor handiegia 15 urte barru ere. Ez da orain arte entzun gabeko kontua. Baina nobedadea da hau diotenak ez direla oraingoan austeritatearen kontrakoak, Troikaren barruan ortodoxia neoliberala gogorren defenditzen duten erakundekoak baizik.
Nazioarteko Diru Funtsaren agiriak dira analisi hori egiten dutenak eta norbaitek eskuratu dizkio egunkariari, Alemaniako politikariek ere aurreikuspenok ezagutu behar dituztelakoan. Greziak onartuko balu Troikak proposatutakoa, ondoren Alemaniako parlamentuak ere eman beharko lioke bere oniritzia.
NDFko paperok The Guardianeko Alberto Nardellik ere ikusi eta komentatu ditu “IMF: austerity measures would still leave Greece with unsustainable debt” kronika mamitsuan. Europarrei ezkutatu zaion ikerlan sekretu honek arrazoi ematen dio Greziari esaten duenean bere zorraren zati handi bat barkatu behar zaiola, nahi baldin bada berriro bere ekonomia biziberritu dadin. Zeren eta oraingo planekin 15 urteren buruan oraindik soportatu beharko luke ekonomia normal bat ezinezkoa egiten duen zorpetze izugarri bat.
NDFk 2012an aurreikusi zuen Greziarentzako Barne Produktu Gordinaren %110eko zorra jasangarria izango litzatekeela. Gaur egun, iturri askoren arabera Troikak ezarritako austeritateak krisia sakondurik, Greziak BPGren %175 zortu eta egora okerragotzen ari zaio. Orain NDFaren barne paperek aurreikusten dute 2030an oraindik bere BPGaren %115ean egongo litzatekeela. Proiekziorik baikorrenetan ere 2022an oraindik %124an legoke.
Joseph E. Stiglitz: “Europaren erasoa demokrazia greziarrari”
2015-06-30 // Ekonomia, Grezia // Iruzkinik ez
[Joseph E. Stiglitz ekonomialaria Nobel saria irabazia da, Bill Clinton AEBko lehendakari zelarik ekonomiazko aholkularien zuzendari aritu zen eta Munduko Bankuan ekonomialarien buru.New York Timesek ekainaren 29an argitaratu du artikulu hau ingelesez: “Europe’s Attack on Greek Democracy“]
Kanpotik begira dagoenak pentsa lezake Europan gero eta beroagoa den kalapita eta garraztasun giroa dela Greziaren eta bere hartzekodunen arteko joko amaiera mikatzaren ondorio beharrezkoa. Izan ere, Europako buruzagiak azkenean hasi dira zorraren inguruko eztabaidaren benetako izaera erakusten, eta erantzuna ez da atsegina: diruaz eta ekonomiaz baino askoz gehiago boterea eta demokrazia daude jokoan.
Dudarik gabe, hilgarriak gertatu dira duela bost urte Greziari ‘troikak’ (Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak) ezarri zioten programaren ondorio ekonomikoak, eragin baitzuten herrialdearen Barne Produktu Gordina &%25 hondoratzea. Ez dut uste, hala ere, beste depresio bakar bat izan denik hain apropos eragina eta halako ondorio katastrofikoekin: Grezian gazteen langabeziak gainditzen du %60a.
Izugarria izan da troikak ez onartzea inolako erantzukizunik honetan guztian eta ez aitortzea bere aurreikuspen eta kalkuluak oso txarrak izan direla. Baina are harrigarriagoa da Europako liderrek ikasi ere ez izana. Troika oraindik Greziari eskatzen ari zaio 2018rako iristea % 3,5ra bere Barne Produktu Gordinaren superabitean.
Mundu osoko ekonomialariek gaitzetsi dute helburu hori zigorrezkoa delako, superabit horren bila saiatzeak krisia sakonago bilakatuko duelako ezin bestean. Aldiz, Greziaren zorra berregituratzen baldin bada ere nahi den neurrira iritsiz, Greziak segituko du depresioan baldin eta boto emaileek amore ematen badiete troikaren helburuei asteburu honetako erreferendum presazkoan.
Defizit handi bat superabit bihurtzeari dagokionez, oso herrialde gutxik lortu dute azken bost urteotan Greziari eskatu zaiona bezalako zerbaitera iristea. Eta, ahaleginak giza sufrikario ikaragarriak ekarri arren, Greziako gobernuaren azken proposamenek asebete nahi zituzten hartzekodunen eskakizunak.
Garbi esan beharra daukagu: Greziari maileguan utzi zaion dirutza izugarri horretatik ia ezer ez da iritsi bertara. Erabili da mailegu-emaile pribatuei ordaintzeko, tartean Alemaniako eta Frantziako bankuei. Greziari ez zaio eman azken apurra baizik, baina kario ordaindu du herrialde horietako banku sistema zaindu beharra. NDFk eta beste mailegu-emaile ‘ofizialek’ ez daukate eskatzen duten diruaren berrik. Egoera normal batean [a businees-as-usual scenario], hartu duten dirua berriro mailegatu beharko liokete Greziari.
Baina, berriro diot, afera ez da dirua. Kontua da ‘azken epeak’ ezartzea Grezia bortxatzea burua makurtu eta onartezina onartzera, ez soilik austeritate neurriak, baizik eta baita bestelako politika atzerakoi eta zigorrezkoak.
Baina zergatik egiten du hau Europak? Zergatik oztopatzen dute Europar Batasunaren liderrek erreferenduma eta uko egiten diote Nazioarteko Diru Funtsari Greziak egin beharreko hurrengo ordainketa ekainaren 30eko epetik aurrera luzatzeari? Kontu guztia ez al da demokrazia?
Urtarrilean Greziako herritarrek botoa eman zioten austeritatea bukatzea agindu zuen gobernu bati. Gobernua mugatu izan balitz kanpainan promes egindakoa betetze hutsera, [troikaren] proposamena dagoenekoz errefusatuko zuen. Baina greziarrei eman nahi izan die aukera eman dezaten iritzia beren herriaren etorkizuneko ongizatearentzako hain garrantzitsua den gai honetaz.
Herritarren legitimitateari buruzko kezka hau inkonpatiblea da euroguneko politikarekin, zeina ez baita sekula izan proiektu benetan demokratikoa. Bere herrialde kideetako gobernuetako gehienak ez dira saiatu beren herritarren oniritzia lortzen moneta-burujabetasuna Europako Banku Zentralari emateko garaian. Suediak egin zuen eta suediarrek ezetz esan zuten. Hauek ulertu zuten langabeziak gora egin zezakeela beren herrialdearen moneta-politika ematen baldin bazitzaion [Europako] banku zentral bati, honek ez ziolako beste ezeri erreparatzen ez bazen inflazioari (eta gainera finantzen egonkortasunari ez zitzaiolako nahikoa arreta jarriko). Ekonomiak sufritu egingo zuela, zeren eta eurogunearen oinarrian datzan eredu ekonomikoa eraikia dagoelako langileak ahultzen dituen indar erlazioetan.
Eta orain ikusten ari garena, euroguneak harreman horiek instituzionalizatu eta 16 urte beranduago, demokraziaren antitesia da: Europako lider askok nahi dute Alexis Tsipras lehen ministroaren gobernu ezkertiarraren akabera. Azken finean, izugarri gogaikarria da edukitzea Grezian gobernu hain gogor aurre egiten diena hainbeste herrialde aurreratuetan berdintasunik eza hainbeste handitu duten politika hauei, eta hain konprometituta dagoena diruaren indar mugarik gabea kontrolatzeko ahaleginean. Badirudi uste dutela Greziako gobernua hankaz gora bota dezaketela derrigorrean bortxatuz beren promesak ukatzen dituen itun bat onartzera.
