Fikziozko telesailek ez gaitzatela engaina
Gurutz Agirresarobe epaitzen ari dira egunotan Auzitegi Nazionalean, ETAren aginduz Joseba Pagazaurtundua hiltzea egozten diote eta 48 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak. Urte askoan izan ginen errugbiko taldekide, eta ziur nago berak dionean 2003ko otsailaren 8ko goiz hartan ez zela Andoaingo Daytona tabernan egon, egia esaten duela.
Duela urte pasatxo atxilotu zutenean ere oso arraroa izan zen; urte horietan guztietan bizitza normala egiten? 2009an ETAko hainbat kide atxilotzean hasi omen zituen Ertzaintzak Gurutzen inguruko peskizak, hori dio Grande-Marlaska epaileak auzipetze autoan, errugbi talde berean jokatzen zutela ere aipatzen du gainera. Nik ere jokatzen nuen errugbian haiekin, eta zer? Baina balizko hipotesi hori aintzat hartuz gero, zergatik ez zuen Gurutzek ihes egin ustez bere burua arriskuan balego? Usteek, omenek eta balizkoek pozoituta dago dena.
“Ez dut inoiz nire bizitzan erlaziorik izan ETArekin” esan zuen Gurutzek auzitegian. Sekula armarik ez duela eskuetan izan ere esan zuen, ez dela inoiz Daytonan egon, eta areago, ez duela bizitzan bi aldiz baino kaferik hartu. Denei erantzun die, Pagazaurtunduaren familiari, biktimen elkarteari, fiskalari… Horrek ez du koadratzen ETAko kideek epaitegietan hartu izan duten jarrerarekin, eta ez diot nik, El Mundok baizik.
Akusazioaren froga bakarra Daytonako kikara batetik hartutako DNA mostra bat da. Baina fikziozko telesailek ez gaitzatela engaina, DNA zehaztea maul batean zigor-kolpea ikustea bezain “erraza” izan liteke askotan. Ertzainek berek onartu dute mostra oso txikia dela (duela lau urte, DNArik ere ez zutela zabaldu zen) eta peritu genetista batek ere zalantzan jarri du haren kalitatea. DNA froga batean oso kontuan izan behar da mostra genetikoa hartu zeneko baldintzak, egin zaion zainketa, balorazioa eta abar (artikulu honetan, argibide gehiago). Izan ere, kikara hori kutsatua edo manipulatua balego, zer? Lekukoek diote ezetz, baina horien hitzak Gurutzenak bezainbeste balio du. Zein berme daukagu DNAren inguruko zainketa prozesu osoa –gogora dezagun zazpi urte igaro direla– ongi egin ote den? Australian 7.000 kasu errebisatu zituzten DNArekin zalantzak sortu zirelako.
“Errugabe bat kartzelan sartuko duzue”, esan du Gurutzek. Beldur naiz ez ote den presio politikoen eta ondorioak neurtu gabeko operazio baten biktima izan. Testuingurua ere ez baita nolanahikoa. 2010ean Estatua eta indar polizialak, ETA garaitua izaten ari zenaren kontakizuna eraikitzen ari ziren. ETAko auskalo zenbat ustezko buruzagi atxilotu zituzten oso denbora gutxian. Zentzu horretan, Gurutz Agirresaroberen eta Aitziber Ezkerraren atxiloketak oso garrantzitsutzat jo zituen Rodolfo Aresek, zelula loti bat desartikulatu zutelakoan, eta ikerketa “bere osotasunean” Ertzaintzak egin zuela nabarmendu zuen. Egun batzuk geroago baina, Ezkerra libre utzi zuten, komisarian tratu txarrak jasan ondoren.
Ertzaintzaren DNA bankuan kointzidentzia batekin egin zuten topo, arrasto genetiko ahul batetik eratorria. Atxilotu, eta gero gerokoak. Baina gero ez dute ezer aurkitu: ez da frogatu Gurutzek ETAko kideekin harremanik izan zuenik –Rodolfo Aresek baieztatu moduan–, ez dakigu zer pasatu den Gimenez Abad ere hiltzeko erabili zen pistolarekin, lekukoek ez dute Gurutz errekonozitzen, ez dago inongo dokumentaziorik, sikiera autoinkulpaziorik…
Ezin liteke sinetsi froga bakar batean oinarritzen diren prozesuetan, gutxiago militantzia politikoak epaitzen diren herri honetan. Ulertzekoa da Joseba Pagazaurtunduaren senideen samina, errudunari hilketa ordainarazteko beharra. Baina ez dakit probabilitate batean oinarritutako zigor-sententzia batek lasaituko lukeen samin hori.
3 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- En el nombre del padre: ¿sigue la saga? - Pedradas - [...] nada bien. Las recoge el periodista Urko Apaolaza en un blog de Argia.com. El artículo se titula Fikziozko telesailek…
- En el nombre del padre: ¿otro caso más? - Pedradas - [...] nada bien. Las recoge el periodista Urko Apaolaza en un blog de Argia.com. El artículo se titula Fikziozko telesailek…
- Gurutzen aurkako gurutzada | 27zapata - [...] Minetik idaztea dagokigu gaurkoan, Madrilgo Audientzia Nazionaletik bueltan. Bi egun egin ditugu Gurutz gure lehengusuaren aurkako epaiketa jarraitzen. Hasieratik…
- ADNa: Errugabea nola errudun bihurtu - 2011 - [...] telesail bat dirudi, benetan; baina Euskal Herrian gertatzen ari da, orain.Urko Apaolaza kazetariak kontatu du, Fikziozko telesailek ez gaitzatela…
- Zabal zabalik begiak 20111206 | Horrela bizi bagina beti! - [...] eta demokrazia. Ikus: Bideo argigarria Jesus Maraña: Euroa salbatzen Europaren kontura Errugabea gartzela bidean? Escolar: Opari fiskalak aberatsenentzat Liburu…
Lehengusua dut Gurutz. Eta epaiketan izan nintzen. Hango injustiziaren lekuko bat gehiago. Bakarra zara ahotsa jaso eta epaiketa kritikatu duena. GARAk berak ere lau lerro eskaini zizkion albisteari, eta teletipoetan esandakoa kopiatzera mugatu ziren. MIla esker benetan.
Aipatzekoa deritzot beste datu honi ere: gogoan dut telebistan eman zituztela Gurutzen etxearen kanpoko irudi batzuk: nola ari ziren poliziak miaketa egiten etab. Bada halako batean presoak Eukal Herriratzearen aldeko trapua ikusi nuen Gurutzen leihotik zintzilik eta berehala bururatu zitzaidan gogoeta hau: “Bere bizkarrean hilketak dituen eta gordeta dabilen ETAko militante batek ez luke sekula jarriko banderola hori bere etxeko leihoan”.
Kaixo.
Gaztelaniazko blogean jarri dut artikuluaren itzulpen bat: En el nombre del padre: ¿otro caso más?.