Peruko azkeneko basatiak
Azkeneko berriek diote Peruko Amazonaseko %60a esplotatzea ahalbidetzen zuten dekretuak Kongresuan derogatuko dituztela osteguna baino lehen. Ez du ematen soilik izan denik indigenen presioagatik, baizik eta gobernua inprobisazioan eta zehaztugabetasunean erori delako lege horiek aurrera ateratzerakoan. Orduan, atzerakada taktikoa ote da? 2008an saiatu ziren lur komunal horiek petrolio enpresen esku uzten, 2009an ere saiatu dira baina indigenak atera zaizkie beti sasi artetik, Alberto Pizango bezalako lumadunak.
Jakina da, Alberto Pizango Nikaraguako enbaxadan ezkutatu da, Liman. Jakina da baita ere, Baguako gertaeretan Alan Garciaren gobernuari “genozidioa egitea” leporatu ondoren egin du ihes Pizangok. Peruko justizia ministroak salatu egin du konspirazioa eta holako kontuekin, hori oso delitu larria da Sendero Luminosoren garaietatik eta horregatik urte mordoa pasa dezake kartzelan kateaturik.
Alan Garcia eta bere lagun gorbatadunek Pizango bezalako indigenei aurpegiratzen diete oihana aprobetxatzen ez uztea, garapenari kontra egitea… Azken batean, leize izugarria dago bi munduren artean: batzuek naturarekin armonian eta lasai bizi nahi duten bitartean, besteek hodi beltzez zulatu nahi dute oxigenoa ematen digun birika, eta horretarako ez dute dudarik egiten gezien kontra arma modernoak erabili eta “bala sartzeko”.
Indigenak iragan satanizatuaren azken arrastoa direnez, desagertarazi egin behar dira lehenbailehen. Aniztasuna soberan dago, historiaren amaierara iritsi gara dagoeneko. Garapenaren ideia sinestu dugu, tamalez. Herritik hirira jauzi egin behar da, askatasunaren eta berdintasunaren izenean. Herria eremu totalitarioa da guztiz eta hiria, berriz, aniztasunaren erresuma, hori zioen Joseba Arregi jaunak unibertsitateko klaseetan. Xavier Puig EHU-ko irakasleak naziekin parekatu zituen herritarrak. Indibidualismoa aldarrikatzen zuen eta intoleranteei lekzioak ematera ausartu zen, gainera.
Hori da pertsona justu eta progresistek diotena, baina atzean diruaren diktadura ankerra besterik ez dago. Iranen emakumearen egoera norbaiti inporta al zaio? Askatasuna eta duintasuna esaten dute, baina neoliberalismoa eta kapitalismoa esan nahi dute. Mendebaldeak ezin du onartu Jainkoa diruaren gainetik egotea. Jainkoak kapitalismoa eta “merkatu librea” oztopatzeak gaixotu egiten ditu aberaskume gizajoak.
1789ko iraultza gertatu zenetik, herriak sistematikoki desagertarazi dituzte eta horretan dihardute. Herriak beti gerran egon dira elkarrekin, baina estatu nazioen sorkuntzak areagotu egin zuen tribu eta bizimodu desberdinen desagerketa. Homogeneizazioaren prozesuari ekin zitzaion orduan. Demokrazia farsa bat dela jakiteko ez dugu urrutira joan beharrik, ezta? 1789 data penagarria izan zen herrientzat eta indigenok oso ondo dakigu hori.