Gazte identitatea eraiki
Iruditzen zait larregi egiten dugula berba gauza batzuen inguruan eta gutxiegi beste batzuen inguruan. Larregi egiten dugu berba gazteei buruz, esaterako; eta, zehatzago esanda, gazte batzuek zergatik ez duten euskaraz egiten larregi aipatzen dugu. Eta, kontrara, oso gutxi aipatzen dugu gazte batzuek zergatik egiten duten berba euskaraz. Eta, horren harira, Miren Artetxek egin berri duen tesia oso interesgarria iruditzen zait (ez dut irakurri osorik, Berrian egin dioten elkarrizketatik tiraka ari naiz hau osatzen).
Miren Artetxek aztertu ditu bertso eskolen jiran dabiltzan Ipar Euskal Herriko 14 gazteren hizkuntza ibilbideak. Eta, gainera, horiek aztertu ditu begirada kualitatibo batekin. Eta aztertzen du zelan eraikitzen diren gazte identitateak eta identitate horietan zer-nolako garrantzia duten hizkuntza praktikek. Eta hori guztia antropologia feministaren bideetatik barrena eta betaurrekoekin.
Horiekin guztiekin hainbat ondorio atera du, baina nik honako hau azpimarratu dut bereziki:
Gazteontzat hizkuntza ohituren aldaketak, bereziki, gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira eta horiek euskaraz garatzeko aukera eskaintzen dute bertso-eskolek.
Akabuan, galderak: zer beste bidetik jo dezakegu gazte identitate horiek euskaraz eraikitzeko? Zer bide eraiki behar dute gazteek eurek? Eta, noski, betiko legez, erantzunik ez.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks