1981eko otsailaren 13a
1981eko otsaila. Nekez gertatuko zen gure Euskal Herri honetan hilabete latzagorik, gertakariak egunetik egunera amildu ziren. Herri Batasuneko eta LAIAko kideek Espainiako Erregearen aurrean Eusko Gudariak kantatu egun berean atxilotu zuten Joxe Arregi Izagirre poliziek, ETAko partaide izateagatik. Bederatzi egunez eduki zuten torturapean eta Carabancheleko presondegiko ospitalean hil zen jasotako jipoitik ezin errekuperatuta.
Tartean, ETAk Jose Maria Ryan Lemoizko ingeniaria bahitu eta hil zuen. Bi greba orokor egin ziren Euskal Herrian denbora gutxian, eta tentsio egoera horretan otsailaren 23ko tejerazoa gertatu zen. Kolpeak huts egin zuen, baina Batallon Vasco Españolen atentatuek ez zuten etenik izan hurrengo asteetan, ezta ETA(m)-ren ekintzek ere. ETA(pm)-k su etena aldarrikatu zuen eta bahituta zituen kontsulak aske utzi. Aldiz, Iparretarrak taldeak armak berriz hartzea erabaki zuen hortik gutxira, apirilean. Telesforo Monzon hil zen martxoaren 9an. Polizia eta ETAko kideen arteko enfrentamenduak eguneroko ogia ziren, martxoaren 21ean Hernaniko Pana hil zen horietako batean… Latzak izan ziren 1981eko aste horiek, laino beltzak besterik ez ziren ikusten hortz-mugan.
Igande honetan beteko dira 30 urte Joxe Arregi hil zutela, Sustatuk atzo gogorarazi zuen moduan. Asko idatzi eta esan izan da hilketa horretaz, informazio osatua euskarazko Wikipedian aurki liteke, besteak beste. Hilketa hark hotz utzi zuen Euskal Herria, baita Espainia ere. Tortura ebidentziak larriegiak ziren, are gehiago Arregiren gorputzaren argazkiak prentsan publikatu zirenean; berrikitan jakin dugu Berrian (pdf) argazki horiek nortzuk eta nola atera zituzten. Arregi torturatu zuten polizia batzuen “karrera” ere askotan izan da mintzagai, Canarias Semanal-ek esaterako, José Antonio Gil Rubiales-en kasua aztertu zuen, torturatzaile hori Santa Cruz de Tenerifeko Komisario buru izendatu zutenean.
Arregiren heriotzaren ondoren Espainiako Gobernuak hainbat datu ezkutatu zituen, besteak beste bronkoneumonia batengatik hil zela –jasotako torturen aztarna ukaezina–. Orduko Barne ministro Juan José Rosón-ek torturaren tesia zalantzan jarri zuen SER irrati kateari egindako elkarrizketa batean. Baina eskandalua handiegia zen, eta azkenean tortura horiek onartu, “depurazioak” egin eta azalpenak eman behar izan zituzten. Interesgarria da Espainiako Kongresuan Arregiren heriotzaz egin zen eztabaida (pdf) leitzea; Rosónek hainbat baieztapen egin zituen bere interbentzioan: “Ia segurtasun osoz tratu txarrak izan dira” esan zuen, eta gaineratu: “Ardura ez da soilik haiengan eroriko [torturatu dutenengan], baita euren onarpenarekin edo isiltasunarekin [torturak] babestu dituztenengan ere”.
1983an baina, Ministerio fiskala Arregiren torturengatik auzipetutako polizien defentsan aritu zen Madrilgo Probintzia Auzitegian. Arregi interrogatu zuten 70 polizietatik bi baino ez zituzten auzipetu: lehen aipatutako Juan Antonio Gil Rubiales eta Julian Marín Ríos. Azkeneko honek, bere alde, gerora askotan entzun izan den argudio bat erabili zuen: “Publikoa eta bistakoa da terroristak autolesionatu eta gero tratu txarrengatik salaketa jartzen dutela”. Poliziak absolbituak izan ziren, baina modu txapuzeroan , eta errekurtsoz errekurtso kasua Auzitegi Gorenera iritsi zen 1989an. Sententzia: hiru hilabeteko arrestoa eta bi urte lanik eta soldatarik gabe.
Rosónek 1981ean Kongresuan emandako azalpenetan onartu zuen “akatsak eta hutsuneak” izan zirela Legea ezartzerakoan, eta horiek “zuzendu eta gainditu” egin beharko zirela. 30 urte igaro dira, eta bidean geratu dira Zabaltza, Lasa eta Zabala, Iantzi, Kalparsoro… 30 urte igaro dira eta Maite Oruek salatutako tortura, bortxaketa mehatxu eta sexu eraso larrien ondoriozko epaiketak absoluzioa beste sententziarik ez du ekarri, fiskalak hala eskatuta. 30 urte igaro dira eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, iaz, lau egunetik behin euskal herritar bat torturatua izan zen, 63 lagun guztira. 30 urte igaro dira, eta tamalez, Arregi hil zuten otsailaren 13 hura, Torturaren Aurkako Eguna izaten jarraitzen du.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks