Tosepan 1
Hiru egun daramatzagu Cuetzalanen Gatxi eta biok, Mexikoko Puebla estatuko mendizerran. Hona etorri gara Tosepan izeneko mugimendu kooperatiboan hizkuntza lankidetza egitera, Garabidek eta Emunek bultzatu eta sustatuta. Tasoh kamatik Tosepan hiru egun hauengatik!
Tosepan mugimendu kooperatiboa da, 36.000 bazkide baino gehiago dituena eta 41 urteko esperientzia baten jabe dira. 200dik gora komunitateetan jarduten dute era guztietako produktu eta zerbitzuak eskaintzen: osasun alorrekoak, bankua, ezti, arto eta pipermina, banbua, eskola, irratia, fundazioa, prestakuntza zentroa, emakumeen kooperatiba eta abar.
Tosepan aspalditxotik dabil Garabiderekin elkarlanean. Bertako hainbat kide euskal herrietan izan dira gure esperientzia ezagutzen eta, Garabideren laguntzaz, hizkuntza biziberritzeko hainbat proiektu jarri dituzte martxan: murgiltze ereduko eskola, irratia, corpusa batzeko lana eta, orain, kooperatibetan hizkuntza sustatzeko lana.
Eta, hain zuzen ere, horretara etorri naiz ni, Emunen izenean. Maseual takjtot (edo nahualt) eta totonuka hizkuntzak kooperatibetan zelan biziberritu daitezkeen laguntzera. Gure herriko esperientzia digeritu, ulertzen saiatu eta hauei metodologia eta ereduetan laguntzea da helburua.
Hiru egun hauetan martxan jarri gara. Zuzendaritzako kideen aurrean aurkeztu dugu egin asmo dugun proiektua eta, ordutik, lan orduak pilatu eta pilatzen ari dira: hemen jardungo duen hizkuntza aholkularia trebatu eta trebatu (aupa Lizbeth!), eskolako kideen aurrean diagnostikorako lehen saioa egin, kooperatiba guztietako 50 bat sustatzaileekin lehen saioa egin eta hurrengo egunetako agendak eta lanak lotu.
Lan eta lan ari gara, irakasten ari gatzaizkie gure esperientzia, baina, batez ere, pertsonalki (eta etorkizun hurbil batean kolektiboki) ikasten ari gara. Ikasten munduan bizitzeko eta egoteko beste modu bat, ikasten mundua aldatzeko eredu bizi eta sakona duen Tosepanetik, ikasten hizkuntza aholkulariarengandik, ikasten hemengo kezkak eta arazoak eta bizipenekin, eta, batez ere, ikasten Tosepaneko kideen ametsetatik eta egiteko moduetatik. Ikasten, beti-beti gure adimena zabaltzen.
Jarraituko du …
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Tosepan 2 | Garaigoikoa - […] Tosepan 1 […]
- Tosepan 3 | Garaigoikoa - […] Tosepan 1 […]
- Tosepan 4 | Garaigoikoa - […] Tosepan 1 […]
- Tosepan 5 | Garaigoikoa - […] Tosepan 1 […]
- Tosepan 6 | Garaigoikoa - […] Tosepan 1 […]
- Tosepan 7 | Garaigoikoa - […] Tosepan 1 […]
- Tosepan 2.0 | Garaigoikoa - […] Tosepan 1 […]
Aupa zuek! Ez utzi bertako kontuak kontatzeari!