Zaila da aholkurik ematea greziarrei uztailaren 5ean eman beharreko botoaz. Bi alternatibetan -troikaren ituna onartzea edo arbuiatzea- bakar bat ez da erraza, biek dakartzate arrisku izugarriak. Baiezko botoak esan nahiko du amaierarik gabeko depresioa. Behar bada hondoa jotako herrialdeak -bere ondasun guztiak saldu eta jende gazte argi guztiak emigratu ostean- azkenean lortuko du zorraren kitatzea; menturaz orduan, iharturik eta erdipurdiko ekonomia baten mailaraino apalduta, azkenean gai izango da Munduko Bankuaren laguntza jasotzeko. Hori gerta liteke hurrengo hamarkadan, edo hurrengoaren hurrengoan.
Beste aldetik, ezezko botoak gutxienez zabalduko luke posibilitatea Greziak, tradizio demokratiko sendo baten jabe denak, bere etorkizuna bere eskuetan hartu ahal izateko. Greziarrek irabazi dezakete aukera bat eraikitzeko etorkizun bat, iragana bezain aberatsa izan ez arren, gaur bizi duten tortura onartezina baino askoz itxaropentsuagoa izango dena.
Nik badakit zer bozkatuko nukeen.
Greziak Ekuadorren eredua jarraituz eten dezake Nazioarteko Diru Funtsarekiko zorraren ordainketa
2015-06-21 // Ekonomia, Grezia // Iruzkinik ez
Christine Lagardek Yanis Varufakisi bostekoa eman zion une gogoangarria, ekainaren 17an. (Argazkia: François Lenoir)
Horixe izan liteke Greziako gobernuak Europako agintariekin negoziatzeko aste honetan erakutsi lezaken B plana: gaur Greziak jasaten duen 350.000 milioi euroko zor itzel osoarena ez baina Nazioarteko Diru Funtsarekin daukanaren ordainketa etetea. Ekuadorrek 2008n horixe egin zuen eta handik hilabete gutxira hasi zen berriro arnasa hartzen.
Joan den asteazkenean, ekainak 17, broma itxurako solas mikatzak izan zituen Christine Lagarde NDFren zuzendari orokorrak Yanis Vaufakis Greziako ekonomia ministroarentzako; elkarri bostekoa ematerakoan, kazetariek entzuteko moduan esan zion: “Seguru une honen zain zeundela. Hona hemen kriminalen bandako buruzagia diosala egiten bere arerioari“. Baina, menturaz, greziarrarekin haserre egoteko motibo oso nabarmena bazeukan.
XXI. mendeko krisiaren jarraipen zorrotza egiten duen Andy Robinsonek igandeko La Vanguardian plazaratu du Syrizako agintarien B planaren albistea: “Syriza tantea el camino de un ‘default’ al estilo latinoamericano“. 2008an Rafael Correak eten zuen NDFri Ekuadorrek zor zizkizkin 3.000 dolarren ordainketa -Ekuadorren zor osoaren zati bat, baina nahikoa munduko inbertsiogileek mezu zorrotza ondo ulertu zezaten- eta hasieran munduko kapital handiaren haserrea eragin zuen arren, hilabete gutxiren bueltan lortu omen zuen zor hori Ekuadorrek berak ordaintzea… hasierako balioaren %30 pagatuta.
Robinsonen iritzian, Correak Ekuadorren egindakoa errepikatu du Alexis Tsiprasek Atenasen Greziaren Zorraren Egiaren Batzordea sortuz eta joan den astean haren lehenbiziko txostena greziar guztiei parlamentuan erakutsiz, telebista greziar ireki berriak ere eman zuen ekitaldian.
Ikuskizun dago hipotesi hau gauzatzen baldin bada nola erreakzionatuko duten “merkatuak” goitizenez bataiatutako kapital handiek eta Europan NDFarekin estrategia ekonomikoa markatzen duten Europako Bankuak eta Europako Batzordeak. Baina Greziako egoera konplikatuak Europako beste herrialde batzuk kutsatzeko beldurrak ireki litzake soluzio irudimentsu berriak. Ia mundu guztia ohartzen da Greziak ezingo duela bere zorra osorik ordaindu sekula eta zati bat -handiago ala txikiagoa- barkatu beharko zaiola. Egunotan, mus partida konplexu honen atal gehiago.
