Herri Gaztedi
Zer izan ote zen Herri Gaztedi? Hainbat artikulu eta liburutan irakurri ditut horien gaineko aipamenak. Ez hori bakarrik: Txorierrin ere behin baino gehiagotan entzun dut Herri Gaztediri buruz berbarik. Baina oraindik ez daukat erabat garbi Herri Gaztedi zer izan zen. Gainera, adibidez, wikipedian horren gaineko aipamenik ez dago, eta ez dago era labur eta sinple batean interneten Herri Gaztedi zer izan zen adieraziko duen aipamenik (edo, behintzat, nik ez dut topatu). Twitterren ere galdetu egin dut ea haren gaineko monografiarik ezagutzen zuen baten batek eta erantzunik ez.
Zantzu batzuk baditut, hala ere: frankismoan sortu zen Herri Gaztedi, elizaren mugimendu gisa. Elizari lotutako mugimendua izan zen Herri Gaztedi, beraz. Apaiz taldeak eta gazte idealistak izango dira mugimendu horretako osagaiak. Bizkaian sortu zen Herri Gaztedi, baina laster Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrira hedatu zen.
Gainera, Herri Gaztedik euskara eta euskal kultura jarri zuen zentroan. Batzarrak euskaraz izaten ziren (garai hartan Euskaltzaindiak, adibidez, gaztelaniaz jarduten zuen), gazteak alfabetatzen hasi ziren, eta kultur talde, mendi talde, ikastola eta gau-eskolen sorreraren atzean Herri Gaztediko militanteak zeuden (besteak beste).
Merezi du seguruenik Herri Gaztediren kideekin lan historiko eta monografikoa egitea. Ea baton bat animatzen den!
Paulo Iztuetak badauka liburu bat: IZTUETA, P. (1981). Sociología del fenómeno contestatario del clero vasco: 1940-1975. San Sebastián, Elkar.
eta artikulu bat horren inguruan:
IZTUETA, P. (1987). Eliz mugimenduak Euskal Herrian: Baserri Gaztediaren eta Eskualdun Gazteriaren kasua. Esukal Herriaren Historiaz III. Kultura eta portaera erlijiosoak Euskal Herrian historian zehar. R. LÓPEZ ATXURRA. Bilbo, Euskal Herriko Unibertsitatea: 181-203.
Eskerrik asko, Mikel, saiatuko naiz horiek bilatzen.