CAF: argazki panoramikoa
Trenak egiten dituen CAF enpresak 750 langilerentzako erregulazio espedientea irekiko omen du. Euskal Herriko enpresa sendoenetako batek halako neurria hartzeak harridura sortu du, kontratu milioidunak sinatzen dituela irakurtzen ohituak baikaude egunkarietan. 2011n 100 milioi euroko irabaziak izan dituen enpresa batek nola bidal ditzake aldi batez langileak etxera? Ea datu sorta honekin zerbait argitzen dugun.
Zeinek agintzen du?
CAF burtsan kotizatzen duen Sozietate Anonimoa da. Akzionista nagusiak hauek dira: Cartera Social S.A (%29,56), Kutxabank (%19,06), BNP Paribas Securities Service (%5,47) eta Banca Cívica (%3).
Cartera Social S.A. CAFeko langileek osatutako akzionisten taldea da. Enpresak urte zailak pasa zituen 80ko hamarkadako industriaren krisian, baina 90eko hasieratik nazioartekotze eta zabaltze prozesu bati ekin zion. Testuinguru horretan, 1994an administrazio kontseiluak erabaki zuen langileei kapital sozialean parte hartzeko erraztasunak ematea; orduko langileen gehiengoak akzioak erosi zituen –1.800 pezetatan bakoitza– eta Cartera Social S.A sortu zuten. 2005ean akzionista talde nagusi bilakatu zen Cartera Social S.A, Kutxaren aurretik. Egun, akzioen herena dute langileek.
Akzio bakoitza 345 euroan ordaintzen da, Madrilgo burtsako kotizatuena (hurrengo zenbaki handiena Inditex erraldoiak du, 101 euroan kotizatzen dira Amancio Ortegaren oihalak).
Administrazio kontseilua hamar gizonek osatzen dute (pdf): presidente Jose María Baztarrica da, 1991tik kontseilari exekutiboa eta kontseiluaren funtzio guztiak bere esku ditu. Andres Arizkorreta ere kontseilari exekutiboa da eta CAFeko kontseilari ordezkaria. Jose Antonio Mutiloak Kutxabank ordezkatzen du kontseiluan eta Fermin Arresek Cartera Social S.A. Kontseilarien artean bada abizen ezagun bat: Luis Migel Arkonada, Errealeko atezaina, 1992tik da kontseilari eta akzio bakarra du enpresan. Beste kontseilari batzuk: Jose Ignacio Berroeta, BBK-ko presidente izandakoa; Juan Jose Arrieta, Euskadiko Kutxako presidente izandakoa urte luzez; Jose Miguel de la Rica, Petronorreko presidente izandakoa…
Zenbat langile ditu?
Orotara 6.500 langile inguru ari dira CAFek mundu osoan dituen lantegietan, azken urteetan egindako zabalpena dela-eta. CAFek lantegiak eta filialak ditu Euskal Herrian, Espainian, Katalunian, Frantzian, Brasilen, Mexikon, AEBetan, Argentinan, Txilen… Bulego nagusiak eta merkatal nahiz finantza zuzendaritza, Madrilen daude.
Beasaingoa da jatorrizko produkzio planta nagusia, bertan du CAFek egoitza soziala. 2012-2013ko enpresa hitzarmenean (pdf) 2.372 lantalde finkoa aurreikusten da Beasaingo plantarako eta 295ekoa Irunen duen beste plantarako. Castejonen 120 langile inguru ari dira Trenasa filialean, horietatik 58 kalera bota ditu enpresak, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza milioidunak jaso dituen arren.
Beasaingo lantegiko produkzio katea dibisio eta departamentuetan dago banaturik; trenak amaitzen dituen IV. dibisioari eragingo lioke enpresak aurkeztu nahi duen EEEak.
Zenbat kontratu sinatu ditu?
Hauek dira CAFek azkenaldian sinatu dituen kontratu nagusienak: 41 tren Letoniarako (400 milioi euro); Erromako metrorako 15 unitate (116 milioi euro); Brasilen beste sozio batzuekin 40 tranbia egiteko esleipena (216 milioi euro); Helsinkiko metrorako 20 unitate (140 milioi euro)… Hamar urtetan CAFen eskaera-zorroa 1.250 milioi eurotik 5.000 milioi eurora pasa da. Dena den, eskaeren zati handi bat beste herrialdeetan dituen lantegietan produzituko litzateke.
Zer proposatu du enpresak EEEarekin?
Sindikatuen bidez ezagutarazi dugun informazioaren arabera, 2013ko lehen seihilekoan %40-50eko lan karga gutxiago espero du enpresak trenak egituratu eta errematatzeaz arduratzen den IV. dibisioan. Arlo horretan 750 langile inguru ari dira lanean eta hilean 300-350 langileri eragingo lieke EEEak.
Behin behineko espedienteen eragina “arintzeko” enpresak aurkeztutako neurriak hauek lirateke: azpikontratazioak berreskuratzea; langileek egindako ordu estrak hilabete horietan disfrutatzea; aurre jubilazioak –82 lagun inguru–; lan egutegian orduak murriztea lehen seihilekoan; formakuntza orduak, atzerriko proiektuetara lekualdaketak…
Sindikatuen jarrera zein izango da?
Sindikatuak zuhur azaldu dira. Nahiago dute datorren astelehenean (azaroak 26) enpresarekin izango duten bilera arte itxarotea balorazio sakonagoak egiteko. LABen esanetan enpresak 2,5 milioi euro aurreztu nahi ditu diru publikotik, lan erreforma berria baliatuz. Neurri hauen ondoren gogorrago batzuk etor daitezkeela dio sindikatuak.
ELAk ez du balorazio sakonagorik egin oraingoz, asteleheneko bileraren zain. Dena den, aspaldi zebilen EEE bat aurkeztuko zenaren zurrumurrua enpresan eta ELAk duela hilabete batzuk “gutxieneko plantillak” segurtatzea eskatu zuen. Bere esanetan, enpresak deslokalizazioaren aldeko apustua egin du “errentagarritasuna bilatzen duen multinazional bat gehiago” bihurtuz; era berean, enpresaren azpikontratazioa “exajeratua” iruditzen zaio sindikatuari eta langileek milaka ordu estra egiten dituztela salatu du.
Sindikatuak ondo antolatuta dauden enpresa da CAF, edozein gertaera edota negoziazioren aurrean mobilizazio gaitasun eta elkartasun berehalakoa erakutsi dute langileek, izan amiantoagatik, lan istripuengatik edo kaleratzeengatik. Kasu honetan ere ez dirudi bestela izango denik. Oraingoz, enpresa batzordeak ordu beteko paroa eta kontzentrazioa egitera deitu ditu langile guztiak, asteleheneko bileraren une berean.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- CAF, Kutxabank eta espantsionismoa | Angelu itsua - [...] handiko 869 langile denbora batez etxera bidaltzea derrigorrezkoa dela kontatu digute bertoko kudeatzaileek, “lan karga” falta omen delako. Esaten…
“LABen esanetan enpresak 2,5 milioi euro aurreztu nahi ditu diru publikotik”, enpresak alegia. Asko ala gutxi da? Eta batez ere, bidezkoa da? “Expansion” egunkariak otsailean publikatu zuenez “CAF obtuvo un beneficio de 146,2 millones en 2011, un 13 % más que en 2010” (http://www.expansion.com/agencia/efe/2012/02/28/17011917.html).