Santimamiñetik Baionara, zazpi ahizparen gai den oihala gure esku
2015-06-18 // Iritzia // Iruzkinik ez
Gure Esku Dago herri ekimenak heldu den igandean emango baldin badu urrats handirik, bat bederen Espainia eta Frantzia arteko muga gainditzekoa izango da nabarmenetakoa. Baionako ekitaldirako, gainera, GEDeko kanpainak erabili duen oihalak jostearen metaforan Singer makinek ez duten indar bat aurkitu dute. Duela mende bat baino gehiago Pello Mari Otañok zazpi euskal probintzia ahizpak janzten dituen oihalarekin egindako bertsoetan.
Otañoren “Zazpi aizparen gai dan oiala” lehenbizikoz Jokin eta Josu goierritarrei entzun genien, Fernando Unsainen produkzioz eta Carlos Monteroren moldakuntza ederrez argitaratu zuten “Nire herria bezala” diskoan. Geroago, Eltzegor taldeak “Sasitik sasira” kantataren amaierarako bereganatu zituen Otañoren bertsoetako batzuk Txirritaren “Gure aurreko guraso zarrak” saileko beste pare bati eta Joxemari Ostolaza Xalbardinek kantataren hari nagusiarekin lotuz gehitutakoez osatuta.
Azken urteotan Iparraldeko edozein bazterretan entzun daiteke, izan ostatu edo jaialdi, [entzun]”Mundu guztiak aditutzen du euskaldunaren negarra…” hasten den kanta eta Hegoaldean ere ez leku gutxitan. Azkenengo aldiz publikoan Baigorrin kantatu zuten Eltzegorrekoek 2009an. Gure Esku Dago Iparraldean hedatu den olatua ospatzeko, Baionako ekitaldiaren sarrera berek egingo dute zuzenean. Metafora baino anitzez gehiago.
Sasitik Sasira kantataren amaierako bertsoak
Mundu guztiak aditutzen du
euskaldunaren negarra,
alde batera nahiago nuke
ez banintz hemengotarra,
enpeñatzea ez bada libre
alferrik dugu indarra,
hau da txoriak gari tartean
goseak egon beharra.
Antzerki hontan lau pertsonaia
ta jokalari bakarra,
arbolak berak erakusten du
hostoa eta adarra.
Enpeñatzea ez bada libre…
Sutan pizturik darrai, oraindik,
sugaiz berriz lehengo gerra,
oharkabean ez zen mintzatu
Txirrita poeta zarra.
Enpeñatzea ez bada libre…
Zazpi ahizparen gai den oihala
ebakirikan erditik,
alde batera hiru soineko
utzirikan lau bestetik.
Guraiziakin bereizi arren
bakoitza bere aldetik,
ezagutzen da jantzi direla
zazpiak oihal batetik!
Oihal bera da gure jantzia
sortu gintuzten unetik
ez du munduak kemenik sortu
kentzeko gure soinetik.
Guraiziakin bereizi arren
bakoitza bere aldetik
ezagutzen da jantzi direla
zazpiak oihal batetik!
Ez IBI 150 No
2015-06-02 // Iritzia // Iruzkinik ez
Goi-ezkerretan Ez IBI 150 aldarrikapena Donostiako hondartzan. (Argazkia: Rubén Fogués, Flickren)
Donostiako hondartza nagusian grabaturik azaldu da eguna joan eta eguna etorri azken urteotan. Esan nahi baita, mareak area egunero birritan estaltzen duenez, egunero norbaitzuek idazten zutela. Argazkikoari gaztelaniazko No falta zaio. Ez IBI 150.
Lehenbizikoz ikusi nuenean lagunari galdetu nion Kontxa osoan barreiatutako graffiti bitxiez. “Ohartuko haiz esku diferenteek marraztu dituztela, baina denak ere dituk gutxienez bi etxebizitza dauzkaten jendeak. Bat izango duk Goierriko edo Bergarako obrero jubilatu bat aurrezkiak Amaran inbertitua, bestea Aieteko burges bat hiru etxebizitzaren jabea. Haserre zaudek Bilduko udalak urteroko kontribuzioa garestitu dielako bigarren pisu horiei. Aipatu diate pixkanaka %150era arte igoko ote dieten, baina oraingoz %25ean zagok Donostiako udala“.
EZ IBI 150 NO. Adierazpen eskubidea denontzako. Nor zara zu kontuak eskatzeko Mirakontxako barandillatik? Zuk eskubidea baldin baduzu salatzeko etxebizitza huts gehiegi dagoela eta bankuak kanporatu zaituela krisiagatik pisuaren hipoteka ordaindu ezin duzulako, zergatik ez dut nik protestatu behar? Zu kexu zara langabeziagatik, fabrika itxi dizutelako, Aurrezki Kutxa ostu dutelako, errauskailuagatik? Ba ni haserre nago zerga gehiegi kobratzen dizkidatelako.
Ez aipatu dirurik eztabaida politiko burutsuetan, erabakitzeko eskubidea daukagunean jokoan. Lastima garaipenerako bidean Joan Manuel Serratek arrazoi izatea: “Bien me quieres, bien te quiero… no me toques el dinero“. Haserretu gaituzu, Olano-Tsypras. Zatoz agintzera Olano-Cameron, jaitsi itzazu ezkerraren zerga zikin horiek eta igo ezazu Gipuzkoako metro karratuaren prezioa 2007ko mailara.
Valentziar Herrialdean ziklo berria baino gehiago ireki da hauteskundeotan
2015-06-01 // Politika // Iruzkinik ez
Rita Barbera Valentziako alkatea hauteskunde gauean agur esaten. (Argazkia: Cadena Ser)
Josep Vicent Boira i Maiques (Canyamelar, Valentzia, 1963) geografia eta historiaren irakasleak analisi interesgarria plazaratu berri du La Vanguardian Valentziar Herrialdean hauteskundeok utzi duten mapa politiko berriak bere ustez erakusten duten ziklo aldaketaren inguruan: “València, més que un nou cicle” (Valentzia, ziklo berria baino gehiago, hemen gaztelaniaz). Hona analisiaren puntu nagusiak.
Duela gutxi amestekoak ere ez zirenak gertatu dira Valentziar Herrialdean: Valentziako hurrengo alkatea Manresan (katalana!) sortutako gizon bat izango da, hiru hiriburuetan catellanoena den Alacantek hiru zinegotzi nazionalista edukiko ditu, eta Generalitateko lehendakari Fabra alkate eduki zuen Castello hirian PPk botoen erdia galdu du.
Valentzian gertatu dena hauteskunde ziklo aldaketa baino sakonagoa da. “Valentzia hasi da halako aire propioa arnasten. Valencian gertatu da halako eten laukoitz bat [un cuádruple desacople] Espainia hain harrituta utzi duena ezen eta aipatu ere ez den egiten”.
Lehen etena, bipartidismoari dagokiona. 2011an PP eta PSV-PSOEren artean botoen %76 bildu zituzten. 2015ean %46.
Bigarren etena, Ciudadanos eta Podemosen gain oinarritutako sistema politiko berria iragartzen zutenekikoa. Tartean sartu da Compromis: %18 erkidegoan, Valentziako probintzian %23. Honek hankaz gora jarri du prestatuta zegoen geometria politikoa.
Hirugarren etena, Valentziako Erkidegoari Espainiako antzerkian eman zitzaion paperarekiko. Espainiaren kalkuluetan sartzen zen tarteka, 1714tik, Katalunia matxinatzea zentralismoak ezarria dion paperaren kontra. Berdin noiz behinka Madril matxino eta zalapartariaren leherketa herrikoia. Baina Valentzian gertatuak ez dauka izenik. Alde horretatik, Nafarroa eta Valentzia beren gidoietatik irteteak nahastuko lituzkete Estatuak bere orekaren zimendutzat dauzkan oinarri tradizionalak.
Joan Ribo Compromísen Valentziarako alkategaia, izen adierazkorra daukan jatetxe baten aurrean. (Argazkia: Jorge Mafé/Ciclosfera)
Eta laugarren etena, valentziarrek katalanekiko berezko gorrotoa omen daukatela uste zutenekiko. Anti-katalanismoak porrot egin du estrategia politikotzat. Adibide moduan, PPk azken orduan katalan kutsuko edozer ezabatzeko onartu zuen Ley de Señas de Identidad delakoari Valentziako hiriburuko jendeek erantzun diote garaipena emanez Compromís taldeari hiriko 19 auzoetako 9tan eta alkatetzara eramanez Joan Ribó.
Ilusioz betetako analisian, Boira i Maiquesek alderatu ditu Nafarroan gertatuak eta Valentziar Herrialdeko aldaketak. Espainiaren zimentarriak deseroso egoteko modukoak direla? Batean bezala bestean adi egon beharko da Madrilek mahai gainean bezala mahaipean erabiliko dituen kartei.
Espetxeak, mediku eta artapenik gabeko ospitale arriskutsu horiek
2015-05-26 // Iritzia, Osasuna // Iruzkinik ez
Juan Gervás eta Mercedes Perez-Fernandez medikuak.
Hitzaldi polita eman zuten 21ean Juan Gervás eta Mercedes Perez-Fernandez doktoreek Iruñeko Katakraken. Medizina klasikoa edo akademikoa egiten duten senar-emazteok ezagunak dira bai beren El Mirador blog propioan eta bai CESCA taldean egiten duten lan kritiko garrantzizkoagatik. Katakrakera zetozen “La expropiación de la salud“ aurkeztera.
Espetxeetan direnentzako oroimen bat eduki zuten. Kartzelak dira, zioten, sendategi edo ospitale erraldoiak artatze mediku barik jitoan abandonaturik utziak. Sanatorio hirukoitzak, gainera. Bat, presondegiek pilatzen dituzte gaixo psikiatrikoak; ospitale psikiatrikoetan diren baino burutik gaizki dauden askoz eri gehiago dauzkate apopilo. Bi, gaixo infekziosoak; kalean kasik ezagutzen ez diren gaixotasunak eta arruntagoak, denak dabiltza dantzan kartzeletan, tubekulosia, B hepatitisa, C hepatitisa… Hiru, drogadikzioz eri direnak. Eta presoak edukitzen ditugu hertsirik etxola txiki horietan, oinez ibilaldi nimiño bat egitea ere baimentzen ez duten eraikinetan, sano sartu direnak ere gaixotzera kondenatuz.
Farma-industriaren indarraz, medikuen harrokeriaz, herritar gaixo eta sanook medikuntzarekiko daukagun menpekotasun ardikoiaz… egia handiak esaten dituzte doktoreok. “Ustel dadila espetxean!” oihua eslogan bihurtu den garai honetan presoen egoera salatzea bihotzetik eskertu genien.
Gipuzkoan EAJ-PSE errejimena garaile
2015-05-26 // Iritzia, Politika // 16 iruzkin
Bihotzaren sakonean maite baititut munduak bizilagun eman dizkidan gipuzkoar guztiak, Atez Atekoaren kontra balkoietan zabor zorroak erakusten dituztenak barne, pronto nago entzuteko lurralde honek aginte guneetatik Syriza kanporatzeko eduki dituen arrazoi guztiak. Baita elkar ukatzen duten arrazoiak izanda ere. Hondakinetan azkarregi joan dira (Orion eta Urnietan nabarmen geratzen den bezala). Hondakinen azpiegiturak ez dituzte antolatu. Bake prozesuan aski sendo ez dute jokatu. ETAren hilketengatik barkamenik ez dute eskatu. Bake prozesuaren truke galtzak jaitsi dituzte. Lider aski fuerteak ez dauzkate (“falta liderazgo“). Asanbleario gauchista batzuk dira. Aski horizontal ez dira. Euskararekin urrunegi doaz. Euskara ez dute aski laguntzen. Politika sozialekin etorkinen inbasioa eragin dute. Politika sozialetan ez dira aski ausart. Zergekin ito gaituzte. Aski zerga ez dute kobratu. Patronalari burua makurtu diote. Patronala uxatu egiten dute. Politikari guztiak berdinak dira. Ez dute politikarien estandarra ematen. Hauek ere integratu egin dira sisteman. Oraindik ez dute beren iragana errebisatu eta ez dute merezi sistemaren agintean egotea. EAkoak baztertu dituzte. EAkoei men egin diete.
Denak arrazoi oso onak uzteko Syrizakoak lau urtez Gipuzkoako oligarkiaren suaren mende. Eta orain berriro Samaras-Papandreu gobernu fuerte bat komeni zaigula pentsatzeko. Inkluso zalantza edukitzeko Altzoko Olanori zigor handitxoa ez ote diogun eman… baina merezi zuten.
O.K. Baina denok analistarena egitea maite dugun egunotan, Gipuzkoako eta EAEko izan bakoitzari eman diezaiogun bere izena. Nafarroako itxaropen berriekin egiten dugun neurri berean. Errejimenaren indarrak versus berrikuntzaren indarrak. Gazte ginen garaietatik EAJ-PSE (orduan PNV-PSOE deitzen genuen) errejimenak agintzen du hemen, tarte labur batzuetako espejismo batzuk gora behera.
Itxi parentesia eta agindu bezate betikoek. Errejimena garaile berriro Gipuzkoan. Gipuzkoan ere. Autonomismo zaharraren casta elkarlanean oligarkiarekin.
5.200 milioiko isunarekin estali nahi dute mega-bankuek Forex eskandalua
2015-05-21 // Ekonomia, Zorra // Iruzkinik ez
UBS bankuaren egoitzan beharginak lanean. (Argazkia: Arab News)
AEBetako auzitegiek ontzat eman dute hilabete luzez JPMorgan, Citigroup, Barclays, RBS, Bank of America eta UBS banku handiekin landutako ituna: 5.200 milioi euroko (6.000 milioi dolar) isuna ordainduko dute urte luzez elkar hartuta manipulatu dituztelako munduko moneten arteko eguneroko prezioak. Duela hilabete beste isun historiko bat ezarria zioten AEBetako agintariek Deustche Banki manipulazio beragatik. Handiak ala txikiak ote dira isunok?
Hasteko, neurria. Zigorrok, zehazki esateko benetako zigorren ihesi banku erraldoiek agintariekin hitzartutako gutxieneko zigorrok, erkatu behar dira urte luzez manipulatu duten merkatuarekin. Forex Eskandaluak atera zuen argitara nolaz banku handiek beren nahieran erabiltzen duten munduko moneten arteko eguneroko trafikoa. Trafiko ikaragarria: egunean 5,3 bilioi dolar (b hizkiz idatzi) mugitzen du, astean 371 bilioi, urtean…
Eta bukatzeko, finantzetako oligarkiaren funtzionamendua: egunero txat bidez adosten zituzten beraiek bakarrik zekizkiten tasak, gero gainerako korporazio, enpresa eta herritarrek onartu beharko zituztenak. Halako inpunitatez jokatzen dute oligarkok, ezen eta Interneten egunero zerabiltzaten beren txatei deitzen baizieten “The Cartel“, “The Bandits’ Club“, “One Team, One Dream“, “The Mafia“. Denetara 15 banku erraldoik egin dute jolas horretan, tartean kriminaliatearen dirua zuritzeagatik zigortutakoek.
Horrela manipulatzen da makroekonomia. Eta gero herrialde bateko agintariren batek (eman dezagun Greziakoek) politika ekonomikoan heterodoxia tanta pare bat sartuko dituela aipatze hutsarekin, erantzuten zaie “merkatuak urduri jartzen hasi dira”, esateko partez “The Bandits’ Clubek ez dizue barkatuko”.